2 comments


zukgua

-Baina ze ostia da hau?

 

 

Azken bolada hontan Euskal herri Langilearen erreferentziazko borroka erakundeak izan direnen suntsipena ikusi ahal izan dugu, herriaren etsaien oldarraldiek gora egiten duten heinean. Baina ez da nahikoa “independentzia eta sozialismoa” leloa bereganatu duten langileen antolakundeak deuseztatzea, beharrezkoa da hauek Kapitalaren egitura sozio-ekonomiko zapaltzailea onartzea, beren interesak ordezkatzen ez dituzten plataformetan biltzea, hauen indarra Oligarkiarentzat arriskutsuak ez diren ekintza politikoetara bideratzea, inperialismoaren oinarrien aurka jo dezakeen edozeren sorrera ekiditea. Eta honetan ari dira buru-belarri otegistak burgesia inperialista anglosaxoiaren morroien laguntzaz, kapitalisten bozkariorako.

Zentzu honetan euskal gazteria da arazo gehien eman diezaiekeena, horregatik Sortu munstro erreformistarena baino hizkera “ezkertiarrago” batekin, ZukGua “prozesu eratzailearen” bidez herri honetako gazte borrokalarienak erakarri nahi dituzte, era honetan Kapitalaren mesedera jardungo duen aparatu erreformistari lotuz.

Hurrengo lerroetan hainbeste kaka anti-komunistaz beteriko txostenen azterketa egingo da, non Rufi Etxeberriaren eta bestelako “sozialismo identitario”aren “asmatzaileen” eskua hainbeste nabaritzen diren,  eta era berean gaur egun sistema kapitalistak eragiten (eta eraikitzen) dituen ideologia eta alienazioak, langileria eta herriak beren jomuga Historikotik aldenarazteko, azaleratuko ditugu.

 

1. ZATIA

 

Sistema Kapitalista “patriakarra”rekin bueltaka, susmagarria da patriarkatuari kapitalismoaren ezaugarri bezala jartzeko nahia, hau kapitalismoak oinarri dituen zapalketa mota garrantzitsuena balitz. Patriarkatua esklabismoa baino lehenago ezarritako klaseen banaketatik gaur egun arte irauten duen egitura zapaltzailea da (ez soilik emakumeentzat), baina ez da kapitalismoaren funtsa. Esan daiteke ekoizpen jazoeren gizarteratzearekin batera, patriakatuaren ezaugarri asko deuseztatu dituela kapitalismoak berak (langileriaren baitan), eta egun bere egitekoa gehiago gizarte burgesak behar duen “familia” ereduaren defendatzaile egitea dela, gainegitura ideologikoaren parte bezala, ekoizpen prozesuen beharrezko oinarria izatea baino. Izan daiteke Kapitalismo “feminazale” bat bilatzea honen zapalkuntzaren aurkako edabe magiko gisa? Zeren, barkatu esateagatik, baina, FEMINISMOA IDEOLOGIA BURGESA da, klase jabeen baitako emeen interesak ordezkatzen dituena, eta “askapen” ibilbide gisa aurkeztu nahi digutena, kapitalismoaren oinarriak zaintzea helburu besterik ez duen bitartean. Soilik marxismo-leninismoak ematen dio langile emakumeari gizartean izan behar duen kokapenaren ezagutza, beste langile guztiekin batera Sozialismoa eraikitzeko.

Inperialismoaren azalpen OKERRA ematen da. Inperialismoa kapitalismoaren fase gorena da, hemendik aurrera gainbeheran doana. Inperialismoa kapital finantzarioa kapital industrialarekin batzen denean gertatzen da, hau da, bankuak industriaren jabe izatera pasatzen direnean, monopolioen garaiari hasiera emanez, kreditu bidezko jarduera ekonomiko ororen kontrola sortuz,  era saihestezinean gerrate inperialistara bideratuz. Lurralde hedapen soilak, nahiz eta inperialismoaren ezaugarria izan (oinarrizko lehengai eta baliabideak lortzeko nahian), ez da honen bereizgarria, aurreko egitura sozio-ekonomikoetan ere gertatzen baitzen. “Neoliberalismoa”ren (zein “neo”?) karakterizazioaz ez dago ezer esateko, ekonomista burgesen ikuspegiaren oinarrian egin den heinean Euskal Herri Langilearentzat inolako interesik ez baitu. Hemen baieztapen anti-leninistak eta hasieran aipatutako “materialismo dialektikoa” era lotsagabean baztertzearen ondorioz sortutako teoria burges-ttipiak besterik ez dira ageri.

Munduaren azterketa egiterakoan aipatutako ikuspuntu kontra-iraultzailea jarraituz egiten da: “Ongizate estatuarenmistifikazioa, “XXI. Mendeko sozialismoa”(!), ez da inondik NATO ageri (gogoratu nahiz eta EHn erreferendumean EZETZ atera, hauek base militarra dutela Nafarroa Garaian), utopia burges-ttipi atzerakoiak nonahi ageri dira, Islandia goraipatuz, “ekonomia lokala” industrializazioren aurka ipiniz… Aipagarria da Euskal Herriaren azterketa egiterakoan klase borrokaren aipamenik ez dela egiten, dena “nazio”aren (burgesiaren) ikuspegitik egiten da, eta “Frantzia” eta “Espainia” “Euskal Herrira” miseria besterik ekartzen ez dutela esaten da (bai, “abertzale” batzuen BMWak ikustea besterik ez dago, JAJA). Nabaria da “sozialismo identit… XXI. mendeko sozialismoa”renek lotsarik gabe beretzat hartzen dituzten euskal herri langilearen heroien azterketetatik zein urrun dauden.

Jarraian egiten den gizartearen azterketa soziologia burgesa besterik ez da, ondorioak zergatiekin ordeztuz (baloreak gora eta behera), oinarri materialean sakondu gabe eta kapitalismoaren egitura sozio-ekonomikoak sortzen dituen alienazioak, bai oinarri ekonomikotik bai bere gainegitura ideologikotik eratorritakoak, aintzat hartu gabe.

Azkenik, “Alternatiba” plazaratzerakoan, marxismo-leninismoaren unibertsaltasunaren, burgesia uzkailtzearen eta sozialismoaren eraikuntzaren herri langilearentzako garaipenerako gida dena, ukazioarekin hasten da, Kapitalari hain onuragarriak zaizkion zehaztugabeko asmakeria burges-ttipien sorta plazaratuz. Iraultza Sozialista ez aipatzeagatik, “iraultza soziala” esateak ere badu bere mamia, jaja, segidan aurrekoarekin bat egiten duen hitzaldi neo-hippie bat eskaintzeko (proletalgoaren diktadura? ez, eskerrik asko). Baina plater nagusia estatuaren auzia aipatzen denean ageri da. Zizek anti-komunistaren eskutik, Estatu burgesaren aurka borrokatzeko BEHARRA ukatzen da Sozialismoa eraiki ahal izateko, eta honela Estatu kapitalistaren aldeko hautua iradokitzen da. Zeren, nahiz eta eraiki espainiar Estatutik (tamalez, euskal herri langileak eta bereziki bere gazteriak ongi dakienez, torturatzailea eta hiltzailea dena) at kokatutako Estatu bat, kapitalista den heinean, beti izango da klase zapaltzaileen tresna, bere forma parlamentarioa ala diktadura militarrekoa izan, eta hauen ezaugarri komuna nazio, kultura eta herrialde guztietan, bere klase-etsaien aurkako bortizkeriarik ankerrena da. Hau, dudarik gabe, Euskal Herri Langilea burgesiaren menpe ipintzea esan nahi du, bere kokapena edota ideologia edozein izanda ere, eta bere askatasunera eramango ez duen bidetik itsu-itsuan bideratzea.

 

2. ZATIA

 

Hasieran ENAMen irakurketa historikoa era maneiatu batean aurkezten da, otegistek emandako “estatu-kolpearen”  ondorioz aurrera eramandako errendizioa eta likidazioa zuritzeko asmotan.

Entzun dugunez badago adituren bat honen historia ikuspegi aski iraultzaileago batetik egingo duena, hala ere, hemen zertzelada batzuk emango ditugu honen inguruan.

ENAMen sorreran Etxebarrieta anaien marxismo-leninismoak izan zuen zeregin erabakiorra estaltzen da, hala nola “Euskal Herri Langilea” zehaztapena, euskaltzale burges-ttipien aurkako borroka, eta orduko militanteen jarrera herri guztietako langileriaren aldekoa.

KAS Alternatiba, “herri antolakuntza eta armatzea egitekoak alboratu gabe”  su eten baten baldintza aldaezin bezala ipintzen zuen, inola ere ez borrokaren helburua. Ezker abertzalea osatzen zuten garaiko indar politiko eta militar guztiek bat egin zuten honekin. Jarrai-ren hitzetan “borrokarako hautabide iraultzailea da, etsaiak asimilaezina eta ez bideratzea duena, gizartearen eraldatze erradikalera zuzentzen dena.”

90.eko hamarkadan, burges-ttipi ustatxek ENAMen nagusitasuna lortuz eta HASI eta KAS ezabatuz, mugimendu osoa erreformismo armatuaren estrategiaren pean ipini zuten. Alternatiba Demokratikoa honen emaitza da.

Beren estrategia txobinistaren porrotaz jabetuta, hauetariko hainbatek Aralar sortu zuten (euskal burgesiaren laguntzaz). Besteak (Otegiren hitzetan ez zirenak haiekin joan “ETA beren aldera ekartzea lortu ez zutelako”), Batasuna “sozialismo identitarioa”ren lelopean sortu zuten, aurreko estrategian sakonduz eta, baten batek dioenez, ETA ahultzeko ekintzak aurrera eramanez.

Azkeneko ziztada “zutik EH” izan zen. Ustatxen gehiengoaren sostengua irabazirik hainbat jokaldi zikinen ondorioz otegistek ENAMen zuzendaritza erabatekoa lortu zuten. Emaitzak hor daude.  Honen ondorioz errepresio gutxitu eta “aldaketak” egiteko aukera ezinhobeak daudela sinetsarazi nahi gaituzte. TXANTXETAN ALA? Beharbada inperialismo anglosaxoiaren morroi sionistekin biltzen direnak jada ez dute zertaz kezkatu, baina azkenaldian ikusten ari diren gazte abertzaleen bahiketak (kolaborazio eta guzti) ez du bibrazio onik ematen. Estatu burgesaren bortizkeria arlo guztietan igotzen ari dela ere esan beharra dago klase borrokaren gailentzearen eraginez. Eta etorriko dena.

Honetarako sortu dituzten plataformen “eraginaz” hitz egiten da, hauek Euskal Herriko egoera nolabait astindu dutenaren gezur lotsagabea botaz, horretarako burgesiaren alderdiek izandako erantzuna erabiliz: Gernikako Akordioa, Herrira, Eleak ( libre eta LEGALA? Legalitate espainiarrarena? Burgesa? Inperialista? Iraultzaileok nahiago dugu ALEGALAK izan, milesker)… “Sozialista” izatearen saiakera egiten duen ideologia burges-ttipiarekin jarraituz, “instituzioak” herriaren esku ipini daitezkeela iradokitzen da (gogoratzen instituzio horietan egoteko zapaltzaileen arauei men egiteko “Ley de Partidos”arena?), aurrerago honetan sakonduz. Azken finean, “prozesu demokratikoaren” helburuak hurrengoetan laburbiltzen dira: “eskubide” burgesen betetzea zapaltzaileen partez (bere agintearen menera ipini eta gero gutxienekoa da, ezta?); amnistia baztertzea eta zapaltzaileen ikuspegia indartuz orain arte beraien aurka altxatu direnen menderatzea bultzatzea; eta independentziaren proiektuari ere uko egitea, inperialistek finkatzen dituzten mugen barnean “demokrazia burgesara” jokatzeko.

Horretara iristeko bidea “kontraboterea” eraikitzea omen da, hau da, fantasiaren munduan murgiltzea, erregimen burgesaren barnean erreformak lortzeko asmoarekin. Klase borrokaren ukazioatik jaiotzen den ildo honek kapitalismoaren erroak mindu gabe, jabetza eta oinarri ekonomikoa aldatu gabe, gizarte “askeago” bat eraiki daitekeela sinetsarazi nahi du herri langilea. Bere arma nagusia “desobedientzia” omen da, JAJA.

“Gazteriaren artean instituzioen zilegitasuna lur azpian dago. Honek zeharo zailtzen duelarik gazteriari bide instituzionala benetako aldaketarako borroka esparrua dela ulertarazten.” BAI??? Langileriaren egitekoa burgesia inperialistaren ordenarekin amaitzea da, bere aginpide tresnak suntsitzea eta bere ordez komunismora bideratuko den Sozialismoaren eraikuntza burutzea, guztiz ezberdina izango den Estatu batez baliaturik, hau bere desagerpenera bideratua izango dena bere egitekoa betetzerakoan. Euskal Herria bezalako lurralde batean, guztiz industrializatutako herrialdea eta burgesia inperialista mendebaldarraren barnean burgesiaren zati garrantzitsu bat duena (bai espainolista bai “euskaltzalea”), Iraultza Sozialista aurrera eramatea ez den ildo politiko oro (“Nazio eraikuntza“, “kontraboterea” edo dena delakoa) kapitalismoaren biziraupenerako eta mesederako proiektua da.  Hau, dudarik gabe, Euskal Herri Langilea saltzea da, berau klase zapaltzaileen mesedera ipintzea, bere askapenerako beharrezkoak dituen tresnak alboratzea, Euskal Estatu Sozialista eraikitzea ahalbidetuko dion indar-harremanaren aurka zuzenean jotzea.

Guzti honen xedea borroka armatuarekin bukatzea zela argi geratzen da, burgesia inperialistari benetan min ematen diona bortizkeria bere edo bere lekaioen haragian nabaritzea baita. Baina hauekin elkarlanean aritzeko eta beren arauei moldatzeko ez dago zertan hauei min eman, ezta? Honela otegistek sortutako erakundeak “ezker” pro-inperialista kexatiaren barnean kokatuko dira, beraiek ongi esan dutenez, “aurreko guztiarekin apurtuz”.

 

 *ELORRI PONENTZIA

 

ZukGua-ko teoria erreformistaren ahultasunaz jabetuta, euskal herrietan barreiatutako hainbat anarkistek beren ponentzi propioa zabaldu dute 3. zatikoaren ordezko gisa. Zentzugabekeria honen azterketa egin ordez, negargura sortzen baitu, hona hemen “iraultzaile” hauen inguruko azalpentxo bat:

“Anarkismoa mugimendu utopiko eta burges-ttipia da. Burges-ttipiaren ideala estatu aginterik gabeko gizarte ordena da, non burges hori gizarte eta politika loturetatik banandurik aurkitzen den. Sozialismo zientifikora kontrajarririk, politikoki antolatutako klase borroka errefusatzen du, hala nola antolaketa politiko oro, diziplina oro eta aginpide oro, gizartean erabateko askatasuna, zuzentasuna, berdintasuna eta senidetasunaren gauzapena estatu aginte eta behartze atalen deuseztapenaren bitartez  erdietsi ahal izatea igurikiz. Alderdi marxistaren eta proletalgoaren diktaduraren gidaritza zeregina ukatzen du, zeinaren ordez berehalako gizarte borroka eta nazioko eta nazioarteko greba orokorra  sustatzen duen bortizkeria ekintza espontaneo eta bakar baten bitartez gizarte ordena estatokapitalista garaitzeko eta sozialismoa  estatu antolaketarik ezta estatu behartzerik gabe sarrarazteko. Metodo ikaratzaileez baliatzen da. Anarkismoaren elikatze zorua jatorriz kapitalismoak mehatxatutako eta lehiakortasun legeen aurrean indargabetutako jabe ttipiaren banakako merkataritzako ekoizpen txikia da. Aitzitik, jabetza kapitalista-handira aurre egiten dio, bere desagerpena bilatuz. Estatu burgesari aurre egiten dio honek ekoizpen baliabideen jabetza-handia babesten duelako, baina Estatu proletalgoaren aurka ere badago honengatik bere banakako jabetzan mehatxatua dagoela uste duelako. Laborantzazalea eta aurrerapenaren aurkakoa da. Horregatik dio Lenin-ek anarkismoa etsipenaren emaitza bat dela, intelektual deserrotuen edota lunpenproletalgoen pentsaera dela.”

 «Philosophische Wörterbuch» (euskaratua),  GEDan argitaratua (Leipzig, 1969, T. I., «Anarchismus»)

 

3. ZATIA

 

Kapitalismo inperialistaren garai hauetan, non Kapital finantzarioa Kapital industrialarekin batu ostean erabateko nagusitasuna lortu duen arlo ekonomiko eta politikoan Estatuko kapitalismo monopolistaren bidez, beren egitura sozio-ekonomikoaren beraren ekoizpen harremanen suntsipena krisi ekonomiko lazgarri baten ondorioz gertatzen ari denean, gerrate inperialistak ugaritzen ari diren eta erabatekoa izango den talka inter-inperialista ala Iraultza Sozialista hurbiltzen ari den garai hauetan… gure herrialdeko kontraesan bateraezin nagusia “gazteak vs helduak” dela argitu ondoren, badator lehenengo ostikoa: ETAren jaiotza “Udaberri Arabiarrekin” (inperialismo mendebaldarraren propaganda-gezurra beren interes geo-politikoen arabera aginte-talde otzanak ezartzeko) parekatzea. 

Norberaren buruaren jabe bilakatzea subjektu iraultzaile bihurtzen omen du. Indibidualismoaren kirats susmagarria alde batera utzita, edozein herriko “xake-talde”ek beren buruaren kontzientzia izateagatik iraultzaileak ere ote diren galdetzen diogu geure buruari (iraultzailea).

Gazte antolakunde hau ere inklusiboa behar du izan. Geure inguruko gazte askok “prozesu eratzailea” arduradunen sektakeriagatik utzi dutela jakinda, eta otegisten lekaioek EGIrekin (PNVko gazteak: nolabait beraiekin elkarlanean aritzeko), PSOEkoekin, edota Brian Currian inperialismoaren morroi matxinada-itzaltzearekin bildu direla jakinda, zein “inklusio” motaz ari diren erraz irudika dezakegu. Dena “Indar metaketa”ren onurarako (Kapital metaketa ote?)

Esan beharrago dago zati honetan zenbait zehaztapenen erradikalizazioa eman dela. Otegisten mintzaldi jokaldia den ala gazteen ezkertasunak eragin duen jakiteke gelditzen gara… baita ere inozokeriaz betetako  edota gaizki ezkutaturiko erreformismo pro-kapitalistaren baieztapen askok algara bat baino gehiago sortarazi dutela irakurtzerakoan.

Aurreko ataletan aipatutako ildo anti-komunistari jarraituz, “Boterearen” gainazaleko  azterketa egiten da, honek oinarri ekonomikoarekin duen lotura erabatekoa ezkutatuz (boterea “subjektiboa” omen da, JAJA). Hots, boterea egitura sozio-ekonomiko (azpiegitura) jakin batean kokapen onuragarria izanda, hemendik sortutako baliabideek gorpuzten duten gainegitura (politika, legeak, polizia, instituzioak, ideologia azpiratzailea…) dela boterea. Honela, garaiko gizartearen borroka eremu nagusia Lana Kapitalaren aurka izanari gor eginik, “aldaketa grina” bestelako “kolektibo” eta mailetara eramatea da xedea, ordena burgesari kalterik egiten ez dioten esparruetara bideratuz. Erreformismoa, tira.

Guzti hau “Bizi Eredu berriak eraikitzea da Gazte Antolakundearen lan ildo bakarra” esaldian laburbiltzen da. Behin eta berriro “ezker” pro-inperialistaren mantra berberak errepikatzen dira (baita “iraultza soziala” ere). Gezur atzerakoi hauen artean, esaterako, “des-hazkundea” edo ekoizpen baliabideen garatzearen aurkako ikuskera burges-ttipia aurki daiteke. Presta daitezela kapitalismoak bere agintea sendotzeko erabiltzen duen gainegitura ideologikoaren arloetan gustura dabiltzan intelektualoide guzti horiek, langileok botere politikoa eskuratzen dugunean LAN EGIN beharko dute eta.

Azken finean, materialtasun dialektikoan oinarritutako klase borrokaren ikuspegia alboratu eta gero, burgesiaren eremu ideologikoaren barneko zehaztapenak eta zehaztugabekeriak besterik ez dira geratzen. Dena populismo bainu batez estalirik. Adibidez, beraientzat “sozialismoa” hitza edukirik gabeko aitzakia dela, “Euskal estatu Sozialista eta Feminista” bat eraiki nahi dutela esaten dutenean azaleratzen da (zer ostia da Estatu “Feminista”? Ba “Sozialistaren” parekoa.)

Militantziaren arloan sartuta, Argala-ren gisako marxista-leninista eta herri langileriaren heroi bat euskal langileria burgesiari saltzen ari diren sozial-txobinista pro-inperialista hauen propagandaren barnean aurkitzeak botagura besterik ez du sortzen. “Gazte Danbada”ren, antolakunde honen aurkezpenerako jaialdia (jaialdia, bai), kartelak militantzia hau “helduen boterea” uzkailtzera ala soilik udalekuetako ikastaroak ematera zuzendua den galdera sortzen digu. Gazte hauek zeharo galduta daude… galduta ala galbideratuta?

 

Orain behar beharrezkoa dugu euskal herriko langileri gazteak langile izatearen kontzientzia eta marxismo-leninismoaren eskutik honek dakarren helburuaren ezagutza bereganatzea. Era guztietako kolaboratzaileei mespretxurik irmoena erakutsiz, burgesia inperialista, bere lekaioen eta bestelako klase-etsaien ordenaren aurkako bortizkeria era antolatuan eraikitzeko pausoak ematen has dezan, borroka luzea, gogorra eta arriskutsua izango dela jakinik, gizartearen eraldaketa iraultzailea Sozialismoaren eta nazioarteko proletalgoaren ildoa jarraituz lortzeko ziurtasunaz, Euskal Herri Langilearen, eta batez ere behargin klasearen, aitzindari papera bere eginez. Herri indartsua eta gizarte oparoa eraikitzeko, noizbait kapitalismoaren zapalkuntza mota guztiak suntsituak izango badira. Gertatutako kontra-iraultzek, saldukeriek, bidean aurkitzen ditugun oztopoek, sistema esplotatzaile zaharkituaren izatea iraunarazi dezakete, baina guztiz indargabeak dira gizateriaren bere etorkizun Sozialistarantz aurrera joatea geldiarazteko.

IRAULTZA ALA HIL!

 

 

 

 


 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

2 responses to “

Subscribe to comments with RSS.

  1. “Gazteriaren artean instituzioen zilegitasuna lur azpian dago. Honek zeharo zailtzen duelarik gazteriari bide instituzionala benetako aldaketarako borroka esparrua dela ulertarazten.”

    Hau aluzinagarriena da.
    Ongi ulertzen badut, instituzio burgesen zilegitasun faltaz poztu eta baliatu ordez, “gazte otegistek” hau OKERTZAT dute eta instituzioen “benetako aldaketarako borroka esparru” gisako legitimazioaren alde lan egin nahi dute !!!
    Esaldi honekin soilik dena errana dago… Ze munstrokeria.

  2. Pingback-a: Aurrera langileria

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: