Leave a comment


socialismalbanianmosiac

“(…)

Burgesia europarra zailtasun handiekin talka egiten ari den egoera batean, krisi ekonomiko eta politiko larri eta masen matxinadaz eratorria, krisi honen ondorioen aurrean,  zapalkuntza eta esplotazio kapitalistaren aurrean, gorakada jarraituan doa, ez dago burgesiari eurokomunisten ikuspuntu antimarxista eta antibeharginak baino baliagarriagoa izan dakioken ezer. Ezerk ezin dio iraultza itotzeko, askapen borrokak hondatzeko eta mundua azpiratzeko,  inperialismoaren estrategiari hobeto lagundu, ildo berrikustzaile bakezale, kapitulazionista eta kolaborazionistak baino, zeinen artean eurokomunismoa aurkitzen den.(…)

Bada mende bat baino gehiago komunismoak burgesia kapitalistaren eta lur-jabeen, inperialisten, oportunisten eta marxismo-leninismoaren arnegarien artean izua eragiten duela. Bada mende bat baino gehiago marxismo-leninismoak beren borroketan proletarioak bideratzen dituela, kapitalismoa eraisteko eta sozialismoa nagusitzeko. Bere ikur garailea urte askotan zehar herrialde askotan astindu zen eta beharginek, nekazariek, buru-langile herrikoiek, emakumeek eta gazteek Marx, Engels, Lenin eta Stalin-ek borrokatutako askatasunezko, zuzentasunezko, berdintasunezko eta gizatasunezko bizitza bete horren fruituak izan zituzten. Sobietar Batasunean eta beste herrialde batzuetan, non kontra-iraultzak irabazi zuen, sozialismoa uzkailia izan zen arren, honek ez du frogatzen marxismo-leninismoak porrot egin eta erabiltezina denik, burgesek eta berrikustzaileek gura duten bezala.

Marx eta Lenin proletalgoaren gidari handiek nabarmendu eta azpimarratu dute bilakaera ez dela lerro zuzeneko garaipenezko martxa. Garaitzak lortuko ditu baina porrotak ere jasango ditu, sigi-sagan aurrera egiten du eta apurka-apurka igotzen da. Giza sozietatearen garapenaren historiak giza sistema baten beste batekiko ordezkatzea ez dela egun batean egiten, baizik eta aro historiko oso bat hartzen duela frogatzen du.(…)

(…)

Marxismo-leninismoa ukatu eta zikintzeko bere borrokan, burgesiak, egoeraren arabera, izaera guztietako oportunistak eta kolore guztietako arnegariak izan ditu beti bere ondoan. Den denek marxismoaren amaiera aldarrikatu dute garai berrientzat desegokitzat hartuz, beren ideia “modernoak” etorkizuneko zientzia bezala zabaldu dituztelarik. Baina, zer izan zen Proudhon, Lassalle, Bakunin, Bernstein, Kautsky, Trotski eta beren aldekoetaz? Historiak ez du haietaz ezer positiborik esaten. Beren sermoiek iraultza geldiarazteko eta saboteatzeko, proletalgoaren borroka eta sozialismoa hondatzeko besterik ez dute balio izan. Marxismo-leninismoarekin liskarrean soilik porrotak jasan zituzten eta denak historiaren zakarrontzian bukatu zuten. Zakarrontzi honetatik noizean behin oportunista berriek ateratzen dituzte, beren aurretikoen porrot egindako eta aipua zikindutako formula eta tesiak beraienak izango balira aurkezteko nahiez, marxismo-leninismoaren aurka egiteko. Eurokomunistek hala jokatzen dute gaur ere.

(…)

Beren helburua ez da iraultza proletarioa eta gizartearen eraldaketa sozialista, masa zabaletan iraultzari uko egin behar zaion ideia sartzea baizik, beraien arabera ez beharrezkoa eta ezordukoa dena. Orduan, zer egin behar da haien esanetan? “Bizitza aldatu”, “bizitzeko era aldatu”, “eguneroko arazoetan pentsatu”, “ez erasotu egungo gizarte kapitalista”, “iraultza kulturala egin iraultza proletarioaren ordez”, hau da egunero eta orduro alderdi antimarxista hauek errepikatzen dutena. “Hobeto bizi, soldata zaindu beheratu ez dezaten, ordaindutako oporrak lortu, lanpostua ziurtatua izan”, “zer gehiago eska dezakegu”, esaten diete beharginei. (…)

(…)

Marx-ek adierazten zuen

<<…proletarioa, hitzaren adiera ekonomikoan soilik soldatapeko behargina ulertu behar da, “kapitala” sortzen eta gehitzen duena, eta kalera egotzia dena “kapital jaunaren” balioaren haztearen apetentzat ez beharrezkoa denean.>>

Zer gertatu da Frantzian Marchais-ek jada proletarioak ez ikusteko? Plusbalioa sortzen duten eta kapitala handitzen duten soldatapeko beharginak izatea utzi ote dute? Ez al dira jada “kapital jaunak” soberakin gisa kalera botatzen dituen langabeak?(…)

Proletalgoaren izatea berezko klase gisaren, gizartearen klase aurreratuena gisa, eta historiak gizakia gizakiaren gaineko esplotazioarekin amaitzeko eta gizarte berria eraikitzeko eginkizun loriatsua gorde dionaren ukapena, ez da berria den zerbait. Hau oportunista anitzek sustatu dute marxismoa doktrina filosofiko eta mugimendu politiko gisa jaiotzen ari zen garaian ere. Marx eta Engels-ek ikuspuntu hauek erraztu zituzten eta proletalgoa arma eta argudioz hornitu zuten, ez soilik oportunista hauek, baizik eta burgesiaren beste lekaioak ere, kapitalismoaren etorkizuneko defendatzaileak borrokatzeko; egun berrikustzaile modernoak diren bezala.

(…)

Behargin klasearekiko eta bere gidaritza paperarekiko  jarrera froga-harria izan da iraultzaile guztientzat aro guztietan.Mugimendu iraultzailearen baitako proletalgoaren hegemoniari uko egitea, erreformismoaren itxura baldarrena da, nabarmentzen zuen Lenin-ek.(…)

(…)

Beranduago Lenin-ek, II. Nazioartekoaren buruen desitxuratze oportunistak borrokatzen, Marx-en Estatuari buruzko teoria era bikainean defendatu zuen. Buru hauen ikuskerak baztertu zituen, zeinen arabera Estatua ez da klase bat bestea menperatzeko atala, klaseen arteko adiskidetzearen atala baizik;Estatu burgesaren aparatua ez da suntsitua izan behar, langileen onurako erabilia izan baizik. Estatu eta Iraultza bere liburu ospetsuan, Lenin-ek Estatua klaseen arteko kontraesanen eta kontraesan horien bateraezintasunaren adierazpena emaitza dela argudiatu zuen. Estatu burgesaren aparatua, behargin klasea eta gainontzeko masa langileak zapalduak eta esplotatuak mantentzeko eraikitako aparatu gisa, zapalkuntza eta esplotazioa ezabatzeko balio ezin zaiela frogatu zuen. Proletalgoak bere estatu propioa eraiki behar du, berria bere molde eta edukian, egitura eta antolakuntzan, gidatzen duten gizakietan eta beren lan egiteko eretan, masa langileei askatasuna bermatzen dien eta sozialismoaren etsaiak sistema kapitalista berrezartzeko ahaleginetan birrintzen dituen Estatua.

(…)

Inperialismoaren orokorrean, eta herrialde bakoitzaren barneko bere bitartekoen, aurkako borroka alderdi komunista bakoitzaren estrategiaren oinarrizko auzia da eta iraultza ororen garaipenaren baldintza erabakigarrietako bat, nahiz demokratiko-herrikoia, anti-inperilaista edo sozialista izan. Aldi berean, inperialismoarekiko jarrera ere froga-harri gisa baliagarria da politikoki eta ideologikoki, bai herrialde bakoitzeko esparru nazionalean nola nazioarteko eskalan, jarduten duen indar politiko oro balioesteko. Hitz batean, inperialismoarekiko jarrera, benetako indar iraultzaile, aberkoi eta demokratikoak, alde batetik, eta atzerakoitasunaren, kontra-iraultzaren eta aberri-saldukeriaren indarrak, bestetik, banatzen dituen mugatze lerroa izan da eta izaten jarraitzen du.(…)

Egia da NATOko kide diren herrialde europarren artean eta Amerikako Estatu Batuen artean mota anitzeko kontraesanak badirela, kontraesan normalak eta ekidinezinak ere talde handi eta elkartze kapitalisten artean, baina egiatan, mundu mailako auzi politiko eta ekonomiko handi guztietan NATOko herrialdeak beti Washington-era oinperatu dira. Burgesia-handi europarra, beste burgesia guztiak bezala, bere klase interesen eta nazio interesen artean hautatu behar denean, beti azkeneko hauek alde batera uzteko joera du. Arrazoi honengatik komunistek uneoro interes nazionalen alde borrokatu dute, iraultzaren eta sozialismoaren kausara hertsiki lotuak hartuz.

(…)

Zentzugabekeria soil bat besterik ez da burgesia italiarrak bere Konstituzio ezaguna gizartea sozialismora eramateko landu duela irudikatzea, togliattistek sinesten duten bezala. Konstituzio italiarra, herrialde burgesetako oinarrizko gainontzeko legeak bezala, herrialdeko burgesiaren menderatze politikoa, legegilea eta betearazle zatiezina onesten ditu, bere jabetzaren zaintza eta bere Boterea masa langileak esplotatzeko onesten ditu. Atal errepresiboei oinarri legalak eskaintzen die herriaren askatasuna eta demokrazia mugatzeko, bere errepresioa eta menderatzea denen eta denaren gainean ezartzeko. Askatasuna, berdintasuna, senidetasuna, demokrazia, zuzentasuna, eta abarren gisako hitz ederrak berrehun urtez egon daitezke Konstituzioan, baina praktikan, hau ez da ezta beste bi mila urtetan gauzatuko, burgesia kapitalista bere Konstituzio eta legeekin batera uzkailia ez bada.(…)

<<Egitura erreformen>> teoriaren arabera, sozialismora apurkako erreforma bidez iritsiko zen, kapital monopolistari era baketsuan atereak izango zirenak. Apurkako erreforma horiek parlamentarismoaren bitartez posibleak izango lirateke soilik, botoaren indarrari esker, monopolio kapitalistek aberastasunak, armak izanaren, eta parlamentuan eta administrazioan gidaritza gauzatzearen gertaera alde batera utzita.(…)

(…)

Frantziako Alderdi Komunistaren gidari berrikustzaileek beharginak egungo Frantzaiko, Europako eta mundu osoko gizartearen kide oro ulertzera iritsi dela gizarte industriala oinarri gisa irabazi kapitalista duen gizartea izateari utzi diola sinestarazten saiatzen dira. Hau teoria erabat faltsua da, gizarte hau menderatzen duen kapital monopolistak ez duelako soilik irabaziak eskatzen, irabazirik handiena baizik.  Georges Marchais-ek era berean kapitalen esportazioez mintzo da, baina ez du esaten esportazio hau, ez soilik metropolietako beharginak baizik eta herrialde atzeratuetako edo garapen bidean daudenetako beharginak ere, modu basatian esplotatzeko bitartekoa dela. Kapitalen esportazioa egun neokolonialismoaren oinarrizko ezaugarri bilakatu da.(…)

Behargin klasearen borroka soilik eguneroko aldarrikapenetara murriztuz, berriskutzaile frantziarrek Marx-en irakaspenak saihesten dituzte, zeinak azaldu duen soldatek, era mozorrotuan, kapitalisten beharginen gaineko esplotazioa estaltzen dutela, lanaren zati batez jabetuz, hain zuzen ere kapitalistarentzat plusbalioa sortzen duen beharginen lan ez ordainduaz. Marx-en pentsamenduaz ez dute nahita hitz egiten, zeinak zehazten zuen arazoaren konponbidea ez zela soldaten igoera ezta bere parekatzea, Proudhon-ek, erreformista klasiko honek, uste zuen bezala. Marx-ek azpimarratzen zuen behargin klasearen borroka soilik soldatetara murriztea, soldatapekoen esklabotza luzatzera zuzenduriko saiakera besterik ez dela. Soldatapeko beharginen esplotazioaren erabateko ezabapenak soilik, dio Marx-ek, izan daiteke arazoaren konponbide bidezko eta erradikala.(…)

Ez soilik Frantzian, baizik eta herrialde kapitalista-berrikustzaile guztietan, berrikuspentasun modernoa marxismo-leninismoa literaturaren eta artearen eremuan ere ari da erasotzen, hauekin ere jendea pozoitzea eta endekatzen eragitea bilatzen dutelako. Idazle, olerkari eta artista berriskustzaileak endekatze burgesaren bidetik sartu dira. Gaur egun zaila da Aragon bat Beauvior batetik, Andre Stil bat Sagan batetik desberdintzea. Hau ez da tankera ezta estiloen kontua, beren lanen edukien eta helburu berberen kontua baizik, joera filosofiko antimarxistetan inspiratzen direnak, bide bere batera ateratzeko, iraultza borrokatu, gogoa otzandu, <<arima hiletan>> bihurtu, endekatuak neurri berean.

(…)

Carrillo usteltzen dagoen gizarte burges-kapitalista ustelaren emaitza da, burgesia kapitalistaren mesedera dagoen lunpen-enteleguaren emaitza da.(…)

Beste aldetik, Carrillo-ren arabera, iraultza bortitzari aukera oro itxi zaio, inperialismo iparramerikarrak ez baitzuen baimenduko. Carrillo-k  teoriara jaso nahi du bere beldur burges-ttipia, eta arau bihurtu inperialismoarekiko eta burgesiarekiko bere etsitzea. Bada denbora inperialismoak, eta ez soilik iparramerikarrak, baizik eta munduko atzerakoitasun osoak, eskua sartu eta iraultza oro birrintzearekin mehatxatzen dabilela, inperialista iparramerikarren eta gainontzeko inperialisten estrategia erasotzailearen parte dena. Baina historiak erakutsi du herriak iraultzara jauzi direla, esku-hartze iparramerikarrera ere aurre egin diote, eta garaitu dute.(…)

(…)”

 

Eurocomunismo es anticomunismo (euskaratua) – Enver Hoxha

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: