KLASE ETA POLITIKO-MILITAR ESTRATEGIA BATENGATIK (ETA p-m)   Leave a comment


ETApmVIII

Sarrera honetan ETA pm-ren VIII. Biltzar Nagusia ondoren 1982an argitaratutako Zutik 65 aztertuko dugu. Militantziaren 3/4 baino gehiagok Orreaga txosteneko tesiak babestu ondoren, talde likidazionistak erakundea utzi zuen (EEko oportunistek haiekin bat egingo zutelarik).

Hasieran borroka politiko-militarraren defentsa egiten da, tesi abandonista eta militaristen aurka, demokrazia-burgeseko egoeran. Honetarako Otsagabiak ponentziari (VII. Biltzar nagusian onartutako) kritika egiten zaio, bere ekarpenak barneratu eta akats gisa jotzen dutena baztertzeko.

Zentzu honetan esan beharra dago instituzionalizaziorako joera borrokatu ordez, hau halabeharrezkotzat jotzen dela eta “botere bikoitzaren” eraikitzea, aldiz, ezinezkotzat gizarte garatua batean. Hau hutsune larria da, zeren nahiz eta demokrazia-burgesean legalitatea ahalik eta gehien aprobetxatu behar den,berez langileek esperientzia iraultzailea lortzen duten lekua masa borrokaren inguruan eraikitako botere berrian aurkitzen baita.

Aurrerago, abangoardiako Alderdiak masa-frontearekiko eta Erakundearekiko duen egitekoa ere desitxuratzen da. Alde batetik, burgesiaren bloke zapaltzaileak herri langilearen gain duen eraginagatik masa borrokak beharrezko indarra ez zuela argudiatuz, honi beharrezko tresnekin aurre egin ordez (Alderdia bera (EIA) oso garrantzitsua izanik), bere disoluzioa frontean iradokitzen da (EE). Bestetik, Alderdi hori legala “izatearen” ondorioz, Erakundearen gidaritza politikoa ezarri ezin zuela esanez (Otsagabian oso argi geratu ez zenaren adierazle), eta bestelako formula zehaztugabeak bilatu behar zirela.

Nazioarteko azterketa oso era finean dago eginda, Trilateral-ak Estatuez gaindiko oligarkia finantzariak sortutako boterearen estrategia zehazteko orduan duen pisua adieraziz: beldurraren politika, Kapitalen esportazioaren egituraketa eta Lanaren Nazioarteko Banaketaren oinarriak azaleratuz. Zerbait aipatzearren eurokomunismoari kritika eza eta “hiru munduen” terminologiaren erabilera aipa daitezke.

Estatu burgesaren karakterizaziorako Gramsci eta Poulantzas hartzen dituzte iturritzat, hegemonia zehaztapenaren inguruan. Azken hau eurokomunismora igaro zela kontuan hartuta, oportunismo mota honek Bloke PMan zuen eragina adierazten du, baita VII. Biltzar Nagusiari egiten dioten kritika okerrak.

EErekiko jarrera baikorra txostenean zehar ere honen baitan kokatzen da. Hala ere, amaierako eranskinetan honen gidaritzaren politika sozialdemokrata eta adostailea salatzen da, eta beren ildoa jarraituko lukeen ezker abertzaleko beste aukera politiko bat antolatzeko nahia plazaratzen da (gertatu ez zena).

Esan daiteke, ETA pm-k ETA(m)k baino hasierako planteamendu estrategikoa osoagoa izan arren, taktika arloan egindako akatsek Bloke PMa ezereza bihurtu zutela prozesu iraultzaileari begira, KAS Blokeak, HASIren lanari esker batez ere, antolakuntza-forma jasoagoak lortzen zituen bitartean.

 
Klase eta politiko-militar estrategia batengatik – Zutik 65, ETA pm

 

“(…)

Sarrera

Klase burrukaren eta askatasun prozesuen historiak, asko eta askotan, erakutsi du argi eta garbi zer duen berezia eta zer orokorra gizarte formazio bakoitzak gizarte sektore antagonikoen enfrentamenduaren barruti bezala.

Euskal Herriari dagokionez bada oinarrizko printzipio bat gertakari sozial eta politiko guztien bilakaera, azkeneko hogei urte hauetan batez ere, bereiziki markatzen duena. Praktikak berak teoriak baino indar gehiago duela esatea, kritikara ekartzea besterik ez da bereizgarritasun hori, bestalde, paradoja guztietatik eta kontraesan nabarietatik aparte, teoria marxistaren lojikaren bertan ezin hobeki egokitzen dena, euskal iraultza prozesuaren dinamika mugitzen den baldintza bereziek eragiten duten sobredeterminazio dialektiko gisa.

Gertatzeko modu horren ondorioak era berean markatu du ETAk frankismoaren garaian eta Trantsiziokoan izan duen historia. Era horretara, ETAren ildo politiko eta militarra, deklarazio programatiko borobil, betirako eta autobastaleek baino hobeto definitu izan du taktika eta estrategia mailan egin gertakizunen bilakaerari buruz egin diren prebisioen eta gertakarien beraien bilakamenduaren arteko kontrasteak; eragin handia izan du horrek ekintza armatua egoera bakoitzera egokitu zedin, borroka barruti eta maila desberdinen, eta beraz, praktika iraultzaileak hartu behar dituen forma desberdinen elkarrekiko eragin mota berezia erabakiz.

Hauxe da erizpide eta estrategia politiko militarraren oinarria, iraultza prozesuaren ikuspegi horren arabera faktore politiko, ideologiko, sozial eta militar guzti horien artikulaketa dialektikoak bloke historiko berri baten antolamendua eragiten baitu, herri sektore guztiak eta berorien burrukak bat egin, eta langileri klasea indartuko duena hegemoniko eta zuzendari bezala, bestelako modelo sozial, ekonomiko eta politiko batetarako aldakuntza alternatibaren baitan.(…)

Trantsizioa

(…) Oposizio demokratikoak negoziaketaren alde egin zuen aukera trantsizioaren lehen garai horretan, hasieran zituen hausketa demokratikoaren aldeko jarrera utzi eta haustura hitzartuaren aldeko jarrera hartuz geroago, alde batetik indar faktikoen mehatxuaren ondorioz eta bestetik haustura demokratikoa behartzeko zuen ezintasunagatik ere bai. Neurri horretan demokrazia burgesa indartuz joan zen dominazio forma bezala masak prozesuan integratuz. (…)

Transizio garaian ezkerrak Botereak ezarritako guztia onartu du: sistema iraunarazten duen Konstituzioa, libertate demokratikoak etengabeko mozte bat eta oligarkiak, bere presio indarrekin behin eta berriz erasotzen dituen pakto sozialak. Estatuko ezkerrak ere ez du eraman inolako mobilizazio politikarik. Paktoak, sarri, ezkutuan burutu izan dira. Azken baten, mesederik gabeko kontsentso politika honek frustazio giroa besterik ez du sortu.

Euskal Herrian, dena dela, politika molde hori ez da berehala onartu. Amnistia lortu bazen burruka gogorra eraman zelako izan zen. Libertate mozteari ere, sarri askotan, Euskal Herritik bakarrik erantzun zitzaion (“Ley de apología de terrorismo”, e.a.). Konstituzioari ezetza eman zitzaion eta Estatutoa negoziatu bazen ere iraultzaileek gogor jokatu zutelako izan zen.(…)

a) VII. Biltzar Nagusitik treguararteko borroka.

VII. Asanblada egin zenetik lau urte pasatuak direnean orduan hartutako erabakiak ez direla gaurko egokiak, edo ez direla nahiko, ikusi dugu VII. Asanbladan, “doble poder”erako estrategia dago sakonean.

(…) Alderdian bigarren Kongresoan ere bide hauexei eusten zitzaion oraindik. Estrategiak insurrekzio klasikoa mantentzen zen, baina praktikan Euskal Herriaren instituzionalizatzeari ekiten zitzaion, preautonomikoarekin Iehenengo eta Autonomia Estatutoarekin gero. Azken finean kontraboterea instituzioak beraiek ziren. Ezkerra udaletxeetan, diputazioetan eta instituzio autonomiko eta zentraletan sartzea proposatzen zen euskal gizartean hegemonia euki zezan.

Honetan, beraz, VII. Asanbladan erabakiak urruti geratzen zaigu.

Euskal Herria bezalako gizarte desarroilatu baten ezin pentsa daiteke instituzioetatik kanpo, eta beraiekin enfrentaturik, dagoen ezkerrak eramango duen estrategia. Langileriak, Estatuaren aparatutik kanpo egonik boterea hartzea pentsa ezina iruditzen zaigu. Honekin ez dugu esan nahi independentzia eta sozialismorako bidea lineala eta etengabea izango denik. Nahitaez izango dira salto kualitatiboak. Langileriarentzat leiho berriak irekiko dira burruka aurrera eraman ahal izateko. Hauxe da 77ean hauteskundeekin eta gero Estatuarekin geratu zena.(…)

Internazional egoera

(…)Lotura guzti horiek agerian jartzeko beharrezkoa da, dudarik gabe, nolabaiteko hizkera abstratu bat, baina azkenean “lanaren nazioarteko banaketa”, “nazioarteko ekonomi ordenamendu berria”, “barne ordenu berria” (errepresioa, torturak, beldurraren politika) eta horrelakoak dira, krisis famatu hori, inflazioa, atzeramendua… langileen soldata, langabezia, erosmenaren beherakada, lan erritmoak eta abar eragiten dituztenak… eta guzti horiek normalean Europa Mendebalean eta Espainian agintzen duen Batzorde Trilateral horrek prestatutako estrategiaren ondorio dira. (…)

Horrela, bada, badirudi arazo larri batek arduratzen dituela Trilateralaren barrunbeak “demokraziaren gehiegiak”, eta horren kontra, demokrazia burgesak elite batetan finkaturiko autoritatea hartuko luke oinarri. Zeren trilateralzaleentzat,”badaude muga desiragarri batzuk demokraziaren hedakuntzari jarri behar zaizkionak”.(…)

Azti begirik ez da behar helburu horien benetako ondorioa urrutitik ere ikusteko: Edozen kontestaziorako bideak moztu (kontsentsu sozialaren idea ezarri nahi dute berriro) eta ageri direnean erreprimitu. (Ikusi Europako konbentzio antiterrorista, delito politikoaren idea oro ezabatu nahi duena).

2.Belduraren politika

(…) Bortxaren beldurra oinarrizko sentimendua da, gertatzen denean. Gero “terreno sikologiko” bikaina beldurraren estrategiarako. Metodoa: dramatizatu, egoera jakin baten bortxa adierazpenak, benetakoa ala iduripenezkoak, neurriz gora handitu (edo, gainera, egoera jakin bati erreferentziarik egin gabe) eta batez ere, komunikabide nagusiez baliatuz etengabe jakinerazi eta errepikatu bortxa hor dagoela edo prestatzen ari dela… erresultatu bikainak izan ohi ditu honek (herriaren desmobilizapena, egonezina, bakearen aldeko mugimenduak,etab…).

Auzoarekiko deskonfidantza mantendu, bakoitza bere baitara edo familiara kokildu, Estatuarekiko identifikazioa bultzatu, poliziaren indarra aiseago justifikatu. (…)

Gure eritzian aseguramendu errepikazio ziklo hau azkartzen bada, berez iritsi behar du pasau ezinera, eta Estatuak berak hartu beharko du segurtasun gabezia sortzeko ardura, gero, ondoren, kondenatu ahal izateko. Mugimendu horrek jarraitzen baldin badu, Estatuak, oraintxe bertatik, bere aseguratzaile legitimitatea berak sortzen duen segurtasun faltan oinarritzen baldin badu, esan genezake egiaz pertsona bakoitzari gerra deklaraturik diola.(…)

3. Lanaren edo kapitalaren nazioarteko banaketa berria

(…) Demokrazia eta askatasun nazionalerako gurarien aurrean, zentralizazio gehiagorekin eta inoiz ezagutu ez den bezalako uniformizazio eta jerarkizaziozko estrategia batekin erantzuten du inperialismoak. Bai arrazoi politikoengatik, dominazioa segurtatzeko eta oligarkien eta estatu inperialisten elkarren arteko laguntza garantizatzeko, eta bai arrazoi ekonomikoengatik langileen esplotazio kolektiborako baldintza berriak sortu eta errekurtso materialak martxan jartzeko nahiko toki edukitzeko.(…)

Mundua sub-multzo zabaletan partitzeko asmo honetan, asmokide bikaina aurkitzen du burgeseria nagusiak: Internazional sozialista, Europa edo Hegoameriketan; beren jatorri zuzenekoa klase dominatzaileengan duten politikoak gaitzetsirik daude toki horietan, politika berbera egiteko erabilgailu bihurtzen da internazional sozialista. (…)

(…) Biderrapen politika honek langileriak Trilateralaren eremu barruan bai politika bai sindikato mailan alde batetik bestara dituen desarroilo eta antolamendu desberdintasunetan du oinarria. Langilea beren bizi mailak eta burruka ganorak uzten dien mugetaraino esplotatzen den. Kapital nagusiarentzat arazoa ez da oreka berri bat lortzea, soldata eta etekinen banaketa modu berri bat eragitea baizik, eskualde eta nazioen arteko desarroilo aldeak handitzea, horretarako diru balioa manipulatuz, Euro-dibisan eta kapital flotagarriak erabiliz, espekulazioaren bidez, multinazionalek bere gogora darabiltzate sare tekno-industrialak antolatuz.

Sare horiek multinazionalak dira kontrolatzen dituzten industri inplantazioentzat, baina arras zentralizaturik daude finantza eta teknika aparailuari dagokionez,era honetara oso-osoan garantizatze bait da estrategiaren koerentzia eta erabil daiteke estatuaren aparailua.(…)

(…) Trilateralaren asmoak argi ageri dira: elkarren arteko dependentzia hori sakondu eta sistematizatu, supranazionalitatera jo, kapital Nagusiaren exijentzia geroz eta zabalagoei erantzun eta EEBB, Alemania Federala eta Japonek munduko ekonomian duten geroz eta dominio geroz eta handiagoa garantizatzeko.(…)

Erremedio gisa, “kooperazio sistema batzuk, truke flotagarria duten nazioen artean batez ere” proposatzen ditu Trilateralak; Europako Diru Sistemaren kasua horrixe da, eta honek eragin handiagoa ematen dio Nazioarteko Diru Hondoari (F.M.I.) eta hori EEBBk dominatzen du, berak bakarrik bait du beto eskubidea. Hitz laburretan, F.M.I. banka nazionalen banka zentrala bihurtu nahi da.

Trilateralak sortu duen “nazioarteko ekonomi desordenu berriaren oinarri oinarriko beste arlo bat. Desarrollo bidean diren nazioak ahalik eta estuen sartzea zirkulu kapitalista guztietan, merkataritza eta diruzkoetan batez ere. Eta horrek Trilaterala ikustera eramaten du nazio horietan ezinbestekoa dela nolabaiteko desarroilo bat. Baina desarroilo hori lehen unetik munduko produkzioaren berregituraketan sartu ahal izateko, berredapeneko kapital nagusiak lanaren nazioarteko banaketa berri bat antolatu du. Berria, zeren hutseko hazkundearen mugetan oinarritzen bait da: Munduko errekurtsoak transferitu bai baina desarroilatu ez. Transferentzia erizpide hori ez da ezer berririk: Benefizioak dira. Horren ondorioz, industria arinak, langile oso kualifikatu gabea behar dutenak, eramaten dira desarrollo bidean diren zenbait naziotara, Asiako Hegoekialdeko zenbait nazioren desarroilo moduak erakusten duen bezala (Singapour, Taiwan, Hong-Kong, Hego Korea, etab.)

Trilateraleko bazkideen aburuz, nazioarteko banaketa zabaldu egin beharko litzateke eta kapitalismoaren zirkuituetan sartu desarroilo bidean diren herrietako bizitzako sektore guztiak, iraupenezko nekazalgoa ere barne delarik.(…)

Politiko-militar estrategia

(…)Azken batean “boterearen antolamendua klase baten esku geratzen da eta ahalmen hori segurtatzeko biolentziaz baliatzen da”. Estatu kapitalistak monopolizatzen du eta lehen aipatzen genuen “bidezkotasun” hura legearekin estaltzen da, Legeak defendatzen du alegia. Hain zuzen ere sistema demokratiko burgesaren oinarria zera da “legea zanpaketaren eta Estatuak egiten duen biolentziaren antolamenduaren barruan geratzen dela”. (…)

(…)”Estatua, demokratizatzean, klase burrukari, maila guztietan, permeable egingo zaiola” esatea eraketa eta egitura kapitalista ez ezagutzen da. Estatu kapitalista bloke zapaltzailearen interesak defenditzeko dela kontutan ez hartzea alegia.

(…)Horrezaz gainera, zera galdetuko genuke. Nolako “pemeabilitatea” espero daiteke “gure” polizia autonomoarengandik? Izan ere erreklutatze momentuan bertan, elementurik radikalenak —eta hau Batzokien informeen aurrera erabakitzen zen—baztertuak izan ziren eta, bestetik, ezkerrak ez du apenas partaidetasunik.

(…) Gaurregun boterean dagoen klase zapaltzaileari, agintea kendu eta sozialismoa eta erabateko subiranotasun nazionala lortzeko estrategia iraultzailea aurrera eraman nahi duenak ongi ezagutu behar du botere burges eta zentralistak biolentzia erabiltzeko daukan ahalmena eta honi aurka egiteko ahal den biolentzia guztia beharko da akumulatu eta eratu.

Bere burrukan herriaren eragina ardatztzat jotzen duen estrategia p-m batek bi gauza euki behar ditu kontutan: batetik, langileria, aldaketa iraultzailea egiteko moduan batu eta eratu. Bestetik, edozein hausketa gertatzen den momentuan biolentzia akumulatu eta sortu egin behar du, gero, egiazko orduan, arrakasta lor dezan, a.b.: oraingo estatuaren aparatu zanpatzaileekin burrukatzekotan.

lraultzaileek, oraintxedanik hartu behar dute biolentzia akumulatu eta erabiltzeko ardura.

A) GEURE HISTORIATIK

(…) Izan ere estrategia bukatu bat, gaurdanik finkatua eta erabakia ezinezko ametsa da. Holakoak ez baitira laborategietan egiten. Esperentzia, errealitatearen azterketa eta beti ere subjetiboak diren prebisioak kontutan harturik bide zabal bat markatzen da. Eguneroko praktikak emango du, azken baten, estrategia horren nondik norakoa: estrategia eta taktika, berriz diogu, banatu ezinezkoak dira.(…)

Baina, goian esan bezala, ETAren lehen urrats horiek klase burruka azkartzeko elementu baliagarria izan zen beste zenbait aldetatik begiratzen baldin badugu. Adibide gisa: Francoren errejimenaren desestabilizapena, transizio garaiko lorpen politikoak, nazionalismo eta sozialismoaren arteko etena lotzeko aportazio ideiologikoa, ezker abertzale berri bat sortzeko ikuspegi ezberdinak…

Arrazoi hauek eta bestek eraginda, kontraboterea aurrera ezin eginik gertatuko da eta, beraz, koadroen alderdiak ere ez du aurrerantzean baliorik izango. Kontrabotere gogor batekin koadroen alderdiak ba dauka herria zuzentzeko ahalmena eta baita harengan ideologikoki eta politikoki influitzeko ere. Baina demokrazia-burgesaren instituzio zabaletan zeregin hori bese nahitaezkoa da alderdia ere zabala izatea, herria bere baitan bildu ahal izateko.

Aldaketa honi EIAren III Kongresua eta EEren prozeso konstituientea baino lehen ekiten zaio eta orain egin dena aldaketa hori zuzpertzea besterik ez da izan. Izan ere EE izan zen politika egiten zuen benetako “alderdia” eta EIA, berriz, estrategiaren protagonista izan beharrean printzipio garbi eta kutsatugabeen zaindari gisa agertzen zen.

Ezin esan dezakegu ere VII. Asanbladan guzia oker egin zenik. Garai haietan gerra popularraren estrategia alde batera uztea eta insurrekzional erako beste batera iragatea, herriari protagonismo handiagoa emanez, ez zen, zinez, urrats makala. Oso zaila zen, izan ere, PNVk Euskal Herriarengan eukiko zuen eragina aurretiaz neurtzea, eta are zailagoa, ETAren barruan zegoen populismo “pequeño-burgesa”. Eta azken elementu honek jokatu duen papera, euskal ezkerra desorganizatuz eta sakabanatuz, oso gaitza izan da.(…)

I) GURE INTERBENTZIOA EPE LABURREAN

(…) Arazo hauen konponketari posibilitate berriak irekitzeko burruka armatua beharrezkotzat ematen dugu. Gure zeregina ez da izango arazoak konpontzea eta geure kontura lorpen hau edo hura egitea. Masek eta ezkerreko iraultzaileak bultzaturiko negoziaketak lagundu nahi ditugu geure ahalmen koaktiboa horretarako erabiliz. Bestetik Gobernuak indarrez ezarri nahi dizkigun LOAPA, OTAN, Lemoiz, krisisa, zanpaketa… eta gainerakoei erantzun tinkoa ematea dagokigu.(…)

Gure helburua ez da izango inor gurekin negoziatzera bortxatzea. Negoziazioa langileriak eta herriak hautaturiko ordezkariekin burutuko da. Beraiek izango dira azken hitza duketenak. Besterik egingo bagenu, zer nahi arlotan ere den masei beren protagonismoa kendu egingo genieke eta, bestalde, erakunde armatu batek bere kabuz ezer nagoziatzekotan oinarri batekin eginbehar du: ekintza armatuaren eta erakunde beraren desagertzea jokatuz alegia. Beraz, biolentzia iraultzailea eta erakunde armatua baten izatea beharrezkotzat ematen baditugu ezin dugu negoziaketa bilateral bat onartu. (…)

VIII. Biltza Nagusiaren erabakiak

4.-ETAk erabilitako indarrak eraldatu du, beste sektore batzuekin, oligarkiaren Estatua eta lagundu du Euskal Estatuko enbrioi bat egiten: Autonomi Instituzioak. Honek kondizionatzen du era nota bilakatzen den klase arteko burruka Euskadin, modu honetara baldintzatu behar da tarte bakoitzean eta iraultzaile prozesuko fase bakoitzean, indar iraultzailea.

17.-Demokraziaren sakonketa ez da posible masa politika indartsu bat aldera utzita. Masa lan hura izan behar da lan politikoen oinharria. Eta horrela bakarrik da posible, demokraziaren sakonketa Estatutu defendatzeko, Amnistia lortzeko, Lemoiz gelditzeko, Nafarroa integratzeko eta abar. Demokraziaren sakonketa “consenso” hutsa azken unean eskuindarkeri egoera hura sendatzera eramaten du

19.-Gaurko egoeratik ateratzen ditugun ondorioak Euskadin ez dela transizioa bukatu ezta ere demokrazia finkatu argitaratzen dute; eta hori ez da lortuko Estatutua eta askatasun demokratikoak ez baldin badira sakontzen. Gaur egun bat eta beste zintzilikan daude eskubiaren politikagatik. Baina baita ere PSOEk ematen dio amorea eskubiari Gobernuko alternatiba izatearren.

24.-Borroka harmatua, taktiko eta estrategiko aldeetatik, joan behar da laguntzen eta zabaltzen masak eskatzen ari diren problematiketan, masak mobilizatzen ari diren problematiketan, azken mugan eskubiak jartzen ditun mugak apurtzen. Hegemonia lortzeko estrategi batean borroka harmatua ezin da joan bakarrik problemak ebazpidetzen. HoneIa baldin badu masa borrokan sustituzioa egiten du eta eskubiaren ingurapen ideologiko eta errepresiboan erortzen da.

29.-Preso eta exilatuen egoeraren aurrean erakundea birbaieztzen da Amnisti estrategi konzeptuan epe honetako pauso beharrezko eta iraunkor bezala. Eta gainera masa baten barnean, ez ezkarzelazio huts bezala borroka harmatua truke jarrita eta Herriaren borroka haien askatze bidean truke jarrita.Era berdinean, 1978.an Konstituzioari EZa eman genion arrazoiak, orduan bezala, segitzen dute baliozko gaur ere, eta horregatik birbaiztzen gera orduko arrazoiekin. lnboluzioaren aurkako borroka, askatasun demokratikoen sakonketan oinarritu behar da, eta ez okerretara.(…)

Alde egindakoen estrategiaren kritika

(…)Horregatik talde eta pertsona banakako asko ari da gaur egun estrategia aldatu eta borroka nazionala eta soziala elkarri lotze jakin duten estrategietara lerratzen; demokrazia burgesean klase burruka egiteko dauden baldintzetara bai teoria mailan, bai politika mailan, militarrean eta antolamenduzkoan hobekien egokitu diren estrategien alde egiten dute apustu.

(…)Horrekin batera hurbilketa geroz eta azkarrago bat ari da gertatzen langileriko zenbait sektore organizaturen aldetik eta pot egindako beste instantzi batzuetako militanteen aldetik, eta horientzat ere burrukarako tresna baliagarri izan behar du EEk.

(…)Zentralismoarekiko kontrajarrera ez datza horretan, administraziozko deszentralizazioa baino areago Euskadi nazio gisa antolatu daitekeelako baizik, kontrajarrera horretan badago burgesia nazionalistaren eta euskal langileriaren arteko klase burrukaren eragina ere, nazio eraikuntzari dagokionez ikuspuntu ondo desberdinak bait daude, klase ikuspuntu desberdinei, eta inoiz guztiz kontrakoei dagozkienak.

(…)Ikusten denez, horixe da prozesu honetan era askotara gertatu dena. Alegia, demokrazia burgesaren integrazio mekanismoak, alderdiaren prozeso politikoan garbi ikus daitekeen fenomenoa dira, eta edozein begiralek íkus ditzake EEren gaurko prozesuan.

(…)Horregatik, beraz, bilatu behar dugun kobertura zera da, egon daitezkeela alderdi edo mugimendu sozial bat edo gehiago ere, egoera politikoari dagozkion maila jeneraletan, erdi eperako politikan bat gatozenak, eta alderdi horiek izan daitezkela fidagarriagoak nahiz eta burruka armatutik urruti ibili, beren analisi konkretuetan.

(…) Bestelako ikuspegi bat adierazten du alderdiaren eta erakunde armatuaren artean diferentzia taktikoak egon daitezkeela direnak, etengabeko eztabaida eta harreman dialektikoak dituztelarik estrategia politikoa burutzeko bidean, gaur egun dagoeneko domeinura iristeko oinarritzat hegemonía lortu beharra hartzen duen estrategia hain zuzen.

Gure erakundeak ez du inoiz normalizazioa bortxaren arabera neurtu. Errejimen demokratiko burges batean, agintea burgesiak duenean normalizazioek ez du esan nahi klase burruka desegin behar denik, ezta ere, horrenbestez, klase burrukak har ditzakeen jokamolde bortxazkoak desegin behar direnik. Besterik da erabateko normalizazioaren kontzeptua, ElAren III Kongresurakoan nonbait aipatu izan zena, erabateko demokraziarekin batera, baina kontzeptu horiek egia izateko, ordea, burgeseriak galdurik behar du hegemonia eta agintea; guzti hori ez baita, hitz laburretan, sozialismoa besterik, eta are demokraziaren kontrako etsairik ez izatea gizartearen baitan.

Bestalde, kontrakotasunik ez dago zertan egonik desestabilizazioaren kontzeptuaren eta  demokraziaren sakontze idearen artean. Demokrazia burgesean burgeseria da agintean dagoen klasea, eta sistema horretako demokrazi elementuak sakontzea klase dominatzailea desestabilizatzea da.

Normalizazioa, izan ere, iraultzaileen ikuspegitik, ezkerreko ikuspegitik begiraturik, ez baita  baketzea, aldeginen hitz modu teoriko politiko guztian saldu nahi den bezala. Zentzu horretan, ezin daiteke inoiz esan normalizazioak gailurra iritsi duenik. (…)

Guzti horren ondoren aise ulertzen da zergatik diogun EEri laguntza kritikoa, nahiz eta sinisturik gauden ezkerraren homogeneizaziorako ardatz nagusia dela.

Eguneratze-eranskina

(…) VIII B.N. ondoren EEri sostengu kritiko bezala definitzen zena, alderdi hau euskal ezkerraren bateratze-ardatz osatu ahal izateko norabidean mantentzen zen heinean, progresiboki hondatzen joan da, itxaropen hau alderdi honen zuzendaritza osatzen duen “gehiengo naturalak” sustatutako praktika politikoarekin negatiboki egiaztatzean. Duda-mudak auzi politiko nagusietan eta interes eskasa sektore sozial desberdinekin lotzeko bitarteko eraginkorrak ipintzeko, eraso zentralista eta antidemokratikoen aurrean estrategia planteatzeko masa-dinamika zabal baten antolakuntzari begira, zalantzan jartzen dute Euskadiko Ezkerra honen bideragarritasuna proiektu politiko gisa. Zinez gertagaitza dirudi egungo baldintzetan eta sozialdemokrata motako estrategian auto-limitazio suizida batean trabatutako sektore jakinek erakutsitako jarrerarekin, euskal formazio sozialaren errealitatera egokitzen EZ diren ustezko azterketa batzuen ondoriozkoak, ezkerraren politika orokorraren praktika egun objetiboki gidatu behar dituzten ildo orokorrei aurre egin daitekeenik. Ez langileak aldaketa sozial eta politiko baten aukera gisa errotzen joango den klase ikuspegi batez egindako askatasun demokratiko eta autonomikoen defentsa, ezta ezker abertzalearen egituraketa eta antolaketa “erresistentzia” soila gaindituko duen estrategiaren inguruan eta ausarki eremu politikora jauzi egingo lukeena ere, ez dirudite Euskadiko Ezkerra menderatzen duen gehiengo mekanikoaren inertzia abandonistak aurrera eraman nahi duten egitekoak. Autonomia Estatutuaren defentsa PNVren eskuetan geratu izanaren larrigarriarekin, hau oligarkiak Estatu espainiarrean ezarri nahi duen egitura politikoa irauliko duen autodeterminazioaren jardute progresibo gisa planteatzeko aukera mugatuz.

Edonola ere, EEk euskal ezkerraren proiektu politiko batean sartu nahi duten euskal herri-masen sektore handien itxaropen gisa izan duen kokapen pribilegiatu hori galdu lezakeen arren, horrek ez luke esan nahi ETAren VIII. B.N.aren planteamenduak zerbait zehatzean materializatuko ez liratekeenik. Amarru oztopatzaileen gainetik, Euskal Iraultzarako Erakunde Armatuaren sarrera estrategia politiko-militar ildo orokorrak praktikan ipiniko dituen ezker abertzaleko aukera baten egituraketaren eremu politikoan, zerbait eztabaidaezina da.

Euskadi, 1982ko ekaina

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

Posted urtarrila 20, 2015 by aurreralangileria in borroka moldeak, euskal herria, inperialismo, marxismo-leninismo

Tagged with

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: