TITISTAK (HOXHA)   Leave a comment


euskal-herria-albania

Jakina denez 1948ko Kominform-aren ebazpenaren ondoren, non Yugoslaviako Alderdi Komunistaren buruzagitzaren jarrera eta kokapen antikomunistak salatzen ziren, Tito-ren eta honen aginte-talde militarraren mozorroa erori zen, inperialismo anglo-yankiaren morroi gisa azaleratuz.

Baina ez da hain ezaguna bere jaiotzatik Albaniako Alderdi Komunistak titoismoaren aurka aurrera eramandako borroka. Titistak lanean Enver Hoxhak borroka honen bihurgune historikoak kontatuko dizkigu, ohikoa duen zorroztasunaz.

Lanaren luzerak eta jorratzen dituen gai anitzen ondorioz, Aurrera Langilerian honen laburpena aurkeztuko dugu, nazio-arazo korapilatsuari garrantzia emanez, baina baita beste auzi batzuk aipatuz:

 

Hasteko, albaniar herriaren independentziaren aldeko borroka historikoa kontatzen da 1941 urtera arte, Otomandar Inperioaren, Serbia eta Montenegroko monarkien aurka, milaka heriotza eta erbesteratu pairatuz, baina beren herrialdea defendatzeari utzi gabe. Albaniaren independentzia lortu behar zen unean (1912) zatikatua izan zen eta indarraz inperialismoaren kume zen yugoslaviar monarkiari gehitu zitzaion Kosova eta beste lur batzuk. Erreakzio serbiar-handiak albaniarren aurkako desnazionalizaio politika (“ezabatze fisikoaren bidez”, “nekazari-erreforma kolonizatzailearen bidez”, “kanporatzea bidez”) aurrera eramateaz gain, albaniar kontrairaultza babestu zuen Zogu-ren monarkiari ezartzen lagunduz. Beren jabetze-nahiak soilik italiar faxismoaren okupazioak gelditu zituen. Italiar Estatu faxistaren okupaziopean, 1941 urtean, sortu zen Albaniako Alderdi Komunista, eta marxisten gisa Yugoslaviako Alderdi Komunistarekin harreman internazionalistak ezartzera ekin zioten nazi-faxismoaren aurkako borrokaren baitan.

Nahiz eta hasieran harreman hauek itxaropentsuak izan albaniarrek askatutako Miladin Popovic komunista yugoslaviarrari esker, Tito-ren ordezkariak iristen hasi orduko gauzak aldatzen joan ziren. Tempo-k adibidez, asmatutako akatsen artean, Balli Kombetar-en (nazionalista atzerakoien erakundea) sorrera ezustean harrapatu ziela atxikitzen zien, eta gero honenganako jarreran oportunismoan erori zirela (aurreko batean sektarismoa egotzi zien ondoren). Hoxha-k argi utzi zion Alderdiaren sorreratik herriaren masak bereganatzeaz arduratzeaz gain, ale abertzale eta zalantzatiak erakartzen saiatzen zirela, baina bazekitela erreakzioak berdina egiten zuela eta holako zerbait aterako zela. Honekiko jarrera, 1942ko Peza-ko konferentzian sortu zen Nazio-Askapen Frontea, eta honetara gonbidatu zitzaien, baina jakinik ez zutela egiatan italiarren aurka borrokatuko eta buruzagiak inoiz ez zirela komunistekin egongo. Hala ere, Balli-ak nahasitako klase ertainetako biztanleria irabazteko era egokia zen, haien mozorroa kenduz. Honek ez zuen inolaz ere esan nahi Alderdi Komunista haiekin batuko zenik, ezta Frontearekin ere: Alderdia zen Frontea gidatzen zuen bakarra, eta armen bidez defendatzeko prest zeuden.

1939an faxismoak Kosova-ko lurrak gainontzeko Albaniarekin “batu” zituen, Estatu italiarraren parteko “autonomia” gisa. Komunista albaniarrek lehen unetik arbuiatu zuten hau, nahiz eta erreakzioaren propagandari indar handia eman zion. Baina Kosovan gauza zailagoa zen. Bi aukera zabaltzen ziren: 1) AAKk Albania osoan Nazio-Askapen Fronte Antifaxistaren bidez herria borrokarako altxatzea, abantaila handiak zituena; 2) YAKk gidatzea borroka gerra ondoren Kosova-ko biztanleriak autodeterminazio eskubidean oinarrituz bere etorkizuna erabakiz. Azkeneko hau hautatu zen <<YAKk hala eskatu zuelako>>, eta albaniarrek ontzat eman zuten, hainbat eztabaida eta gero.

Kontua zen 1941an monarkia yugoslaviarra Estatu gisa desagertu zela: Mazedonia Italia eta Bulgaria artean banatu zen; Serbia, Esloveniako zati bat eta beste lur bat Alemania naziak bereganatu zituen; Montenegro, Kosova, Dalmazia eta Esloveniako hegoaldea italiari zegozkion; eta nazismoaren kume zen “Estatu kroatar independenteak” Kroaziaz gain beste lur batzuk zituen. Herri guztien batasuna borrokan bermatzeko YAKren egitura mantentzea erabaki zen jada eraikia zegoelako, nahiz eta yugoslaviar Estatua jada ez existitu. Adibidez Mazedoniako Alderdiaren erakundeak YAKrekin moztu eta Bulgariako Alderdi Komunistarekin lotu zen. Baina Komintern-ak aurreko egoerara bueltatzea agindu zuen, gainontzeko tokietan berdina gerta ez zedin.

Baina YAKk ez zuen bere lana behar bezala egiten Kosovan, txetnik-ek izua zabaltzen zuten bitartean. Tempo-rekin hizketan, Hoxhak gomendatzen zion borroka antifaxista arazo nazionalaren konponbide gisa aurkeztea, praktikan erakutsiz. Tempo-k ordea kosovatarrek soilik “Albania handian” pentsatzen zutela esan zion, errua haiei egotziz. Hoxhak argi utzi zion hori erreakzioak besterik erabiltzen ez zuen zerbait zela eta Albania bakarra zegoela, ez handia eta ez txikia. Azkenean Tempo-k onartu zuen Kosovako indar gerrillariak Estatu Nagusi albaniarraren agindupean egon behar zirela, baina “Estatu Nagusi balkaniarraren” baitan eta Tito-rekin hitz egin behar zuela. Hilabete gutxira hori “ezinezkoa” zela zion gutuna bidali zien Tempo-k, irain (albaniar-handi, txobinista) eta mehatxuz (talka armatua) betea. Miladin Popovic komunista yugoslaviarrak Tito-ri idatzi zion Kosovako auzi honen inguruan, baina erantzunak zur eta lur utzi zuen. Tito-k ahalegin antimarxista eta antialbaniar sorta plazaratu zuen eta erabat suminduta zegoen Kosovako auzia YAKk Istria-ren inguruan zuen jarrerarekin alderatzeagatik: Istria Austriaren parte zen 1918 arte eta 1919an Italiaren parte izatera igaro zen. Biztanleriaren gehiengoa esloveniarra zenez, YAKk gerra bitartean bere batzea Yugoslaviarekin plazaratu zuen. Baina bere esanetan hau “erabat ezberdina” zen han jada “mugimendu iraultzaile garatua” zegoelako, eta Kosovan ez. Ziurrenik alderantziz izan balitz kontrako “argudioa” emango zuen. Hitzez Kosovako borroka-maila baxuaz kexatzen baziren ere, Tito eta enparauek honetaz pozten ziren, “internazionalismoaz” jantzitako errepresio serbiar-handia (ustez “ballisten” eta “kontrairaultzaileen” aurka) errazagoa izango baitzen antolatutako mugimendu iraultzaile antifaxista bat gabe. Honen aurrean AAKk Kosovako herriari zuzendutako borrokarako orria zabaldu zuen, autodeterminazio eskubidea azpimarratzen zuena, askok itxaropenez hartu zutena, ez baitziren YAKz fidatzen. Albaniako Nazio-Askapen Armadak begiztak lotzen zituen Estatu Nagusi militar yugoslaviararekin, eta hauen dibisioak batera borrokatu ziren Kosova eta Mazedoniako lurretan.

1944. urtean, faxismoaren aurkako garaipena gertu eta herri-demokraziako Estatu albaniarra sortu zenean, Tito-ren bidali berri bat iritsi zen: Stoinic. Orduan azpijoko borroka korapilatsua hasi zen AAK YAKren lanabes bihurtzeko. Berriro ere sektarismo-oportunismo kritikak zekarren. Hoxhak esan zion behin Balii-a herriaren begietara italiar eta alemaniar faxismoaren kolaboratzaile gisa agerian ipinita traizioa izango zela beraiekin elkarlanean aritzea. Stoinic-ek Miladin Popovic Yugoslaviara bueltan bidali zuen beren planei traba zelako. Bitartean gerrillari albaniarrak Yugoslavian sartzen ziren komunista yugoslaviarrekin batera pizti nazia botatzeko. AAKren Berat-eko II. Biltzarrean konturatu zen Hoxha nolako kaltea egin zuen Stoinic-ek burkideen artean. Haren “argudioen” “barneratzea” heldutasun falta eta “boteretsuen” bati men egitetzat hartu zuen Hoxhak, egia non zegoen alde batera utziz. “Sektarismo-oportunismo” akusazio guztiak onartu ondoren, Fronte-Alderdi harremana mahaigaineratu zen, yugoslaviarren esanetan bigarrena lehengoan ezkutatu behar baitzen. Honi erantzun zitzaion Alderdia izan zela herria zutik jarri, borrokan garaipenera gidatu eta batasun nazionalaren indar nagusia zena, eta “ezkutatzeaz” urrun, gidari kokapenetan mantendu eta indartu behar zela, bere programa propioa eta herri langilearen jomugak praktikan ipiniz. Honela amaitu zen Biltzarrea eta hurrengo egunean Tirana askatu zen, Albania osoa askatuz. Baina Hoxha gertatutakoaren ondorioz kezkatua zegoen.

Yugoslavia izan zen, 1945an, Albaniako gobernua errekonozitu zue lehena, laguntza handia izan zena anglo-yankiek babestutako monarko-faxista greziarrak Albaniako hegoaldeaz jabetu nahi ziren unean. Une horietan eraikuntza ekonomikoaren auziari ere behar zioten: ekonomia sozialista planifikatu batena, alegia. Beti barne-indarrak hobetsiz, kanpo-harremanek ere garrantzia handia zuten honetan, marxismo-leninismoaren argitara betiere. Hoxha Belgrado-ra joan zen Tito-rekin mintzatzera. Adiskidetasun eta elkarri laguntza ituna proposatzeaz gain (Sobietar Batasunak gainontzeko herri-demokraziekin zituenak bezala), Kosovako auzia plazaratu zion. Tito-k guzti hau “Federazio Balkaniarraren” menpe soilik eman zitekeela esan zion, honen benetako xedea Albania Yugoslaviara gehitzea zela ezkutatuz. Ituna sinatu ondoren Kosovan eman zen errepresio poliziala haien gezurren adierazle zen.

Baina harreman ekonomikoen eremuan ikusi zen garbien berrikuspentasun titistaren ezaugarriak, bere desbideratze “teoriko” argiak sozialismo zientifikoarekiko. Albaniari zuzendutako “laguntza ekonomikoa” hau yugoslaviar ekonomiaren eranskin bihurtzea eta bere eskupe eta zuzendaritzapean ipintzea, azkenean Yugoslaviarekin “batzea” onar zezaten. Orduan Tito-ren azken bidalia iritsi zen Albaniara: Zlatic. Bere egitekoa YAKaren eragile guztiak (AAKren barnekoak baita ere: Xoçe, Kristo…) antolatzea zen prestatzen ari ziren behin betiko kolperako. Honela komunista albaniarren artean “Moskurako bidea Belgradotik pasatzen da” ideia zabaltzen hasi ziren. 1947an albaniar delegazioak Stalin-ekin izan zuen lehen elkarrizketa. Hoxhak ezberdintasun handia ikusi zuen Stalin eta Tito artean: lehena nekazaritza mekanizatzearen alde agertu eta behar zuten laguntza eskaini zien, auzi ezberdinen inguruan aholkuak eman zien eta batez ere, hitz egiteko era ulerkorragoa zuen.

Yugoslaviarren planak aurre zindoazen, eta Zlatic-ek Albaniako eraikuntza ekonomiko-plana “autarkikoa” zela salatu zuen, aurrerago jada YAKren zuzendaritzak oraindik herriari batze ekonomikoaz soilik mintzatu behar zela ziola esanez, “gainontzeko alderdietan independentzia itxura formalak” mantenduz. Alderdia eta aberria une lazgarria igarotzen ari ziren unean Dimitrov-en gonbitea iritsi zen Bulgaria-ko Herri-Errepublikara joateko.

Sofia-ko nasa batean egin zien harrera BAKren zuzendaritzak komunista albaniarrei. Hoxhak Dimitrov lepotik heldu eta ez zuen askatzen, negar-malkoen artean. Pozik zegoen proletalgoaren maisu hau ezagutzeagatik, bere irakaspen eta aholkuei esker faxisten, herriaren eta klasearen etsaien aurka, aberriaren askapenaren, Alderdiaren eta Sozialismoaren alde borrokatzera irakatsi ziona. Bulgarian izandako trataerak bere burkideak gauzak beste argitara ikusiko zuten sentipena zuen Hoxhak, beren jarrera Alderdiarekiko eta yugoslaviarrekiko aldatuko zela.

AAKren Erdiguneko Batzordearen VIII. Biltzarrean, ordea, yugoslaviarren tesi guztiak onartu ziren (hainbat jokaldiren ondorioz Hoxha bakarrik geratu baitzen titisten eragileen aurrean), eta jada soilik Albaniak “bere kabuz” Yugoslaviara batzea gelditzen zen. Hoxhak itxaropena zuen alderdikideek onartuko ez zutela, eta ala ez bazen, herriak ez zuela egingo.

Baina handik gutxira Sobietar Batasuneko Alderdi Komunistaren Erdiguneko Batzordearen lehen kartak zuzendaritza titistari zuzenduak iritsi zitzaizkien. Komunista albaniarrek pozaren pozez jaso zuten han esandakoak, eta Alderdia eta herrialdea garbitzeko indarra eman zien. Ordura arte SBAKren jarrera AAKrekiko “abandonu” arduratsua izan zen, bai lerro orokorrei buruz, bai YAKrekiko harremanei buruz. 1942an AAKk YAKri Komintern-an sartzeko eskaera eramatea eskatu ziola aprobetxatuz, Tito eta bere morroiek bere nahiak ezartzeko zurrumurruak eta jokaldiak erabili zituzten. 1948ko uztailean Bucarest-en egindako bilera batean, Vichinsky-k, Sobietar batasunaren izenean laguntza eskaini zion arlo guztietan Albaniako Herri-Errepublikari.

1948tik aurrera, Tito eta titistak komunismoaren etsai gisa azaleratuak izan ondoren, Hoxhak bazekien Albaniaren eta Eremu Sozialistaren aurkako azpilana ez zela bukatuko. Tristeki ezagunak egin ziren kontzentrazio-eremuan eraikierarekin batera (Goli-Otok…), non milaka komunista eta abertzale yugoslaviar, baita Kosova eta gainontzeko lurraldeetako albaniar asko erailak izan ziren, sabotai- eta ezegonkortze-taldeak eraikitzera ekin zion Tito-ren aginte-talde militarrak inperialismoaren laguntzaz (klase zapaltzaileen hondar eta sozialismoaren etsaiez osatuak), Estatu sozialista albaniarra erasotzeko (eta hauek bazekiten nola hartu: behatzaz katuan). Traizio jruschovistak, nazioarteko mugimendu komunistak izan duen trauma eta kolpe handienetakoak, indar berriak eman zizkion titismoari. Baina honela ere ezin izan zuten Albaniako Lanaren Alderdia (AAKren ondorengoa) makurrarazi.

Kosovako auzia, titistek eskua pixka bat irekitzera behartzera baitzitzaien arren (albanierazko eskolak, harreman kulturalak…), yugoslaviar kapitalismoa astintzen zuten krisien ondorioz, serbiar-handien partez albaniarrek pairatzen zuten zapalkuntza eta egoera ekonomiko larria gehituta (Kosovan gainontzeko Yugoslavian baino bizi-maila abjuagoa eta langabezia altuagoa izanda, eta gainera Albania Sozialistako aberkideen egoera ikusita) 80ko hamarkadaren hasieran manifestaldiak hasi ziren, UDB eta armada yugoslaviarrak odoletan ito zituztenak.

 

“Era honetan, Alderdia buru, bere ildo marxista-leninista iparrorratz gisa, beti jarraituko dugu, lan egiten, zelatatzen, gure batasuna are gehiago beratzen, Alderdia eta herria gizaki bakar gisa aurrera egiten gure Alderdi heroikoaren izena beti ohoratua mantentzeko, Albania sozialistaren ospea gero eta gehiago jasotzeko, gure aberriaren independentzia sakratua bortxaezin mantentzeko. Hau izan da eta da gure Lanaren Alderdiaren mandatu jasoa. Mandatu honi eskaini diogu eta eskainiko diogu gure bizitza osoa, gure indar eta energia guztiak herriaren eta sozialismoaren ongiagatik.”

Los titistas (euskaratua) – Enver Hoxha

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: