MARXISMOA ETA NAZIO-AUZIA   Leave a comment


puno-con-banderas

MARXISMOA ETA NAZIO-AUZIA

Aurrera Langileria erakunde marxista leninista euskaldunetik, marxismoa eta nazio auziaren inguruan gure hausnarketa propioa egiten saiatuko gara datozen lerroetan. Nazioarteko mugimendu komunistan zeresan handia izan duen gaia da hau, Marx eta Engelsetik hasi eta gure egunetararte eztabaidagai izan dena; ezagutzen diren esperientzia sozialista guztietan, era batera edo bestera, aztertu eta landu behar izan dena.

Gai oso zabala denez bi zatitan banatzea pentsatu dugu; lehenengo honetan aspektu teorikoa landuko dugu, marxismo-leninismoaren adierazleen lanak aztertuz. Bigarren batean historiako esperientzia sozialista desberdinen analisia egingo dugu.

Lehenik eta behin Stalin burkidearen hitzak erabiliz nazioa zer den definituko dugu:

“Beraz, nazioa arrazazko edota tribuzko komunitate bat ez ezik, historikoki osatutako gizaki-komunitate baten gisa agertzen zaigu.
Beraz, nazio bat, hala-nolako komunitate behin-behineko bat ez ezik, gizakien komunitate egonkor bat dela kontutan izan behar dugu.
Beraz, hizkuntza-komunitatea nazioaren ezaugarri berezietako bat izateaz jabetzen gara.
Beraz, lurralde-komunitatea nazioaren ezaugarri berezietako bat izateaz jabetzen gara.
Beraz, bizitza ekonomikoaren komunitatea, lotura ekonomikoa, nazioaren ezaugarri berezietako bat izateaz jabetzen gara.
Beraz, psikologia-komunitatea edo izaera nazionala, nazioaren ezaugarri berezietako bat izateaz jabetzen gara.
Nazio bat; hizkuntza-komunitatearen, lurralde-komunitatearen, bizitza ekonomikoaren komunitatearen eta kultura-komunitatean islatzen den psikologia komunitatearen oinarrian sortzen eta historikoki osatzen den giza komunitate egonkor bat da.
Honez gain, nazioak, beste edozein gertaera historikoren antzera aldaketaren legearen menpean dagoenez, bere historia dauka, jaiotza eta bukaera dauzka.
Esan beharra dago, banaka, goian aipatutako ezaugarrietako bat ere ez dela nazio bat definitzeko gai. Eta are gehiago: nahikoa dugu halako ezaugarrietako bat faltan egotea, nazioa zenak nazio izateari utz diezaion.”

Hemendik atera dezakegu pertsona komunitate konkretu bat nazio izateko ez dela nahikoa, ohitura, hizkuntza edo kultura jakin bat izatea, beharrezkoa da beren artean merkantzia sare ehundu bat edukitzea. Iraultza industrialak eta burgesiaren azaleratzeak eman zien beraz nazioei beren kontsolidazioa. Honetan gehiago sakontzeko Jose Antonio Etxabarrietak “Estudio historico de Euskal Herria 1839-1959” lanean 1512 ko Nafarroako Erresumako konkistataz egiten duen hausnarketari helduko diogu. Bere esanetan Aragoiko Fernandok Nafarroako Erreinua konkistatzen duenean, anexio soil bat bilatzen du, bere buruan beste koroa bat jartzea. Eta, nahiz eta, Nafarroako Erresumaren soberaniarentzat eraso bat izan ez zuen bere deuseztatzea ekarri. Botere organoak nafarrak jarraitzen zuten izaten eta herri langilearen bizitzak oso antzekoa izaten jarraitu zuen.

Benetako aldaketa Frantzia eta Espainiako koroek lurraldea bitan banatu zutenean etorri zen, eta kapitalismoaren garapenarekin batera pixkanaka desberdintzen joan ziren:

Iparraldean:

Estatu frantziarrari iraultza burgesaren ondoren eman zioten egituraketaren ondorioz, antzinako foruetatik eta Nafarroako Erreinutik zetorren gainegitura politikoa desegina izan zen, nazio frantziarraren eraketa eta asimilazio prozesuan bete-betean sartuz. Honek azaltzen du Iparraldeko herri langileak duen nazio-kohesio eta –kontzientzia urria. Hala ere, garapen ekonomikoaren erdigunetik baztertua izanda, euskal nortasunaren iraunaraztea lortu du, baina orokorrean kutsu folklorikoa eta ez politikoa emanez. Industrializazio eskasak ideia sozialisten hedatzea eragotzi du, eta izatekotan beti marko frantziarrean kokatuak. Estatu frantsesak ez dio inolako lurralde- ez hizkuntza-eskubiderik onartzen.

Hegoaldean:

Ez zen iraultza burgesik eman espainiar Estatuan, eta honen faltan, burgesiak bere menderatzea Antzinako Erregimeneko aristokraziaren eskutik ezarri zuen. Momentu horretan Euskal burgesiak, bere nazioaren aldeko borroka egin ordez, monarkia feudalarekin aliatu zen Foruak ezabatu eta beren agintea ezartzeko, gaztelar kulturan oinarritutako espainiar nazioaren ezarpen proiektuarekin bat eginez. Hau Guda Karlisten bidez eman zen. Euskal herri langileari Foruen defentsaren inguruko borroka bat bezala aurkeztu zitzaion gatazka, zinez feudalismoaren eta kapitalismoaren arteko gatazka zenean.

Kapitalismoa fase inperialistan sartzen zihoan heinean, hauek espainiar Kapital monopolista eta oligarkia finantzariaren parte izatera igaro ziren. Honela, nazio-zapalkuntzaren aurkako bandera burgesia ez-monopolistak hartu zuen. Euskal burgesiak Foruen hauen defentsa idealista egin zuen beren intereserako baina berez ez zitzaien interesatzen berrezartzea kapitalismoarentzat traba zirelako.

70.hamarkadan proletalgoa da nazio askapen mugimenduaren buruan jartzen dena ETAren baitan.

Definitu dugu nazioa beraz, eta gurearen bilakaera apur bat azaldu, goazen orain zapaldutako herrien inguruan mugimendu komunistak eman dituen erantzunak aztertzera; horretarako marxismoaren lau ezpatak aztertuko ditugu lehenik. Marx, Engels, Lenin eta Stalin

 

Marx eta Engels

Marx eta Engelsek behin baino gehiagotan mintzatu dira nazio auziaren inguruan Lehenengo Internazionalean eginiko debate askotan, beren dialektika Proudhon bezalako pseudosozialista baten pentsamendu abstraktoari gailenduz, zeinak nazio auziaren existentzia ezeztatzen zuen. I. Internazional hori, mendebaldeko herrialde gehienetan ezarpena zuen erakunde supranazionala izan zen.

Marxek eta Engelsek nazio auziaren inguruan eginiko azterketa dialektikoa feudalismotik kapitalismorako transtsizioan egin zuten, XIXmendean hain zuzen. Nahiz eta ia 200 urte pasa diren beren jaiotzatik eta gaur egungo egoera guztiz desberdina den balio handiko irakaspenak atera ditzakegu.

Landu zituzten nazio auziak bi sail handitan sailka daitezke; alde batetik Europako zenbait nazio, Polonia eta Irlanda kasu; eta bestetik, koloniak, Erresuma Batuen menpe zegoen India.

Lehenengoei dagokionez Polonia aztertuko dugu. XIX. Mendean Polonia Errusiar Inperio Zaristaren menpe zegoen, lur-jabe handien menpe; feudalismoan murgildurik. Bertako nekazariak etengabeko espoliazio egoeran bizi ziren, guztiz zapaldurik. Egoera horretan gainera ezinezkoa zen herrixken arteko komunikazioa eta honek sekulako anabasa ekartzen zuen antolakuntza mailan. Gauzak horrela asko eta asko izan ziren atzerriko tropen konkista nahiak.

Marxek eta Engelsek egoera honekiko zuten ikuspegia argia zen, Poloniak aurrera egin zezan (feudalismotik kapitalismo gorakorrera igarotzea, horrela proletalgoa garatu eta sozialismoa gerturatuz), Errusiar Inperiora lotzen zituen kateak hautsi behar zituen, bere autodeterminazio eskubidea muturreraino eramanaz. Honek ez zuen esan nahi, “Polonia berria” sozialista izango zela, ezta hurrik eman ere, baina, aurrera pausu bat kontsideratzen zuten historian. Hala ere, Engels berak esaten du, bertako burgesia nazionalak ez zuela independentziaren alde egin nahi eta bertako proletalgoak hartu behar zuela borroka horren gidaritza, erreakzio feudalaren aurka. Hau da, feudalismoan iraultza demokratiko-burgesa, iraultza sozialista bihurtzea nazio askapen mugimendu baten bidez.

Hau gutxi balitz, Poloniaren independentzia hipotetiko batek, garai hartan Europa eta mundu mailako langileriaren arerio nagusienetako bat zen Errusia Zarista ahulduko zuen.

Koloniak aztertzeko, Erresuma Batuak Indian zuen menderapenaz arituko gara. India mendeetan zehar bertako ehunak eta espeziak exportatzen zituen herrialdea izan zen. Tribu edo herrixketan organizaturiko sistema feudal batean bizi zena. Polonian gertatzen zen bezala, inguruko inperioek, Txinak, Mongoliak, etab, behin eta berriz konskistatzen zituzten lur indiarrak baina antolakuntza era, menperatze forma ez zen aldatzen. Erresuma Batuaren konkistak aldiz gauzak aldatu zituen Marx eta Engelsen iritziz. Nahiz eta indiar herri langilearen esplotazioak bazirauen, iraultza industriala iritsi zen Indiara. Honek aldaketa aurrerakoiak ekarri zituen, mendeetan beste inork ekarri ez zituenak, trenbideak egin zituzten distantziak gerturatuz, ustiapen teknika modernoak sartu, fabrika berriak eraiki,…

Hau guztia indiar nazioaren eraikuntzan funtsezkoa izan zen.

Baina bada guztietan esanguratsua den kasu bat; nazio auzi irlandarra. Hasiera batean Marxek eta Engelsek iraultza herrialde garatuetako langileriaren eskutik joango zela uste zuten, Ingalaterrako langileriaren eskutik hain zuzen. Gauzak horrela, Erresuma Batuko klase zapalduaren batasuna beharrezkoa zela zioten. Irlandarren errebindikazio nazionalak burgesiaren gerizpean kokatzen zituzten, langileria irlandarrak bere nazioaren aldeko apustua egitea korronte burges bat jarraitzea zela eta Erresuma Batuko langileriarekin batera, banatu gabe, 6 puntuetako “herri gutunari” eutsi behar zietela; borroka hor zegoela.

Baina 1867 an egoerak aldaketa bat jasan zuen; Ingalaterran sufragio unibertsala legeztatu zen eta hauteskundeetan Ingalaterrako proletalgoak beren klasea errepresentatzen ez zuten ordezkariak hautatu zituen. Honi gehitu behar zaio garaiko sindikatuen egoera; jada langile aristokrazia baten gidaritzapean zeuden eta honek gehiago zailtzen zuen iraultza. Ingalaterrako langileriaren egoera pribilegiatua zen kolonietako klase zapalduarekin alderatuz eta honek posizio burgesetara gerturatzea ekarri zien.

Honela konturatu ziren Marx eta Engels Irlandaren nazio auziaren garrantziaz. Engelsek berak esan zuen orduan “Ingelesek askatasuna deitzen dioten hori kolonietako zapalkuntzan oinarritzen da”.

Orduan hasi ziren konturatzen benetan, Irlandaz (eta beste kolonietaz) baliatzen zela Ingalaterrako burgesia, hau ustiatuz, metropoli barneko klase antagonismoak leuntzeko. Gauzak horrela, Irlandaren nazio askapena palanka gisa ikusten zuten Ingalaterrako klase borroka agerian jartzeko.

Horra hor beraz Marx eta Engelsek ikuspegi materialista dialektiko batetik nola aztertzen duten nazio auzia, lehen aipatu bezala feudalismotik kapitalismorako fasean.

 

Irlandaren kasuan murgildu garela baliatuz James Connoly, iraultzaile irlandarrari aipamen berezi bat egitea egokia dela iruditu zaigu.

Connolyren aktibismo politikoa hasi zenerako Irlandak industria garatuagoa zuen eta proletalgo irlandarraren masa handituz zioan. 1896an IRSP (Irish Republican Socialist Party) sortu zuen ,1913ean ICA (Irish Citizen Army, Leninen esanetan lehen armada gorria zena eta Irlandako 1916 ko altxamenduaren buruetako bat izan zen. Bere lan teorikoa (eta praktikoa) marxismoa eta nazio auziaren uztartzeko saiakera bat izan zen.

Connolyk Irlandaren askapen nazionala aski ez zela aldarrikatu zuen behin eta berriro, sozialismoarekin bakarrik izango zela benetan aske irlandar langileria. Independentzia lortzeko Irlandako klase pribilegiatuarekin egineko aliantzak ezertarako balio ez zutela eta justizia sozialeko aldarrikapenei ezin zitzaiela uko egin zioen.

Bere idazkietan gainera internazionalismo proletarioaren alde egiten du, beste herrialdeetako langileak bere anai-arrebak direla aldarrikatuz eta bere herrialdeko burgesak etsaiak.

Beraz, laburbilduz esan dezakegu Connoly irlandar sozialista eredugarri bat izan zela eta bere ondare teoriko-praktikoa oso baliogarria zaigula gaur egun.

 

Lenin eta Stalin

Lenin eta Stalin izan ziren nazio auzia Inperialismoaren garaian landu zutenak, batez ere, teorikoki Leninek, eta Stalinek, maila praktikoan.

Lenini dagokionez bere bi lan erabili ditugu; “politika nazionalaren eta internazionalismo proletarioaren arazoak” eta “Marxismoaren karikatura eta “ekonomismo inperialista””. Azpimarratzekoa da, hauek ez direla auzi nazionalaren inguruan Leninek idatziriko lan bakarrak, baina uste dugu bere pentsamenduaren lerro orokorrak aztertzeko balio dutela.

Hasiera hasieratik egon zen nazioen autodeterminazio eskubidea EASD (Errusiako Alderdi Sozialdemokrata) ren programaren barruan txertatuta, nahiz eta, denborak aurrera egin ahala Leninek garrantzia handiagoa eman zion nazio auziari sozialismorako tresna gisa.

Leninek dio, autodeterminazioa eskubide demokratiko bat dela, nazio zapaldu guztiek berau gauzatzeko eskubidea dutela eta nazio zapaldua Estatu berri baten sorrera eramaten duen prozesua dela.

Hori bera izan zen autonomia nazional- kulturala defendatzen zutenekin izandako eztabaiden oinarri (Bundistak, Rosa Luxemburg,..).

Leninek defendatzen zuen mugimendu nazionalen barnean joera burgesak eta proletarioak zeudela eta egin beharreko joera burges horien faltsutzeen aurka joatea zela, nazio horretan proletalgoaren joerak babestuz.

Denborak aurrera egin ahala, bere idazkietan ikus daiteke nazio auziak pisua hartzen duela, nazio zapalduetako sektore sozialdemokratekin eztabaida sutsuak izateraino; poloniarrekin kasu.

Leninen esanetan, hauek beren izaera sozialdemokrata azpimarratu nahian, beren nazio zapalduko izaera arbuiatzen zuten. Nazionalismo poloniarra bertako burgesiaren eskuetan uzten zuten, eta nazionalismo poloniarra defendatzea postura burgesak defendatzea zela argumentatzen zuten. Leninek zera esaten zuen: garai hartako Errusia bezalako estatu multinazional erraldoi batean nazio zapaldu eta zapaltzaileak zeudela eta zapalduen eskubideak alde batera uztea, nazio zapaltzailearen postura burgesak defendatzea zela, hau da nazionalismo errusiar-handia hauspotzea. Hau ulertzeko Norvegia eta Suediako kasuak deskribatzen ditu Leninek. 1905.urtean Norvegiak Estatu independiente bat izatea lortu zuen erreferendum bidez eta interesgarria da bertako eta Suediako beharginek harturiko posturak.

Norvegiarrek baiezkoa eman zuten erreferendumean, nahiz eta gehienbat hau bertako burgesiaren nahia zen eta independentziak ez zuen errepublika sozialista baten eraikuntza ekarriko. Baiezkoa eman zuten eta ondoren Errepublikaren aldeko kanpaina egin zuten. Beste edozein postura atzerakoia eta Suediako burgesiaren aldekoa izango litzateke Leninen iritziz.

Era berean, Suediako langileriaren sektore konszienteenek beren burkide norvegiarrak sostengatu zituzten, beren arteko erlazioak sendotuz eta maila berean ipiniz.

Beraz zein izan zen azkenean geraturiko egoera? Bi nazio-estatu independiente, maila bereko erlazio estua zuten bi behargin alderdirekin.

Hortxe beraz, Leninek era sutsu batean defendatzen zuena.

Uneko egoeraren azterketaren ondorioz nazio arazoari erantzuna emateko modua munduko 3 zonatan sailkatzen du Leninek, mendebaldea, ekialdea eta koloniak.

Mendebaldea: kapitalismoaren garapen handiena ematen da bertan, industria garapen handiarekin eta honek ekartzen ditu, kapitalismoaren fase gorakorrean nazio estatuen sorrera eta berauen finkatzea. Beraz nazio auzia gainditutzat ematen du.

Hala ere, aurreragoko lan batzuetan Leninek dio, inperialismoren joera atzerakoiak ez duela esan nahi masa langileen joera demokratikoak txikitzen direnik, are gehiago hauen arteko talka handitu egiten da eta gerta daitekela nazio askapen mugimendu iraultzaileak sortzea. Gainera dio, autodeterminazio eskubidea ez dela soilik erreferendum bat egitea kapitalismopean, baizik eta herri-matxinada eta gudak ere hau praktikan jartzea zela.

Ekialdea: estatu multinazionalak eratzen dira, likidatu gabeko feudalismoaren baldintzetan nazio guztiek ezin izan dute barne merkatuaren garapen osoa lortu. Honek esan nahi du estatu multinazional hauetako nazio zapalduetan askapen mugimenduak sortuko direla bertan garapenak aurrera egiten duen heinean. Proletalgoaren eginbeharra egoera hauetan ondokoa da: autodeterminazio eskubidea betearaztea eta iraultza sozialista bideratzea. Eta azpimarratzen du oso garrantzitsua dela nazio zapaltzaile eta zapalduetako langileen arteko elkarlana bermatzea.

Koloniak: nahiz eta askapen nazionaleko borroka “atzeratuago” joan, Leninek dio, ezin dela askapen nazionalagatik bakarrik borrokatu; beharrezkoa da hemen ere ahalik eta programa iraultzaileena aurrera eramatea. Posible izango balitz, iraultza sozialistara iritsi arte, inperialismoaren aurka burgesia nazionalarekin uneko aliantza bilatuz baina aldi berean honen joera borrokatuz kapitalismoa ezartzeko eta beharrezkoa momentuan baztertzeko.

Beste puntu interesgarri bat nazio zapalduetan sortzen diren nazio zapaltzaileren aurkako mugimenduak dira. Honen adibide da frantziar errepublikaren barruan asimilatua aurkitzen zen nazio belgikarraren kasua. Leninek esaten du Frantzia osoan erregimenaren aurka egiten zuten 2 aldizkari existitzen zirela. Belgikan aldiz, gutxienez 6 aldizkarik egiten zioten aurre erregimenari.

Azken puntu bezala komenigarria iruditu zaigu aipamen bat egitea alderdi antolakuntzaren inguruan. Printzipioz Leninek Estatu bereko langileen alderdi bakarra egon behar dela defendatzen zuen, kolonietako langileak ere bertan hartuko zituena; alderdiak autodeterminazioaren alde egingo zuen eta bakoitzaren nazio era berdin batean tratatuko zuen, baina alderdi bakarrean bilduta egongo zen langileria osoa. Hala ere, badirudi nazio mailako antolakuntzaren atea irekita geratzen dela.

Azken ideia hau frogatzeko Irlandaren kasuari buruz esaten duena laburbilduko dugu: alde batetik, mendebalde garatuan gertatzen den altxamendua da, ez da ez ekialdean ez kolonietan ematen. Bestetik, antolakuntza nazionaleko alderdi batek gidatutakoa da altxamendua zeinetan burgesiak txikiak eta proletalgoak parte hartzen duten. Nahiz eta hau horrela izan, Leninen babes osoa izan zuen.

Stalini dagokionez, bera izan zen “marxismoa eta nazio auzia” lanaren egilea eta goian aipatu dugun bezala nazioa maisuki definitzen du.

Nazioak eta batez ere Nazio-Estatuak kapitalismo gorakorraren fasean finkatzen direla dio Stalinek eta Leninek bezala desberdintzapen bat egiten du Europa mendebalde industrializatu eta ekialdea feudalaren artean. Mendebaldean industriaren garapen handiagoak nazio estatuak sortzea ahalbidetu zuela eta ekialdean ordea estatu multinazionalak eratu zirela dio Stalinek, azken hauek soilik likidatu gabeko feudalismoaren baldintzetan, ahulki garatutako kapitalismoaren baldintzetan eman zitezkeen, zeinetan bigarren planora baztertutako nazionalitateak ez zuten oraindik lortu nazio gisa ekonomikoki finkatzea.

Mendebaldeko salbuespena Irlanda izango zen, Ingalaterra barruan kokatua geratu zen eta nazio propio kontsideratzen zen. Hala eta guztiz ere ez zituen kontutan hartu, kapitalismoaren fase gorakorrean nazio gehiago geratu zirela mendebaldean estatu propiorik gabe, Euskal Herria edo Belgika esate baterako.

Stalinek mendebaldeko Europan Estatu nazionalak zeudela esatean, ez da espainiar Estatua aipatzen.1936ko guda antifaxistan Komintern-ak (zeinetan Stalinek pisu handia zuen) espainiar Estatua erdi-feudal kontsideratzen zuen, eta iraultza burgesa bultzatu behar zuela Alderdi Komunistak (PCE, EPK barnean zuela, eta PSUC). Marxek ere espainiar Estatua Turkia eta Persiara parekatzen zituen, mendebaldeko Europara baino.

Nazio askapen mugimenduei dagokionez, Stalinek nazioen arteko independentzia borrokak ematen zirenean, borroka interburgesak zirela esaten zuen, hau da, nazio zapalduko burgesia txiki hiritarrak nazio zapaltzaileko burgesia handiaren aurka (txekiarrak eta germaniarak), edo nazio zapalduko landa-eremuko burgesiak nazio zapaltzaileko lurjabeen aurka (ukraniarrak Polonian), edo nazio zapalduetako burgesia “nazional” osoa nazio zapaltzaileko aristokrazia agintariaren aurkako (Polonia, Lituania eta Ukraina, Errusian) borrokak zirela. Bere ustez, proletalgoak bere bandera propioa zuen eta ez zuen burgesiaren banderaren atzetik joan behar.

Nahiz eta ikuspegi hau izan, Stalinek beharrezkoa ikusten zuen nazioen autodeterminazioaren defentsa, bere ustez nahitaezkoa zen nazio zapaldu bakoitzak bere etorkizuna libreki erabakitzeko eskubidea baitzuen, erabakiko zuena erabakiko zuela. Hala ere, langileen interes orokorrak nazio eskubide hauen gainetik zeuden Stalinentzat eta nazio baten independentziak langileen interesen aurka joango balitz, inolaz ere ez litzateke defendagarria izango.

Puntu honetan sartzen da autonomia kultural-nazionalari kritika. Autonomia nazional-kulturalak defendatzen zuen leku berdin batean nazio desberdinen araberako organizazioak egotea. Honek lantoki berean langileak sindikatu desberdinetan egotea esan nahi zuen, eta horrek eskirolajea sortzea nazio desberdineko langileen artean. Stalinek zioen hainbat sozialdemokratek (Springer eta Bauerrrek edo Bundeko juduek) nazio kontzeptu okerrekin(sakabanatuta eta lurralde finkorik gabeko giza taldeak esaterako) eta handik ondorioztatutako ideiekin eginiko teoria pseudemarxistek, langile mugimendua chauvinismo ozpinduenarekin banatzen zutela. “Autonomia nazionalaren ideiak behargin-alderdi batuaren zatiketarako, nazionalitateetan antolatutako hainbat alderdietan, premisa psikologikoak ezartzen ditu. Alderdien ondoren sindikatuak zatikatzen dira, eta emaitza erabateko isolamendua da. Eta honela, klase-mugimendu batua isolatutako hainbat errekatxo nazionaletan sakabanatzen da”.

Stalinek nazio auzia eta autodeterminazioa ez zituen ikusten sozialismoa lortzeko gako bezala, bere ustez sozialismoa ahalbidetu zezaken fenomeno bat zen, errespetatu, defendatu eta betearazi behar zena, baino ez gizartea sozialismorantz bideratuko zuena. Posizioa hau Leninek mantendu zuena izango litzateke.

Baina inperialismoaren garapenarekin batera, gero eta garrantzia gehiago hasi zen hartzen eta 1924an “Leninismoaren Oinarriak” lanean Stalinek dio lehen nazioen autodeterminazioa era erreformista batean enfokatzen zela, Kapitalaren boterearekin zerikusirik ez zuen gai bat bezala hartuz, eta besterik gabe konpon zitekeela esaten zen, Proletalgoaren Iraultzatik at geratzen zen kontua izango balitz bezala. Eta azpimarratzen du 1924rako jada, ikuspegi hori kontrairaultzailetzat har daitekeela, nazio auzia Iraultza Sozialistarekin auziaren parten izatera pasatzen dela.

Azkenik bere azken hitzaldian, 1952ko urriaren 14ean, argi eta garbi esaten duena erreproduzituko dugu: “orain burgesiak nazioen eskubideak dolarren truke saltzen ditu; independentzia eta nazio subiranotasunaren banderak atzean utzi ditu. Orain, ezbairik gabe, Alderdi Komunista eta demokratikoen ordezkarioi dagokigu bandera hori altxa eta aurrera egitea, gure nazioetako abertzale izatea, gure nazioetako gidaritza eraman nahi badugu. Inork gehiago ezin du egiteko hau bete.”

 

 
Aurrera Langileriaren iritziz munduko herrialde guztietako klase zapalduen alde egingo duen internazionalismoa behar beharrezkoa da eta baita hauek era koordinatu batean antolatuko diruen erakundean; Internazionala. Hala ere uste dugu, eta historiak arrazoia ematen digu honetan, batasun horrek ez duela esan nahi estatu bereko nazio desberdinen alderdi antolakuntza bakarra sortzea. Iraultza errusiarra “kenduta”, beste Iraultza Sozialistak nazio mugimenduaren baitan gertatu direla, Vietnam, Albania, Korea, Yugoslavia, Polonia, Bulgaria, Errumania, Mongolia, Txina,… eta horregatik nazio auzia kondizio subjetibo objetiboa dela zapaldutako nazio askotan indar iraultzaile gisa defendatzen dugu. Indar iraultzaile hori, sozialismorantz bideratzeko erantzukizuna dagokigu komunistoi.

Hala ere hau guztia hurrengo idatzian aztertuko dugu, non, nazio auzia ikuspegi praktiko batetik aztertuko dugun, goian aipaturiko kasuak aztertuz.

“Munduko burgesiek, beren klase- eta nazio-interesen artean aukeratu behar dutenean azken hauek alde batera uzteko joera azaltzen dute. Horregatik komunistek beti borrokatu izan duten interes nazionalen alde, hauek iraultzarekin eta sozialismoarekin lotuz”. Enver Hoxha

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: