“SOZIALISMOAREN HISTORIA LABUR BATI” IRUZKINA   Leave a comment


liburuaren_portada_tx

Duela hilabete batzuk gure hizkuntza nazionalean Sozialismoaren Historiaren inguruko liburu bat argitaratu zen. Egileak kontaketa “neutral” bat plazaratzen saiatu dela esan arren, argiro ikusiko dugu hori hala ez dela. Horretarako Aurrera Langilerian lan honen hainbat puntu garrantzitsu eta gako aztertuko ditugu eta zantzu batzuk eskaini materialismo dialektikoaren ikuspegitik.

SOZIALISMO ZIENTIFIKOA

Historian zeharreko utopien inguruko datu eta pentsamolde asko aipatu eta deskribatzen dira, baina Sozialismo Zientifikoaren jaiotzaren unean, ez du behar bezala azpimarratzen honek aurreko ideiekiko suposatu zuen jauzi kualitatiboa. Hots, beste utopia bat bailitzan uzten duela dirudi, eta ez ideologia burgesa oro gainditzen duen osotasunezko mundu-ikuskera. Honek hartu izan duen beste izen bat, materialismo dialektikoa eta historikoa, argi uzten du honen oinarria: errealitate materiala eta unibertsoko mugimendua arautzen duten lege dialektikoak giza-sozietateen historiari, klase-borrokaren historiari, ezarriak.

“Komunisten tesi teorikoak ez dira inola ere oinarritzen munduaren eraldatzaile bat edo besteren batek asmatu edo aurkitutako ideia edota printzipioetan. Badagoen klase-borroka baten benetako baldintza-multzoaren adierazpena besterik ez dira, gure begien aurrean garatzen ari den mugimendu batenak.”

Manifestu Komunista – Marx eta Engels

“Marx-en doktrina ahalorotakoa da zehatza eta harmonikoa delako, gizakiei munduaren ikuskera osoa emanez, adiskidezina sineskeria, erreakzio eta giza-zapalkuntzaren defentsa ororekin.”

Marxismoa osatzen duten hiru iturri eta hiru zati – Lenin

Honen atzean marxismo-leninismoaren unibertsaltasunaren aurkako kokapenak suma daitezke, ikusiko denez.

PROLETALGOAREN DIKTADURA

Badago era oharkabean pasatzen den auzi bat: egileak dio Marx-ek erabiltzen duen Proletalgoaren Diktadura zehaztapenak erromatar garaiko Estatu-forma bati erreferentzia eginez nolabaiteko behin behineko gobernu bat izendatzen duela, eta komunismora bideratzeko eta berau eraikitzeko aldi historiko oso bat hartuko lukeen klase-diktaduraren zehaztapena nolabait Lenin-en asmakizuna eta Marx-en tesiaren desitxuratzea dela. Hau goitik beherako gezurra da.

“Gizarte kapitalistaren eta gizarte komunistaren artean lehengoa bigarrenean eraldaketa iraultzailearen aldia dago. Aldi honi iragate-aldi politikoa dagokio baita ere, zeinaren Estatua ezin den proletalgoaren diktadura iraultzailea besterik izan.”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Hau, Estatua klaseen arteko aurkakotasun adiskidezinen ondorioz sortutako klase jakin baten diktaduraren materializazioa den egitatetik ondorioztatzen da. Noski, hau ez da bat-batean gertatzen, baizik eta iragate-aldi historiko oso bat hartzen du, zeinetan klase borroka forma anitzetan ematen den, komunismoaren fase gorenera iritsi arte.

“Proletalgoak Estatu-boterea hartzen du eta ekoizpen baliabideak Estatuaren jabetza bihurtzetik hasten da. Baina ekintza honekin, suntsitu egiten du bere burua proletalgo bezala eta suntsitu egiten ditu klase-desberdintasun eta aurkakotasun guztiak eta, honekin batera, Estatua bere gisan. (…) Estatua azkenik gizarte guztiaren benetako ordezkari bihurtzen denean, bere kabuz alferrikakoa izango da. (…) Pertsonen gaineko gobernua gauzen kudeaketagatik eta ekoizpen-prozesuaren gidaritzagatik ordezkatua izango da. Estatua ez da ‘abolitua’ izango: iraungitu egingo da.(…)”

Anti-Dürhing – Engels

Iraultza Sozialistaren lehen xedea Estatu burgesaren makineria suntsitzea da, bere ordez botere berria ezartzeko: proletalgoaren diktadura, Estatu sozialista edo erdi-Estatua, bere burua ezeztatu eta desagerpenera bideratzen baita Sozialismoaren eraikuntzak klaseen arteko desberdintasun eta kontraesanak ezabatzen dituen heinean.

Honekin egileak Marx-ek Estatu sozialistaren aurkako ikuspegia edo zuela aditzera eman nahi du, bere ikuskeraren oinarriaren aurka doana erabat.

“Klase-borroka soilik onartzen duena ez da oraindik marxista, pentsamendu burgesaren eta politika burgesaren markoaren barnean mantendu daiteke oraindik. Marxismoa klase-borrokaren doktrinara mugatzea marxismoa moztea, desitxuratzea esan nahi du, burgesiarentzat zerbait onargarrira murriztea. Soilik da marxista klase-borrokaren aitorpena proletalgoaren diktaduraren aitorpenera hedatzen duenak. Horretan datza desberdintasun sakonena marxista baten eta burges-ttipi (edo handi) arrunt baten artean.”

Estatua eta Iraultza – Lenin

NEKAZARITZAREN AUZIA MARX-ENGAN

Oso ohikoa da landa-eremuak egitura ekonomikoan pisu handia izan eta aztarna asko utzi dituen lurraldeetan honen idealizazioa egitea. Euskal Herrian nazionalismo aranista eta klerikaletik hasi bazen ere, gaur egun badira “auzolana” goraipatzen duten ezkertiarrak ere. Honek Errusian “populismoa” izena jaso zuen, Sozialismora nekazal komunitatetik zuzenean igaro daitekeela ziona, nahiz eta muinean ideia utopiko-atzerakoiak egon.

Egileak joera hau erakusten du bere bizitzaren amaieran Marx-ek aukera hau aztertzen aritu zela dionean. Ikus dezagun zer esaten zuen zehazki honen inguruan:

“Errusiar iraultza Mendebaldean behargin iraultzarentzat seinalea bada eta biak batasun bat sortuz osatzen badira, gerta zitekeen errusiar erregimen komunal hura lurraren forma komunista berri baten ezarpenerako hasierako puntua izatea.”

Manifestu Komunista – Marx eta Engels

Argi dago Marx-ek lehenik Iraultza Sozialista gauzatu beharra dagoela diola eta soilik ondoren, Sozialismoaren Eraikuntza Ekonomikoan, har zitekeela nekazal komunitate hori lurren egituraketaren oinarri berria.

Bestetik, ezin da ahaztu kapitalismoa ekoizpen-modu gisa nagusitzen denean, nekazal munduaren erraietara ere sartzen dela, aurreko forma ekonomikoak azpiratuz. Honela merkataritza-ekonomiak eta diruak ekoizle pribatuetan banatzen ditu, lurrak geroz eta gehiago zatituz jabe ezberdinen artean, nekazal komunitatearen desegitera joz.

“Harreman ekonomiko-sozialen erregimenak nakazalgoan (nekazal komunala) edozein merkataritza-ekonomiari eta edozein kapitalismoari berezkoak zaizkion kontraesan guztien izatea erakusten digu: lehia, burujabetza ekonomikoagatik borroka, lurraren pilatzea (erosia eta alokairuan hartua), ekoizpenaren kontzentrazioa gutxiengo baten eskuetan, gehiengoaren lekualdaketa proletalgora eta haien esplotazioa gutxiengoagatik merkataritza-kapitalaren eta jornalarien kontrata bidez.”

Kapitalismoaren garapena Errusian – Lenin

Hala ere, praxi iraultzaileak erakutsi du ezin dela hori lortu lehen kooperatiba eta arteletik pasa gabe, kapitalismoaren formekin amaitzeko.

Adibidez, nekazaritzaren eta industriaren arteko desberdintasuna hartzen badugu, gure herrialdean ez dela haietan lan-baldintzak desberdinak izateari murrizten, baizik eta, edozeren gain, nagusiki,industrian ekoizpen-baliabideen eta produktuen gaineko herri osoaren jabetza dugula, nekazaritzan herri osoaren jabetza ez dugun bitartean, baizik eta talde jakinen jabetza, koljos-ena. Jada esan dugu baldintza honek merkataritza-zirkulazioaren mantentzera daramala, eta soilik industriaren eta nekazaritzaren arteko desberdintasun hau desagertzean desagertu ahal izango dela merkataritza-zirkulazioa, hortik eratortzen diren ondorio guztiekin. Ondorioz, ezin da ukatu nekazaritzaren eta industriaren arteko desberdintasun funtsezko honen desagerpenak guretzat lehen ordenako garrantzia izan behar duela.”

Sozialismoaren Arazo Ekonomikoak SESBn – Stalin

EKONOMISMOA

Ekonomismoa Engels-en heriotzaren ondoren sozialismo zientifikoaren teorikoen artean sortu zen joera ideologikoa da, gerora egun sozialdemokrazia gisa ezagutzen denari oinarri eman ziona. Teoria honek ez du ekoizpen-indarren eta ekoizpen-harremanen arteko harreman dialektikoa ulertzen, soilik ekoizpen-indarren garapenarekin eta irabazi tasaren gutxitzearen teoriari jarraiki kapitalismoa bera bakarrik “kolapsatuko” litzakeela dio, ondoren Sozialismoa halabeharrez gauzatuz. Ondorioz, langileria soilik soldaten hobekuntzaren inguruko borroka ekonomiko-sindikalistara eta parlamentu burgesean gizartearen aldeko erreformak lortzera mugatu beharko litzake, “kolapsoaren” unea itxoinez. Honela langileriaren borrokari eduki iraultzaile oro kentzen zaio.

“Honek ez du esan nahi, hala ere, ekoizpen-harremanetan emandako aldaketak eta ekoizpen-harreman zaharretatik beste berri batzuetara igarotzea argi eta garbi pasatzen direla, gatazka eta astindurik gabe. Aitzitik, aldaketa hauek orokorrean ekoizpen-harreman zaharren uzkailtze iraultzaile baten forma hartzen dute, beste berri batzuei ezarpenari bide emateko. Aldi jakin batera iritsi arte, ekoizpen-indarren garapena eta ekoizpen-indarren eremuan ematen diren aldaketak era espontaneo batean pasatzen dira, gizakien nahimenetik independenteki. Baina soilik une jakin bat arte, ateratzen eta garatzen diren ekoizpen-indarrek guztiz heltzea lortzen duten unera arte. Behin ekoizpen-indar berriak umatuak daudela, existitzen diren ekoizpen-harreman berriak eta haien ordezkariak, klase menperatzaileak,soilik klase berrien ekite kontzientea bidez, klase hauen ekintza bortitzaren bidez, iraultzaren bidez ezabatu daiteken oztopo “gaindiezin” horretan bihurtzen dira.”

Materialismo dialektikoaren eta materialismo historikoaren inguruan – Stalin

Baina egileak ez du argi uzten hau Marx-en tesien mugatzea eta ondorioen desitxuratzea dela. Honela Kapitala lanean aurkeztutako irabazi tasaren gutxitzearen teoria, zeinaren arabera burgesiak gero eta zailtasun gehiago dituen plusbalio proportzionalki onuragarriak langileei ateratzeko bere garapen propioaren ondorioz, eta krisiak gero eta bortitzagoak eta sakonagoak izatea ekartzen duena (garai inperialistan jada krisi baten barneko krisiak bihurtzen direlarik) eta kapitalismoaren kolapsorako joera zehazten duena, ematen du aditzera dela ekonomismo hau agertu izanaren jatorria. Nahiz eta teoria honen egiazkotasuna dudan ipini, egileak ez du inon honen “faltsutasuna” frogatzen. “Kolapso” honen adieraren maneiua ere ontzat aurkezten du, Sozialismo Zientifikoaren tesiak azaldu gabe:

“Gaur arte izan diren gizarte guztien historia klase-borrokaren historia da.

Gizaki askeak eta esklaboak, patrizioak eta plebeioak, jaunak eta jopuak, maisu eta ofizialak, hitz batean: zapaltzaileak eta zapalduak beti egin zuten aurka, borroka konstante bat mantendu zuten, estalia batzuetan eta erabatekoa eta irekia bestetan; gizarte osoaren eraldaketa iraultzailearekin ala gerran zeuden klaseen hondoratzearekin beti amaitu zuen borroka.”

Manifestu Komunista – Marx eta Engels

Bestetik, erreformismo hau eta behargin-alderdien integrazioa Estatu kapitalistan ez du lotzen inolako klase-oinarrirekin. Hots, langile aristokrazia, inperialismoaren erdiguneko herrialdeetan burgesiaren sekulako gainirabaziei esker hazten den langile burgestuen geruza, ez du kontuan hartzen ezta aipatzen ere lan osoan zehar. Honek garrantzia handia du mundu mailako klase-borroka eta berrikuspentasunaren garapena aztertu eta ulertzeko orduan.

“Bistakoa da halako gainirabazi erraldoi bat (kapitalistek beren herrialde “propioko” beharginei ustiatzen dietenaz gain eskuratzen dutena) behargin buruei eta behargin aristokraziaren goiko geruzak erostea ahalbidetzen duela. Herrialde “aurreratuen” kapitalistek erosten dituzte, eta mila eratara egiten dute, zuzen eta zeharkakoak, irekiak eta ezkutuak.

Behargin burgestuen edota “behargin aristokraziaren” geruza hau, euren bizi eragatik, euren ordainsarien kopuruagatik eta euren pentsamoldeagatik guztiz burges-ttipia dena ,II. Nazioartekoaren sostengu nagusia osatzen du eta gaur egun, burgesiaren euskarri sozial (ez militar) nagusia da. Hauek baitira behargin mugimenduaren barnean burgesiaren benetako eragileak, klase kapitalistaren behargin ordezkariak,  erreformismoaren eta txobinismoaren benetako eramaileak direlako. Proletalgoaren eta burgesiaren arteko guda zibilean ezinbestean, kopuru ez gaitzesgarrian, burgesiaren alde ipintzen dira, “versailles”en alde “komuneroen” aurka.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena – Lenin

FEMINISMOA

Egileak arreta berezia eskaintzen dio emakumearen eskubideen aldeko borrokari lan osoan zehar, baina hau beti feminismoarekin lotzen saiatzen da. Hau manipulazio mailara ere iristen da, Kollontai feminista zela esateraino adibidez.

“Feministek gizonak etsai nagusi gisa ikusten dituzte, beraientzat eskubide eta pribilegio guztiez bidegabeki jabetu direnengatik, emakumeei soilik kateak eta betebeharrak utziz. Haientzat garaipena lortzen da lehen soilik sexu maskulinoak zuen pribilegio bat “sexu ahulari” ematen zaionean. Emakume langileek jarrera ezberdina dute. Beraiek ez dute gizona etsai eta zapaltzaile gisa ikusten, aitzitik, gizonetan beraien kide gisa pentsatzen dute, beraiekin eguneroko errutinaren monotonia partekatzen eta etorkizun hobe baten alde borrokatzen dutenak. Emakumea eta bere kide maskulinoa baldintza sozial berdinez dira esklabo bihurtuak, kapitalismoaren kate gorrotatu berak zapaltzen dute haien nahimena eta bizitzaren plazer eta xarmaz gabetzen dituzte. Egia da egungo sistemaren alor zehatz batzuk pisu bikoitzarekin etzaten direla emakumeen gain, soldatapeko lanaren baldintzek, batzuetan, emakume langileak gizonen lehiakide eta aurkari bihurtzen dituztela egia ere den bezala. Baina egoera kaltegarri hauetan, langile-klaseak badaki zein den erruduna …”

Auzi femeninoaren oinarri sozialen laburpenak – Kollontai

Kollontai-k, Rosa Luxemburg, Klara Zetkin, Krupskaia eta marxista iraultzaile guztiek bezala, ideologia eta mugimendu feministari aurka egin zioten. Hots, antifeministak ziren.

Emakume langilearen borroka ez da inoiz mugatu sistema kapitalistaren barnean erreforma bat edo beste lortzera; honek ez du esan nahi, batzuetan, mugimendu feministaren eskaera jakin batzuk babestu ez dituenik, baina soilik bere benetako helburua lortzeko bitarteko gisa: Iraultza Sozialista. Emakumearen askapena beti egon da behargin klasearen askapenari lotua. Eta, emakumezkoen mugimenduaren hasieran, emakumearen borroka, gainontzeko langileena bezala, esplotazio kapitalista gelditzea planteatzen bazuen, eta zehazki, emakume gisa, bere ama kondizio espezifikoa arriskuan ipin zedin ekiditea, borroka hau beti egon da iraultza sozialistaren aldeko borroka orokorrean kokatua, langileak oso kontziente baitira ezingo dutela berdintasuna eta partaidetza osoa bizitzaren alor guztietan eskuratu klaseetan banandutako gizartea dagoen bitartean, gizakiak gizakiaren gaineko esplotazioa eta eremu guztietan gehiengoarentzat desparekotasuna behar duena.

Ugariak izan dira feministen ahaleginak mugimendu hau izaera aurrerakoi batekin aurkezteko, zinez beren jarrerak argiki atzerakoiak izan direnean; beren postulatuak ez dute inoiz emakumearen emantzipazioa ordezkatu, baizik eta soilik klase zapaltzaileko emakumeen asmoa beren klaseko gizonei botere politikoaren edo negozioen monopolioa kentzeko, langileen esplotazio eta zapalkuntzan aktiboki parte hartzeko asmoa. Mugimendu honek ez du inoiz kapitalismo monopolistaren zutabeen aurka erasorik egin, baizik eta, aitzitik, bere munstro hutsena izan da eta bere interesen gotorleku irmoa.

Kontrara, Sozialismo Zientifikoa da zinez emakumearen auzia zientifikoki aztertuko duena, berdin familiaren eta ezkontzaren alderdian nola lanean. Marx eta Engels-ek gai hau garatuko dute beren hainbat lanetan, agerian ipiniz emakumearen lan industrialak emakume beraientzat eta bere osotasunean behargin klasearentzat dakarren ondorio suntsitzaileak eta esplotazio basatia; hala ere, ez ziren bere adierazpenak salatzera soilik mugatu kapitalismoak emakumearen lanari eranstearen egiten duen erabileraren emaitza eta ez, ordura arte okerki ikusten zen bezala, eranste honen gertaera soilagatik- , nagusiki ere, ekoizpen modernoan emakumeen txertatzeak adierazten zuen helmen iraultzailea azpimarratu zuten; lehenik, proletarioaren borroka kidean bihurtzen duelako gizarte berri baten alde, eta bigarrenik, bizi era eta ikusmolde atzeratuen gainditze eta suntsitzearen alde, eta gizarte egitura berri eta goren baten propioak diren era eta ikusmoldeen eraikitzearen alde.

Egileak bat egiten du mugimendu feministaren baitan bidea ireki den joerarekin, zeina marxismoa eta feminismoa bezalako  hain aurkakoak eta adiskidezinak diren bi ideologiak elkartzen saiatzen den. Korronte honen atzean, gutxi sakonduta ere, betiko jarrera burgesak soilik aurki daitezke; hori bai, orain hainbat zehaztapen pseudo-marxistekin onduak. Sistema kapitalistaren deskonposaketaren eta emakumeak Sozialismoan lorturiko erdiespenen aurrean, ezin dute ezkutatu emakumearen emantzipazioa egungo esplotazio sistemaren suntsiketaz etorri behar dela. Aitorpen honek izaera lotsakorra du alabaina, sexuen borroka eta espezifikoki emakumezkoenak diren aldarrikapenak klase-borrokaren aurrean  lehenesten baititu. Beren burua behartuak ikusi dute, toki guztietan iraultzaren aurreratzearen aurrean, marxista izendatzera, baina beren jarrerak ez dira aldatu; funtsean, ez dira burgesiaren beste saiakera bat besterik emakume langilearen borroka desbideratzeko sistemaren barneko erreformen alorrera. Hizkera ezkertiar batez estalirik, korronte hau benetako antolakunde marxista-leninistek defendatzen duten ikusmoldearekin aurkakotasun irekian jasotzen da; hortik datoz bere erasoak emakumearen mugimendu iraultzailera eranstearen eta sistema sozialistan emakumearen erdiespenen aurka.

1918an Lenin-en aurka gobernu burgesaren aldeko emakume batek Lenin tirokatu zuen, nahiz eta ez erailtzea lortu. Baina egileak ahazten du erasotzailearen feminista izaera, Iraultza Sozialistari begira feminismoak ideologia burges gisa jokatu dezakeen paper atzerakoiaren adierazle dena.

Emakumearen emantzipazioa prozesu iraultzailean bere erabateko integraziorako baldintzetan ipintzea esan nahi du, gizarte berri baten sorkuntzan kontzientzia argiz parte har dezan, non esplotazioaren aztarna guztiak erraztuak izango diren. Baina maiz, integrazio hau mendeetan zehar bere gutxiagotasunaren inguruan zabaldu den ideologiaz balaztatua ikusten da. Beti pairatu izan duen otzantasuna, menpekotasuna, morrontza, bai emakume zein gizonen buruetan sartuta dauden gaitzak dira, eta bere eransterako balazta osatzen dute. Beraiekin amaitzea borroka ideologiko zabal eta luzea behar du, baina bistaz galdu gabe borroka ideologiko hau emakumearen gutxiagotasuna eusten dituen eta iraganeko ideia zaharren euskarri gisa balio duten oinarri materialak erauztearen borrokari lotua egon behar dela. Emakumearen emantzipazioa borrokaldi luze baten beharra du eta komunismoaren eraikuntzara estuki lotua dago. Hemen da non Lenin-en esaldia bere zuzentasun osoa hartzen duen: Proletalgoak ezin du bere askapen osoa eskuratu emakumearen askapena erdietsi gabe.

Komunismoa gizateria osoaren emantzipazioa da; horregatik, komunismoa erdiesteko, beharrezkoa da lehenago, txikia izanik ere, biztanleriaren erdiaren bereizketa edo baztertze iraunarazten duen azkeneko aztarna ere ezabatzea, eta beharrezkoa da baita ere, bi sexuak erabateko berdintasun baldintzetan ipintzea, eraldatuz eta emakume eta gizon berri bat eraikiz.

SOBIETAR BATASUNAREN LEHEN URTEAK

Egileak oso ondo azaltzen ditu boltxebike eta mentxebikeen arteko hika-mika eta desadostasunak, hala nola autokrazia zaristaren aurkako borrokaren bihurguneak. Baina Urriko Iraultzaz mintzatzean, hau literalki “estatu-kolpea” deitzen du, eta ez Estatu burgesaren suntsitzea behargin eta nekazarien Batzarren gainean eraikitako Botere Berriaren, Proletalgoaren Diktaduraren ernamuinaren partez, aurreko makineria deuseztatu eta kualitatiboki ezberdina den Estatu Sozialista osatu zuena.

Trotski-ren joan etorriak boltxebike eta mentxebikeen artean aipatzen ditu, baina bere papera Ejertzito Gorriaren osaketa eta borroketan gehiegi goretsi eta bere akats handiak (ofizial zaristaz betetzetik porrot militarretara) ezkutatu. Honetan aipatu beharra dago Brest-Livostok ituna, Lenin-ek inperialista alemaniarrekin sinatzea agindu ziona bakea lortu eta Botere Politikoa egonkortu ahal izateko, boikotatzen ibili zela eta honen ondorioz, sobietar Errepublikak lurralde asko utzi behar izan zituela inperialisten eskuetan eta baldintza iraingarriak onartu. Egilea hau zuritzen saiatzen da Trotski-k Alemaniako iraultzari denbora emateko egiten zuela esanez, egiatan Trotski-ren ikuspuntu eurozentriko, antileninista eta Sozialismoaren eraikuntzaren aurkakoak herrialde bakarrean zirenean.

Ez du ezta ere inon sobietar Errepublikak bere jaiotzan pairatu zuen eraso inperialista aipatzen, zeinetan burges britainiar eta frantziar atzerakoien finantzapean, Frantziara joan ziren errusiar aberatsen “Topgrom”a barne, 14 Estatu kapitalistek (Frantzia, Japonia, Alemania, Italia, Estatu Batuak, Txekoslovakia, Britainia Handia, Serbia, Txina, Finlandia, Grezia, Polonia, Errumania eta Turkia) eraso militarrari ekin zioten, gerra deklaraziorik gabe, armada zaristaren hondarren salbamenduan, garaitutako klase jabeen laguntzaz Sozialismoa zanpatzeko.

Honek zerikusi handia du inperio zaristatik independentzia aldarrikatu eta burgesiaren, kontrairaultzaileen eta inperialisten eskuetan zeuden nazioak Behargin eta Nekazarien Armada Gorriak askatzeari egileak “okupazioa” deitzen diola. Jakin beharra dago errusiar Errepublika sozialistako Armada soilik nazio edo eremu bakoitzeko komunistek bertan Errepublika sozialista aldarrikatu ondoren laguntzen zituela. Hau herrialde ezberdinen arteko langileriaren interesak lehenestearen ondorio zuzena da, Mundu Sozialista ahalik eta gehien indartzearena, benetako egiteko internazionalista. Gerora Sobietar Errepublika Sozialisten Batasunaren egituratzean eta nazioen garapenean egon izan zitezkeen politika okerrak ez du “okupazioarekin” zerikusirik. Argi dago egilearen ikuspegi hau nazionalismotik gertuago dagoela langileen nazioartekotasunetik baino.

Orokorrean egiten duen kontaketa badirudi burgesiaren eta erreakzioaren iturrietatik hartzen duela nazioarteko langileriarenetatik baino, hala nola Katyn-eko ofizial poloniarren sarraskia (Goebbles-ek bere egunerokoan naziek egin zutela onartu arren), Alderdi Komunistatik burokratizazioa borrokatzeko ale oportunista eta atzerakoien kanpainak eta purgak “ikarazko aldi” gisa deskribatzen du, Stalin burkideak guardia zaharreko boltxebike “guztiak hil” zituela esanez edo sikateen eta nekazari aberatsen elikagaien ezkutuko pilaketaren ondoriozko goseteak Sozialismoari egotziz (Holodomor?). Edonola ere, ez du inoiz Mundu Sozialistaren eta Mundu kapitalistaren arteko borroka azaltzen, setio inperialistaren forma hartzen duena, gertakariak azaltzeko orduan.

Guzti honen inguruan informazio fidagarria lortu ahal izateko “Errusiaren aurkako konspirazio handia” irakurtzea gomendatzen dugu.

STALIN-EKIKO JARRERA

Nahiz eta hasieran egileak jarrera neutro eta objektiboa mantentzen saiatu, lanean aurrera egin ahala bere joera “antiestalisnista” agerian geratuz doa.

Egileak Historiako lehen Ekonomia eta Estatu sozialista aurrera eramateko borroka auzi pertsonaletara murrizten du, Stalin eta Trotski, Kamenev edota Bujarin-en arteko hika-mikak lehenaren botere grinaren ondoriozkoak baliran. Ez du inon ere “sozialismoan burgesia integratzearen” aurkako borroka aipatzen, ezta industrializazioa aurrera eramateko sekulako ahaleginak, ezta landa-eremuaren kolektibizazioa burutzeko gudu handiak ere Alderdi boltxebikearen baitan. Auzi guzti hauetan Stalin burkideak langileriaren interes historiko eta osoen alde egin zuen , momentuan neurri gogorrak behar arren etorkizunari begira Sozialismoaren oinarri sendoa finkatzen lortu zutenak, eta horregatik benetako komunisten eta langile askoren sostengua irabaziz. Gainontzekoek, aldiz, klase-borrokaren bihurgune bakoitzean burgesiaren interes klasista ezberdinak defendatzen zituzten. Hau agerian geratu zen Miskuko Epaiketetan, nahiz eta burgesiak muntai gisa aurkezten dituen (herrialde inperialistetako begiraleek orduan esan ezin izan zutena), inperialismo nazi-faxistaren alde ipintzera iritsiz SESBko Proletalgoaren Diktaduraren aurka.

Jarrera honek guztiz zapuzten du Sozialismoaren azterketa serio oro, Stalin burkidea kualitatiboki gorena izan baitzen garaiko sozialisten artean, hala teorian nola praktikan, praxi iraultzailean islatu zena. Sozialismoaren Eraikuntza Ekonomikoaren lege orokorren eta kapitalismoaren formen aurka, Estatu sozialista indartzearen eta setio inperialistaren aurka, klase zapaltzaileen hondarrak deuseztatzeko eta ale endekatu eta klasisten aurkako borrokan, irakaspen eta jarraibide paregabeak eman zituen. Edozein pertsonaia, gertakari edota fenomeno historikori bezala egin ahal zaion kritika, eta komunistok autokritikaren beharra dugula kontuan hartuz, ikuspuntu honetatik abiatuz izan behar du.

ARTE SOZIALISTA

Egileak abangoardia kulturala eta errealismo sozialista kontrajartzen ditu, Sobietar Batasunean lehenengoaren aurkako zentsura egon zela iradokiz. Hau artearen inguruko ikuspegia eta arte sozialistak duen egitekoa, gainegituraren parte gisa, ez ulertzearen ondoriozkoa da:

“Errepublika Sobietar behargin eta nekazarian, heziketaren antolakuntza oro, hala instrukzio politikoaren arloan orokorrean nola artean bereziki, bere diktaduren helburuen lortze zoriontsuaren proletalgoaren klase-borrokaren izpirituaz bustia egon behar du, hots, burgesiaren uzkailtzeaz, klaseen ezabapenez eta gizakia gizakiaren gaineko esplotazio ororen abolitzeaz.”

Kultura proletarioa – Lenin

Edozein ekoizpen-moduan ekoizpen-indarrek eta dagozkien ekoizpen-harremanek azpiegitura osatzen dute. Honen gain eraikitzen da gainegitura: legeak, instituzio politikoak, kontzientzia sozialaren formak… Gainegitura, bere geruza ezberdinetan, oinarri ekonomikotik eratortzen da, era zuzen edo zeharkakoan, baina autonomia erlatibo bat dauka. Honela gainegiturak gizartearen garapenean eragin dezake hau bultzatuz, oztopatuz edota desbideratuz ere. Hala ere, gainegiturak egin dezakeen eragina, beti izango da mugatua azpiegituraren egoeraz.

Beraz Proletalgoaren Diktadurak ideia zahar, atzerakoi, burges, klasisten aurka borrokatu beharra du ideia eta balore sozialisten hedapena eta errotzea bultzatzen duen bitartean.

Honek iraultza kultural eta tekniko-zientifiko itzela dakar, eta Estatu sozialistak guzti hau bultzatu behar du mundu-ikuskera proletarioaren zabalpenarekin batera, gainegitura azpiegituraren parean jarriz Sozialismoak aurrera egiten jarraitzeko.

Ondorioz benetako abangoardia kulturala honen aldeko kultura eta artea da, eta ez burgesiaren edo klasisten azken moda endekatuak har ditzakeen formak.

Bestetik, ez da egia zentsura hori egon zenik errealismo sozialistaren alde. Egia da errealismo sozialista modan jarri zela boltxebikeen artean, eta ziurrenik lan hauek lehenetsiko zituzten besteen aurrean, baina ez arte sozialistak beste forma batzuk ere hartzen dituela ukatzen zutelako. Hau Sobietar Batasuneko artelan askotan eta beste herrialde sozialistakoetan ere frogatu daiteke.

“Internazionalismoa artean ez dator arte nazionala txikitu eta pobretzetik; baizik eta hau loratzen den tokian ateratzen da. Egia hau ahaztea norabidearen ildoa galtzea, fisionomia propioa galtzea, nazionalitaterik gabeko kosmopolitan bihurtzea esan nahi du.”

Musikari buruz – Zhdanov

TITOISMOA

Egilearen joera “antiestalinistak” berrikuspentasunaren hainbat formetara hurbiltzera eramaten du, titoismoa goraipatzera adibidez. Honetarako gezur historikoaz ere baliatzen da:

Egileak dio Enver Hoxha-k yugoslaviar Errepublikako tropei Albanian base militarra ezartzeko baimena eman ziela, baina bat-batean “Stalin-en paranoiak” Tito salatzera bultzatu zuela eta honen ondoren Eremu Sozialista osoaren jarrera aldatu zela titoismoarekiko. Hau gezur lotsagabea besterik ezin da deitu.

Hoxha hasieratik egon zen base militar honen aurka, gerraren amaieratik hainbat talken ondoren Albania xurgatzeko titoisten ezkutuko estrategiaren parte gisa ikusten baitzuen, eta preseski Moskura joan zen Stalin-ekin honetaz eta beste hainbat auziez mintzatzeko. Stalin-ek Hoxha sostengatu zuen baina zuhurtzia eskatu zion. Stalin-en gutunak azken unean iritsi ziren Albaniara base hau eta titoisten planak ALArekiko bertan behera geldituz.

Stalin-en gutun hauek “Tito taldearen nazionalismoa” salatuz, Alderdi Komunista garrantzitsuenez osatutako Kominform-ak “Yugoslaviako Alderdi Komunistaren inguruko ebazpena” atera ondoren idatzi zituen, titoistek inolako autokritikarik egiten ez zutela eta beren ildo antimarxistan jarraitzen zutela ikusirik.

1948ko ebazpen honetan (irakurtzea gomendatzen duguna) salatzen dena Alderdi Komunista Herri-Frontean desegitea hau herriari ezkutatuz, nekazari aberatsen “integrazioa” sozialismoan eta herrialde sozialisten aurkako nazionalismo burgesa da. Hau gero era irekian erakutsi zuten desbideratze antisozialisten oinarria zen: burgesiaren integrazio baketsua sozialismoan, nekazalgoa iraultzaren klase-gidari gisa ipintzea, nekazari aberatsen aldeko politika, deszentralizazio ekonomikoa, “sozialismo autogestionatua” (kapitalismoaren garapena bermatzeko amarru teorikoa), “ez-lerrokatzea” (inperialismoari aurre egite eza), Alderdi Komunistaren suntsipena “Liga” Komunistaz ordezteko eta atzerriko Kapital finantzariaren kredituak onartzea subiranotasunaren truke.

Tito-ren aginte-talde militarra behin inperialismo anglo-yankiaren morroi gisa azaleratuta, nazioarteko erreakzioaren laguntzaz titoistak Eremu Sozialistaren aurkako satorlanera ekin zioten, inperialismo mendebaldarraren oldarraldiei babes paregabea emanez (Bulgarian, Albanian, Greziako guda zibil antifaxistan, Koreako inbasioan AEB babestuz… eta bereziki 1956en Hungariako kontrairaultzan ikusi zen bezala). Barne-politikan, guzti hau gaitzesten zutenen aurkako jazarpena zabaldu zen, kontzentrazio-eremuetan (Goli Otok bereziki) milaka komunista, abertzale eta langile amaituko zutelarik, emakumeek bereziki pairatu zutena. Aipatzekoa da Jovanovik jeneralaren hilketa, “kominformista” salaketapean.

Baina egileak, dirudienez, hau guztia “sozialismo sortzaile” gisa ikusten du.

JRUSCHOV

Baina egileari maskara guztiz erortzen zaio Jruschov-en estatu-kolpe kontrairaultzailea zuritzen duenean, kapitalismoaren berrezarpenaren hasiera izan zena SESBn.

Honetarako oinarri ekonomikoan eragin behar zuten nahitaez, adibidez, enpresen zuzendariak kontrolatzen zituzten komisario politikoak kenduz eta soldaten %50 baino gehiago hauei emanez; ekoizpen baliabideak saleros zitezkeen merkantzia bihurtuz (nahiz eta kudeatzaileak ez izan juridikoki jabeak); enpresak irabaziaren arabera antolatuz, eta ondorioz, plusbalioak lortzeko lanaren esplotazioa berrezarriz; bankuak sortuz interesen arabera irabaziak lortu eta Kapitalen esportazioari ekin ahal izateko; deszentralizazio ekonomikoaren bidez balioren legearen ekite-eremua handituz; plan ekonomikoak enpresen errentagarritasunaren arabera eta ez gizartearen behar material eta kulturalen arabera eginez; eta abar. eta abar.

Jruschov-ek SBAK(b)ren XX. Kongresuan Stalin-en inguruko “informe sekretua” atera zuen. Honetan burgesiak eta inperialismoak Stalin burkideari buruz esandako gezur eta irain guztiak errepikatzen ziren. “Desestalinizazio” honen helburua Sozialismoaren eraikuntza desbideratzea, galgatzea zen, kapitalismoaren berrezarpenari ekiteko. SESBn jruschovistek “burokraziaren” eta “dogmatismoaren” aurkako kanpainak kapitalismoaren garapena oztopaten zuten planifikazio eta zentralizazio ekonomikoaren aldeen aurka joateko erabili zuten: soldaten erreforma, errentagarritasuna buru eta erregulatzaile ekonomiko gisa hartzeko erabakia, asmoa eta garrantzia, “balioaren legeari”, deszentralizazioari eta merkatu-ekonomiari joko handia ematez.Egileak, aldiz, hau positibotzat du.

Honela goi-karguko burokratek, Alderdiaren barnean aginte-talde manakorra osatu eta Sozialismoaren Eraikuntza galgatu zuten kapitalismoaren berrezarpenari ekinez, azkenean Eremu Sozialistan honekin guztiz amaitu arte.

Aipagarria da egiten duen Jruschov-en goulash-aren teoriaren gorespena, landa-eremuako bizitza hobetu zuelakoan, teoria honek industria arinaren eta nekazaritzaren bitartez mota kapitalistako merkatu nazional baten eraketa defendatzen zuen bitartean. Honetarako kooperatibei ekoizpen-baliabideen jabetza izatea ahalbidetu zien, merkataritza-ekoizpena kapitalismora ez bideratzeko beharrezko premisak ukatuz. Hau “merkatu-sozialismoaren” teoriaren adierazpena besterik ez da, kapitalismoa besterik ez dena.

Jruschov Eremu Sozialista osoan berrikustzaileei boterea eskuratzen lagundu zien, adibidez Poloniako Herri-Demokrazian bere ildo eskuindar eta nazionalistagatik kartzelaratua zegoen Gomulka, komunisten purgatzeak abiatzen zituen aldi berean. Tito eta haren arnegari antikomunisten taldea birgaitu zuen ere (Kominform-aren zuzentarauak beste alderdiei jakinarazi gabe hautsiz). Egileak guzti hau herrialde sozialisten “bide propioen” irekiera deitzen du, baina ahaztu egiten zaio bide propioa kapitalismora zela esatea. Baina jruschovisten botere nahiak berrikuspentasun “nazional” hauekin kontraesanak sortu zituen, 1968an Txekoslovakia okupatzera iritsirik.

1957. urtean SBAK(b)ko EBaren baitako marxista-leninistek (Molotov, Malenkov, Kaganovich…) Jruschov kargugabetzen dute, baina honek berriro ere Zhukov-en laguntzaz “anti-alderdi taldea” deitu eta haiek kanporatzea lortzen du. Egilea honen inguruan mutu da. Aurrerago Jruschov babestu zuten berrikustzaileek honen porrotaz jabetu eta Breznev babestu zuten, ustez “ortodoxia” jarraitzen zuena, baina egiatan ildo jruschovista mantendu zuena.

Hemendik aurrera egileak sozialinperialismo “sobietarraren” aldeko era guztietako berrikuspentasunak eta iraultzaile burges sasi-sozialistak goratzen ditu Amerika, Asia eta Afrika osoan zehar.

Hala ere, Euskal Herriaz mintzatzean ez du inolako aipamenik egiten HASI alderdiaz (ezta EIAz ere), hau pro-“sobietarra” izanik, ezta nola izan zen ezabatua KAS blokearen baitan.

MAOISMOA

Egileak garrantzia txikia eskaintzen dio maoismoari, Nazioarteko Mugimendu Komunistan izan zuen eragina gutxietsiz.Mao-k bere hitzaldietan kontzeptu erlijiosoak sartzeko joera, Igerileku batean Jruschov eta Mao-ren arteko bilera bat eta era zuzenean Aurrera Jauzi Handiaren idealismoa eta porrota aipatu besterik ez du egiten.

Harrigarria da, berrikuspentasun mota honek parekotasun gehiago baititu nekazalgoaren inguruko irudikeria burges-ttipiekin, nazionalismoaz gertuago dago, azpiegitura eta gainegituraren arteko ikuspegi idealistak ditu eta oinarri “gorriago” bat ematen dio “antiestalinismoari”.

Ez dugu honetan egileak baino gehiago sakonduko, horren inguruan beste lan batzuk baititugu.

ALBANIA SOZIALISTA

Egileak ez dio inolako garrantzirik ematen bere Estatu sozialista askapen nazionaleko borroka baten bidez, Italia faxistaren eta Alemania naziaren aurka, eta Alderdi Komunista burujabe baten bidez lortu zuen herrialdeari: Albania sozialista.

Albaniako Lanaren Alderdiak marxismo-leninismoaren defentsa irmoa egin zuen bere izate osoan zehar interes berrikustzaile, burges, klasista eta inperialista guztien aurka.

1960an Moskuko 81 Alderdi Komunista eta Beharginen Biltzarra egin zen. Bertan jruschovistek Eremu Sozialistako gainontzeko herrialdeei ofizialki beren ildoa ezartzeko intentzioa zuten, jada marxista-leninisten purgatzeak abiatu baziren ere. Baina biltzar honetan ahots bat altxatu zen berrikustzaileen maneiuen aurka, Enver Hoxha-rena, Albaniako Lanaren Alderdiaren izenean, marxismo-leninismoaren eta Stalin burkidearen defentsa tinkoa eginez, herrialde txiki bat izateagatik jasandako presio guztiei aurre eginda. Ibarruri PCEko salduak beren nagusi berrikustzaileak babesteko asmoz erantzun zion inperialismoarekin “aldi bereko izate baketsua” eta Sozialismoa erdiesteko parlamentu bidezko “ildo baketsua” aipatuz. Hoxha-ri ez zioten erantzuten utzi. Ondorioz haustura sortu zen, eta Albaniako Errepublika Sozialista marxismo-leninismoaren itsasargi isolatu gisa geratu zen, nahiz eta mundu osoko mugimendu iraultzaileekin harremanak izan. Urte luzeetan zehar, Sozialismoaren eraikuntzan kota altuenak eta arazo praktikoei erantzun gehienak eman zien herrialdea izan zen.

Ideia sozialen aurrerapenaren arloan, aipatzekoa da hezkuntza herrikoitu eta demokratizatzeko; ohitura erlijioso, feudal eta burgesak ezabatzeko; bizitza sozialean emakumearen zokoratzearen aurka borrokatzeko; armada herrikoitzeko; burokratizazioa borrokatzeko; marxismo-leninismoa herriari helarazteko eta abar. Albania sozialistan egindako iraultza kulturalak abangoardia komunistaren, Alderdiaren gidaritzapean, jokamolde anarkiko eta nahastaileez urrun.

Nahiz eta Albania Sozialistan klase-borrokan barnean eta kanpoan tinko jarraitu, Perestroikaren uholde kontrairaultzailearenarekin batera eta Albaniako Lanaren Alderdiaren zuzendaritzaren hainbat aleen (Ramiz Alia buru) eta Armadako goi-kargu batzuen traizioaren aurrean, sor eta lor geratu ziren. Honek ale endekatuen eta inperialisten laguntzaz Proletalgoaren Diktaduraren suntsipena, ehun produktiboa inperialistei saltzea eta hondatzea, komunista jatorren espetxeratzea (Nexhmije Hoxha bera) eta memoria historiko antifaxista eta anti-inperialista erasotzea ekarri zuen. Honetarako NBEk bere armada sartu behar izan zuen Albania okupatzera. Honela erregimen neokolonialeko diktadura burgesa ezarri zen.

INPERIALISMOAREN BILAKAERA

II. Mundu Gerratetik aurrerako sistema kapitalistaren garapena, AEB mendebaldeko lehen potentzia bihurtzetik, deskolonizazio prozesuen hasieratik neokolonialismoaren agerpenera, “neoliberalismoa” oligarkia finantzariaren ideologia nagusi bezala ezartzea… gainegituraren ikuspuntu batetik egiten da, baina ez da hau lotzen azpiegituran ematen ziren aldaketekin.

Hots, ez da kapitalismoaren endekatze-fase inperialistaren ezaugarriekin lotzen: monopolioen gainjartzea ekonomian, Estatuez haraindiko korporazioetan bilakatuz; Kapital bankariaren eta Kapital industrialaren batzea, Kapital finantzari edo monopolista emanez; merkantzien esportazioaren aurretik Kapitalen esportazioa bihurtzea plusbalioak ateratzeko burgesia inperialistaren bitarteko nagusia (honela Nazioarteko Lanaren Banaketaren fenomenoa hedatuz eta sakonduz mundu osoan zehar) eta Lurreko eremu osoa jada potentzien artean banatua egotea, hauek birbanatzeko era bakarra gerra izanez eta hauek areagotuz interes inperialisten menpe.

Honela inperialismoak irabazi tasaren etengabeko gutxitzearen eta jada krisi baten barnean ematen diren krisiei aurre egiteko moldaketak (kredituen hedapena produktuak salduak izan ahal izateko, “kontsumo gizartearen” eredua, Sozialismoari aurre egiteko eta Nazioarteko Lanaren Banaketaren fenomenoaren sakontzearekin batera, langile aristokrazia handituz honela ere, eraikitako “Ongizate Estatuaren” iraungipen eta desmuntatzea, 3. Sektorearen haziera 2.aren kaltean, migrazio fluxuen aldaketak, aldi baterako kontratuen ugaritzea, lan intentsitatearen areagotzea, jaiotza-tasaren jaistea, Kapital espekulatiboaren neurriaren handiagotzea…) ulertzeko beharrezko azterketa-tresnak alboratuz.

Bestetik, ez da sozialinperialismo “sobietarraren” inolako salaketarik egiten (aitzitik), barne politikan kapitalismoaren berrezarpenari ekinda, kanpo-politikan islatzen zena (kanpo-politika barnekoaren luzapena baita). Aurretik esan bezala honek benetako iraultza herrikoi eta sozialistak interes inperialisten menpeko estatu-kolpe eta mugimenduez desberdintzea galarazten du.

Guzti honek zerikusia du Mendebaldean garatutako “eurokomunismoarekin”, egileak sozialismoaren “garapen sortzaile” gisa ipintzen duena, berrikuspentasunaren beste forma bat besterik ez denean. Jruschovisten morroi bihurtutako alderdi komunisten agintariek hauei traizio egin eta burgesia inperialistaren menera ipini ziren. Ideologia sozialdemokratan oinarrituz eta hainbat korronte endekatu burges bere eginez, “eurokomunismoa” sortu zuten, nahiz eta ohikoa den eran, hau “ortodoxia eta dogmatismoaren gainditze” gisa aurkeztu. Honela demokrazia-burgesean Kapital monopolistak bere inguruan bildutako bloke zapaltzailearen baitan sartzea lortu zuten, inperialismoaren zaindari bihurtuz. Iraultza Sozialistaren etsai amorratu hauen artean PCF, PCI eta PCE ditugu, baita EEko likidazionistak ere (gehienak PSOEn bukatu zutenak).

PERESTROIKA

Egileak kapitalismoaren berrezarpena SESBn Gorbachov-ek bultzatutako Perestroika “gaizki atera izanaren” ondoriozkoa izan zela iradokitzen du. Gainera prozesu baketsu gisa deskribatzen du, “hiritarrek” aurrera eramandakoa, inperialisten esku-sartzerik egon izan ez balitz bezala.

XX. mendeko 90ko hamarkadan, SESBko gainegiturak zituen Estatu Sozialistaren arrastoak oztopo bat ziren “merkatu sozialismoaren” ondorioz garatutako geruza burgesarentzat, eta sozialinperialisten agintarietako batzuk guztia suntsitu eta beren blokeko ekonomiak burgesia inperialista yankiari saltzea erabaki zuten, beraiek ekoizpen baliabideen jabetza ziurtatu ostean. Honela hasi zen ekialdeko Eremu Sozialistaren suntsiketa prozesua, guztiz usteldutako agintarien kolaborazioarekin, eta burgesia inperialista mendebaldarra harreman neokolonialistak ezartzera jauzi zen, Europar Batasunaren banderapean.

Aipatzekoa da Ceaușescu-ren kasua, zein honen aurka agertu ondoren, Gorbachov-en agindupeko KGBk antolatutako eta hungariar faxistek aurrera eramandako estatu kolpe batean fusilatua izan zen.

Baita ere 1993an Yeltsin-en estatu-kolpea SESB suntsitu ondoren sortutako Errusiar Federazioan (nahiz eta erreferendum bidez SESBren jarraipena irabazi), egileak eman ez zela diona, manifestari eta aurkarien artean mila baino hildako gehiago utzi zituenak Armada eta Polizia erabiliz, haietako gehienak parlamentua bonbardatu zuenean.

ONDORIOAK

Ondorio gisa egileak ezartzen duenaren aurkakoa esan dezakegu: Sozialismoa ez da aldatu, hau ez baita utopia hutsa ala airetik jaiotzen den ideia multzoa, bazik eta, hasieran esan bezala, ideologia burgesa oro gainditzen duen osotasunezko mundu-ikuskera. Eta kapitalismoaren fase inperialistan jarraitzen dugun heinean, marxismo-leninismoa da honen gorpuzte teorikoa.

Beste gauza bat da “sozialismoaren” izenean ideologia burgesak har ditzakeen formak, preseski, alde batetik, Nazioarteko Langileriak eta bere proiektu askatzaileak burgesiaren aurka jasan dituen porroten ondorioz, eta bestetik, interes klasisten arabera honek jasandako desitxuratze eta manipulazioaren ondorioz, ideologia antisozialistak egun nagusi izatea eragin duena. Nahiz eta egileak ongi salatu ideologia guzti hauen oinarri indibidualista, ez du aurrekoa azpimarratzen (naturaren defentsaz mozorrotutako ekoizpen-baliabideen garapenaren aurkako “deshazkundearen” edo indigenisten ikuspegi utopiko-atzerakoiei zilegitasuna emanez). Honen aurrean Sozialismo Zientifikoaren egiazkotasun eta baliagarritasuna aldarrikatzea besterik ez zaigu geratzen.

Amaitzeko, komunistok kritika eta autokritikaren beharra dugu gertakari, fenomeno eta esperientzia historikoetatik irakaspenak atera eta erronka iraultzaileei beharrezko erantzuna eman ahal izateko. Baina honek ez du esan nahi gorriz margotutako burgesiaren manipulazioei zilegitasunik ematea, aitzitik, soilik materialismo dialektikotik beretik lortu ahal izango da zinez iraultzaileak diren ondorioak ateratzea.

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: