ZER DA EUSKAL HERRIKO KLASE-BORROKAREN MARKO AUTONOMO NAZIONALA?   Leave a comment


EUSKAL HERRIA ESCUDO 1

Asko teorizatu da Euskal Herriak osatzen duen klase-borrokarako, eta hala izanik iraultzarako, marko autonomo nazionalaren inguruan. Baina inon ez da zinez adierazi zertan datzan hau. Beraz Aurrera Langilerian honi helduko diogu, euskal marxista-leninistontzat berebiziko garrantzia duen gaia dela iruditzen baitzaigu.

Euskal Herria, mendebalde inperialistan kokatutako nazio da, bi Estatu burgesen artean banatua (espainiarra eta frantsesa) eta egitura administratibo bat baino gehiagotan. Estatu hauek Europar Batasunaren egitura inperialistako eta NATO erakunde politiko-militarreko kide dira. Bere hizkuntza euskara da, nahiz eta hizkuntza gutxitua izan eta hizkuntza eramaileak gaztelera (Hegoaldean) eta frantsesa (Iparraldean) izan. Zazpi lurralde historiko hartzen ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa eta Nafarroa Garaia (Hegoaldean) eta Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa (Iparraldean). Bere baitan ekoizpen harremanak eta ekoizpen indarrak, Lana eta Kapitala, sortzen eta birsortzen diren eremua da, hots, klase-borroka ematen den eremua da.

EUSKAL NAZIOAREN IZATE MATERIALA

Euskal nazioa kapitalismoa garatzen hasi ziren aldi historikoan hasi zen garatzen, XV. mendearen inguruan. Antzinako garaietatik eta nabar erreinutik eratorritako foruetan oinarritutako legediaren ondorioz muga-zergak Euskal Herritik kanpo zeuden, Hegoaldean Ebro ibaian eta Iparraldean Adur ibaiaren artean. Honek berebiziko garrantzia izan zuen barne-merkatu nazionalaren formazio-prozesuan, batez ere Amerikatik itsasoz zetozen elikagai eta lehengaiei esker, euskal burgesiak gaztelar koroaren eskutik kontinente honen ustiatzean parte hartu baitzuen.

Iparraldean, iraultza burgesaren ondorioz sortutako frantziar Estatuak foruetatik zetorren gainegitura politikoa deuseztatu zituen, nazio frantziarraren eraketa eta asimilazio prozesu zentralistan bete-betean sartuz, desnazionalizazio latza pairatuz . Hala ere hainbat instituzioen propio mantendu zituen, munizipalismo demokratikoko tradizioari eutsiz.  Garapen ekonomikoaren erdigunetik baztertua izanda eta industrializazio urriaren ondorioz nolabaiteko barne-kolonialismoa pairatu du.

Hegoaldean benetako industrializazioa askoz beranduago hasi zen, jada kapitalismoa bere fase inperialistara sartzen hasten zenean. Honetarako foruak deuseztatu beharra zegoen, eta euskal burgesiak, bere nazioaren aldeko borroka egin ordez, espainiar liberalekin aliatu zen gerraren bidez bere agintea ezartzeko. Burgesia honek espainiar merkatuan eta honen hainbat atalen monopolioan ikusten zuen geroa. Ez zenez iraultza burgesik eman espainiar Estatuan, burgesiak bere menderatzea Antzinako Erregimeneko aristokraziaren eskutik ezarri zuen. Honela euskal burgesiaren goiko geruzak espainiar Kapital monopolista eta oligarkia finantzariaren parte izatera igaro ziren, gaztelar kulturan oinarritutako espainiar nazioaren ezarpen proiektuarekin bat eginez.

Hala ere gainegituran adierazten jarraitu zen euskal nazioaren izatea, lurralde historikoen Foru Aldundien eta hauen Kontzertu Ekonomikoen bidez, gobernu zentralari zergak foru-ogasunek bildutako Kupoen bidez ordaintzen zitzaizkiolarik.

Espainiar II. Errepublika garaian burgesia nazionalak soilik mendebaldeko hiru probintzientzat (Araba, Bizkaia eta Gipuzkoa) Autonomia Estatua lortu zuen jada gerra antifaxista hasita zegoenean. Baina faxisten garaipenak hau bertan behera utzi zuen, eta Gipuzkoa eta Bizkaiako Foru Aldundiak deuseztatu zituzten (probintzia “traidore” izendatuz, urte batzuen buruan berreskuratuko zituztelarik), baina ez Araba eta Nafarroakoak.

Trantsizioan sortutako Autonomia Estatutuak (EAE eta NAF), kualitatiboki ezberdinak dira gainontzekoen aurrean konpetentzia mailan (nahiz eta asko ez diren betetzen), Europa osoan parekorik ez dagoelarik, eta Kontzertu Ekonomikoak mantentzen dituzte. Zerbitzu hauen artean aipatzekoa da Osasungintza sistema eta Hezkuntza publikoa. Honekin burgesia ez-monopolista guztiz integratu zen egitura inperialistetan eta bloke zapaltzailean.

Autonomia gainegiturazko elementu garrantzitsua da, ondorioz azpiegituran ere eragiten duena, eta subiranotasun nazionala ez bada ere honen lorpenerako indar-biltze gisa baliatu daiteke. Baina Estatu zentralistak ere asimilazio-tresna gisa erabil dezake, nazio-zapalkuntza bermatzeko.

EAE eta NAF arteko zatiketa hau oligarkia eta militar faxisten jokaldia izan zen, alde batetik, Autonomia Estatutuak etorkizunari begira egin zezakeen euskal nazioaren indartzea zapuzteko, eta bestetik, Euskal Herri Langileak aurrera zeraman prozesu iraultzailea oztopatzeko. Honela frankismoak ezarritako (nahiz eta espainiar Estatuaren egituratze modernotik konstantea izan) euskaldunen aurkako desnazionalizazio politikari jarraipena eman zitzaion, batez ere Nafarroan, eta egun Estatu espainiarrak euskalduntasunaren aurkako politika irekia ezartzen jarraitzen du (ETB bertan emititzearen debeku berria, adibidez).

Iparraldean duela gutxi udalen gehiengo zabal batek, frantziar Estatuaren asmo homogeneitzaileen aurka, erregio autonomo bat bilakatzeko baiezkoak, mahaiaren gainean jarri du euskal nazioa bizirik dirauela, bere izate materialaren adierazpen gisa (ez baitaude honen aldeko inperialisten planik).

Kapitalismoaren garapena Euskal Herrian hamaika ogasun zatituetan banatutako landa-eremuaren gain eman zen, burgesia-ttipi zabal bati oinarri eman diona. Aipatu beharrekoa da ere Instituzio anitzen biderkatzea lurralde mugatu batean, administrazioko langileen kopuru handi bat eratu duela.

Europar Batasunean sartzearekin batera Hegoaldean desindustrializazio prozesua eman zen oligarkia finantzari mendebaldarraren beharren menpeko ekonomiara egokitzeko, kanpoaldekoa baina erdiguneko potentzien ekonomiarako esportaziora bideratua. Iparraldean azpigarapen ekonomikoak nekazariak kooperatibizazio-planak aurrera eramatera bultzatu ditu mendebaldeko kapitalismo monopolistaren interesei aurre egiteko, arrakasta gutxiz, eta ezin izan du emigrazio handia geldiarazi.

Euskal Herria bi Estatuez zapalduta egonik, nazio bera izan arren, marko autonomoa haietako bakoitzean era ezberdinean agertzea dakar.

 

ARLO KULTURALA

Kulturak jakintza, sinesmen eta jokamolde sozialak barnebiltzen ditu, komunikatzeko erak barne. Gainegituraren parte gisa, klase menperatzaileek hau beren interesen arabera moldatu eta ezarri izan dituzte (edo saiatu), beren ordena soziala errotzeko. Baina garai historiko bakoitzean ere, gizarte klasistak ezarritako bizimoduen desberdintasunaren ondorioz, egon izan da kultura herrikoia deitutakoa, herri langilearena, baita aldi iraultzaileetan aurrerapenaren alde egin izan duten adierazpen kulturalak.

Egungo Euskal Herriko gizartearen bizimodua mendebalde inperialistakoaren parekoa da, honen joera kultural guztiek ezarpen zabala dutelarik. Hala ere, garai aurre-klasistetatik aurrera eratorritako ondare kultural aberatsa mantentzea lortu du, nazio-zapalkuntzako egoeran garatutako kultura herrikoiarekin formetan eragina izan duena. Honek ere bizitza sozial eta antolakuntza-forma propioen sorreran eragin du.

Hau bereziki nabaria da artearen eta musikaren arloan, askotan herri-mugimenduarekin lotura estuarekin, euskararen defentsaren aldarrikapena bere eginez.

Euskara Euskal Herriko hizkuntza nazionala da eta bere kultura nazionalaren zutabe garrantzitsuetakoa. Bere jatorria garai aurre-indoeuroparretan kokatzen da, garai aurre-klasistan, egun duena baino eremu zabalago batean, baina iragate historikoan zehar inguruko eta euskal lurraldetan ezarpena izandako hizkuntzen eragina izan du ere, iberiarretatik erromantzeetara.

Historikoki bertako klase zapaltzaileez baztertua eta muzin egina izan da, Eliza Katolikoaren ezarpenetik euskal lurraldeetan behintzat (Albreteko Joana erregina nabarra salbu, protestantismora igarota Biblia euskararazi zuena, baina jada soilik Iparraldean), nahiz eta herriaren hizkuntza izan. Atzerriko Estatu zapaltzaileek, espainiar eta frantsesak bereziki, bestalde, beti nahi izan dute desagerrarazi, gehienbat neurri administratiboen bidez (bortizkeriaren erabilera ukatzen ez zuena).

Kapitalismoaren ezarpenarekin, Hegoaldeko euskal burgesiak gazteleraren alde egin zuen , bere merkatua ezartzeari begira, eta ekoizpen-harremanetan hau inposatuz. Industrializazioaren harira euskara ezagutzen ez zuten langile etorkin andanen iristeak hau errotu zuen, gaztelera hizkuntza-eramailea bihurtuz.

Faxismo frankistak euskara ezabatzeko oligarkiaren nahia era bortitzean eraman zuen aurrera, hau debekatuz eta bere igorpena galaraziz, herriak ahaztu ere zezan bilatuz. Baina ez zuen lortu, burgesiak beharrezko duen egonkortasun soziala kolokan jartzeko moduko honen aldeko mugimendu zinez herrikoia piztuz.

Egungo egoera EAEn diglosikoa delakoa da: elebitasun ofiziala egon arren, hizkuntza politikak eredu elebidun orekatuaren formak hartu arren, gazteleraren etengabeko presentzia euskararen presentzia sinbolikoarekin konbinatzen da. Hezkuntzan, adibidez, D ereduak ez du euskararen ezagutza osoa bermatzen, eta goi-mailako ikasketetan euskaraz eskaintza oso murritza eskainiz, ingelesa gero eta karrera gehiagotan sartzen den bitartean (burgesia inperialistaren xedeak ezarriz), edota masa-komunikabideetan.

NAFen, aldiz, euskararen zapalkuntza agerikoagoa da. Lurraldea hiru eremuetan dago zatitua: baskofonoa, mistoa eta erdalduna. Lehenengoan egoera diglosikoa da besteetan euskararen zabaltzea galarazten den bitartean. Adibidez, duela gutxi Auzitegi batek Iruñean bi ikastolari euskaraz irakasteko debekua dugu.

Iparraldean, garapen ekonomikoaren erdigunetik baztertua izatearen ondorioz bertakoek hizkuntza nazionalari eusteko zailtasunaz gain, zapalkuntza esplizitua da oso: hezkuntza publiko euskalduna galarazi, inongo babes instituzionalik ez eman ezta eskubiderik onartu ere, identitate arrotzarekin lotu, garatu gabeko hizkuntzatzat hartu edota folklore hutsera mugatzen du euskara Estatu frantsesak.

Badira euskararen hainbat euskalki, Euskal Herriko ogasunen zatiketa historikoaren ondorioz garatutakoak, baina XX. mendearen hasieran burgesia nazionalak aldi garaikiderako euskara “batua” sortzeko beharra ikusi zuen, gipuzkera eta lapurteran oinarrituz. Honek berpizte kulturalaren hedatzea lagundu zuen.

Euskaldunek historikoki beren kulturari eusteko nahia agerian utzi dute, beren asimilazioari zapaltzaileenetan aurka eginez, herri gisa bizirauteko eta kultura molde propioak berreraikitzeko. Beste hitzetan, euskal Herriak bere naziotasunaren aldeko borrokak berebiziko garrantzia duela erakutsi du. Borroka honek behargin klasearen zati batez gain klase herrikoien sektoreak ere barneratzen ditu, baita burgesiaren geruza batzuk ere, euskalduntasunaren auziari dimentsio politikoa emanez (“abertzale” izatea gisa ezagutzen dena).

 Azken urteotan euskalduntzearen egitekoa burgesia nazionalistaren esku geratu bada ere, profesionalizaziorako joera handituz eta hizkuntzaren ikaskuntza izaera elitistan gauzatuz euskararen funtzioak gune akademikotik at eramatea galaraziz, bultzada galtzen joan da. Hau ez baita posible Euskal Herri Langileak bultzatzen ez duen heinean, herri-mugimenduarekin batera eta euskal kulturaren indartze hau ikuspegi sozialista batean oinarrituz, kultura burges eta atzerrikoen ezeztapen askatzaile gisa, klase zapaltzaileek ez baitute interesik herrialdearen euskaratze osoan.

 

OKUPAZIO MILITARRA ETA SALBUESPEN-EGOERA

Euskal Herrian historikoki ohitura militarrek pisu handia izan dute bizitza sozialean eta honetan errotutako antolakuntza-formei jarraiki, foruek tokian tokiko indar armatuen existentzia ziurtatzen zuten. Bertakoez osatutako herri-miliziak ziren hauek, jauntxoen ordena sozialaren menpekoak baziren ere.

Iparraldean, foru-instituzioak ezabatu ondoren Estatu frantziarrak bere egitura polizial eta militarrak ezartzeari ekin zion, baina europar mailako gatazka armatuez aparte, ezin da esan okupazio-egoera pairatu duenik. Honek ez du esan nahi errepresio politikorako erabili ez dituenik, Xaho-ren aurka adibidez, edo Estatu espainiarrarekin batera ENAMen aurka batez ere.

Hegoaldean, aldiz, indar militarraren erabilerak funtsezko garrantzia izan du herrialdearen menperatzea mantentzeko.

I. karlistada gisa ezagutzen den gudan (nahiz eta orduko espainiar presidenteak “Probintzia Baskongadetako gerra” deitu) , Euskal herri langileari (nekazaria zena funtsean) Foruen eta burujabetzaren defentsaren inguruko borroka bat bezala aurkeztu zitzaion gatazka, zinez feudalismoaren gainegituraren eta kapitalismoaren aldeko Estatu zentralistaren arteko gatazka zenean. Biztanleriaren babesa izanda karlistek eremu osoaren kontrola zuten (hiriburuak izan ezik), hiruzpalau urtez Estatu independente gisa jardutea eragin zuena (moneta propio eta guzti). Honen aurrean liberalek kreditu britainiarrak eskatu behar izan zituzten arrotzez osatutako Ejertzito batez herrialdean sartzeko. Hau Bergarako besarkadarekin amaitu zen, paperaren gainean foruak mantentzen zituenak baina gatazkaren geroratzea besterik ez zen izan.

II. gerra karlistan antzeko egoera eman zen (Oñatiko Unibertsitatea eratzera iritsirik), baina oraingoan karlistak garaituak izan ziren. Gatazka hauek milaka hildako utzi zuten Euskal Herrian, eta foruak deuseztatuak izan ziren (nahiz eta Kontzertu Ekonomikoak sortu eta Foru Aldundiak mantendu), Estatu espainiarraren eta euskal burgesiaren nahiak ezarriz. Gizon gazteek soldaduska egiteko beharra ere ezarri zen.

Hurrengo inbasioa espainiar Guda Antifaxistan eman zen, frankistak (Nafarroako karlisten eta italiar eta alemaniar faxisten laguntzaz, azken hauek aire-bonbardaketaz batez ere)  II. Errepublikaren aurka oldartu zirenean.  Berriki sortutako euskal Estatutuak sortutako Euzko Gudarosteak honi aurre egin zion, baina PNVko buruen traizioak (Araba eta Nafarroan hasieratik frankisten alde ipinita) eta “aliatuek” armaz hornitzerako ezetzak hau erretiratzera behartu zuen, azken borrokak Asturiasen emanez (batzuk Europan borrokan ere jarraitu zuten nazien aurka). Frankismo faxistaren garaipenak errepresio militar izugarria eragin zuen gudarien eta biztanleriaren gain.

Frankismoan bihurtuko da Guardia Zibila okupazio militar-polizialaren zutabea, kontzentrazio-eremuen zaindari eta gudarien eta zeinu politiko anitzeko militanteen borrero izanez, eta  kuartelen hedatzearekin. Guardia Zibila, zibilen errepresiorako Ejertzito espainiarraren atala da. Hasiera batean landa-eremura bideratzen bazen ere, oligarkiak bere erabilera hedatzen joan zen, herri-mugimendu ororen sarraskitzaile bihurtu arte. Jada 1935eko Komintern-aren VII. Biltzarrean, Dimitrov-ek espainiar Errepublikari aurpegiratzen zion “herriak gorrotatutako” Guardia Zibila desegin ez izana, faxismoaren aurkako borrokaren baitan. Hego Euskal Herrian beren tortura-forma krudelengatik ezagutuak izan dira, gaur arte “hobetzen” joan direnak.

Polizia espainiarra denboran zehar izenaz aldatzen joan bada ere, egiteko garrantzitsua izan du eta izaten jarraitzen du errepresio politikorako, nahiz eta bere eginkizunak gutxitu beste gorpuen aurrean.

Trantsizioan ez zen hau gutxitu, aitzitik, ZEN (Zona Especial Norte) planari jarraiki (GAL talde parapolizialaren eta bestelako mertzenario hiltzaileen erabilera sustatu zuena), areagotu egin zen gorpu berrien agertze eta hedatzearekin.

EAEn Ertzaintza, euskal burgesiaren zerbitzupeko zipaioak, guzti honi gehitu zitzaion. Hauen fideltasuna batzokietatik egindako informeei esker lortu zuten, ezker abertzaleari gertukoak zirenen sartzea galaraziz. ENAMen aurkako errepresioan parte hartu du beste gorpuekin elkarlanean, hilketa kasuetan eta torturan. Badauka “istiluen aurkako” atala ere, “beltzak”, beren harropuzkeria eta basakeriagatik ezagunak, gomazko piloten bidez hamaika zauritu eta hildakoak ere eraginez. NAFen Polizia forala eredu bera jarraituz eratu zen, nahiz eta konpetentzia gutxiago izan Guardia Zibilaren aurrean.

Armada espainiarrak, nahiz eta soldaduska jada nahitaezkoa ez izan (Jarrai-k Hegoaldeko probintzietara mugatutako zerbitzu militarra aldarrikatzearen aurrean, espainiar Gobernuak nahiago izan baitzuen deuseztatzea mugimendu antimilitaristaren kanpainen aurrean) bere kuartelak mantendu ditu, zapalkuntzarako izaera estrategikoa duena, espainiar Konstituzioak ezartzen dizkion egitekoak armen bidez betetzeko.

Guzti honi espainiar eta frantziar Estatuak parte diren NATOren, oligarkia mendebaldarrak eraikitako egitura militar inperialistaren, presentzia gehitu behar zaio, Nafarroako Bardeetan base militarra duenak.

Honela bihurtu dute EH Europako biztanleko polizia eta militar kopuru handiena duen eremua.

 

Monarkia frantziar eta espainiarrak Inkisizioaren bidez errepresio politiko latza eraman zuten aurrera, garai hartan kontraesan politikoen agerpenek forma erlijiosoa hartzen baitzuten, sorginen aurkakoa adibidez. Honela katolizismoa erabat errotzea lortu zuten euskal gizartean. Estatu espainiarrak tradizio honi eutsi dio ordea, eta TOP frankista egun batetik bestera Audiencia Nacional bihurtu ostean, aurreko guztiari jarraipena emanez salbuespen-egoera juridiko-politikoa legeztatzen duen armazoia eraikitzen joan da (“Ley Antiterrorista” eta “Ley de Partidos” bezalakoak).

Honek jazarpen politikoa eguneroko gauza bihurtu du, izaera politikoko ekintzak proportzionaltasun irizpiderik gabe epaituz, zapalkuntza-estrategia baten baitan. Azken hamarkadetan hamaika erakunderen ilegalizazioa ekarri du, milaka torturatu, ehunka espetxeratu eta iheslari eta kontaezin errepresaliatu politiko sortuz, salbuespen-egoera egonkor bihurtuz.

Honetarako funtsezkoa izan da torturan erabilera eta honen inguruko zigorgabetasuna ziurtatzea, epaile, funtzionario, politikari eta kazetarien laguntzaz. Honen helburua ez da soilik “informazioa” eta “auto-erruztatzeak” minaren bidez ateraraztea, baizik eta arma politiko gisa darabilte, militantea bera suntsitzeko eta herriaren baitan militantzia iraultzaileari beldurra zabaltzeko.

Guzti honen estaldura ideologiko-politikoa, Estatu burgesak darabilen kontakizuna gizarte klasistako bake faltsua bidezkotzeko bere aparatuen bidez, “terrorismoaren” aurkako borroka izan da. Honela, oligarkia espainiarraren, euskal burgesiaren eta hauen kolaboratzaileei “biktima” gisa izendatuz eta kapitalismoaren egiturazko bortizkeriaz gain, haien errepresioa zuzenean jasandakoen oroitzea ere jazarriz, zentsura politikoa ezartzeko mekanismo argia asmatu dute “terrorismoa goratzea” jotzen dutenaren atzean, baita “kondenak” exijituz ere.  

 

NAZIO-ASKAPEN MUGIMENDUA

Euskal Herriko burujabetzaren aldeko borrokek oinarrian nazio-zapalkuntzarekin amaitzeko prozesu luzeak izan dituzte, baina berez Nazio-Askapen Mugimendu gisa ez zen egituratu XX. mendeko 60ko hamarkada arte. Orduz geroztik aldaketa asko eman dira ENAMen baitan, bere barne-kontraesanen ondorioz, hala nola Euskal Herriko, espainiar eta frantziar Estatuetako eta nazioarteko egoera politikoaz eraginda. Hauek eragin handia izan dute eta ondorio garrantzitsuak ekarri herri honen egoera politikoaren iraganean. 

60ko hamarkadan hainbat ikaslek E.T.A. erakundea sortu zuten, ideologia burges-ttipikoa eta aldarrikapen kulturalei lortutakoa, nahiz eta aurrerago borroka armatuaren aldeko hautua egin. 1968ko V. Asanbladan, Etxebarrieta anaien marxismo-leninismoak (nahiz eta eragin maoista eta beste batzuena izan) nazio-askapenerako erakunde sozialista iraultza gisa izendatzea lortu zuen, fronteetan banatuta (kulturala, langilea, politikoa eta militarra), kulturalistak (Txillardegi buru) eta espainolistak (gerora EMK maoista bilakatuko zirenak) kanporatuz. Hala ere, oraindik ideologia burges-ttipiaren zantzu asko mantendu ziren (nazionalismo iraultzaile zehaztuko zenaren baitan). Handik aurrera burgesia-ttipiaren eta proletalgoaren arteko borroka emango da haren baitan, antolakuntza-formetan islatuko dena.

1970an VI. Asanblada egin zen errepresio-egoera latz baten erdian, eta borroka armatua eta nazio-askapena baztertzea erabaki zen. Baina hauen aldekoek ETA-V izenarekin jarraitu zuten. Lehenek LKI (troskista) sortu zuten eta besteek ETA izena mantendu zuten. Burgoseko Prozesuaren aurkako protestek eta bertan akusatuek egindako aldarrikapenek, ETAko hainbat militante heriotzara kondenatu zituenak, euskal herri langilearen geruza zabalak erakarri zituen borrokara.

Urte hauetan Iparretarrak (IK) erakunde armatua sortuko da Iparraldean, organikoki banatua haiek beharrezkoa ikusten zutelako, eta ETArekin tirabirak sortuko ziren frantziar Estatuaren jarrera baldintzatu zezaketelakoan, ordura arte nahiko etorkorra izan zena. Hamarkada eta erdi batez egon zen aktibo.

1974an ETA bi erakundetan banatzen da: politiko-militarra eta militarra. Erregimen frankista menperatze-forma faxistatik demokratiko-burgesera aldatzeko maniobrak egiten ari zela sumatuz (batez ere Carrero Blanco presidente faxistaren exekuzioaren ondoren), gehiengoa zen ETA p-m-k fronteetan banandutako erakunde-egitura defendatzen zuen, eskualde bakoitzeko arduradura bera izanik arlo guztietarako. ETA m-k, Argala buru teoriko gisa, erakundea soilik fronte militarra izatea babesten zuen, arlo politikorako eta masa-borrokarako erakundeen banatze bat emanez.

1976an ETA p-m-ren VII Asanblada egin zen. Bertan, aurreko egitura zabalak errepresioaren aurrean segurtasuna mantentzeko ezgai zela ikusita (Loboren infiltrazioa kasu) eta demokrazia-burgeseko egoera hurbiltzen ari zela ikusita, Pertur-ek idatzitako Otzagabia Ponentzia eztabaidatu zen (Pertur jada desagerrarazia zegoelarik). ETA m-k bi gutun aurkeztu zituen beren ekarpena eginez, polimiliak beren kokapenetara hurbiltzen zirela joaz:  hauek Argalak (1978an txakurradak eraila) idatzi zituen eta Txomin Iturberekin batera egon zen Biltzarrean hauek aurkezteko. Gehiengoa Otzagabiaren alde agertu zen (polimili, berezi eta milietako ordezkariak barne). Planteamendu hauetatik jaioko ziren, alde batetik, EIA (Euskal Iraultzarako Alderdia) eta bestetik, HASI (Herriko Alderdi Sozialista Iraultzailea). Honek bi ETAn hurbiltzea ekarri zuen, ETA p-m-k sortutako KAS blokean beste hainbat alderdi eta erakunderekin batera zeudelarik.

Baina hauteskundeen aurreko jarrerak banatzen hasi zituen berriro. EIA, bere burua marxista-leninista deitzen zuen abangoardiako alderdia, Euskadiko Ezkerra hauteskundeetarako antolakundearen barnean aurkeztearen alde zegoen nola edo hala, KASeko beste antolakundeek amnistia eta alderdietako estatutuetan beren ildoa zehazteko askatasuna izan arte (independentista izatea adibidez) ukatzen zuten bitartean. Euskal Estatu Autonomikoaren aurreko jarrerak ere banatzen zituen (p-m-k hau lortu beharrezko aurrerapausotzat zuena, m-k baztertu beharreko iruzurtzat zuen bitartean).

Azkenean bloke p-m-ak (LAB izan ezik) KASetik alde egin zuen eta eurokomunismoak hartuta EIA EEn disolbatu zuen. 1982ko VIII. Biltzar Nagusia ondoren poli-milien militantziaren 3/4 baino gehiagok Orreaga txosteneko tesiak babestu ondoren, buruzagitzako  talde likidazionistak erakundea utzi zuen eta honen izenean armen uztea aldarrikatu (EEko oportunistek haiekin bat egingo zutelarik). Zortzikoek borroka armatua jarraitu zuten babes sozialik gabe, eta hainbat deserriratze, erorketa eta uzteen ondoren ETA(m)-n integratu ziren. EEk PSOEn integratua bukatu zuen.

KAS Blokeak, bere aldetik, KAS Alternatibari heldu zion, herriaren armatze eta antolatze-egitekoak baztertu gabe negoziaketa prozesu bat eman ahal izateko bete beharreko 5 puntu jasotzen zituenak, erregimen frankistarekin haustura emateko aldarrikapen demokratiko minimoak zirenak. HASIren lanari esker antolakuntza-forma gorenak lortu ziren, baita masa-borrokari indar handia eman. Aipatzekoa da 1984an GALek Santi Brouard bere lehendakaria erail zutela. HASIk KASen gidaritza lortu nahi zuen, eta honek ETA(m)rekin tirabirak sortu zituen. Jarrai gazte antolakundearen sorkuntza eta lan iraultzailea azpimarratzekoak dira baita ere, baita aurrerago sortutako Egizan emakume iraultzaileen antolakundea (nahiz eta feminismoaren ikuspegitik izan).

80 hamarkadako amaieran ETA(m)ko gidaritzak HASIko zuzendaritza kanporatzea erabaki zuen (ustez Hipercor-eko sarraskiari kritiken ondorioz). Honetarako ASKko kideak erabili zituen, antolakundeen arteko harremanak estutu eta herri-mugimendua suspertzearen ardura zuena KASen baitan, eta non kulturalistak indar handia zuten, eta honela Txomin Ziluagarekin batera zuzendaritza osoa kanporatzeaz gain, beste ehun bat koadrok alde egin zuten. SESBren suntsipenaren ondoren, kulturalistei abantaila handia eman ziena (HASIk sozialinperialismo “sobietarra” babesten baitzuen), HASI “autodisolbarazi” egin zen.

Orduan ETA(m)ko zuzendaritzak nazionalismo burges-ttipirako eta militarismorako biraketa ezarriko du KAS Blokearen baitan, 90. hamarkadako erdialdean KAS Alternatiba “Alternatiba Demokratikoaz” ordeztu arte, erreformismo armatuko ildoa zehazten zuena. Fase honetan gaitasun militarra handitu bazen ere hainbat kanpainek euskal gizartean sortutako errefusak eta sozialismoaren aldeko borroka geroratzeak babes soziala galtzen joatea eragin zuen. HBk hauteskundeetan Alternatiba Demokratikoa babestu ondoren ilegalizatua izan zen eta EHk ordeztu zuen.

2001. urtean beste aldaketa garrantzitsu bat eman zen, ordura arte arlo instituzionalerako erabilitako izaera zabala zuen alderdi-koalizioa, alderdi bakar batez izan zen ordezkatua (Batasuna), baita zatiketa bat agertu ere (Aralar), ildo bera baina borroka armatua baztertuz defendatzen zuena, euskal burgesiaren eta espainiar Estatuaren babes handia jaso zuena. Dagoeneko Sozialismo Zientifikoan oinarritutako eta Euskal Herri Langilea subjektu iraultzaile gisa zehazten zuten ideiak ordezkatuak ziren subjektu anitzen eta burgesia-ttipiaren bestelako ideiengatik, nazionalismo erradikala izanik nortasun-ezaugarri nagusia.

Estatu espainiarrak arlo judiziala erabiliz estrategia errepresibo berri bati eman zion hasiera hamaika erakunde legez kanporatuz eta jazarpen politiko latza aurrera eramanez. Honen eta enegarren negoziazioek porrot egin ostean, ENAM oso egoera ahulean geratu zen. Orduan emandako eztabaidan Zutik EH (Otegiren talde likidazionistak babestutakoa) eta Mugarri (ildo militaristaren aldekoa, lehenek ezkutatu zietena oinarriei) aurre egin ziren, baina honetan ez zegoen aukera zinez iraultzailerik.

Hainbat jokaldiren ondoren Zutik EH ezarri zen. Honen ondorioz ENAMen likidazio prozesu osoa eman da inperialismoa mendebaldarraren eragileen eskutik, borroka armatua “desobedientziarengatik” ordezteko aitzakiapean ildo legalista (Ley De Partidos onartuta), sozialdemokrata eta instituzio burgesei zuzendutakoa ezarriz, haietan integratzeko helburuaz. Euskal burgesiari etengabe eskua luzatzeaz gain nazionalismo hutsal batez, zapaltzaileen gainegituratik ateratzen ez den ideologia baketsu eta “alternatiboaz” eraiki dituzte antolakunde berriak, euskal gazteria ikuskizun negargarrietara bultzatuz. Presoen auzia beren traba nagusia bilakatu da “garai zaharrak” behin betiko alboratzeko.

Gerora mugimendu berri bat agertu da Amnistiaren aldarrikapenaren inguruan eta herri honen memoria historikoari eusteko asmoz, ENAMen biziberritzea izan daitekeena etorkizunari begira, baina aurreko estrategiaren jarraipena gisa egituratzen den heinean, eta ez honek emandako onenaren jasotze eta hobetze gisa, ibilbide motza izango duena.

ENAMek, bere testuinguruan, erdigune inperialistako eremuan, beste inolako mugimendu iraultzailek lortu ez duen antolakuntza-, konpromezu- eta sakrifizio-maila erakutsi du, hiri-gerrilla bat denboran zehar herri-babes nabari bat mantenduz Europako mendebaldean.

Gainera, nazio-mailako erakunde eta mugimendu anitz eman ditu, nahiz eta burgesia-ttipiaren hegemoniapean egon, borroka politikoan eragin garrantzitsua dutenak. Bereziki aipatzekoak dira sindikatuak, babes oso handia dutenak langile eta ikasleen partez.

 

EUSKAL HERRI LANGILEA

Herri Langilea zehaztapenak behargin-klaseaz gain masa langile guztien multzoa barnebiltzen ditu. Subjektu iraultzailea, aldiz, potentzialki iraultzaileak diren klaseen multzoa da, egoera politiko eta ekonomikoaren arabera alda daitezkeenak.

Industrialki garatutako nazio zapaldu batean Euskal Herri Langilea subjektu iraultzaile gisa zehaztu zenean, burgesia-ttipia honen baitan sartzen zela esan zen. Faxismopean zuzena izan bazitekeen ere, fase inperialistako demokrazia-burgeseko egoerapean, non hainbat geruza politikoki oligarkia finantzariaren inguruan eraikitako bloke zapaltzailean integratzen diren, klase hau ezin daiteke bere osotasunean sartu, lehenik eta behin bere osaketa aztertzea eskatzen duena.

Hona hemen Euskal Herri Langilea osatzen duten klaseen azalpena:

Lunpenproletalgoa: erretserbako ejertzito industrial kronikoa da, hots, jarduera ekonomikotik erabat kanpo daudenak. Bazterketan mugitzen dira, negozio ilegalak dira haien ogibide nagusia eta askok Estatuaren laguntza sozialei esker bizirauten dute. Bere egoera ekonomiko eta kultural kaxkarra dela eta, dirua eta onurak eskaintzen dien edonoren alde ipini daitezke, erreakzioaren biltegi bihurtuz. Ezin dira, hala ere, herri langiletik kanpo kokatu eta klase burgesen parte gisa hartu. Ekintza iraultzaileetan parte hartzea ere posible dute.

Langabetuak: erretserbako ejertzito industrial aldakorra da, hots, soldata izan gabe noizbait (berriro) izateko aukera dutenak eta Kapitalak langileen soldatak kontrolatzeko erabiltzen duena, hau areagotu ala murrizterakoan. Nahiz eta oso talde heterogeneoa izan eta ekoizpen-harremanetan zuzenean parte ez hartu, funtsezko papera betetzen dute Kapital-Lana harremanean.

Proletalgoa: bere lan-indarraren truke bizirauteko eta lan-indarra bera eraberritzeko adinako soldata jasotzen duena. Klase ugariena da eta Kapital-Lana harremanean kokapen objektiboki iraultzaileena du, hots, esplotazio kapitalistarekin amaitzeko interes handienak, eta ondorioz eraldaketa iraultzaile ororen klase gidaria eta motorra izan behar du. Behargin-klase industriala da bere nukleo funtsezkoena, hala ere, azken urteotan hau gutxitu da eta beste sektore batzuetan sakabanatu, hala nola zerbitzuenak edo teknologia berrien arlokoak, burgesia inperialistak ezarritako nazioarteko lanaren banaketaren ondorioz.

Langile aristokrazia: burgesia inperialistak mundu osoaren esplotaziotik lortutako gainirabaziei esker burgestutako langileen geruza, beren soldatak bizimodu burges-ttipia izatea ahalbidetzen diena. Sektore pribatu edo publikoan (Estatuko kapitalismo monopolista dena) jardun dezake. Gogoratu beharra dago Marx-ek bizimodua kontzientzia zehazteko lehen faktore gisa zuela, eta nahiz eta soldatapekoak izan, bloke zapaltzailearen parte izateko aukera osoa dutela. Era berean, beren bizimoduagatik herritik gertu dauden aleak bai sar daitezke Euskal Herri Langilean, baina ez klase gisa.

Erdi-proletarioak: behar ekonomikoak soldata baten bidez ase behar ez dituztenak, baina kapitalismoaren garapenak proletalgoaren bizi-baldintzetara parekatzen dituen klasea. Hemen sartzen dira lan-indarra esplotatzen ez duten jabe txikiak, baserritarrak, eskulangileak, autonomoak, arrantzaleak … 

Lanbide liberaletakoak: beren diru-sarrerak ez datoz soldata batetik, bazik eta beren enteleguan oinarritutako zerbitzuen trukeko ordainsarietatik. Titulazio akademikoa behar dute. Hemen sartzen dira bulegodun abokatuak, medikuak ,arkitektoak, artistak… Ezin da klase gisa Euskal Herri Langilean sartu. Aldi berean, diru-sarrera urriak dituztenak erdi-proletalgoan kokatu daitezke.

Hiriko burgesia-ttipia: lan-indarra esplotatzen duten jabe txikiak dira, gehienbat hiriguneetan kokatutakoak. Normalean ez dituzte euren produktuak ekoizten, bazik eta multinazionalen produktuen saltzaileak dira gehiago. Erdigune inperialista industrializatuan ernetako klase honek erabat integratzen da bloke zapaltzailean, bere politika osoa marko horretara bideratuz, eta egun ezin da Euskal herri Langilearen parte gisa hartu. Hauetan ere, beren bizimoduagatik herritik gertu dauden aleak bai sar daitezke.

Ikasleriaren, pentsiodunen eta soldatarik jaso gabe etxeko eginbeharrez , etxekoen zaintzaz eta lan-indarraren berriztapenaz arduratzen direnen (patriarkatuaren oinarritutako garapen klasistaren ondorioz gehiengo zabala emakumezkoak izanik, “etxekoandreak”) kasuan, hauek parte diren unitate ekonomiko familiarraren kokapenaren araberakoa izango da beren klase-egoera.

Euskal Herri Langilearen formakuntza prozesua kapitalismoaren ezartzearen ondoriozko proletarizatzearen bidez eman da (egun jarraitzen duena klase guztietatik jausita, krisi ekonomikoko garaietan areagotzen dena), industrializazioak lan-indarraren kopuru handia erakartzen baitzuen. Honen iturriak hainbat jatorri izan ditu, oro har:

1) Barnekoa, herri eta landa-eremutik.

2) Penintsulakoa, Gaztela eta Galiziatik gehienbat, uholde handietan

3) Beste kontinenteetakoa (Hegoamerika, Afrika, Asia, Europa Ekialdetik …) azken urteotan

Jatorrien aniztasun honek euskal nazioaren izatearen ezaugarri esentzialei oso berariazko ezaugarri partikularrak ematen dizkio, nazio-kontzientzia forma eta mailetan ere eragina dutenak.

 

ONDORIOAK

Beraz, Euskal Herriak osatzen duen klase-borrokarako, eta hala izanik iraultzarako, marko autonomo nazionala, nazioartekoa den fenomeno baten, klase-borrokaren, agerpenak nazio honetan hartzen duen berariazko forma da (batez ere borroka politiko eta iraultzailekoak), zinez antolakuntza-formak ezartzeko orduan honetara moldatu beharreko auzia bilakatuz.

“Burkideok! Nazioartekotasun proletarioak “aklimatatu” beharra du, honela esatearren, herrialde bakoitzean eta sustrai sakonak bota bere jaiotze-lurran. Klase borroka proletarioak hartzen dituen molde nazionalak, behargin-mugimendua herrialde bakoitzean, ez dago nazioartekotasun proletarioarekin kontraesanean, baizik eta, alderantziz, preseski molde horiei jarraiki da proletalgoaren nazioarteko interesak arrakastaz defendatu daitezken era baita ere.”

La ofensiva del fascismo y las tareas de la internacional por la unidad de la clase obrera y contra el fascismo (euskaratua) – G. Dimitrov

Euskal Herriaren garapen historikoaren ondorioz, nazio beraren parte izatea eragin duen, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura ekonomikoa ahula da, Estatu zentralista espainiar eta frantziarrek (hau bereziki) garatutako barne-merkatu nazionalek eragin oso nabarmena dutelarik honen azpiegitura ekonomikoan, kapitalismo monopolistak dakarren kontzentrazioak areagotzen duena. Baina ezin da, “ekonomismo inperialistan” erori gabe, bigarren maila batean ipini klase borrokaren forma nazionalak, gainegiturazko faktoreak eta borroka politikoaren molde zehatzak.

Gainera, kapitalismo gorakorreko nazioen osatzean barne-merkatuak maila ekonomikoan nolabaiteko independentzia suposatzen bazuen ere batzuek besteekiko, fase inperialistan, mundu-mailako ekonomien integrazio progresiboaren ondorioz jada ezin da hau honela ulertu, nazio guztietako ekonomiak besteekin erlazionatuak baitaude, menpekotasunezko harremanen bitartez. Fase honen bereizgarri den Kapitalen esportazioak Nazioarteko Lanaren Banaketaren fenomenoa sakondu du, merkatu nazionalen garrantzia txikituz hainbat herrialdeetan banatutako merkatuen aurrean.

Honek eragina izan du gainegiturazko mailan ere. Europar Batasunaren sorkuntza bultzatu zuena, adibidez, bazeuden Estatu “nazionalez” gaindiko Kapital monopolistaren beharra izan zen, baliabide naturalen, ekoizpen baliabideen, teknikarien eta eskulanaren kontrol eta planifikaziorako. Estatu kideen baitako merkantzien eta eskulanaren iragatea baimentzen duen legislazioaren bidez, ekonomiak integratzen joan ziren arau eta lege monopolisten bidez. Honek jauzi handia eman zuen moneta bakarra, euroa, ezartzerakoan, subiranotasun ekonomikoa ECBren eskuetan utziz, IMF gisako Kapital finantzari kosmopolitaren erakundeen zuzendaritzapean. EBren baitan, eta hierarkia inperialistari jarraiki, badaude botere gehiago duten Estatuak eta nolabait kanpoaldea osatzen dutenak, zeinak aurrekoei irabaziak emateko ekonomiak sustatzen diren (nahiz eta herrialde neokolonialetara zuzendutakoa basatiagoa izan).

Egun jauzi kualitatibo bat eman daiteke TTIParen eskutik, AEB eta EBren merkatuen bateratzea legeztatu nahi dituena, merkantzien kalitate eta ekoizpenerako beharrezko eskaerak (osasunaren bermerako eta ingurugiroaren zaintzarakoak) minimo komunera parekatuz (AEBko legedira), baita langileen lan- eta sindikaltze-eskubideak murriztuz.

“Munduko burgesiek, beren klase- eta nazio-interesen artean aukeratu behar dutenean azken hauek alde batera uzteko joera azaltzen dute. Horregatik komunistek beti borrokatu izan duten interes nazionalen alde, hauek iraultzarekin eta sozialismoarekin lotuz”.

Eurocomunismo es anticomunismo (euskaratua) – Enver Hoxha

Kapitalismoaren fase gorakorreko garaian Euskal Herriak Estatu nazional propioa sortu ez bazuen ere, kapitalismoaren endekatze-fase inperialistan ez da honetarako aukera ezinezko bihurtzen, aitzitik, autodeterminazio eskubidea praktikan jartzen duten mugimendu nazional iraultzaileak sor daitezke.

“Borroka nazionala, matxinada nazionala eta banatze nazionala erabat “gauzagarriak” dira eta zinez ikusten dira inperialismoan; are gehiago, areagotzen dira ere, inperialismoak ez baitu kapitalismoaren garapena ez biztanleriaren masan joera demokratikoen haztea gelditzen, baizik eta joera demokratiko horien eta trust-en joera antidemokratikoaren arteko aurkakotasuna larriagotzen du.”

Sobre la caricatura del marxismo y el “economismo imperialista” (euskaratua) – V.I. Lenin

Euskal burgesiak ez du honetarako interesik Estatu burgesek egitura inperialistan eskaintzen dioten kokapenarekin eroso baitago, baina horrek ez du esan nahi langileria mugimendu nazionalaren buruan ipini ezin daitekeenik, honen izaera aldatuz:

“Lehen burgesiak nazioaren burutzat zuen bere burua, nazioaren eskubideak eta independentzia defendatzen zituen, eta “edozeren gainetik” ipintzen zituen. Orain ez dago “printzipio nazionalaren” aztarnarik ere. Orain burgesiak nazioen eskubideak eta independentzia dolarren truke saltzen ditu. Independentzia nazionalaren eta subiranotasun nazionalaren bandera pikutara bidalia izan da. Ez dago dudarik zuoi dagokizuela, Alderdi Komunista eta demokratikoen ordezkarioi, bandera hori altxatzea eta aurrera eramatea, zuen herrialdeko abertzaleak izan nahi baduzue, nazioaren indar gidaria bihurtu nahi baduzue. Ezin du beste inork egin.”

Stalin-en azken hitzaldia, 1952

Euskal Herriko kultura herrikoi eta nazionalean euskarak duen papera ere kontuan hartu behar da honen zapalkuntza ezabatzeko beharrezko tresnak eraikitzerako orduan, iraultzak honen eskubideak, gainontzeko herriekiko berdintasuna eta bere garapena bermatzeko. Honen konponbidea soilik herrialde osoaren berreuskalduntzeak ziurtatuko luke, Proletalgoaren Diktaduran oinarritutako politika baten bidez euskara nazioaren hizkuntza eramailea bihurtuz eta berau erabiltzeko aukera ziurtatuz, nazioarteko langileriaren ikuspuntu anitzak kontuan hartuz jada Euskal Herrian ezarpena duten beste hizkuntzak mantenduz. Honetarako prozesu iraultzaileak bere dinamikan euskararen erabilera eta sustapena txertatu beharko ditu.

Honek herrialdearen birbateratzearen erronka azaleratzen du: bi Estatuetan banatua, arazoaren konponbide betea proletalgoa klase nazionalera jaso eta Euskal Herri osoan Estatu Sozialista burujabearen egiturak eraikiz soilik lor baitaiteke. Gainera, Iparraldeko industrializazio urriak, bere nazio-garapena Hegoaldearekin batasunean soilik lortu ahal izatera behartzen du. Beraz, bi zonaldeak ezin dira dauden Estatuen araberako estrategia ezberdinekin borrokatu, baizik eta estrategia bakar eta unitarioa behar da, taktikak eta etapak koordinatuz, toki bakoitzean behargin klasearen egoera kontuan hartuta.

“Aniztasun bera agertuko da gizateriak egin behar duen bidean egungo inperialismotik biharko iraultza sozialistara. Nazio guztiak iritsiko dira sozialismora, hori saihestezina da, baina ez dute era berean egingo; haietako bakoitzak bere osagai bereziak ekarriko dizkio demokraziaren forma bati edo besteari, proletalgoaren diktaduraren aldaera bati edo besteari, bizitza sozialaren alderdi anitzen eraldaketa sozialisten abiadura bati edo besteari. Ez dago ezer zikoitzagorik zentzu teorikoan edo irrigarriagorik zentzu praktikoan, “materialismo historikoaren izenean”, eremu honetan etorkizuna kolore grisaxka uniforme batez margotua irudikatzea baino. (…) Zeren, egia esan, ez dakigu eta ezin dugu jakin zenbat nazio zapalduk beharko duten praktikan banatzea demokraziaren formen eta sozialismorako iragatearen formen aniztasunari beren oboloa emateko.”

Sobre la caricatura del marxismo y el “economismo imperialista” (euskaratua) – V.I. Lenin

Komunismoaren fase gorenera iristerakoan nazioak desagertuko diren arren (baina ez komunitate kulturalak), honetara iritsi arteko iragate-aldi osoan zehar, Sozialismoan zehar, beren izaera mantenduko dute. Beraz hauen beharren araberako Estatu Sozialistak eraikitzea da era zuzenena, praxi iraultzaileak eta esperientzia historikoak erakutsi duenez, nazioarteko proletalgoaren boterea eta Mundu Sozialistaren sendotasuna areagotzeko eta setio inperialista ahultzeko bidean (komunismoan ere desagertuko direnak munduko herrien batasunari bide emanez).

Kulturak ere kontzientzia politiko iraultzailearen formetan du eragina. Euskal Herria gisako zapalkuntza egoeran dagoen industrialki garatutako nazio kultu batean herri langileak kontzientzia nazionala bereganatzeak garrantzia handia dauka inperialismoa borrokatzeari begira, Europako erdigunean izanik ere. Hots, abertzalea izatearen esanahia bereganatzeak.

“(…) Kolonien eta herri europarren arteko ezberdintasun ekonomikoa zen –azken hauen gehiengoa, behintzat- lehen koloniak merkantzien trukatzera , baina ez oraindik ekoizpen kapitalistara bultzatuak zirela. Inperialismoak egoera hau aldatu du. Inperialismoa, beste gauzen artean, kapitalaren esportazioa da. Ekoizpen kapitalista azkartasun handiz kolonietara lekualdatzen da. Ezinezkoa da hauek europar kapital finantzariarekiko menpekotasunaz ateratzea. Ikuspuntu militarretik, hedapenaren ikuspuntutik bezala, kolonien banatzea gauzagarria da, arau orokor gisa, soilik sozialismoarekin; kapitalismoarekin, banaketa hori salbuespen gisa edo bai kolonietan eta bai metropolietan iraultza eta matxinada multzo baten bidez da gauzagarria. (…) Baina Europako egoeran, era guztietako mugimendu iraultzaileek –nazionalak hartuta- posibleagoak, gauzagarriagoak, irmoagoak, kontzienteagoak eta zapaltzeko zailagoak dira kolonietan baino.(…)”

Balance de la discusión sobre la autodeterminación (euskaratua) – V.I. Lenin

Mugimendu iraultzaileak kapitalismoaren eta gizarte klasistaren gainditzerako beharrezkoa den Sozialismo Zientifikoaren ezagutzak zabaldu eta ulertaraztearen ardura du herriaren baitan. Honek ideologia burgesaren adierazpena den nazionalismo mota oro borrokatzera behartzen du (euskalduna barne), bereziki oligarkia finantzariaren gainegituraren aldekoa dena (espainolista eta frantximant), langileriaren internazionalismoaren eta aurrerapen sozialaren alde egiten duen benetako abertzaletasuna defendatuz. Beraz Euskal Herrian kontzientzia sozialistaz gain kontzientzia nazionala hedatu eta indartu behar da, Estatu burgesen gainegiturak sortutako ideologia azpiratzailearen alienazioaren aurka, kontzientzia politikoa, boterearen eskurapenera bideratutakoa, sistema kapitalistaren mugetatik ateratzeko gai ez den kontzientzia ekonomikotik ordeztuz. Euskal Herriko Alderdi komunistaren egitekoa izango da kontzientzia-forma goren honen zabalpenaz arduratzea.

Antolakuntza-formen inguruan, batzarrean oinarritutako klase herrikoien masa-antolakundeen sustapena beharrezkoa da, Kapitalaren diktaduraren aurkako herri-boterea indartzeari begira, masa-borrokaren bidez botere berriari oinarria emango diotenak, instituzio burgesen eta hauteskunde-mekanika partizipazio-formen gainetik lehentasuna emanez eta herriaren eskubidea onartuko dutenak bere lorpenen aurkako eraso bortitzetatik defendatzeko. Baina estrategia iraultzaile baten baitan kokatu beharko dira antolakunde hauek ideologia burgesean ez erortzeko edota burgesia-ttipiak desbiderarazi ez ditzan.

Euskal Herria okupaziopean egoteak borroka moldeen erabilera baldintzatzen du guztiz, iraultzak boterea lortzeko erabili beharreko baliabideak zehaztuz, edozein klase edo herri zapalduk bere askapena lortzeko eskura dituen bitarteko eta borroka-molde guztiak erabiltzeko eskubidea eta beharra duela kontuan izanda.

Hots, aurrerapen sozialarentzat oztopoa bilakatu diren klase zapaltzaileen egiturak suntsitzeko eta Sozialismoaren eraikuntzari ekin ahal izateko bortizkeria iraultzailearen erabilera eskubide besterenezina da eta askapena lortzeko ezinbestezko lanabesa. Bortizkeriari bortizkeriaz ez erantzuteak zapalkuntza iraingarri eta jasanezinago bati bidea irekitzen dio, zinez zapaltzaileek edozein zoru etikoz barre egiten baitute eta egiturazko bortizkeriaren bitartez honen espiralaren sortzaileak baitira. Estatu eta ejertzito burgesei arma gabe aurre egin nahi izatea ez da eraginkorra hauek garaitzeko eta ondorioz zapalkuntza iraunarazteko besterik ez du balio. Bestelako ekinbideek beren eragina izan dezakete, baina egiteko honetan antolakuntza eta konfrontazio armatua izango da determinantea.

Beraz borroka armatuaren erabilera beharrezkoa izango du zinez eraldaketa iraultzaileak aurrera eraman nahi dituen edozein mugimenduk, klase-borrokaren forma gorena dena (klase-etsaiaren ezabapen fisikoa den heinean). Honetarako erakundeak hasierako gerrilla-motako talde txiki eta bananduetatik, hauek bizkarrezurtzat izango duten armada egonkorrera pasa beharko dira, betiere masa-borrokaren lotura ahalik eta handiena ezarriz, Estatu burgesen uzkailtzea eta Botere Iraultzailea ezartzea helburu.

Herri-armada hau behar bezala kontrolatua egon beharko da ordezkatu behar dituen sektore sozialengatik. Horregatik Euskal Herri Langilearen zerbitzurako botere politiko-militarraren sorkuntza beharrezkoa izango da, askapen nazional eta sozialaren alde egingo duena euskal Estatu sozialistaren bidean eta gainontzeko herriekin eta nazioarteko langileriarekin bere elkartasunezko egitekorako prest egongo dena.

“(…)Aukera independentista egunetik egunera hedatzen zihoazen kontzientzia nazionala zuten herri-sektoreen baieztapen nazionalaren adierazpen politikoa zen. Euskal herriak historian zehar estatu mailako iraultza sozialista bat ez dela bere nazio-zapalkuntzaren konponbide automatikoa probatzeko aukera izan du; behargin-alderdi espainiarrak espainiar nazionalismo burgesaz gehiegi bustiak daudela. Bestetik, independentziaren erdiespenak Estatu espainiarraren porrota behar zuen gutxienez Euskadin, hots, benetako iraultza politikoa soilik klase herrikoiek behargin klasearen gidaritzapean aurrera eraman izan zitekeena, halako neurriko prozesu baten gidaritza bere egiteko ahal duen bakarra egun Euskadin . Preseski, euskal auzia behargin klaseak bere egite honek izan da Euskadiko berpizte nazionala ahalbidetu duena.”

Autobiografia política (euskaratua) – Argala

Nazio-Askapeneko estrategiak, praktikak ere frogatu duena herrialde honetan Iraultza aurrera eramateko indarrak askatzeko gai dena eta Euskal Herri Langilearen geruza zabal eta borrokalarienen sentipen sakona dena, Euskal Herri osoan Estatu burgesen porrota beharrezkoa du, hauen izatea gako bihurtuz. Horregatik etorkizunera begirako bere bideragarritasunak hauen suntsipen osoa beharrezkoa izango du, hauen menpeko langileria eta herriekin borroka-begiztak ahalik eta gehien estutuz, herri gisako behar espezifikoei konponbide osoa emateko beharrezkoa den antolakuntza-burujabetza mantenduz. Setio inperialistaren egitekoa ere ezin da ahantzi, are gehiago Estatu espainiar eta frantziarrak NATOko kide izanik.

NATOk inperialismo mendebaldarraren Kapital esportazioak eta interesak mundu osoan zehar indarrez zaindu, gerrate inter-inperialistarako prestatu, harrapaketa-gerrak gauzatu eta mundu osoko (bereziki beren aginte-eremupeko langileriarena) Sozialismoaren aldeko borroka zapaltzea helburu du. Baina badu beste helburu nagusi bat, AEBk mendebaldeko gainontzeko potentziak bere mendera ipintzea. Honela, bere kide diren Estatu guztietan oligarkia yanki-sionistak bere mertzenario hiltzaileak barreiatzen ditu, haien politikaren aurka doan edozein arriskuren aurka xantaia militar gisa darabiltena. Beraz edozein “subiranotasun” motaz hitz egiten baldintza hauetan txantxa kaxkarra da.

Hots, hauetako batean Iraultza ematen bada edo benetako arriskua badago esku sartzea eramango du aurrera. Beraz langileriaren Sozialismoaren aldeko borrokaren egituratzea Estatuen mugetatik haratago hedatu beharko da, Nazioarteko berri baten ardura izango dena.

Euskal Herriko salbuespen egoera egonkorrak lan iraultzailearen eta antolakundeen egoera legalaren inguruan neurri bereziak hartzea eskatzen du (inperialismoaren kontraesanen etengabeko areagotzearen eta honen erreakziorako joeraren ondorioz Iraultza Sozialistarentzat beharrezkoa denaren barnean). Legalitatea ahalik eta gehien aprobetxatu beharra dago, bereziki masa-antolakundeen inguruan, beren izaeragatik lan publikoa eskatzen dutenak. Baina ez da ahaztu behar garaipenerako bermerik onena lan iraultzaile ilegala dela, ordena burgesa zaintzeko den legedia hausten duena.  Beraz bestelako erakundeen (beren izaeragatik nahitaez ilegalak izango direnez aparte) izaera erdi-klandestinoa lehenetsi beharko da, batez ere Alderdi Komunistarena.

Alderdi leninistaren egiteko nagusietakoa behargin klasea subjektu politiko burujabe eta bereizi gisa osatzea da, burgesiaren eraginetik askatzeko, Proletalgoaren Diktaduraren aldeko bere borroka iraultzailea aurrera eramateko, herri langilea askapenera eramango dion ildotik bideratzeko. Beraz abangoardia papera bereganatu beharra dauka, Sozialismo Zientifikoak eskaintzen duen teoria eta ekinbiderako gida iraultzailea bereganatu beharra dauka, materialismo historikoari jarraiki gizarte klasistaren arauak ulertu eta modu eraginkorrean ekin ahal izateko. Honetarako langileriaren ale onenak erakarri behar ditu eta marxismo-leninismoaren teoria zientifiko-politikoaz ideologia burgesa gainditu, beren kontzientzia maila igoarazi.

Alderdi Komunista langileria mugimendu iraultzailearen buruan ipintzeko eta honi klase-helburuen argitara gidatzeko ezinbesteko tresna da. Esandako arrazoiengatik mugimendu iraultzailearen izaera Askapen Nazionalaren aldeko borrokaren forman egituratzen bada, Alderdi honek antolakuntza-eremu nazionala izan beharko du, bakarra Iparralde eta Hegoalderako, behargin-klasearen gidaritza Euskal Herri Langilearen buruan ziurtatzeko Mugimendu Nazionalean. Zapalkuntza nazionalari behin betiko konponbide bakar gisa euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza alboratuta eta autodeterminazio eskubidearen aldarria era erretorikoan erabiliko lukeen Alderdiak mesfidantza besterik ez bailuke sortuko herri langilearen baitan, historikoki froga daitekeenez. Hots, nazio askapena baztertuko lukeen eremu estataleko Alderdiak potentzialtasun iraultzaile guzti hau hondatuko luke.

“(…) Euskal langileen alderdi iraultzaileak zehaztu beharko duen lehenengo gauza euskal prozesu iraultzailea bideratu beharreko helburu estrategikoak dira. Bere iraultza sozialista eta iraultza nazionaleko izaera adierazi badugu, azken helburu horiek boterearen eskuratzea klase herrikoien partez izan behar dute, behargin klaseak gidatuta, egungo klase zapaltzailearen, oligarkiaren aurka, eta Euskadirentzako Estatu propio baten esparruan. Kontuan izan behar da lorpen biak batera etorri behar direla. Ez da irudikagarria, ez ondoren Euskadiri askatasuna emango lioken iraultza estatala, ezta independentzia interklasista eta burgesa ere, hura lortu eta gero sozialismoaren aldeko borroka hasiko zelarik.”

Otsagabia Ponentzia (euskaratua) – Pertur

Euskal Herri Langileak mugimendu iraultzaileari Nazio-Askapeneko forma emateak ez du esan nahi burgesiarekin aliantzarik bilatu behar denik honetarako, euskal burgesia bloke zapaltzailearen parte baita eta eroso baitago inperialismoak eskaintzen dion kokapenarekin (herrialde kolonialetan bai bilatu daiteke hau, burgesiaren zati batek (nazionala) inperialismoak ezartzen dion menpeko kokapenetik askatzeko interesak izan baititzake, nahiz eta honekiko adostasunera eta erreformarako joera izan).

“Iraultza sozialista Europan ezin da zapaldu eta kontentagaitz guztien masa-borrokaren eztanda baino beste ezer izan. Hartan nahitaez burgesia-ttipiaren eta behargin atzeratuen parteek hartuko dute parte – parte-hartze hori gabe ez da posible masa-borroka bat, ez da posible ezein iraultza – mugimenduari eramango diotenak, era saihestezinean baita ere, beren aurreiritziak, beren ameskeria atzerakoiak, beren ahultasunak eta beren akatsak. Baina objektiboki kapitala erasoko dute, eta iraultzaren abangoardia kontzienteak, proletalgo aurreratuak, itxura eta ahots desberdinetako masa-borrokaren,nahasia eta  itxuraz zatikatua, egia objektibo hau adieraziz batu eta zuzendu ahal izango du, Boterea hartu, bankuez jabetu, guztiek gorrotaturiko (baina arrazoi ezberdinengatik!) trus-ak desjabetu eta beste diktadura-neurri batzuk ezarri, beren osotasunean burgesiaren uzkailtzea eta sozialismoaren garaipena osatzen dutenak, berehala zabor burges-ttipietaz “garbitu” ahal izango ez duen garaipena, ezta gutxiago ere.”

Balance de la discusión sobre la autodeterminación (euskaratua) – V.I. Lenin

Baina, nahiz eta ez sartu osotasunean klase herrikoien barnean, burgesia-ttipiak Euskal Herrian duen hedapen eta eragin politikoaren ondorioz, eta kapitalismo inperialistan Iraultza Sozialistak guda zibilaren forma hartzen duela kontuan hartuta, honekiko aliantzak ezartzea beharrezkoa izango da askotariko motako Fronteen bitartez. Hala ere, Alderdi Komunista inoiz ez da fronte hauetan diluituko eta bere burujabetza organikoa eta politikoa mantenduko du, langileriaren gidaritza ziurtatzeko prozesu iraultzailean. Kontuan izan behar da ere kontzientzia sozialista “kanpotik” sartzen zaiola behargin- eta herri-mugimenduari, eta hau maiz klase burges-ttipien seme-alaba diren sektore intelektualetatik datorrela (nahiz eta alfabetizazio maila altua egon Euskal Herrian, burgesiaren ideologiaren amarruak ere korapilatsuagoak dira).

Mugimendu nazionalaren parte sentitzen ez diren Euskal Herri Langilearen sektoreen aurrean kontzientzia iraultzailea indartu behar da, hauek prozesu eta estrategia iraultzailean integratuz, aldi berean burgesia monopolistaren inguruan bildutako bloke zapaltzaileak bere ordena onartzeko erabiltzen dituen oportunismoaren aldeko erakundeak borrokatuz.

“Ikuspuntu teorikotik erabat okerra izango litzake guda oro politikaren jarraipena beste bitarteko batzuen bidez besterik ez dela ahaztea. Egungo gerrate inperialista potentzia handien bi multzoen politika inperialistaren jarraipena da, eta politika hori garai inperialistako harreman-multzoaz sortua eta elikatua da. Baina garai bera honek era saihestezinean sortu eta elikatu behar ditu, baita ere, zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka-politika eta proletalgoaren burgesiaren aurkako borroka-politika, eta horregatik, aukera eta saihestezintasuna, lehenik eta behin, matxinada eta gerra nazional iraultzaileenak; bigarrenik, burgesiaren aurkako proletalgoaren gerra eta matxinadak; hirugarrenik, bi gerra iraultzaile moten bat-egitea, eta abar.”

El programa militar de la dictadura del proletariado (euskaratua) – V.I. Lenin

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: