JOERA FILOSOFIKOAK MUGIMENDU FEMINISTAN (ANURADHA GANDHI)   Leave a comment


Sarrera honetan Anuradha Gandhi naxalita indiarraren lan bat aurkezten dizuegu, feminismoari kritikaren ingurukoa. Mugimendu naxalita Sozialismo Zientifikoaren desbideratze maoistaren jarraitzaile izan arren, kasu honetan orokorki ikuspegi iraultzailea ordezkatzen duela uste dugu, maoismoaren mugapenak islatzen badira ere.

Egileak hainbat feminismo mota (liberala, erradikala, anarkista, sozialista…) aztertzen ditu, gero bere kritika plazaratuz.

Nahiz eta Mugimendu Komunistak emakumeen eskubideen arloan lorpen ugari ekarri (bozka eskubidea, dibortzioa, soldaten parekidetasuna… baita armada iraultzailean parte hartzea ere), ez da ahaztu behar Sozialismoa kapitalismotik Komunismorako iragate-fase historikoa dela, eta ibilbide honetan zehar azpiegitura ekonomikoan baita gainegitura politiko eta ideologikoan ere aurreko sistema klasisten kontraesan ugari mantentzen direla, era iraultzailean ebazten jarraitu behar direnak zapalkuntza mota oro gainditzeko. Honen baitan aurkitzen da patriarkatua suntsitzea, baita familia beraren deuseztapena ere.

Gainera, eraikuntza sozialistaren bihurgeneek atzerapausoak ematea beharrezkoa egin dezakete, partziala dena osotasunera baldintzatuz, hau baita aurrera egiten jarraitzeko era bakarra.

Mundu Sozialistaren suntsipenak eta inperialismoaren gainjartzeak, bestetik, atzerapen handia ekarri du herrialde askotan arlo honetan, irakaspenak ateratzea berebiziko garrantzia izanik.

Lan honek emakume langilearen askapenaren auziaren inguruan marxista-leninistoi ideologia burgesaz arazten lagunduko duelakoan gaude.

 

 

“(…)

1) FEMINISMO LIBERALA

(…)

Kritika

Liberalismoa, filosofia gisa, mendebaldeko gizarte feudalaren baitan sortu zen burgesia boterera heltzeko borrokan ari zenean. Beraz, jankotiarki antolatutako egiaren balore feudalei eta hierarkiari (desberdintasun sozialak) erasotzen die. Arrazoiaren eta gizabanako ororentzako eskubide berdintasunare alde altxa zen. Hala ere, filosofia hau muturreko indibidualismoan oinarrituta zegoen talde-ahaleginean baino. Beraz, zabaltzen duen ikuspegia da guztiei berdintasun formal eta legala eman bazitzaien, gero gizabanakoek eskuragarri dauden aukerez baliatu zitezkeela eta bizitzan arrakastatsu bihurtu.

Klase-desberdintasunak eta klase-desbedintasunen eragina gizabanakoentzat eskuragarri dauden aukeretan ez zen kontutan hartu. Hasieran, liberalismoak eginkizun aurrekoia izan zuen instituzio sozial eta politiko feudalak hausten. Baina 19. mendean, behargin-klasearen eta haren mugimenduen haziera eta gero, pentsakera liberalaren mugapenak agertu ziren. Boterera iritsitako burgesiak ez zituen bere eskubideak txiroei eta beste sektore zapalduei zabaldu (emakumeak, edo beltzak AEBn bezala). Beren eskubideen alde borrokatu behar izan zuten. Emakumeen mugimenduak eta mugimendu Beltzak fase horretan liberalen argudioak erabilita eskubideak eskatzeko gai izan ziren. Klase burgesetako emakumeak mugimendu honen lehen lerroan zeuden eta ez zuten eskubideen auzia langile klaseei zabaldu, behargin-klaseko emakumeak barne.

Baina behagin-klasearen ideologiak ateratzen ziren heinean, sozialismoaren hainbat joera babesa aurkitu zuten behargin-klasearen sail aktiboen baitan. Oso burgesa zen sistema sozioekonomiko eta politikoa, eta ideologia liberalaren mugapenak, berdintasun formala eta banako askatasuna azpimarratzen zuena, zalantzan jartzen hasi ziren. Fase honetan liberalismoak bere eginkizun aurrerakoia galdu zuen eta ikusten dugu hala AEBn nola Ingalaterran sufragioaren alde borrokatzen zuten emakumeen antolakunde nagusiek oso helburu estua zutela eta inperialismoaren aldekoak eta langileriaren aurkakoak bihurtu zirela. Egungo fasean feminista liberalek berdintasun formalaren mugarri estuetatik haratago joan behar izan dute eskubide kolektibo positiboen alde egiteko, ama ezkongabeen, presoen eta abarren aldeko ongizate neurriak bezala, eta ongizate-estatu bat eskatu.

Liberalismoak hurrengo ahuleziak ditu:

1. Banakoen eskubideetan zentratzen da talde-eskubideetan baino.

2. Ahistorikoa da. Ez dauka Historian emakumeen eginkizunaren gaineko ulermen sakona, ezta emakumeen menpekotasunaren (zapalkuntzaren) azterketa ere.

3. Mekanikoa izateko joera du berdintasun formalaren aldeko babesean, emakumeen sekzio/klase ezberdinen baldintzen eta haien berariazko arazoen ulermen zehatza gabe. Klase ertainen eskaerak azaltzeko gai zen (klase ertainetako emakume txuriak AEBn eta goi klaseko, goi kastako emakumeak Indian) baina ez talde etniko, kasta zapaldu ezberdinen eta behargin, langile klaseen emakumeenak.

4. Legezko aldaketei, hezkuntza- eta lan-aukerei, ongizate neurriei eta abarrei mugatua dago, eta ez ditu gizartearen egitura ekonomiko eta politikoak zalantzan jartzen, bereizkeria patriarkarrari bide ematen diotenak.

5. Estatua neutroa dela eta emakumeen alde esku hartzea eginarazi daitekeela sinesten du, egiatan Estatu burgesa herrialde kapitalistetan eta Indiako Estatu erdikolonial eta erdifeudala patriarkarrak direnean eta ez dute askapenaren aldeko emakumeen borroka babestuko. Estatuak emakumeen menperatze eta balio-gutxitutako estatusetik onura ateratzen duten klase menderatzaileen interesak defendatzen ditu.

6. Legezko aldaketetan eta emakumeentzako estatu-eskemetan zentratzen denez, beren eskakizunak lortzeko lobbyetan eta eskarietan nabarmendu da. Joera liberalak oso maiz bere jarduera bilera eta konbentzio eta aldaketak eskatzeko mobilizazio eskaeretara mugatu du. Nekez mugiarazi du emakumeen masaren indarra eta benetan beldur da neurri handietako emakume txiroen mobilizazio militanteaz.

 

2) FEMINISMO ERRADIKALA

(…)

Kritika

Aurretik esandakoagatik argi dago feminista erradikalek marxismoa arbuiatu dutela, horrela esatearren. Nahiz eta Firestonen argudioak feminista sozialisten atalean eztabaidatuko ditugun, beharrezkoa da puntu batzuk aipatzea. Baldintza materialen haien ulermenean, beren azterketen puntu nagusitzat hartu dute ugalketaren alde fisikoa eta emakumeen eginkizun biologikoa, eta emakumearen zapalkuntzaren arrazoi nagusia dela ondorioztatu zuten. Marx-ek idatzi zuen bizitzaren ekoizpena eta erreprodukzioa gizakien izaterako oinarrizko bi baldintzak zirela. Erreprodukzioak esan nahi du bai egunez eguneko pertsonaren erreprodukzioa baita gizakien espeziearen ugalketa ere. Baina espezien ugalketa gizakiak animalien erreinuarekin partekatzen duen zerbait da. Hori ezin zen emakumeen zapalkuntzaren oinarria izan. Gizakiaren izatearen lehen faseetan milaka urte guztietan bizi izan zirenentzat emakumeak ez zirelako gizonen mendeko. Izatez, bere ugal-eginkizuna ospatzen zen eta garrantzia ematen zitzaion espezieran eta taldearen bizirautea ugalketaren eskuetan zegoelako. Ugalkortasunari emandako garrantzia eta gizarte trbal gehinetan ugal-erritualen bizirauteak egitate honen lekuko dira.

Marxismoak ulertzen du baldintza material batzuk sortu behar izan zirela emakumearen kokapena aldatu zelako eta menderatua izan zelako. Aldaketa nabaria baldintza materialetan kontuan hartzeko gehiegizko ekoizpenaren sortzearekin etorri zen. Nola banatuko zen gainekoizpen hau klaseak agertzen diren unea da, gainekoizpena  komunitateko buruen gutxiengo batek jabetzen duenean. Bere eginkizuna ugalketan, lehen bere estatus jasoaren zergatia, bere esklabutzaren neurri bihurtu zen. Garrantzitsu egin zen zein klan/familia hedatuaren kide ziren bere umeak eta orduan aurkitzen ditugu bere gaineko murrizketak eta familia patriarkarraren sortzea, non emakumea menderatua zegoen eta bere eginkizun nagusia gizartean familiarentzat umeak ernalaraztea zen.

Feminista erradikalek arinkeriaz tratau dituzte garapen historikoa eta gertakari historikoak eta gizon-emakume kontraesanaren ulermen propioa jatorrizko kontraesantzat eta egungo historiaren ibilbidea zehaztu duen kontraesan nagusitzat ezarri dute. Puntu zentral honetatik abiatuz azterketa feminista erradikalak historia erabat baztertzen du, egitura politiko-ekonomikoa alde batera uzten du eta soilik gizarte kapitalista garatuaren alde sozial eta kulturaletan zentratzen da, egoera hau gizateriaren egoera unibertsal gisa proiektatuz. Hau beste ahulezi nagusi bat da beren azterketa eta ikuspegian. Gizon-emakume harremana (sexu/genero harremana) gizarteko kontraesan nagusitzat hartu dutenez gero, beren azterketa guztiak hortik datoz eta gizonak bihurtzen dira emakumeen etsai nagusia. Gizarte hau uzkailtzeko estrategia zehatzik ez dutunez, beren azterketa guztia gainegiturako aldeen – kultura, hizkera, kontzeptuak, etika – kritikari aldatzen dute, kapitalismoaz eta sexu/genero harreman honen sostengatzean kapitalismoaren paperaz kezkatu gabe, eta ondorioz kapitalismoaren uzkailtzea emakumearen askapenerako beren estrategian gehitzeko beharraz ezta ere.

Beraien kritikak egitura patriarkarrari zeharo gogorrak izan arren, ematen dituzten konponbideak erreformistak dira berez. Beren konponbideak rolen, jokabideen, jarreren eta balio moralen aldaketan eta kultura alternatibo baten sorkuntzan oinarritzen dira. Praktikoki honek esan nahi du jendeak puntu bateraino,balio zehatz batzuk alde batera utzi ditzakeela, gizonek pratiarkar gisa hautematen diren jokabide oldarkorrak alde batera utz daitzazkete, emakumeak adorestuagoak eta gutxiago mendekoak izaten saiatu daitezke, baina gizarte osoaren egitura patriarkarra denean aldaketa hauek zein urrun iritsi daitezke sistema kapitalista osoaren uzkailtzea gabe inondik ere erantzuten ez duten galdera da. Beraz beren bizimodua, pertsonen arteko harremanak, aldatzen saiatzen diren talde txikietan bukatzen dute, pertsonen artekoan zentratuz sistema osoan baino. Sistema osoa aztertzen eta berau aldatzeko nahiez hasi baziren ere, beren azterketa-ildoak bide erreformistetatik eraman ditu. Emakumeen askapena ez da posible era honetan.

(…) Beraz, proposatzen duten argudio nagusia inplikazio arriskutsuak ditu eta aldaketaren aldeko emakumeen borrokan errebotatu dezake eta egingo du. Maskulinitatea eta feminitatea gizarte patriarkar baten eraikuntzak dira eta eraikin zurrun hauek aldatzeko borrokatu behar dugu. Baina hau gizarte esplotatzaile osoaren uzkailtzearekin lotuta dago. Ezinezkoa da guretzat esatea nolakoak izango diren gizonak eta emakumeak, zein jokabide hartuko dituzten, menperatze patriarkarra izateari utzi dio gizarte batean. Orduan gizakiek hartuko dituzten jokabideak izango den gizarte motarekin bat etorriko dira, ezin baita giza-noratsunik egon giza-marko batetik kanpo. Feminitate hau bilatzea irudikeria bat bilatzea da eta norbere buruari iruzur egitea.

(…) Objetiboki emakumeen askapenerako mugimendu zabal bat eraikitzeko desbiderapena bilakatu zen. Joera erradikala, pornografia babestuz eta aukera askearen argudio abstraktua emanez, norabide atzerakoia hartu du, inperialistek sustatutako sexu-turismoaren industriari justifikazioa eta babesa emanez, komunitate etniko zapalduetako eta hirugaren munduko herrialdeetako ehun milaka emakume esplotazio sexualera eta adierazinezko oinazera azpiratzen ari dena. Burgesia atzerakoiaren eta Elizaren ohitura sexual hipokrita eta errepresiboak kritikatzearekin batera, joera erradikalak gizakiak elkarrengandik soilik gehiago alienatzen eta giza-harreman barnekoenak narriatzen dituen alternatiba sustatu du. Sexua maitasunaz eta intimitateaz banatzean, giza-harremanak mekanikoak eta bihotz-gogorrak bihurtzen dira.

(…) Feminismo kultural honek Mendebaldeko feminismoan nagusitu zen eta hirugarren munduko herrialdeetako pentsakera feministan eragin zuen baita ere. Joera posmodernoarekin ondo batzen da eta emakumeen mugimendu osoa emakumeen bizi-baldintza materialak aldatzeko borroka izatetik norabide osoa desbideratu du “adierazpen” eta ikurren azterketara. Emakumeak indar militante batean bihurtzearen ideiaren aurka kokatu dira emakumearen natura ez-bortitza nabariarazi dutelako. Historian zehar tiraniaren aurkako gerretan emakumeek izandako papera mespretxatzen dute. Emakumeek zapalkuntzarekin eta esplotazioarekin amaitzea xede duten bidezko gerrak egiteko aktiboa izango dute eta izaten jarraituko dute. Honela aldaketaren aldeko borrokan partaide aktiboak izango dira.

Laburtuz, joera feminista erradikalak emakumeen mugimendua kaleitsu batera eraman duela ikus dezakegu emakumeentzat separatismoaren alde eginez.

(…)

 

3) ANARKO-FEMINISMOA

(…) Baina talde horien funtzionamendua praktikan, sortzen den buruzagitza tiraniko ezkutua (Joreen), kritika asko ekarri die. Aurkitutako arazoak dira buruzagitza ezkutua, komunikabideek ezarritako goiburukoak izatea, beren eskuetan denbora libre asko duten klase ertaineko emakumeen gehiegizko ordezkaritza, emakumeak batu daitezken egiteko-taldeen falta, ekimena edo lidertza erakusten zuten emakumeenganako areriotasuna. Komunistek inperialistek kontrolatutako Estatu zentralizatua uzkailia izan behar denaren auzia plazaratzen dutenean, onartzen dute haien ahaleginak berez txikiak direla eta besteekin koordinatzeko eta lotzeko beharra dagoela. Baina ez daude prest kontuan hartzeko  erakunde iraultzaile zentralizatu baten beharra Estatua uzkailtzeko.

(…) Beren azterketatik argi dago ikuspuntu iraultzailetik asko aldentzen direla. Ez dute Estatu burges/inperialistaren uzkailtzean sinesten auzi nagusi gisa eta nahiago dute jarduera kooperatiboetan murgildutako talde txikiak sortzean haien energiak gastatu.

Kapitalismo monopolistaren garaian irudipen hutsa da pentsatzea jarduera horiek zabaldu eta hazi eta gutxinaka gizarte osoa irentsi dezaketela. AEBkoa bezalako gehiegizko gaineratikoa duen gizarte batean izango dira onartuak soilik bitxikeria, landare exotiko gisa. Sistemak talde horiek kooptatzera jotzen du era honetan.  

(…)

 

4) EKO-FEMINISMOA

(…) Beraz berak dio ekoizpena biziraupenerako, jendearen oinarrizko bizi-beharrak asetzeko, zen zibilizazio honetan emakumeek naturarekin harreman estua zutela. Iraultza Berdeak emakumeen eta naturaren arteko lotura hau hautsi zuen. Egiatan Shiva goraipatzen ari dena nekazal ekonomia pre-kapitalista txikia da, bere egitura feudal eta muturreko desberdintasunekin. Ekonomia honetan emakumeak ordu luzez ahalegintzen ziren lan nekagarrian, haien lanagatik aintzatespenik jaso gabe. Berak ez du kontuan hartzen garai hartako lurjabe feudalen sail eta etxeetan lan egiten zuten emakume Dalit eta beste kasta baxukoenen egoera, neurriz kanpo baliatuak, sexualki esplotatuak eta ordainik jaso gabe denbora gehiena.

(…) Hau kulturalismo edo posmodernismo forma bat da, hirugarren munduko gizarteetako kultura patriarkar tradizionalak defendatzen dituena eta oinarrizko masen garapenaren aurka kokatzen dena kapitalismoaren garapen-paradigma erasotzearen izenean. Gu irabazi-gose nekazal-industria inperialistak nekazal-teknologiari (genetikoki eraldatutako haziak barne eta abar.) emandako bultzada suntsikor eta bereizi gabearen aurka gaude, ez nekazal-ekoizpena hobetzeko zientziaren eta nekazal-teknologiaren aplikazioaren aurka. Egungo klase-harremanen pean zientzia ere inperialisten mirabe da, baina sistema demokratiko/sozialistaren pean hau ez da horrela izango.   

(…)

 

5) FEMINISMO SOZIALISTA

(…) Haien arabera akatsa da etxeko lanak soilik erabilera-balioak sortzen dituela esatea. Etxeko lanak truke-balioak ere sortzen ditu: lan-indarra. Etxeko lanerako soldataren eskaera agertu zenean Dalla Costak babestu zuen mugimendu taktiko gisa gizarteak etxeko lanaren balioaz konturatzeko. Nahiz eta asko ados ez egon etxeko lanak gaibalioa sortzen duen bere ondorioarekin, eta etxeko lanerako soldataren eskaera babestu, hala eta guztiz ere bere azterketak eztabaida handia sortu zuten zirkulu feminista eta Marxistetan munduan zehar eta etxeko lanak kapitala nola zerbitzatzen duen kontzientzia aregotu zuen. Feminista sozialista gehienak kritikoak ziren eskaera honekin baina luzez izan zen eztabaidatua. Hasiera batean (70etako hastapenak) etxeko lanak eztabaidaren zati garrantzitsu bat zen baina 1980 inguruan argi geratu zen emakumeen zati handi bat etxetik kanpo egiten zuela lan edo bizitzaren zati batzuetan etxetik kanpo egiten zuela lan.

(…) Hala Marxismoaren azterketa materialista historikoa nola patriarkatua egitura historiko eta sozial gisa beharrezkoak dira mendebaldeko gizarte kapitalistaren garapena eta emakumeen kokapena bere baitan ulertzeko, nola sortu diren harremanak gizakien artean eta nola patriarkatuak kapitalismoaren bilakaera moldatu duen ulertzeko. Bera kritikoa da Marxismoarekin emakumeen auzian. Berak dio Marxismoak emakumeen auzia soilik sistema ekonomikoarekin loturan aztertu duela. Berak dio emakumeak langile gisa direla ikusiak, eta Engels-ek uste zuela lanaren banaketa sexuala suntsitua izango zela emakumeak ekoizpenera batzen baziren, eta emakumeen bizitzaren arlo guztiak soilik sistema kapitalista nola iraunarazten duten loturan direla aztertuak. Etxeko lanaren azterketak ere emakumeen harremana kapitalarekin tratatzen zuen baina ez gizonekin. Marxistak emakumeen sufrimenduez kontziente badira ere, jabetza pribatuan eta kapitalan zentratu dira emakumeen zapalkuntzaren jatorri gisa. Baina haren arabera, lehen Marxistek huts egin zuten gizonek eta emakumeek kapitalismoan duten eskarmentuaren ezberdintasuna kontuan hartzen eta patriarkatua aurreko garaiko hondar gisa hartu zuten. Berak dio Kapitalak eta jabetza pribatuak ez dituela emakumeak emakume izateagatik zapaltzen; ondorioz beren deuseztapenak ez du emakumeen zapalkuntzarekin amaituko. Engels eta beste Marxista batzuek ez dute emakumeen lana familian ondo aztertzen. Nork ateratzen du etekina bere lanaz etxean galdetzen du – ez soilik kapitalistak, gizonek baita ere. Ikuspuntu materialista batek ez luke ezinbesteko puntu hau bazter utziko. Gizonek emakumeen mendekotasuna iraunarazten interes material bat dutela ondorioztatzen da.   

(…)

Feminismo sozialistaren estrategia emakumearen askapenerako

(…) Gizonezkoen menderatzearen aurkakoak eta antikapitalistak diren auzietan agitazioa eta propaganda egin dute. Emakumearen zapalkuntzaren oinarritzat erreprodukzio era (ugaltzea, eta abar.) dutenez, haiek gizartearen azpiegitura kontzeptu Marxistan sartu dute. Beraz haiek uste dute kontuan hartutako hainbat auzi, bortxaketaren, jazapen sexualaren aurkako borroka, abortu askearen aldekoa bezala, antikapitalistak eta gizonezkoen menderatzeari erronka direla. Izaera kolektiboa sustatzen duen emakumeen kultura garatzeko ahaleginak babestu dituzte. Instituzio alternatiboakeraikitzeko ahaleginak babesten dituzte baita ere, osasun-arreta zentroak eta komunitatean elkarbizitzan bezala, edo erdibideko itun motaren bat. Honetan feminista erradikalei getukoak dira. Baina feminista erradikalak ez bezala, beren helburua instalazio hauek emakumeak jultura patriarkar eta txuritik beren kultura propiora mugiaraztea ahalbidetzea dena, feminista sozialistek ez dute uste horrelako erretreta posible denik kapitalismoaren markoaren baitan. Laburrean, feminista sozialistek hau emakumeak lagundu eta antolatzeko baliabide gisa ikusten dute, feminista erradikalek gizonez erabat banatzeko helburu gisa ikusten duten bitartean. Feminista sozialistek, feminista erradikalek bezala, egitura familiarra aldatzeko ahalegina, haiek emakumeen zapalkuntzaren giltzarria deitzen dutena, orain hasi behar dela sinesten dute. Beraz komunitate-bizitza sustatu dute, edo erdibideko itun motaren bat, non jendea genero-banaketa gainditzen saiatzen den lan banaketan edota umeen zaintzan, non lesbianak eta jende heterosexuala batera bizi daitezkeen.

(…)

Kritika

(…) Hau lanaren banaketa sozialean oinarritutako generoaren testuinguruan hartu badaiteke  ere, praktikan haien hanpadura familia heterosexualaren baitako harremanetan eta patriarkatuaren ideologian jartzen dute. Beste aldean, ikuspegi Marxistak emakumeen papera ekoizpen sozialean azpimarratzen du eta ekoizpen sozialean eginkizun esanguratsua jokatzeko alboratzea izan da bere menderatzearen oinarria gizarte klasistan. Beraz gu arduratzen gaituena da gizarte zehatz batean nola dagoen antolatuta lanaren banaketa, ekoizpen baliabideekiko harremanak eta lana bera, ulertzeko nola esplotatzen dituzten emakumeak klase menderatzaileek eta haien menderatzea behartu. Arau patriarkarrek emakumeen esplotazioa aregotzeko laguntzen dute eta haien lanaren balioa murrizten dute.

(…) Baina haietako batzuen hanpadur aldebakarrak, faktore ideologiko eta psikologiekoetan soilik arreta jartzen dutenak, ideologia eta psikologia hauek oinarri duten egitura sozioekonomiko zabalagoa bistaz galtzera eramaten die. Antolakuntza-auzietan feminista sozialistak feminista erradikalen eta anarko-feministen atzetik doaz. Argiro mahaigaineratu dute haien estrategia, baina hau ez da iraultza sozialistarako estrategia. Estrategia erabat erreformista da sozialismo nola lortu daiteken auziari heltzen ez diolako. Haiek sinesten dutenaren arabera ez badute alderdi sozialista/komunistek egin behar, orduan emakumeen taldeek burgesia monopolistako arra uzkailtzeko estrategia plazaratu beharko lukete. Talde txikiak antolatzera, komunitate alternatiboak eraikitzera, propaganda orokorrera eta eskari zehatzen inguruan mugiaraztera murrizten ari dira beren ekintza praktikoak. Hau praktika ekonomizistako forma bat da. Aktibitate hauek baliagarriak dira jendea oinarrizko mailan antolatzeko baina ez dira nahikoa kapitalismoa uzkailtzeko eta emakumeen askapen prozesua aurrera eramateko. Honek antolakuntza-lan handiagoa eskatzen du, ondorioz Estatuarekin – bere inteligentzia eta botere armatuarekin – konfrontazioa dakarrena.  

(…)

 

6) POSMODERNISMOA ETA FEMINISMOA

(…) Posmodernistek diferentzia eta identitatea ospatzen dute eta Marxismoa kritikatzen dute “osotasun” batean – klasea – zentratzeagatik. Gainera posmodernismoak ez du uste hizkuntzak (mendebaldeko hizkuntzak behintzat) errealitatea islatzen duenik. Haiek uste dute identitateak “diskurtsoaren” bitartez “eraikitzen” direla. Honela, haien ulermenean, hizkuntzak errealitatea eraikitzen du. Beraz, haietako asko hizkuntzaren “deseraikitzean” zentratu dira, ondorioz pertsona ezer gabe utziz – ez dago ziur egon gaitezkeen errealitate materialik. Hau muturreko subjektibismo mota da. Feminista posmodernistak psikologian eta hizkuntzan zentratu dira. Posmodernistak, Foucault filosofo frantziar ezagunarekin adostasunean, haiek “botere-harremanak” deitzen dutenen aurka daude. Baina boterearen kontzeptu hau lausoa da eta ez dago argiki zehaztua.

(…) Hala da, posmodernismoa zeharo banatzailea da pertsonen arteko zatiketa sustatzen duelako eta garrantzia handi samarra ematen diolako identitateei, identitateen eraketarako arrazoi historikoak ulertzeko eta identitate ezberdinak lotzeko inolako marko teorikorik gabe. (…) Talde bakoitzak bere zapaltzaile propioei eutsiko die, hautematen dituen unean. Halako argudio batekin, logikoki, ezin da antolakuntzarik egon, kasurik hoberenean bat-bateko antolakuntza maila lokalean eta aldi baterako koalizioak. Antolakuntzaren alde egitea, haien ulermenaren arabera, boterea –hierarkia, zapalkuntza – birsortzea da. Funtsez banakoa bere kabuz eustea uzten dute, eta erresistentzia antolatu trinkoaren eta erresistentzia armatuaren aurka daude.

(…)

 

LABURBILDUZ

(…)

Ahulezi nagusiak beren teorian eta estrategian izan ziren:

Emakumeen zapalkuntzaren sustraiak haien ugalketa eginkizunean bilatzea. Emakumearen eginkizuna ugalketan biologiak zehazten duenez, aldatu ezin daitekeen zerbait da. Emakumearen zapalkuntzaren kausa materialak, sozialak bilatu ordez biologikoki emandako faktore batean zentratu ziren, honela determinismo biologikoaren amarruan eroriz.

Bere eginkizun biologikoarekin erlazionatuta, familia nuklear patriarkarrean zentratzea zapalkuntza sustraituta dagoen gizarteko oinarrizko egitura gisa. Ondorioz familia heterosexualari, emakumeen zapalkuntzaren oinarri nagusi gisa, aurka egitean zegoen haien hanpadura. Emaitza gisa familia existitzen den eta familia moldatzen duen egitura sozioekonomiko zabalagoa alboratua izan zen.

Gizonen eta emakumeen arteko kontraesana kontraesan nagusia bilakatzea. Beren arreta sexu/genero sistema – gizonak eta emakumeak jokatzeko prestatuak diren genero rolak- aldatzean jarriz. Honek esan nahi zuen bizitza sozialaren alde kultural, psikologikoetan arreta jartzea, kultura patriarkarraren ituburu diren eta hau defendatzen duten indar politiko eta ekonomiko zabalagoak alboratuz.

Gizonen eta emakumeen arteko desberdintasun psikologiko/izaerazkoak biologiko gisa nabariaraztea eta emakumeentzat banatzea defendatzea. Gehiegizko hanpadura askapen sexualean emakumeen talde banatuen, elkarbizitza banatuko akordioen eta lesbianismoaren bidez. Funtsean, honek esan nahi zuen emakumeen mugimenduaren zati honek bere burua talde txikietara mugatu zuela eta ezin zuela emakumeen masari apelatu edo mugiarazi.

Inperialismoaren eta pornografiaren, sexu-turismoaren eta abarren. bere sustatzearen amarruan erortzea, emakumeak errepresio sexualatik askatzeko beharra hanpatuz. Edo aukera berdintasunaren izenean emakumeen errekrutatzea babestea AEBko armadan Irak-eko gerra (2003) baino lehen .

Antolakuntzazko hanpadura hierarkia eta menderatzeari aurkakotasunean eta kontzientziatze txikian zentratzea, taldeak eta jarduera alternatiboa eraikiz, mugatua dena. Emakume zapalduen masa handia mugiarazteari eta antolatzeari aurka egitea.

Mugimendu sozialistek eta iraultza sozialistek Errusian, Txinan, eta abar. emakumeen sektore handien egoeran aldaketa ekartzean egindako ekarpenak alboratzea edo partzialak izatea.

Mugimendu feministaren kasuan argiro ikusi daiteke nola eragin dezaketen mugimendu batean azterketa teoriko akastunek eta estrategia okerrek. Emakumeen zapalkuntza egitura sozioekonomiko eta politiko esplotatzaile zabalagoari, inperialismoari, lotuta ulertu gabe, sistema inperialista beraren baitan bilatu dituzte konponbideak. Konponbide hauek kasurik hoberenean klase ertaineko emakumeen zati batentzat izan dira onuragarriak, baina emakume zapaldu eta esplotatuen masa handia askapenetik urrun utzi dute. Emakumeen askapenerako borroka ezin da arrakastatsua izan sistema inperialista bera uzkailtzeko borrokatik isolatuta.“

 

Philosophical Trends in the Feminist Movement (euskaratua) – Anuradha Gandhi

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out / Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out / Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out / Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out / Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: