KATALUINAKO EGOERA ETA AUTODETERMINAZIO ESKUBIDEAREN DEFENTSA   Leave a comment


Aurrera Langileria erakunde marxista-leninista, abertzale eta internazionalistak, hurrengo lerroetan Kataluinako prozesu independentistaren inguruko bere ikuspegia plazaratuko du.

“Behargin-klaseak, noski, nazio-auziaren ikuskera propioa du, nazionalismo burges atzerakoiari aurkakoa, bateraezina den ikuskera. Guk teoria nazional staliniarra dugu, oinarrizko printzipioak dira: nazio-arazoa esplotazio kapitalista suntsitzearen aldeko borrokatik banaezina da; herrien autodeterminazio eskubidea besterenezina da; nazioak, bere eskubidearen gauzatze demokratikoan, Estatu bananduan eratu daiteke, beste Estatu bati ala besteari batu daiteke, historikoki partaide den Estatuarekin federatu daiteke, eta libreki adierazitako borondate nazional honi begirunea derrigorrezkoa da; herri guztiak berdinak dira eskubideetan eta herri aurreratuenak atzeratuenei maila berera jasotzen laguntzeko eginbeharra dute; eskubideetan berdinak diren herrien batasun askea zapalkuntza nazionalaren aukera oro ezabatzen du, nazioa gizateriaren zerbitzura ipintzen du eta herrien elkarbizitza anaikorra, bizitza baketsu baten, ongizate aurrerakorreko eta benetako askatasuneko eraikuntza ziurtatzen du.”

Lletra oberta a Reis Bertal (euskaratua) – Joan Comorera, PSUCeko buruzagi historikoa

Kataluina Mendebalde garatuko, erdigune inperialistako, nazio industrializatua da, bere zati handi bat Estatu espainiarrak zapaltzen duena. Historian zehar subirautzaren alde egin dituen saiakerak errepresioaren bidez izan dira itoaraziak.

Azken urteotan, haien status politikoa aldatzeko Gobernu espainiarrak ipinitako oztopoak direla eta, “Procés” deituriko mugimenduak autodeterminazio eskubidea erreferendum baten bidez egikaritzeko prozesua abiadan ipini du. “Procés” hau burgesia-ertain nazionalistak zuzendutako eta burgesia-ttipi erradikalizatuak babestutako mugimendua da. Honen helburua Errepublika formako Estatu independentea osatzea da, baina bloke inperialista mendebaldarrean mantenduz (Europar Batasunean eta NATOn bereziki) eta kapitalismoari eta legedi burgesari erabat atxikiz.

Espainiar Gobernuak, ordea, bere Konstituzioan oinarrituz Urriak 1eko erreferenduma ilegalizatu eta kargu hautetsien aurkako errepresio judiziala abiatu zuen. Erreferendumaren egunean, Estatu osotik Polizia eta Guardia Zibila bidali zuen, erreferendumean bozkatzeko eskubidea eta aukera desobedientzia zibilaren bitartez defendatzen zuen jende xehe eta otzana, edadetuak barne, era anker eta basatian bortizkeriaz erreprimitzeko. Mosso-ek, polizia autonomikoak, gehiegikeria hauetan parte hartu ez bazuten ere, hautesleku gehien itxi zituztenak izan ziren. Honela Kataluinan ezkutuko salbuespen-egoera eta okupazioa ezarri da (Euskal Herrian jada “iraunkorra” bihurtutako egoera, bestetik. Datu esanguratsu gisa, oraindik ere biztanleko polizia eta militar gehiago daude Euskal Herrian). Hurrengo egunetan ultraeskuindar eta “inkontrolatuek”, alderdi nazionalista espainiarrek deitutako mobilizazioen aterkipean, jendea jipoitzeko izan duten inpunitatea oligarkia espainiarraren jokabide faxisten adierazle garbia izan da. Hala ere, Estatu espainiarraren, oligarkia finantzariaren eta monopolioen menpeko egituraren honen, joera antidemokratiko eta atzerakoi hauek fase inperialistako kapitalismoaren erreakziorako joeren barnean daude, demokrazia-burgesen errepresio baliabideetan kokatzen direnak. Honek, Historian zehar Estatu hau egituratzeko gerra odoltsuei eta Trantsizioan frankismoarekin haustura ezari lotuta, egungo zapalkuntza-egoera ekarri du.

Gertatutakoak argi eta garbi azaleratu du Kataluinak pairatzen duena bortizkeria bidezko anexioa dela, eta halako egoeran mobilizatutako jende andanak, azalerarazten du katalandar herriak eskubide osoa duela eskura dituen baliabide guztiak erabiltzeko autodeterminazioa praktikan ezartzeko, burgesiak egiten duena egiten duela, baita prozesua iraultzaile bihurtzeko ere, proletalgoa honen buru ipiniz eta Sozialismora bideratuz, honetarako beharrezkoa lanabesak garatuta. Inperialismoaren zapalkuntzarako joerak nazio-arazoaren larriagotzea baitakar, eta matxinada nazionalak proletalgoaren matxinadekin batzeko aukera, haren erdigunean kolonietan baino irmoagosk eta zapaltzeko zailagoak direnak, Lenin-en esanetan.

Autodeterminazio eskubidearen aurka kokatutako antikomunista eta sozialtxobinistek, nazionalismo kataluinarra borrokatzearen aitzakipean, oligarkia espainiarraren Estatua eta honen nazio zapaltzaileko nazionalismo burges atzerakoia babestu dute, nazio zapalduko nazionalismoaren osagai demokratiko eta aurrerakoia ukatuz eta hauek parekatuz, Lenin-ek salatu bezala. Eta eskubideen urraketazko egoera batean erreferenduma egiteko “bermeak” eskatzea zapalkuntza hori babestea da.

Autodeterminazio eskubidea babestea, giza-eskubideetan jasoa dagoena, eta honen erdiespenaren alde borrokatzea komunista ororen eginbeharra da, nazioen berdintasunerako, langileria internazionalismoan hezteko eta nazioarteko langileriaren elkartasun-harremanak sendotzeko oinarrizko baldintza demokratikoa baita. Honek esan nahi du kapitalismoan konponbide formala izan dezakeen auzia dela, nahiz eta konponbide osoa sistema kapitalistaren suntsipenak soilik ekar dezaken. Baina honen emaitza Estatu burujabe baten sorkuntza ala X, Y edo Z Estaturi batzea edo federatzea izan daiteke. Beraz, egoeraren azterketa zehatza egin behar da langileriaren interes politikoen arabera aukera bat ala bestea babesteko.

Hasteko, Kataluina aurrera eramaten ari den prozesua 78ko espainiar Konstituzioaren aurka (Hego Euskal Herrian orduko hautesleen %30 eta pikoko aldekoekin soilik inposatu zena), eragin zuzena du Estatu berak zapaldutako beste nazioetan, Galiza eta Euskal Herria, nazio izatea ere ukatzen zaigula azaleratzen baitu eta ondorioz geure autodeterminazio eskubidea urratu ere bai.

Prozesu hau burgesia ez-monopolista kataluinarrak zuzentzen badu ere, herri-borondatean oinarritutako Konstituzio burges bat, Errepublika formako Estatu nazional burujabe baten euskarri,  aurrerapen handia izango litzake frankismoak ezarritako 78ko Konstituzio eta Monarkiaren aurrean. Gainera Estatu espainiarraren krisia areagotu eta Kataluinako klase-borroka masen begietara argitzen lagunduko luke, nazionalismoa ahulduz.

EZetza babesteko egoera bakarra naziozgaindiko prozesu iraultzaile hipotetiko baten existentziaren aurrean burgesia kataluinarrak “bere” nazioa kapitalismoan mantentzeko ahaleginei aurre egitea izango litzake. Eta zeharo argi dago hori ez dela egungo egoera.

Beraz euskal komuniston kokapena ezin da BAIetza era irmoan babestea besterik izan, Kataluinako langileriarekin borroka- eta elkartasun-begiztak ahalik eta gehien estutuz, hau baita nazioarteko langileak batzen dituena, eta ez Estatu burgesak, eta internazionalismo proletarioa abertzaletasun sozialistarekin osatzen baita, eta ez “nihilismo nazionalarekin” edo txobinismoarekin.

Gora Nazioarteko Langileria eta Herrien Askapen Borroka!

Bake Faltsuari Gerra!

Iraulza ala hil!

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: