EUSKAL `LANGILE-AUTONOMIAREN´ GALERA   1 comment


– Nork ipini nau hemen?

Azken urteotan, Euskal Herrian ezker abertzale ofizialarekiko (sozialdemokrata eta likidazionista dena) kritiko diren gazte askoren artean oso modan jarri den ideologia dugu “langile-autonomia”, ikasle mugimenduan batez ere. Ideologia sasi-iraultzaile hau marxismoan oinarritzen dela badiote ere (haiek nahiago dute “marxiano” erabili), Marx-ekin eta Sozialismo Zientifikoarekin zerikusi gutxi duela ikusiko dugu, anarkosindikalismotik gertuago kokatuz. Honela benetako praxi komunista, abertzale eta internazionalista proletarioa garatzea ahalbidetzen duen ildo marxista-leninista militante aurreratuen artean hedatzea eta barneratzea oztopatzen du.

Mugimendu honen jatorria Italiako “autonomia operaian” kokatzen da, XX. mendeko 70eko hamarkadaren hastapenetan, 68ko Maiatzak eragin handia izan zuelarik. Honen oinarrietako bat abangoardia Alderdiaren baita antolakuntza forma ororen aurkako jarrera zen, PCI-k erreformismo eurokomunista besarkatzen zuen garaian, honen ordez indibidualismoa, talde ezberdinen arteko banaketa, berehalakotasunari gurtza eta joera burges-ttipiak sustatzen zituen “hierarkiarik gabeko asanblearismoari” helduz. Hala ere, eta uste denaren aurka, bere kide gehienak PSI-ren sozialdemokraziaren eremu soziopolitikotik zetozen, Toni Negri kasu, teoriko ezagunenetako bat. Mugimendu honek, “lanari errefusaz” eta legedi burgesari desobedientziaz gain, okupazioa eta ebasketa bultzatzen zuen desjabetze ekintza gisa, baita propaganda eta erreformismo armatua erabili, manifestazioetan ere. Honela “komunismoa hemen eta orain” eraikitzea posible zela uste zuten “desiretan” oinarritutako bizimidu alternatibo baten bidez, egiatan kapitalismoaren baitan mugitzen ziren bitartean. Beraz antolakuntza iraultzailearen, botere politikoa eskuratzeko borrokaren eta proletalgoaren diktaduraren aurka zeuden, baita sozialismoaren eraikuntza ekonomikoaren aurka ere. 70eko hamarkadaren amaieran mugimendu hau agertu zen bezala desagertu zen, Estatu burgesaren errepresio itzelari erantzun ezinean.

Euskal Herrian ere aurrekariak izan ditu mugimendu “autonomoak”, LAIA-ez alderdia (KAS Alternatibaren aurkakoa) eta Komando Autonomo Antikapitalistak talde armatuak, ENAMSIrekin arazo larriak izatera iritsi zirenak.

Baina ez pentsa egungo “autonomoak” horretara iristen direnik. Aurrera Langileria-ren hurrengo lanean, haien hizkera ultraezkertiarraren atzean errealitate materialean eman ezin diren formulak eta ikuspegi eskematiko eta metafisikoa besterik ez dagoela ikusiko dugu, hainbat puntu kardinalen azterketa bidez, materialismo dialektikoa eta historikoa oinarri: Subjektu iraultzailearen osaketa, Demokraziarekiko jarrera, Nazio-ikuspegia, Iraultzaren antolatzea, Estatuaren auzia eta Komunismoaren eraikuntza.

 

*Lan honen luzera dela eta pdf-n eskuragarri ipini da esteka HONETAN

*Debido a la longitud de este trabajo se ha puesto disponible en pdf en ESTE vínculo

 

 

 

SUBJEKTU IRAULTZAILEAREN OSAKETA

Subjektu iraultzailea potentzialki iraultzaileak diren klaseen multzoa da, egoera politiko eta ekonomikoaren arabera alda daitezkeenak. Herri langilea zehaztapenak behargin-klaseaz gain masa langile guztien multzoa barnebiltzen ditu, klase herrikoiak deitzen direnak (erdi-proletarioak, hirietako biztanleria txiroa, langabetuak, nekazariak…), herrialdearen eta garapen-mailaren arabera haien pisua desberdina izan daitekelarik.

“Egun burgesiari aurre egiten dioten klase guztietatik soilik proletalgoa da benetako klase iraultzailea. Gainontzeko klaseak gainbeheran doaz eta industria handiaren garapenarekin desagertzen doaz; proletalgoa, aldiz, bere ekoizkin bereziena da.

Klase ertainetako kideek – industrial txikia, merkatari txikia, artisaua, nekazaria –, guztiek borrokatzen dute burgesiaren aurka klase gisa beren izatea hondamenditik salbatzeko. Ez dira, beraz, iraultzaileak, kontserbadoreak baizik. Are gehiago, atzerakoiak dira, Historiaren gurpila atzera bueltatu nahi dutelako. Iraultzaileak dira bakarrik proletalgora beren berehalako iragatearen perspektiba haien aurrean duten heinean, defendatuz horrela ez beraien oraingo interesak, beren etorkizuneko interesak baizik, beren ikuspuntu propioak uzten dituzten heinean proletalgoarenak hartzeko.

Lunpenprolealgoa, gizarte zaharraren geruza beherenen usteltzearen ekoizkin pasiboa, batzuetan iraultza proletario batek mugimendura eraman dezake; hala ere, bere bizi-baldintza guztiei jarraikiz prestuagoa dago erreakziora saltzeko bere manioibrei zerbitzatzeko.”

Alderdi Komunistaren Manifestua – Marx eta Engels

“Bistakoa da halako gainirabazi erraldoi bat (kapitalistek beren herrialde “propioko” beharginei ustiatzen dietenaz gain eskuratzen dutena) behargin buruei eta langile aristokraziaren goiko geruzak erostea ahalbidetzen duela. Herrialde “aurreratuen” kapitalistek erosten dituzte, eta mila eratara egiten dute, zuzen eta zeharkakoak, irekiak eta ezkutuak.

Behargin burgestuen edota “langile aristokraziaren” geruza hau, euren bizi eragatik, euren ordainsarien kopuruagatik eta euren pentsamoldeagatik guztiz burges-ttipia dena, II. Nazioartekoaren sostengu nagusia osatzen du eta gaur egun, burgesiaren euskarri sozial (ez militar) nagusia da. Hauek baitira behargin-mugimenduaren baitan burgesiaren benetako eragileak, klase kapitalistaren behargin ordezkariak,  erreformismoaren eta txobinismoaren benetako eramaileak direlako. Proletalgoaren eta burgesiaren arteko guda zibilean ezinbestean, kopuru ez gaitzesgarrian, burgesiaren alde ipintzen dira, “versailles”en alde “komuneroen” aurka.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena – Lenin

“Autonomoek” kapitalismo garatuan subjektu hau soilik proletalgoak osatzen duela diote, langile aristokraziaren eta burgesia osoaren aurka, kapitalismoak berak klase ertainak beste forma batean birsortzen dituela ikusi gabe edo nolabait “kapitalismo puruko” egoera posible balitz bezala aurreko sistema klasisten garapenaren aztarnarik gabe. Haien ultraezkerkeriari jarraiki, kontraesan antagonikoak ez-antagonikoetatik desberdintzea galarazten diena, proletalgoaren aliantza klase herrikoiekin baztertzen dute, iraultza egingarria izateko ezinbestekoa dena, herri langilearen zehaztapena “interklasista” gisa mespretxatuz. Haientzat langileriaren etsai nagusia burgesia-ttipia baita eta ez oligarkia…

“Bestalde, proletalgoa iraultzailea da burgesiaren aurrean, industria handiaren oinarrian sortu izanagatik ekoizpenari bere izaera kapitalista kentzeko asmoa duelako, burgesiak iraunarazi nahi duena. Baina Manifestuak gehitzen du “geruza ertainak… iraultzaileak bihurtzen direla beren berehalako iragatea proletalgora haien aurrean dutenean”.

Ondorioz, ikuspuntu honetatik, zentzugabekoa da baita ere esatea behargin-klasearen aurrean “masa atzerakoi bat besterik osatzen ez dutela”, burgesiarekin batera eta jaun feudalekin ere.”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Baina, proletalgo honetan ez dute industriala soilik sartzen (ez baita hau soilik proletalgoa osatzen duena, nahiz eta bereizgarriena izan), baizik eta egiatan klase herrikoien parte diren hainbat geruza ere (gizartearen %90 diotenez), honen baitan sartuz lan-indarra esplotatzen duen burgesia-ttipia baina gehiagotan bihurtzeko nahiko irabazirik ez duena (!). Izango ote du “autonomo” hauen hitzezko ultraezkerkeriak zerikusirik kapitalismopean jarduera ekonomiko autonomo gisa ezagutzen denarekin? Hum…

“Iraultza sozialista Europan ezin da zapaldu eta kontentagaitz guztien masa-borrokaren eztanda baino beste ezer izan. Hartan ezinbestean burgesia-ttipiaren eta behargin atzeratuen zatiek hartuko dute parte – parte hartze hau gabe ez da masa-borroka posible, ez da ezein iraultza posible -, mugimenduari haien aurreiritziak, haien ameskeria atzerakoiak, haien ahuleziak eta haien akatsak emango dituztenak ezinbestean ere. Baina objetiboki  kapitala erasotuko dute, eta iraultzaren abangoardia kontzienteak, proletalgo aurreratua, jite eta ahots desberdinetako masa-borrokaren egia objetibo hau adieraziz, nahasia eta itxuraz zatikatua, batu eta zuzendu ahalko du, Boterea hartu, bankuez jabetu, guztiek gorrotaturiko trust-ak (baina arrazoi esberdinengandik!) desjabetu, eta beste diktadura-neurriak ezarri, oro har burgesiaren uzkailtzea eta sozialismoaren garaipena osatzen dutenak, berehala zabor burges-ttipiez “garbitu” ahal izango ez duen garaipena, ezta gutxiago ere.”

Autodeterminazioaren inguruko eztabaidaren balantzea – Lenin

Noski edozein aliantzan proletalgoak klase burujabe gisa jokatu behar du, kapitalismo inperialistaren suntsipenean interes handiena duen klasea baita, eta ondorioz iraultzaileena. Honetarako, langileriak bere lanabes propioa behar du, mota berriko Alderdia, Alderdi Komunista, Sozialismoa ezartzearen bere interes Historikoen alde borrokatzeko eta herri langile osoa Iraultzan gidatzeko Estatu Nagusia.

“Autonomo-berriek” antolakuntza arloan Alderdi komunistaren alde daudela diote, kontraesanean dagoena ideologia “autonomoarekin” (abangoardiaren eta zentralismo demokratikoaren aurkakoa) eta dioten gainontzeko guztiarekin. Hau konpontzeko, oraindik alderdi hau sortzeko baldintzak ez daudela diote eta ondorioz bai “autonomiak” proposatutako ekinbidea jarraitu behar dela.

Beraz, arlo ezberdinetan berehalako beharrei aurre egiteko antolatzea sustatzen dute (“elkartasun-sarea” deitzen duten antolakunde sindikalak direnak), borroka partzial hauetatik heltze puntu batera iristerakoan mekanikoki mugimendu iraultzailea sortzen dela irudiztatuz. Borroka molde hauek soilik ekoizpen-harreman kapitalisten baitan lan indarra era onuragarriago batean saltzea, kontsumo-kooperatiben bidez beharrizanak asetzeko ekoizkinen prezioak jaistea edota zapalkuntza-era espezifikoei aurre egitea bilatzen dute. Hau kapitalismoaren baitan beharginek lor dezaketen kontzientzia mailaren adierazgarri da, klase zapaltzaileen gainegitura ideologikoaren ondorioz baita ekoizpen-harreman burgesen erreprodukzioak alienazio hau indartzen duelako.

“Esan nahi al du honek behargin-klaseak kapitalaren usurpatzeen aurka defendatzea baztertu behar duela eta bere egoera denboraldi batez hobetzeko aurkezten zaizkion aukera guztiez baliotzeko bere ahaleginetan amore eman? Hau egingo balu salbazio posiblerik gabeko zoritxarreko eta hautsitako gizakien masa uniforme batera beheratuko litzake. Uste dut erakutsi dudala behargin-klasearen borrokak soldaten mailagatik soldatapeko lanaren sistema osotik banaezinak diren gertaerak direla, kasuen %99an beren ahaleginak soldatak igoarazteko ez direla lanaren balio jakin bat mantentzera zuzendutako ahaleginak besterik, eta kapitalistarekin borrokatzeko beharra bere salneurriaren inguruan beharginaren egoerari lotuta dagoela, bere burua merkantzia gisa saltzera behartzen duena. Kapitalarekin beren eguneroko gatazketan koldarki etsiko balute, beren burua deskalifikatu zuketen neurri handiagoko mugimenduei ekiteko.”

Soldata, salneurria eta irabazia – Marx

Ez da masa langileen antolakuntza sindikal hau zilegia ez denik, edo teorizistek diotenaren arabera bultzatu behar ez denik hortik abiatuz lan iraultzailea egin ahal izateko. Kontua da mugimendu iraultzailea ez dela mugimendu espontaneotik eratortzen, “autonomoek” dioten gisan, baizik eta honetarako langileek kontzienteki sortu behar dute. Baina kontzientzia hau ez da langile izatearen kontzientzia soila, berezkoa edo sindikala, kontzientzia iraultzailea edo berekikoa Sozialismo Zientifikoaren ikasketaren ondorioz bereganatzen dena da. Eta kontzientzia iraultzaile hau ez da sindikalaren maila jasotzearen ondorio soila, beste mota batekoa baizik.

“Hasiera batean baldintza ekonomikoek herrialdeko masa langileetan bihurtu zuten. Kapitalaren menperatzeak masa honetan egoera komun bat, interes komunak sortu ditu. Honela, masa hau jada klase bat da kapitalaren aurrean, baina oraindik ez berekiko. Borrokan, zeinaren fase batzuk azpimarratu ditugun, masa hau elkartzen da, berekiko klasean eratuz. Defendatzen dituen interesak klase-interesak izatera iristen dira. Baina klasea klasearen aurkako borroka, borroka politikoa da.” 

Ideologia germaniarra – Marx

Ondorioz ideologia burges oro gainditzen duen mundu-ikuskera hau behargin- eta herri-mugimendura “kanpotik” sartu behar zaio, sektore intelektualen bitartez. Honek abangoardiako koadroen Alderdiaren eta militante teorikoen beharra mahaigaineratzen du.

“Eta sozialismo zientifikoa, mugimendu proletarioaren adierazpen teorikoa, baldintza historikoak eta horrekin ekintza horren (iraultza proletarioaren) izaera bera ikertzera deitutakoa da, iraultza egitera deitutako klaseari, klase zapalduari, bere ekintza propioaren baldintzen eta izaeraren kontzientzia sarraraziz.”

Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora – Engels

Kontzientzia iraultzailea berehalako mugimendutik “kanpo” garatzeak ez du esan nahi ezinbestean klasetik kanpo garatu behar denik. Egia da orokorrean beharginek ez dituztela baliabideak beren kabuz hau garatzeko, ezinezkoa bihurtzen duena kapitalismopean klase osoa maila honetara jasotzea, eta historikoki klase burges-ttipietan eman dela hau (honek dakarren arriskuekin). Baina azken hamarkadetako kapitalismoaren beharrek, hala nola nazioarteko lanaren banaketaren areagotzeak erdigune inperialista eta kanpoaldearen artean, heziketa intelektuala jasotzen duen proletalgoaren kopurua handitu du, bereizte honekin hautsiz eta egiteko hau gero eta gehiago langileriaren baitan emanez.

“Teoria iraultzailerik gabe, ez dago mugimendu iraultzailerik”

Zer egin? – Lenin

“Teoriak arrazoi izateari uzten dio praktika iraultzaileari lotuta ez dagoenean, praktika itsua den era berean teoria iraultzaileak bere bidea argitzen ez badu.”

Leninismoaren oinarriak – Stalin

Teoria iraultzailea garatzeko, ordea, beharrezko da egoera ekonomiko eta politikoaren, aurretiko praxi sozialaren eta mugimendu iraultzaileen azterketa bera. Hau da, hain zuzen ere, Sozialismoa Zientifikoa teoria utopiko edota erreformista burges guztietatik bereizten duena, ez baitu ezer asmatzen, baizik eta egitura klasisten garapen lege objektiboen ezagutze zientifikoaren ondorioz komunismoa halabeharrezko gauzapenezko helburu gisa aurreikusten du, iraultzaren bidez lortu beharrekoa.

Honek ez du esan nahi, “autonomoek” ikusten duten eran, militante hauek masekin loturarik ez duten intelektualak direnik, eta hau hala ez izateko haien egiteko nagusia berehalako mugimenduan erreferente bihurtzen saiatzea izan behar denik (nahiz eta izan daitekeen) edo masei haien kontzientzia-maila ezagutu gabe zuzentzea, ezta bestelako klaseen mugimenduen atzetik joatea ere. Mugimendu iraultzailea Sozialismo Zientifikoa garatzen duten zirkulu teorikoak masa langileekin batzen direnean sortzen da, Alderdi Komunista eratuz, praxi iraultzailea aurrera eramatea ahalbidetzen diona. Hau lortzeko abangoardia marxista-leninistak langileriaren abangoardia naturala, bere konpromezu eta borrokarako grina dela eta jada langileriarekin lotura estuak dituena, irabazi, honen sinesgarritasuna eskuratu beharra du. Era berean Alderdiaren egitekoa da mugimendu iraultzailearen kontzientzia jasotzea eta militanteen heziketaz arduratzea.

“Soldatapeko lanerako baldintzarik onuragarriena kapital ekoizlearen gehikuntzarik azkarrena dela esatea, soilik esan nahi du behargin-klaseak etsaiaren boterea, berau menperatzen duen aberastasuna, zenbat eta azkarrago handitzen eta gehitzen duen, hainbat eta hobeagoak izango direla aberastasun burgesa areagotzerako, kapitalaren boterearen gehikuntzarako, lan egiteko baldintzak, burgesiak atoian herrestan berau eramateko erabiltzen dituen urrezko kateak berak forjatzeaz pozik.”

Soldatapeko lana eta kapitala – Marx

Komunisten egiteko nagusia berehalako mugimenduan ez da herri langilearen bizimodua hobetzea hala ere, hau langile aristokraziak edota burgesiak behar duenean hobeto egin baitezake. Egiteko nagusia kapitalismoak irabaziak handitzeko ezartzen dituen etengabeko neurrigabekeriei aurre egiteko mugimendu partziala luzera porrotera kondenatuta dagoela azaleraraztea da, eta hauekin zinez amaitzeko era bakarra errotiko aldaketa bat dela. Aldaketa hau mugimendu iraultzaileak soilik lor dezakeela azpimarratu beharra dago, borroka hauetan sortutako suminez betetako langileak antolakuntza eta praxi jasoago bat duen mugimendu horren parte izatera adoretuz.

“Aldi berean, eta soldatapeko lanaren sistemak berekin daraman esklabutza orokorra erabat alde batera utziz ere, behargin-klaseak ez ditu eguneroko borroka hauen amaierako emaitza bere begietara puztu behar. Ez du ahaztu behar ondorioen aurka borrokatzen duela, baina ez ondorio hauen iturburuen aurka; egiten duena beherako mugimendua eusten duela, baina ez bere norabidea aldatu; aringarriak ipintzen dituela, baina ez duela gaixotasuna sendatzen. Ez da, beraz, kapitalaren etengabeko neurrigabekeriek edo merkatuaren gorabeherek eragindako borroka gerrillari honetara erabat eman behar. Ulertu behar du egungo sistemak, bere gain botatzen dituen zoritxar gutziekin ere, gizartearen berreraikuntza ekonomikorako beharrezkoak diren  baldintza materialak eta forma sozialak sortzen dituela aldi berean. «Soldata justua lanegun justu batengatik!» lelo kontserbadorearen ordez, bere banderan kontsigna iraultzaile hau idatzi beharko du: «Soldatapeko lanaren sistemaren deuseztatzea!»”

Soldata, salneurria eta irabazia – Marx

 “Autonomoek”, aitzitik, langileek kontzientzia iraultzailea “ekoizpen-harreman komunistak” praktikan jarriz, “okupazioaren” bitartez, bereganatzen dutela uste dute, Kapitalari aurre egin beharrean honen ekoizpen-prozesutik at “elkartasunean” oinarritutako bizimodu batera ihes eginez (hau `Komunismoaren eraikuntza´atalean sakonago aztertuko dugu). Okupazioak betekizun interesgarria izan dezake kapitalismopean oinarrizko bizibeharrak asetzeko ekimen gisa, baina subjektu iraultzailearen osaketara bideratuz betiere.

Gainera, nahiz eta teorikoki esan kapitalismo garatuan subjektu iraultzailea proletalgoa dela soilik, praktikan ez diote honi zentralitatea ematen (are gutxiago industrialari), herri langilearen geruza txirotuenei baizik, krisi kapitalistaren ondorioz hedatutakoak, batzuetan lunpenproletalgoan kokatzen direnak (paperik gabeko etorkinak, elbarrituak, prostitutak, etxegabeak…), haientzat “proletalgoa” gizartean gehien sufritzen duen klasea baita. Honela posmodernismoak hedatutako “subjektu anitzen” ekimen banatzaile eta endekatuarekin bat egiten dute.

Honekin adostasunean, langileriaren masa zabalak dauden sindikatu erreformista edo atzerakoietan lan egiteari uko egiten diote, sindikatu hauek langile aristokraziaren menpe daudenaren aitzakipean. Beste behin haien sektakeria ipintzen da agerian, buruzagitza sozialdemokratak ezin baitu komunisten lana galarazi bere askapen-borrokara masa langileak erakartzeko, ekintza-batasunaren bitartez zein den zinez borrokatzen duena erakutsiz. Honela haien “elkartasun-saretik” kanpoko herri langilearen sektore ezberdinekin elkarlana arbuiatzen dute, hauetatik isolatuz.

“Sindikatu atzerakoietan ez ekitea nahikoa ez garatutako edo atzeratutako masa langileak buruzagi atzerakoien, burgesiaren agenteen, langile aristokraziaren edo “burgestutako beharginen” eraginpean abandonatzea da.”

Ezkerkeriaren haur-gaixotasuna komunismoan – Lenin

Alderdiaren ildoa jarraitzen duten antolakunde sindikal iraultzaileen sorkuntza, klase-elkartasuna sustatuz Kapitalaren aurkako borroka partzial guztiak eta hauen erakundeak (sindikatuak, kooperatibak, emakumeenak, antifaxistak, borrokarako talde iraultzaileak, ikasleenak…) zuzentzeko bere militanteen eraginaz, ez dago kontraesanean oportunismoa nagusi den antolakundeetako masa langileekin lan egitearekin. Honen helburua ez da buruzagi erreformistak “berreztea”, langileria hauen eraginagatik aldendu eta eta aldarrikapen ekonomikoak aldarrikapen politikoekin lotzea baizik, eduki iraultzaileaz hornitzea, masa-borrokaren bitartez herri langilearen batasuna praktikan ezartzeko bidean. Atentzio berezia merezi dute ugaritu diren aldi baterako lanetako beharginak (asko langileriaren belaunaldi berrietako gazteak izanik), sindikatzeko joera eta batzuetan aukera ere galtzen joan direnak. Baita langabetuek ere, erreserbako ejertzito industrial gisa duten paper erabakigarriagatik soldaten neurrian eta Kapitalaren metaketan.

Honetarako komunistek masa langileen ideia eta aldarrikapenak hartu behar dituzte, baina kontuan izanda hauek oso desitxuratuak daudela ideologia burgesaren eraginez. Beraz Sozialismo Zientifikoaren argitara egindako azterketa beharrezkoa da berriro langileei kontsigna iraultzaile zuzen gisa aurkezteko. Abangoardia ere hezi behar da eta masetatik ikasi beharra dauka, noski, baina irakasleak ikasleetatik ikasten duen eran.

“Alderdia, edozeren aurretik, behargin-klasearen abangoardia-destakamendua izan behar du. Alderdiak bere lerroetara behargin-klasearen ale onenak erantsi behar ditu, beren esperientzia, beren grina iraultzailea, proletalgoaren kausari beren eraspen mugagabea asimilatu. Baina, benetako abangoardia destakamendua izateko, Alderdia teoria iraultzaile batez egon behar du hornitua, mugimenduaren legeen ezagutzaz, iraultzaren legeen ezagutzaz. Bestela, ezin du proletalgoaren borroka zuzendu, ezin du proletalgoa bere atzetik eraman. Alderdia ezin da benetako alderdia izan behargin-klasearen masak sentitzen eta pentsatzen duena erregistratzera sinpleki mugatzen bada, honen mugimendu espontaneoaren gibelera arrastan badoa, ez badaki mugimendu espontaneoaren inertzia eta axolagabekeria garaitzen, ez badaki proletalgoaren unean uneko interesen gainetik ipintzen, ez badaki masak proletalgoaren klase-interesen ulermenera jasotzen.”

Leninismoaren oinarriak – Stalin

Sindikalgintza jorratzeko “automoen” era anarkoide honek proletalgoa botere politikoa lortzeko borrokaz aldentzen du. Proletalgoaren funtsezko egitekoa kapitalismoaren ezabapenean eta gizarte komunistaren lorpenean, Kapital-Lana kontraesanean kokapen iraultzaileena izatetik datorkio, ekoizpen-baliabideen gabeziaren ondorioz bere lan-indarra saltzera behartuta dagoelako bizirauteko, proletario gisa bere burua erreproduzitzeko, klase esplotatzaileen nahiera zapaldua egoten jarraitzeko. Beraz bere interes Historikoa egoera hau gainditzeko, ezeztapenaren ezeztapenaz kapitalismoa eta aurreko zapalkuntza klasista guztiak suntsitzeko eta komunismoa eraikitzeko, da gizateria osoa askapenera eramateko egiteko gidaria ematen diona, eta ez sektore jakin batzuen apetak gizarte burgesaren kanpoaldean (baina ez kanpo) bizimodu alternatibo bat eraikitzeko.

Mugimendu iraultzailearen egituraketaren arloan ere, nahiz eta esan bezala hitzez Alderdi komunistaren beharra onartu, ez dute honen gidaritza-papera onartzen, mugimenduaren beste parte soil bat bilakatuz, “autonomia” dutenak batzuek besteekiko. Beraz “elkartasun-sareko” edozein kide honetan sartzen dute, iraultzaile profesionalen Alderdia “elitistatzat” joz. Honak boltxebikeetatik baino mentxebikeetatik gertuago kokatzen ditu (sozialdemokrata petoak zirenak) masa-erakundeetako edozein aldekori militante maila ematen ziotenak. Nola egin orduan Alderdiaren militanteen eta momentu bakoitzean honen borrokekin bat egiten duten aldekoen artean bereizteko, Alderdia abangoardiako klase destakamendua izaten jarrai dezan eta ez dadin masa langileen artean diluitu? Alderdiko kidea honen ataletako batean lan ilegala egiten duen militantea da, ordena burgesa suntsitzera bideratutakoa.

“Nahiz eta beren kanpo-desberdintasuna, behargin-klasearen azken bi geruza hauek eremu gutxi-gorabehera komuna osatzen dute, orokorrean oportunismoa elikatzen duena: ageriko oportunismoa, langile aristokraziaren joerak nagusi direnean, eta “ezkerreko” esaldiez estalitako oportunismoa, oraindik eremu burges-ttipiarekin erabat moztu ez duten behargin-klasearen geruza erdi-burges-ttipien geruen joerak nagusi direnean. Joera “ultraezkertiarrek” oso maiz ageriko oportunismoaren joerekin bat egiteak ez dauka ezer harritzekorik. Lenin-ek behin baino gehiagotan esan zuen aurkaritza “ultraezkertiarra” aurkaritza eskuindar, mentxebike, agerian oportunistaren binperra dela. Eta hori oso egiazkoa da. “Ultraezkerkeriak” iraultza defendatzen badu soilik bere garaipena bihar bertan espero duelako, argi dago iraultzaz etsipenean erori eta itxaropena galdu behar duela hau atzeratzen bada, bihar bertan garaitzen ez badu.”

Beste behin desbideratze sozialdemokratari buruz gure alderdian – Stalin

Era berean, alderdi honen baitan ez dute ildo monolitikoaren aldeko borroka ideologiko eta politikoa babesten, honen baitako taldeen izatea baimenduz. Ikuspegi honek praktikan Alderdi Komunista abangoardia izateari uztea dakar, frakzioetan banatuta egonik desbideratze antimarxisten aurkako borroka galarazten baita hauek “ildo” bihurtu baino lehen. Preseski ildo monolitikoaren aldeko borrokak ahalbidetzen du barne-kontraesanak gainditzea kritika eta autokritikaren bitartez eta Alderdia batasun gisa funtzionatzen jarrraitzea.

“Zentzuzkoa da klase-borrokaren garapenaren biraketa bakoitzean, borrokaren areagotze eta zailtasunen handitze bakoitzean, proletalgoaren geruza ezberdinen iritzi, ohitura eta gogo desberdintasunak Alderdian desadostasun jakin batzuen forman nabaritzea; eta burgesiaren eta bere ideologiaren presioak desadostasun horiek areagotzen ditu halabeharrez, Alderdi proletarioaren baitako borroka forman aterabidea emanez. Hura da Alderdiaren baitako kontraesan eta desadostasunen jatorria. (…)

Posiblea al da kontraesan eta desadostasun horiek saihestea? Ez, ezin da. Sahiestuak izan daitezkeela pentsatzea norbere burua engainatzea izango litzake. Engels-ek arrazoia zeukan esatean ezinezkoa dela denbora luzez Alderdiaren baitako kontraesanak ezkutatzea, kontraesan horiek borrokaren bidez konpontzen direla.

Horrek ez du esan nahi Alderdia eztabaida-klub batean bihurtu behar denik. Alderantziz. Alderdi proletarioa proletalgoaren erakunde borrokalaria izaneta izaten jarraitu behar du. Bakarrik esan nahi dut ezinezkoa dela Alderdiaren baitako desadostasunei jaramonik ez egitea eta haien aurrean begiak ixtea printzipiozko desadostasunak badira. Bakarrik esan nahi dut soilik printzipio marxistetan oinarritutako ildo baten aldeko borrokaren bitartez Alderdi proletarioa burgesiaren presio eta eraginaz babestu ahal izango dela.

Bakarrik esan nahi dut soilik bere barne-kontraesanak gaindituz posible dela Alderdia onbideratu eta indartzea.”

Beste behin desbideratze sozialdemokratari buruz gure alderdian – Stalin

Dialektika materialistari jarraiki, aurkakoen legea kontuan hartuta, nola lor daiteke Alderdi leninistaren sendotzea mantentzea eta endekapenean ez erortzea? Alderdiaren baitan ematen da gizartean ematen den klase-borroka beraren isla, hots, kanpo borroka baten barne agerpena: berrikuspentasuna, mugimendu iraultzailerako eta Sozialismoaren eraikuntzarako beharrezkoa den teoria marxista-leninistaren maneiua, interes burgesetara moldatzeko. Honek etengabeko heziketa ideologikoa eskatzen du Alderdiaren kideen partez, ekinbide praktikoaren berriztapena momentuko beharren arabera, eta edozein unean klase-etsaien aurka kolpatzeko prestatuak egotea.

“Alderdia elementu oportunistak egotziz indartzen da. Alderdi barneko taldetxokeria hori oportunismoa dela eta sortzen da. Proletalgoa ez da klase itxi bat. Kapitalismoaren garpenak proletariotu dituen jatorri burges-ttipi, nekazari edota intelektualdun elementuak proletalgora etengabe batzen dira. Eta era berean, langileriaren “goi-erpinean”, kapitalismoak kolonietatik lortu dituen gain-irabazien papurrez asetako mota guztietako funtzionario sindikalak eta parlamentariak daudelarik, desegituratze prozesu bat ematen da.”

Leninismoaren oinarriak- Stalin

Guzti hau lotuta dago iraultza eta borroka politikoa planteatzeko orduan duten ikuspegiarekin.

“Iraultza soziala ulergarria dela pentsatzea nazio txikien matxinadarik gabe kolonietan eta Europan, burgesia-ttipiaren zati baten eztanda iraultzailerik gabe, bere aurreiritzi guztiekin, lurjabe-, apaiz-, monarkia-, nazio- eta abar. zapalkuntzaren aurkako  masa proletario eta erdi-proletario kontzientziagabeen mugimendua gabe; horrela pentsatzea iraultza sozialaz arnegatzea da. Dirudienez pentatzen da toki batean ejertzito bat osatzen dela eta esaten duela: “sozialismoaren alde gaude”; beste toki batean beste ejertzito bat osatzen da eta aldarrikatzen du: “inperialismoaren alde gaude”, eta hau izango da iraultza soziala! Halako ikuspuntu irrigarri eta txirriporroan oinarrituz bakarrik laidotu daiteke matxinada irlandarra “putsch” izendatuz.

Iraultza sozial “purua” itxaroten duenak ez du inoiz ikusiko. Hitzezko iraultzailea izango da, benetako iraultza ulertzen ez duena.”

Autodeterminazioaren inguruko eztabaidaren balantzea – Lenin

 

DEMOKRAZIAREKIKO JARRERA

Demokraziak herriaren boterea esan nahi du. Hala ere, honen edukia ezin da ekoizpen-modutik at ulertu. Kapitalismopean, demokrazia-burgesa honen klase-diktaduraren menperakuntza-forma bat da, nahiz eta “demokrazia puru” gisa aurkeztu. Honetan burgesiak biztanleria legearen aurrean berdintzen du “hiritartasunaren” izenean klaseen izatea ezkutatuz eta botere banaketaren bidez Estatu “neutroaren” ideia zabaltzen du, bere menperatzea mozorrotzeko amarru gisa. Honen ondorioz “neo-autonomoek” hainbesteko herra diote, beste behin ultraezkerkerian erortzen direla demokraziaren aldeko borroka oro baztertuz.

“Estatu burgesek era askotariko formak dituzte, baina beren muina bera da: Estatu guzti hauek, bere forma edozein izanda ere, azken finean, era saihestezinean burgesiaren diktadura dira.”

Estatua eta Iraultza –  Lenin

Demokrazia-burgesa, Estatu burgesa bloke zapaltzailea osatzen duten geruza burges guztiez politikoki kudeatua izan daitekeenean da, herri langilearen alienazioan oinarritzen delarik hauek jasotzen duten sostengua, beraien arteko tirabirak konpontzeko. Alienazio hau Kapitalak ekoizpen-baliabideen jabetza izatean eta bere klase-diktadura indartzeko propaganda-bideen erabileran oinarritzen da.

 “Klase zapaldua –proletalgoa gure kasuan- berau askatzeko heldua ez dagon arte, bere gehiengoak egungo ordena soziala posible bakar gisa onartzen du, eta politikoki klase kapitalistaren isatsa osatzen du, bere ezker-muturra. (…) Sufragio unibertsala, era honetan, behargin-klasearen heldutasunaren adierazlea da. Ezin du eta ez da inoiz gehiagora iritsiko egungo gauzen egoeran, baina hau nahikoa da.”

Familiaren, jabetza pribatuaren eta Estatuaren jatorria – F. Engels

Honek ez du inondik inora errepresioaren erabilera zokoratzen, Estatu burgesak arazorik gabe erabiliko duena herri langilearen gaineko alienazioan eta bloke zapaltzaileko egonkortasunean eragiten ez duen bitartean, hala bere mugen barnean nola kanpoan.

Hala ere, oso ezberdina da parlamentuen egitekoa kapitalismoaren garai pre-monopolistan, monopolista(inperialista)rekin alderatuta.

Kapitalismo gorakorreko garaian demokrazia gainegitura feudal absolutisten aurka burgesiaren aldarria izan bazen ere, honekiko benetako aurrerapausu historikoa izanez non alderdi burgesak burgesia beraren talde ezberdinen adierazpenak ziren (Estatu burgeseko gobernua lortuta beren onurarako ildo politikoa eta aldaketa administratiboak ezarriko zutenak), gogoratu beharra dago hasieran nazio zapaltzaileetako gizon jabedunentzak zela soilik (kolonietan menperatze militarra emanez, XX.mendera arte emakumeek inon bozkatu ezin izan zutelarik eta hainbat herrialdeetan sufragio zentsitarioa luzez egonik, diru-sarreren arabera botuak gehiago ala gutxiago balio izanez), eta proletalgoaren borroka izan zela sufragio unibertsala lortu zuena, baita eskubide asko legeztatu ere. Parlamentuko eta erreforma legalen aldeko borrokak paper oso garrantzitsua izan zuen honetan.

“Burgesiaren menperatzea antolatzen zen instituzio estatalek, behargin-klaseari instituzio bera hauen aurka borrokatzeko aukera berriak eskaintzen zizkiotela ikusi zen. (…) Eta honela eman zen burgesiak eta Gobernuak behargin-alderdiaren jokabide legalari jokabide ilegalari baino askoz beldur gehiago izatea,(…)”

Frantzian 1848tik 1850ra klase-borrokei sarrera – Engels

Baina kapitalismoa bere endekapenezko azken fase inperialistara igaro zenean, (Estatu burgesaren burokrazia eta militarizazioa ikaragarri hazi zenean, Kapital bankaria Kapital industrialarekin batu, hots, bankuak ekoizpen prozesu osoaren jabe izatera igarotzen direnean Kapital monopolista edo finantzaria emanez, non kapitalismoaren kontraesan guztiak areagotzen diren) “askatasunaren izenean” bere menperakuntza ezartzeko burgesiaren joera hau apalduz joan zen, maila guztietan erreakzio politikorako joeraz ordeztua izanik.

“Inperialismoa kapital finantzariaren eta monopolioen garaia da, leku guztietan menperatze-, eta ez askatasun-, joera dakartenak. Joera horren emaitza erreakzioa da guztiz…”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena –  Lenin

Honela, honek eragindako errepresioa, militarizazioa, gizarte-kontrola, eskubideen murriztea… areagotzen joango dira inperialismoaren endekatzea eta kontraesanak areagotzen diren heinean, bere menperatze-forma edozein izanda ere.

Kapital monopolistak botere politikoa eskuratu zuen bloke zapaltzaileko gainontzeko burgesia ez-monopolistaren geruzak azpiratuz. Aldi berean, langile aristokraziaren handitzeak bloke zapaltzailean sartu eta bere ideologia sozialdemokrata burgesia inperialistaren ezkerreko eskua bilakatzea ekarri zuen. Estatuko kapitalismo monopolista bidez gizarte burgeseko alor guztietan sartu eta agintzen du, aipatzekoak izanda epaileak, konstituzioetatik gaineko goi-karguko burokratak. Parlamentuen legegintza-ahalmen erreala ikaragarri murriztu zen honen ondorioz.

Beraz, demokrazia-burgesaren fase gorenaz hitz egin daiteke, kapitalismoarenarekin batera doana.

Hau da burgesia inperialistaren menperatze forma gogokoena, eremu burgeseko kontraesanak nolabait lasaitzen direlako faxismoarekin alderatuta, eta geruza zapaltzaile guztiek bat egiten dutelako behargin-klasea zapaltzerako eta ordena burgesa zaintzeko orduan.

Honela “demokrazian” klase sozial guztien ekintza politikoa baimendua eta eskubideak errespetatuak direnaren ideia zabaltzen dute, hau soilik burgesiaren bloke zapaltzailera mugatzen dela ikusi gabe (eta fase inperialistan Kapital monopolistak zehaztutako mugen barnean). Hots, proletalgoak ezingo du inoiz bere egitasmo burujabe eta askatzailea aurrera eraman diktadura burgesaren errepresioa jasan gabe, behargin kontzienteak odoletan itotzea eta herriak ikararen bidez menperatzea burgesiak errespetatzen duen lege bakarra baita.

Garai honetan ere menperakuntza-forma faxistaren agerpena dugu, zeinetan Kapital monopolistak, krisi politikoaren ondorioz, Estatu burgesaren kudeaketan bloke zapaltzaileko gainontzeko geruza guztiak baztertzen dituen, bere erabateko kontrol politikoa ezarriz.

Menperatze-forma honetan ikara eta indarra dira herri langilea ordena burgesa onar dezan erabiltzen den funtsezko tresna.

Krisi politikoa, orokorrean herri langilearen gain bloke zapaltzaileak duen zilegitasuna galdu eta batez ere, langileriak kapitalismoaren aurka aurrera eramandako klase-borroka kontzienteagatik ematen da. Horregatik gehienetan sarraski krudelekin batera ematen da, honetarako bere interesak zaintzen dituzten ideologia txobinistetaz baliaturik, gehienbat burgesia-ttipian (baina baita ere lunpenproletalgoan eta behargin klasearen ale atzeratuenetan) oinarrituz, hau da, masa-mugimendu atzerakoi bat erabiliz. Ideologia hauek kutsu korporatibista dute, Kapital monopolistaren nahia gizarte osoaren nahia gisa saltzen dutenak.

Ordena burgesa zaintzeko “azken orduko balaztada” gisa izendatu daiteke.

“Faxismoa boterean, kapital finantzariaren ale atzerakoienen, txobinistenen eta inperialistenen diktadura ikaratzaile irekia (…) da. (…)Faxismoaren igoera boterera ez da gobernu burges baten aldaketa soila, baizik eta burgesiaren klase-menperatzearen estatu-forma baten ordezkatzea – demokrazia-burgesa – beste batengatik, diktadura ikaratzaile irekiarengatik.”

Faxismoaren oldarraldia eta Nazioartekoaren egitekoak behargin-klasearen batasunaren aldeko borrokan faxismoaren aurka  – G. Dimitrov

Diktadura burgesaren bi menderatze-forma hauen arteko harremana, garai jakin bateko gizarte klasistako fenomenoa izanik, ezin da erabateko aurkakotasunekoa izan. Badira hauen arteko mailak, bai norabide batean zein bestean. Diktadura kapitalistaren menperatze-forma batetik bestera igarotzera beti du helburu oligarkiaren (Kapital monopolista herrialde garatuetan, bloke inperialistako burgesia hegemonikoa neokolonietan) boterea mantentzea. Lortzen duen ala ez, beste klaseen egoera, proletalgoaren antolakuntza, gainontzeko bloke inperialisten babesa/aurkaritza, aurrera eramandako politika eta abar. erabakiko dute. Beraz erabaki politikoa da, egungo garai inperialistako parametroetan kokatzen dena.

Egungo garaia kapitalismo inperialistaren nagusitasunak mundu osoan zehar zehazten du, oligarkia finantzariaren nagusitasuna dena. Honek sistema esplotatzailearen kontraesanak larriagotzera darama: Lanaren eta Kapitalaren arteko, proletalgoaren eta burgesiaren arteko kontraesana; potentzia inperialisten arteko, monopolio beraien arteko kontraesana lehengaiak ustiatzeko, Kapital esportazioak egiteko eta merkatuak ziurtatzeko, jada banatutako eragin-eremuen birbanatze batera darama, gerraren bidez; nazio garatuen eta menpeko nazioen arteko, nazio zapaltzaileen eta kolonien eta nazio zapalduen arteko kontraesana. Honela garai inperialista Iraultza Sozialisten garaia ere bihurtzen da, honen zapalkuntzarekin zinez amaitzeko era bakarra.

“Iraultza proletarioaren aldeko batek kapitalistekin edo klase kapitalistarekin konpromezuak kontzertatu ditzake?… Zinez bistako zentzugabekeria izango litzake orokorrean ezetzarekin erantzutea galdera hau. Argi da iraultza proletarioaren aldeko batek konpromezuak edo akordioak hitzartu ditzakela kapitalistekin. Dena zein akordio eta zein balditzetan hitzartzen denaren araberakoa da. Honetan eta soilik honetan bilatu daiteke eta bilatu behar da, iraultza proletarioaren ikuspuntutik, akordio zilegiaren eta akordio entregista eta traidorearen (ikuspuntu beratik) artean.

Ondorioa bistakoa da: hain zentzugabea da bidelapurrekin akordio eta konpromezu orori uko egitea, bidelapurreria ekintza batean konplizitatea justifikatzea bezala, orokorrean batzuetan bidelapurrekin akordioak onargarriak eta beharrezkoak diren tesi abstraktutik abiatuz.

Benetan iraultzailea den alderdi baten eginbeharra ez da konpromezu orori ukatze ezinezko bat aldarrikatzea, baizik eta konpromezu guztien bitartez –ekidinezinak direnean- fidelki bere printzipioak, bere klasearekin, bere misio iraultzailea, iraultzan garaitzeko herri-masak heztearen eta iraultza prestatzearen bere egintza betetzen jakitea.”

Konpromezuen inguruan – Lenin

Gogoratu beharra dago inperialismoaren baitako potentzia monopolisten arteko talkak honen ezaugarri direla, kapitalismoaren garapen aldakorraren legeari jarraiki gainbeheran dauden potentzia zaharren eta garatzen diren potentzia berrien artekoak, aliantza eta bloke inperialisten sorkuntzara daramana. Hala ere, honek ez du esan nahi iraultzaileak hauen arteko kontraesanetaz baliatu behar ez direnik, baina inolaz ere hauei menperatu.

“Baina, edozein kasutan, indar iraultzaileen eta Estatu sozialisten etsaien artean dauden kontraesanen hautemate eta aprobetxamendua, kontraesan hauen eta beraien larriagotze mailaren azterketa marxista-leninista zehatz baten emaitza dira, aldi edo une jakin bateko indar-korrelazioarenak, kontraesan hauek zein bidetik, zein forman eta zein baliabidez izango diren esplotatuak zehazteko. Printzipioen araberakoa da kontraesanak beti iraultzaren onurarako, herrien eta haien askatasunaren onurarako, sozialismoaren kausaren onurarako aprobetxatuak izatea. Etsaien lerroetan existitzen diren kontraesanen erabipenak mugimendu iraultzailea eta askapenekoa haztera eta sendotzera bideratu behar du, eta ez ahultzera eta kikiltzea eragitera, etsaien aurkako borrokan indar iraultzaileen gero eta mugiarazte aktiboagora bideratu behar du, batez ere nagusien aurka, herriek haienganako ilusioak sortzea galaraziz.”

Inperialismoa eta iraultza – Hoxha

Inperialismoaren kontraesanen larriagotzearen ondoriozko erreakziorako joerak honek berebiziko garrantzia ematen dio demokraziaren aldeko borrokari, hala nola kontrairaultza prebentiboaren doktrinen, “terrorismoaren aurkako” legedien, faxismoari bidea errazteko neurrien eta abarren aurkako borrokari. Komunistek baliabide legalak egoerak uzten duen bezainbeste erabili behar dituzte (bereziki masa-erakundeen inguruan, lan publikoa eskatzen dutenak) eta hauek ahal dena zabaltzeko borrokatu, burgesiaren baitako kontraesanak erabiliz baita ere eskubideen aldeko borrokan. Hau ez da soilik demokrazia-burgesan egin behar, baizik eta faxismopean ere, egoera zailagoa izan arren.

“Demokraziaren esanahiaren ulertezintasunaren froga da. Sozialismoa ezinezkoa da demokraziarik gabe bi zentzutan: (1) proletalgoak ezin du iraultza sozialista aurrera eraman ez bada horretarako demokraziaren aldeko borrokaren bitartez prestatzen; (2) sozialismo garaileak ezin du bere garaipena finkatu eta gizateria Estatuaren desagertzera eraman demokrazia osoa burutu gabe. Horregatik, autodeterminazioa sozialismoan soberan dagoela esatea, demokrazia soberan dago sozialismoan esatea bezain zentzugabea da eta nahaspila indargabe bera dakar.”

Marxismoaren karikaturaren eta “ekonomismo inperialistaren” inguruan – Lenin

“Autonomoek”, aldiz, ez dituzte inperialismoak eragindako aldaketa hauek aintzat hartzen ere (berez fase inperialista bera ere ukatzen dute Marx-ek hau aztertzeko abagunerik izan ez zuelako nahiz eta bere lanetan honen zantzuak jaso) eskubide demokratiko eta politikoen aldeko borroka oro errefusatuz (nazio-auzian garrantzia handia izango duena ikusiko dugunez), hauek lortzeko Fronteak “erreformistak” edota “burgesiari azpiratzea” gisa izendatuz.

“Borroka nazionala, matxinada nazionala eta banatze nazionala erabat “gauzagarriak” dira eta zinez ikusten dira inperialismoan; are gehiago, areagotzen dira ere, inperialismoak ez baitu kapitalismoaren garapena ez biztanleriaren masan joera demokratikoen haztea gelditzen, baizik eta joera demokratiko horien eta trust-en joera antidemokratikoaren arteko aurkakotasuna larriagotzen du.”

Marxismoaren karikaturaren eta “ekonomismo inperialistaren” inguruan – Lenin

Honela prozesu iraultzailean amaierako edo erdibideko helburuak lortzeko estrategia orokorrago baten baitako beharrezko helburu eta fase taktikoak, aldatuz joan daitezkeenak ere egoeraren arabera edota lortu ahala, mespretzatxen dituzte “etapismo” deitaraziz eta haien ohiko ultraezkerkeriaz hauek lortzeko bitartekoak alboratuz.

Iraultza Sozialista bere fase ezberdinetan aurrera eramateko herri langilearen batzea, behargin-klasearen eta honen Alderdi gidariaren inguruan, Fronteen bidez egiten da. Baina Alderdia ez da inoiz diluitzen programa politiko jakin batzuen gain eraikitako Herri-Fronte hauetan, baizik eta beti bere burujabetza organikoa eta politikoa mantentzen du. Honetarako aliantza-politika zuzena izan beharko du, klase-borrokaren dialektika ongi ezagutuz, masa langileen artean indarra handitzeko.

“Askapenerako eta iraultzailea den mugimenduaren garapenaren egungo baldintzetan, prozesu korapilatsua eta oinarri sozial zabala duen heinean, zeinetan klase- eta indar politiko asko hartzen duten parte, proletalgoaren alderdi iraultzaileak sarritan beste alderdi eta erakunde politikoekin elkarlanaren eta fronte komunen arazoarekin topatzen da iraultzaren fase batean edo bestean, auzi batzuk edo besteetarako, interes komunekoak. Arazo honekin lotuta, printzipioen kokapen zuzen eta aldi berean bizkorra, oportunismo eta sektarismo orotik urrun, haraindiko garrantziakoa da masak iraultza eta askapen-borrokan irabazi, prestatu eta mugiarazteko. Alderdi marxista-leninista ez da eta ezin du izan hasiera batean beste alderdi eta indar politikoekin elkarlan edo fronte komunen aurkari, hau iraultzaren kausaren interesek eskatzen eta egoerak ezartzen duenean. Baina inoiz ez du hau ikusten buruen koalizio eta berez helburu gisa, baizik eta masak batu eta borrokara bultzatzeko bitarteko gisa. Garrantzitsua da fronte komun horietan alderdi proletarioak une batez ere proletalgoaren klase interesak, bere borrokaren azken xedea, bistatik ez galtzea, frontean ez diluitzea, baizik eta bere banakotasun ideologikoa eta bere burujabetza politikoa, antolatzailea eta militarrari eustea, eta frontean bere gidari-papera eta honetan politika iraultzaile bat ezartzea ziurtatzeko borrokatzea.”

Inperialismoa eta iraultza – Hoxha

Era berean, “marxianoen” ultraezkerkeriari leial, legalitatearen erabilera oro errefusatzen dute (lan ilegalaren sostengu izatea barne) instituzio burgesekin harreman oro “Estatuarekin elkarlana” delakoan.

Hala ere, ez da ahaztu behar funtsezko lan iraultzailea ilegala dela komunistontzat, ordena burgesa zaintzeko den legedia hausten duena. Hau, komuniston egitekoa diktadura burgesa suntsitzea (bere menperatze formaren arabera ezberdintasun taktikoak egongo direlarik) izatetik ondorioztatzen da, honen baitako legedia, klase zapaltzailearen egoera iraunarazteko Estatu burgesaren hertsadura aparatua, soilik ezagutu beharreko klase-borrokaren beste alor bat bihurtzen delarik. Hau bortizkeriaren bidez soilik lor daitekeenez, borroka-euskarriak sortu beharko dira ekintza iraultzaileak aurrera eramateko. Ondorioz, Alderdiak bere kideen ekinbidea aurrera eraman ahal izateko, segurtasunerako, beharrezko ezagutzak, teknologia eta baliabide fisikoak eskaini beharko ditu. Beraz lan legala honetara azpiratuta dago, lan klandestinoa garaipenerako berme hoberena baita, burgesiaren talka-indarrak proletalgoari eta bere abangoardiari eragiten dizkion kalte handien aurrean.

Ondorioz militante komunisten egiteko nagusia ez da instituzio burgesei zuzendutakoa, botere berriaren egituraketara zuzendutakoa baizik, botere burgesarekin aurkakotasunean egongo dena garapen-maila jakin batera iristerakoan hau suntsitu eta ordezkatzeko helburuaz. Honetarako batzarrean oinarritutako klase herrikoien masa-antolakundeen sustapena beharrezkoa da, Kapitalaren diktaduraren aurkako herri-boterea indartzeari begira, masa-borrokaren bidez botere berriari oinarria emango diotenak, instituzio burgesen eta hauteskunde-mekanika partizipazio-formen gainetik lehentasuna emanez eta herriaren eskubidea onartuko dutenak bere lorpenen aurkako eraso bortitzetatik defendatzeko. Baina estrategia iraultzailearen baitan kokatu beharko dira antolakunde hauek ideologia burgesean ez erortzeko edota burgesia-ttipiak desbiderarazi ez ditzan.

Azken finean, marxista-leninistok ez ditugu “demokrazia” (abstraktuan) eta faxismoa kontrajarri behar, baizik eta, menderatze-forma bakoitzean beharreko aldaketa taktikoak ezarriz, Proletalgoaren Diktadura (demokrazia proletalgoarentzat, diktadura esplotatzaileentzat) diktadura burgesara, estrategikoa den Estatu burgesaren suntsipena eta Sozialismoa eraikitzearen helburua argi izanez.

Baina hain handia da “autonomoen” hauen herra demokraziari, soilik merkantzia-erregimenarekin lotzera eramaten diela, demokrazia sozialista, proletalgoaren diktaduraren ezarpen gisa, eta Estatu sozialista beraren beharra ere ukatzera iritsiz, anarkismoan eroriz berriro ere.

“Gorago ikusi dugun bezala, behargin iraultzarako lehen pausua proletalgoa klase menperatzaile gisa jasotzea da, demokraziaren konkista.

 (…) Laburbilduz,komunistek toki guztietan existitzen den erregimen sozial eta politikoaren aurkako mugimendu iraultzaile oro babesten dute.

(…) Hitz batez, komunistek toki guztietan herrialde guztietako alderdi demokratikoen batasun eta adostasunaren alde lan egite dute.”

Alderdi Komunistaren Manifestua – Marx eta Engels

 

NAZIO-IKUSPEGIA

“Gure autonomo-berriek” egiten duten Euskal Herriaren zapalkuntzaren aitortzak izaera lotsakorra du, ez baitute honek osatutako klase-borrokaren marko autonomo nazionala aintzat hartzen. Hau egiten duten azterketa a-nazionaletan argiro ikusi daiteke, hasiera batean Euskal Herria antolakuntza-eremu gisa ezarri arren (Hegoaldea behintzat). Honek dirudi lezakeena baino zergati sakonagoa du.

Euskal Herriak osatzen duen klase-borrokarako, eta hala izanik iraultzarako, marko autonomo nazionala, nazioartekoa den fenomeno baten, klase-borrokaren, agerpenak nazio honetan hartzen duen berariazko forma da (batez ere borroka politiko eta iraultzailekoak), zinez antolakuntza-formak ezartzeko orduan honetara moldatu beharreko auzia bilakatuz.

“Burkideok! Nazioartekotasun proletarioak “aklimatatu” beharra du, honela esatearren, herrialde bakoitzean eta sustrai sakonak bota bere jaiotze-lurran. Klase-borroka proletarioak hartzen dituen molde nazionalak, behargin-mugimendua herrialde bakoitzean, ez dago nazioartekotasun proletarioarekin kontraesanean, baizik eta, alderantziz, preseski molde horiei jarraiki da proletalgoaren nazioarteko interesak arrakastaz defendatu daitezken era baita ere.”

Faxismoaren oldarraldia eta Nazioartekoaren egitekoak behargin-klasearen batasunaren aldeko borrokan faxismoaren aurka  – G. Dimitrov

Euskal Herria, mendebalde inperialistan kokatutako nazio da, bi Estatu burgesen artean banatua (espainiarra eta frantsesa) eta egitura administratibo bat baino gehiagotan. Estatu hauek Europar Batasunaren egitura inperialistako eta NATO erakunde politiko-militarreko kide dira. Bere hizkuntza euskara da, nahiz eta hizkuntza gutxitua izan eta hizkuntza eramaileak gaztelera (Hegoaldean) eta frantsesa (Iparraldean) izan. Zazpi lurralde historiko hartzen ditu: Araba, Bizkaia, Gipuzkoa, Nafarroa Garaia (Hegoaldean), Lapurdi, Nafarroa Behera eta Zuberoa (Iparraldean). Bere baitan ekoizpen-harremanak eta ekoizpen-indarrak, Lana eta Kapitala, sortzen eta birsortzen diren eremua da, hots, klase-borroka ematen den eremua da.

“Nazio bat; hizkuntza-komunitatearen, lurralde-komunitatearen, bizitza ekonomikoaren komunitatearen eta kultura-komunitatean islatzen den psikologia komunitatearen oinarrian sortzen eta historikoki osatzen den giza komunitate egonkor bat da.
Honez gain, nazioak, beste edozein gertaera historikoren antzera aldaketaren legearen menpean dagoenez, bere historia dauka, jaiotza eta bukaera dauzka.”

Marxismoa eta nazio-auzia – Stalin

Euskal Herriaren garapen historikoaren ondorioz, nazio beraren parte izatea eragin duen, Iparraldearen eta Hegoaldearen arteko lotura ekonomikoa ahula da, Estatu zentralista espainiar eta frantziarrek (hau bereziki) garatutako barne-merkatu nazionalek eragin oso nabarmena dutelarik honen azpiegitura ekonomikoan, kapitalismo monopolistak dakarren kontzentrazioak areagotzen duena. Baina ezin da, “ekonomismo inperialistan” erori gabe, bigarren maila batean ipini klase-borrokaren forma nazionalak, gainegiturazko faktoreak eta borroka politikoaren molde zehatzak.

Gainera, kapitalismo gorakorreko nazioen osatzean barne-merkatuak maila ekonomikoan nolabaiteko independentzia suposatzen bazuen ere batzuek besteekiko, fase inperialistan, mundu-mailako ekonomien integrazio progresiboaren ondorioz jada ezin da hau honela ulertu, nazio guztietako ekonomiak besteekin erlazionatuak baitaude, menpekotasunezko harremanen bitartez. Fase honen bereizgarri den Kapitalen esportazioak Nazioarteko Lanaren Banaketaren fenomenoa sakondu du, merkatu nazionalen garrantzia txikituz hainbat herrialdeetan banatutako merkatuen aurrean.

Honek eragina izan du gainegiturazko mailan ere. Europar Batasunaren sorkuntza bultzatu zuena, adibidez, bazeuden Estatu “nazionalez” gaindiko Kapital monopolistaren beharra izan zen, baliabide naturalen, ekoizpen-baliabideen, teknikarien eta eskulanaren kontrol eta planifikaziorako. Estatu kideen baitako merkantzien eta eskulanaren iragatea baimentzen duen legislazioaren bidez, ekonomiak integratzen joan ziren arau eta lege monopolisten bidez. Honek jauzi handia eman zuen moneta bakarra, euroa, ezartzerakoan, subiranotasun ekonomikoa ECBren eskuetan utziz, IMF gisako Kapital finantzari kosmopolitaren erakundeen zuzendaritzapean. EBren baitan, eta hierarkia inperialistari jarraiki, badaude botere gehiago duten Estatuak eta nolabait kanpoaldea osatzen dutenak, zeinak aurrekoei irabaziak emateko ekonomiak sustatzen diren (nahiz eta herrialde neokolonialetara zuzendutakoa basatiagoa izan).

Egiatan “neo-autonomoen” ikuspegi honen atzean dagoena ikuspegi anti-nazionala da. Nazioak garatzeko baldintzak kapitalismoak ezartzen dituenez (merkantzia-sarearen ehuntzeaz), haien ultraezkerkeria murriztzaileari jarraiki, nazioek soilik izaera burgesa dutela diote.

“Bere formagatik, baina ez edukiagatik, proletalgoaren kanpaina burgesiaren aurka nazionala izaten hasten da. (…) Beharginek ez dute aberririk. Ezin zaie kendu ez dutena. Baina, proletalgoak lehenik Botere politikoa erdiestsi behar duenez, klase nazionalaren egoerara altxa, nazioan eratu, bistakoa da zentzu nazionala ere baduela , baina inola ere ez zentzu burgesean.”

Alderdi Komunistaren Manifestua – Marx eta Engels

Haien arabera ondorioz mugimendu nazionala estrategia iraultzailetik at kokatu beharko litzake, “benetako” iraultza estaltzen duelakoan.

“Sakonki antimarxista da edozein arazoari buruzko, nazionala barne, kokapen iraultzaile kontsekuente batekin erlazionatuz iraultza sozialistaren kontsigna “estali” daitekeenaren ideia.”

Autodeterminazioaren inguruko eztabaidaren balantzea – Lenin

Logika maltzur hau jarraituta ikusten dugu nazioen autodeterminazio eskubidearen aurka daudela (luxemburgismoaren pare), bai nazio burgesa delako baita eskubide demokratikoak iraultzan “etapismoa” direlako eta sozialismoan “soberan” daudelako. Gainera, “ekonomismo inperialistaren” ildotik, kapitalismoaren hedatzea mundu osoan zehar independentzia ekonomikoa ezinezkoa bihurtu duenez, honen gauzapena “ezinezkoa” litzake.

“Horregatik, autodeterminazioa sozialismoan soberan dagoela esatea, demokrazia soberan dago sozialismoan esatea bezain zentzugabea da eta nahaspila indargabe bera dakar.”

Marxismoaren karikaturaren eta “ekonomismo inperialistaren” inguruan – Lenin

Autodeterminazio eskubidea babestea eta honen erdiespenaren alde borrokatzea komunista ororen eginbeharra da, nazioen berdintasunerako, langileria internazionalismoan hezteko eta nazioarteko langileriaren elkartasun-harremanak sendotzeko oinarrizko baldintza demokratikoa baita. Honek esan nahi du kapitalismoan konponbide formala izan dezakeen auzia dela, nahiz eta konponbide osoa sistema kapitalistaren suntsipenak soilik ekar dezaken. Baina honen emaitza Estatu burujabe baten sorkuntza ala X, Y edo Z Estaturi batzea edo federatzea izan daiteke. Beraz, egoeraren azterketa zehatza egin behar da langileriaren interes politikoen arabera aukera bat ala bestea babesteko.

Autodeterminazio eskubidearen aldeko borroka ukatzeko baliatzen duten beste aitzakia bat da, euskal burgesia eroso dagoenez Estatu zapaltzaileetan, ez dagoela zapalkuntza nazionalik, hau soilik langileriak jasanez (Bujarin-en “langileentzako autodeterminazioaren” ildotik). Gainera, ez dute oligarkia espainiarra eta frantzesa aipatu ere giten, Euskal Herriko zapaluntza nazionalaren eta autodeterminazio eskubidearen urraketaren klase arduradun nagusi gisa, “burgesia estatalaren” atzean ezkutatuz.

“Burgesia-handi europarrak, gainontzeko burgesiek bezala, beren klase- eta nazio-interesen artean aukeratu behar dutenean azken hauek alde batera uzteko joera azaltzen dute. Horregatik komunistek beti borrokatu izan duten interes nazionalen alde, hauek iraultzarekin eta sozialismoarekin estuki lotuz.”

Eurokomunismoa antikomunismoa da – Hoxha

Kapitalismoaren fase gorakorreko garaian Euskal Herriak Estatu nazional propioa sortu ez bazuen ere, kapitalismoaren endekatze-fase inperialistan ez da honetarako aukera ezinezko bihurtzen, aitzitik, autodeterminazio eskubidea praktikan jartzen duten mugimendu nazional iraultzaileak sor daitezke. Euskal burgesiak ez du honetarako interesik Estatu burgesek egitura inperialistan eskaintzen dioten kokapenarekin eroso baitago, baina horrek ez du esan nahi langileria mugimendu nazionalaren buruan ipini ezin daitekeenik, honen izaera aldatuz:

“Lehen burgesiak nazioaren burutzat zuen bere burua, nazioaren eskubideak eta independentzia defendatzen zituen, eta “edozeren gainetik” ipintzen zituen. Orain ez dago “printzipio nazionalaren” aztarnarik ere. Orain burgesiak nazioen eskubideak eta independentzia dolarren truke saltzen ditu. Independentzia nazionalaren eta subiranotasun nazionalaren bandera pikutara bidalia izan da. Ez dago dudarik zuoi dagokizuela, Alderdi Komunista eta demokratikoen ordezkarioi, bandera hori altxatzea eta aurrera eramatea, zuen herrialdeko abertzaleak izan nahi baduzue, nazioaren indar gidaria bihurtu nahi baduzue. Ezin du beste inork egin.”

Stalin-en azken hitzaldia, 1952

Euskal Herri Langileak mugimendu iraultzaileari Nazio-Askapeneko forma emateak ez du esan nahi burgesiarekin aliantzarik bilatu behar denik honetarako, euskal burgesia bloke zapaltzailearen parte baita eta eroso baitago inperialismoak eskaintzen dion kokapenarekin (herrialde kolonialetan bai bilatu daiteke hau, burgesiaren zati batek (nazionala) inperialismoak ezartzen dion menpeko kokapenetik askatzeko interesak izan baititzake, nahiz eta honekiko adostasunera eta erreformarako joera izan).

“Ikuspuntu teorikotik erabat okerra izango litzake guda oro politikaren jarraipena beste bitarteko batzuen bidez besterik ez dela ahaztea. Egungo gerrate inperialista potentzia handien bi multzoen politika inperialistaren jarraipena da, eta politika hori garai inperialistako harreman-multzoaz sortua eta elikatua da. Baina garai bera honek era saihestezinean sortu eta elikatu behar ditu, baita ere, zapalkuntza nazionalaren aurkako borroka-politika eta proletalgoaren burgesiaren aurkako borroka-politika, eta horregatik, aukera eta saihestezintasuna, lehenik eta behin, matxinada eta gerra nazional iraultzaileenak; bigarrenik, burgesiaren aurkako proletalgoaren gerra eta matxinadak; hirugarrenik, bi gerra iraultzaile moten bat-egitea, eta abar.”

Iraultza proletarioaren programa militarra – Lenin

Noski, Euskal Herri Langilea subjektu iraultzaile gisa ukatzen dute. Industrialki garatutako nazio zapaldu batean Euskal Herri Langilea subjektu iraultzaile gisa zehaztu zenean, burgesia-ttipia honen baitan sartzen zela esan zen. Faxismopean zuzena izan bazitekeen ere, fase inperialistako demokrazia-burgeseko egoerapean, non hainbat geruza politikoki oligarkia finantzariaren inguruan eraikitako bloke zapaltzailean integratzen diren, klase hau ezin daiteke bere osotasunean sartu.

Baina, nahiz eta ez sartu osotasunean klase herrikoien barnean, burgesia-ttipiak Euskal Herrian duen hedapen eta eragin politikoaren ondorioz, eta kapitalismo inperialistan Iraultza Sozialistak guda zibilaren forma hartzen duela kontuan hartuta, honekiko aliantzak ezartzea beharrezkoa izango da askotariko motako Fronteen bitartez.

Alderdi Komunista langileria mugimendu iraultzailearen buruan ipintzeko eta honi klase-helburuen argitara gidatzeko ezinbesteko tresna da. Beraz mugimendu iraultzailearen izaera Askapen Nazionalaren aldeko borrokaren forman egituratzen bada, Alderdi honek antolakuntza-eremu nazionala izan beharko du, bakarra Iparralde eta Hegoalderako, behargin-klasearen gidaritza Euskal Herri Langilearen buruan ziurtatzeko Mugimendu Nazionalean. Zapalkuntza nazionalari behin betiko konponbide bakar gisa euskal Estatu Sozialistaren eraikuntza alboratzeak (hau `Estatuaren auzia´atalean sakonago aztertuko dugu) mesfidantza besterik ez bailuke sortuko herri langilearen baitan, historikoki froga daitekeenez. Hots, nazio askapena baztertuko lukeen estrategiak potentzialtasun iraultzaile guzti hau hondatuko luke.

Beraz “autonomoek” kontzientzia nazionala burgestzat jotzen dute, hots, nazionalismotzat. Orduan honen indarpena, abertzaletasuna hedatzea, ez litzake kontzientzia iraultzailearen indarpena izango, borrokatu beharreko zerbait baizik. Honela euskal naziotasunaren defentsa eta desnazionalizazio politika inperialisten aurkako borroka baztertzen dute, gehienez “nazionalistez” betetako herri batean haien diskurtsoa egokitzera behartuz. Zeresanik ez nazio zapalduko nazionalismoaren osagai demokratiko eta aurrerakoia ukatzen dutela honekin aliantza oro baztertuz.

Kulturak ere kontzientzia politiko iraultzailearen formetan du eragina. Euskal Herria gisako zapalkuntza egoeran dagoen industrialki garatutako nazio kultu batean herri langileak kontzientzia nazionala bereganatzeak garrantzia handia dauka inperialismoa borrokatzeari begira, Europako erdigunean izanik ere. Hots, abertzalea izatearen esanahia bereganatzeak.

Mugimendu iraultzaileak kapitalismoaren eta gizarte klasistaren gainditzerako beharrezkoa den Sozialismo Zientifikoaren ezagutzak zabaldu eta ulertaraztearen ardura du herriaren baitan. Honek ideologia burgesaren adierazpena den nazionalismo mota oro borrokatzera behartzen du (euskalduna barne), bereziki oligarkia finantzariaren gainegituraren aldekoa dena (espainolista eta frantximant), langileriaren internazionalismoaren eta aurrerapen sozialaren alde egiten duen benetako abertzaletasuna defendatuz. Beraz Euskal Herrian kontzientzia sozialistaz gain kontzientzia nazionala hedatu eta indartu behar da, Estatu burgesen gainegiturak sortutako ideologia azpiratzailearen alienazioaren aurka, kontzientzia politikoa, boterearen eskurapenera bideratutakoa, sistema kapitalistaren mugetatik ateratzeko gai ez den kontzientzia ekonomikotik ordeztuz. Euskal Herriko Alderdi komunistaren egitekoa izango da kontzientzia-forma goren honen zabalpenaz arduratzea.

Mugimendu nazionalaren parte sentitzen ez diren Euskal Herri Langilearen sektoreen aurrean kontzientzia iraultzailea indartu behar da, hauek prozesu eta estrategia iraultzailean integratuz, aldi berean burgesia monopolistaren inguruan bildutako bloke zapaltzaileak bere ordena onartzeko erabiltzen dituen oportunismoaren aldeko erakundeak borrokatuz.

Euskal Herriko kultura herrikoi eta nazionalean euskarak duen papera ere kontuan hartu behar da honen zapalkuntza ezabatzeko beharrezko tresnak eraikitzerako orduan, iraultzak honen eskubideak, gainontzeko herriekiko berdintasuna eta bere garapena bermatzeko. Honen konponbidea soilik herrialde osoaren berreuskalduntzeak ziurtatuko luke, Proletalgoaren Diktaduran oinarritutako politika baten bidez euskara nazioaren hizkuntza eramailea bihurtuz eta berau erabiltzeko aukera ziurtatuz, nazioarteko langileriaren ikuspuntu anitzak kontuan hartuz jada Euskal Herrian ezarpena duten beste hizkuntzak mantenduz. Honetarako prozesu iraultzaileak bere dinamikan euskararen erabilera eta sustapena txertatu beharko ditu.

Honek herrialdearen birbateratzearen erronka azaleratzen du: bi Estatuetan banatua, arazoaren konponbide betea proletalgoa klase nazionalera jaso eta Euskal Herri osoan Estatu Sozialista burujabearen egiturak eraikiz soilik lor baitaiteke. Gainera, Iparraldeko industrializazio urriak, bere nazio-garapena Hegoaldearekin batasunean soilik lortu ahal izatera behartzen du. Beraz, bi zonaldeak ezin dira dauden Estatuen araberako estrategia ezberdinekin borrokatu, baizik eta estrategia bakar eta unitarioa behar da, taktikak eta etapak koordinatuz, toki bakoitzean behargin-klasearen egoera kontuan hartuta.

“Gure autonomoek” Euskal Herriak jasaten duen okupazio militar-polizialaren egoera gutxiesten dute, haien estrategia ezartzeko orduan guztiz alboratuz. Baina salbuespen-egoera honek borroka moldeen erabilera baldintzatzen du guztiz, iraultzak boterea lortzeko erabili beharreko baliabideak zehaztuz, edozein klase edo herri zapalduk bere askapena lortzeko eskura dituen bitarteko eta borroka-molde guztiak erabiltzeko eskubidea eta beharra duela kontuan izanda.

Hots, aurrerapen sozialarentzat oztopoa bilakatu diren klase zapaltzaileen egiturak suntsitzeko eta Sozialismoaren eraikuntzari ekin ahal izateko bortizkeria iraultzailearen erabilera eskubide besterenezina da eta askapena lortzeko ezinbestezko lanabesa. Bortizkeriari bortizkeriaz ez erantzuteak zapalkuntza iraingarri eta jasanezinago bati bidea irekitzen dio, zinez zapaltzaileek edozein zoru etikoz barre egiten baitute eta egiturazko bortizkeriaren bitartez honen espiralaren sortzaileak baitira. Estatu eta ejertzito burgesei arma gabe aurre egin nahi izatea ez da eraginkorra hauek garaitzeko eta ondorioz zapalkuntza iraunarazteko besterik ez du balio. Bestelako ekinbideek beren eragina izan dezakete, baina egiteko honetan antolakuntza eta konfrontazio armatua izango da determinantea.

Beraz borroka armatuaren erabilera beharrezkoa izango du zinez eraldaketa iraultzaileak aurrera eraman nahi dituen edozein mugimenduk, klase-borrokaren forma gorena dena (klase-etsaiaren ezabapen fisikoa den heinean). Honetarako erakundeak hasierako gerrilla-motako talde txiki eta bananduetatik, hauek bizkarrezurtzat izango duten armada egonkorrera pasa beharko dira, betiere masa-borrokaren lotura ahalik eta handiena ezarriz, Estatu burgesen uzkailtzea eta Botere Iraultzailea ezartzea helburu.

Herri-armada hau behar bezala kontrolatua egon beharko da ordezkatu behar dituen sektore sozialengatik. Horregatik Euskal Herri Langilearen zerbitzurako botere politiko-militarraren sorkuntza beharrezkoa izango da, askapen nazional eta sozialaren alde egingo duena euskal Estatu sozialistaren bidean eta gainontzeko herriekin eta nazioarteko langileriarekin bere elkartasunezko egitekorako prest egongo dena.

Haiek, “autonomo-berriek”, mugimendu nazionalen izaera iraultzailea soilik kolonietan hartzen dute ontzat. Euskal Herriaren egoera koloniala ez denez, hau defendatzea “etapismoa” litzake. Arrazoiketa honen emaitza logikoa da esatea ez direla independentistak (“independientziaz” mintzo direnean “langileena kapitalismoarekiko” esan nahi dute), are gehiago euskal Estatu Sozialistaren beharra defendatzen ez dutenean.

“Kolonien eta herri europarren arteko ezberdintasun ekonomikoa zen –azken hauen gehiengoa, behintzat- lehen koloniak merkantzien trukatzera, baina ez oraindik ekoizpen kapitalistara bultzatuak zirela. Inperialismoak egoera hau aldatu du. Inperialismoa, beste gauzen artean, kapitalaren esportazioa da. Ekoizpen kapitalista azkartasun handiz kolonietara lekualdatzen da. Ezinezkoa da hauek europar kapital finantzariarekiko menpekotasunaz ateratzea. Ikuspuntu militarretik, hedapenaren ikuspuntutik bezala, kolonien banatzea gauzagarria da, arau orokor gisa, soilik sozialismoarekin; kapitalismoarekin, banaketa hori salbuespen gisa edo bai kolonietan eta bai metropolietan iraultza eta matxinada multzo baten bidez da gauzagarria. (…) Baina Europako egoeran, era guztietako mugimendu iraultzaileek –nazionalak hartuta- posibleagoak, gauzagarriagoak, irmoagoak, kontzienteagoak eta zapaltzeko zailagoak dira kolonietan baino.”

Autodeterminazioaren inguruko eztabaidaren balantzea – Lenin

Nazio-Askapeneko estrategiak, praktikak ere frogatu duena herrialde honetan Iraultza aurrera eramateko indarrak askatzeko gai dena eta Euskal Herri Langilearen geruza zabal eta borrokalarienen sentipen sakona dena, Euskal Herri osoan Estatu burgesen porrota beharrezkoa du, hauen izatea gako bihurtuz. Horregatik etorkizunera begirako bere bideragarritasunak hauen suntsipen osoa beharrezkoa izango du, baita nazioarteko langileriaren interesek hala eskatzen dutelako, hauen menpeko langileria eta herriekin borroka-begiztak ahalik eta gehien estutuz, herri gisako behar espezifikoei konponbide osoa emateko beharrezkoa den antolakuntza-burujabetza mantenduz. Setio inperialistaren egitekoa ere ezin da ahantzi, are gehiago Estatu espainiar eta frantziarrak NATOko kide izanik.

NATOk inperialismo mendebaldarraren Kapital esportazioak eta interesak mundu osoan zehar indarrez zaindu, gerrate inter-inperialistarako prestatu, harrapaketa-gerrak gauzatu eta mundu osoko (bereziki beren aginte-eremupeko langileriarena) Sozialismoaren aldeko borroka zapaltzea helburu du. Baina badu beste helburu nagusi bat, AEBk mendebaldeko gainontzeko potentziak bere mendera ipintzea. Honela, bere kide diren Estatu guztietan oligarkia yanki-sionistak bere mertzenario hiltzaileak barreiatzen ditu, haien politikaren aurka doan edozein arriskuren aurka xantaia militar gisa darabiltena. Beraz edozein “subiranotasun” motaz hitz egiten baldintza hauetan txantxa kaxkarra da.

Hots, hauetako batean Iraultza ematen bada edo benetako arriskua badago esku sartzea eramango du aurrera. Beraz langileriaren Sozialismoaren aldeko borrokaren egituratzea Estatuen mugetatik haratago hedatu beharko da, Nazioarteko berri baten ardura izango dena.

Esan bezala, “gure autonomoek” nazioa burgestzat dute. Baina ez hori bakarrik, komunismoaren fase gorenera heltzerakoan nazioak kategoria ekonomiko gisa desagertuko direnez (baina ez komunitate kulturalak) herrien arteko batasun askean elkartuz, honetaraino iristeko iragate-aldi osoan zehar, Sozialismoan zehar, nazioen izatea ukatzen dute. Honela, nazio bakoitzaren behar espezifikoei erantzuna emateko, haien garapena bermatzeko eta eskubideak errespetatzeko beharrezko tresnak baztertzen dituzte, gure kasuan euskal Estatu sozialistaren beharra, euskalduna, Estatua eta sozialista izateagatik.

“Aniztasun bera agertuko da gizateriak egin behar duen bidean egungo inperialismotik biharko iraultza sozialistara. Nazio guztiak iritsiko dira sozialismora, hori saihestezina da, baina ez dute era berean egingo; haietako bakoitzak bere osagai bereziak ekarriko dizkio demokraziaren forma bati edo besteari, proletalgoaren diktaduraren aldaera bati edo besteari, bizitza sozialaren alderdi anitzen eraldaketa sozialisten abiadura bati edo besteari. Ez dago ezer zikoitzagorik zentzu teorikoan edo irrigarriagorik zentzu praktikoan, “materialismo historikoaren izenean”, eremu honetan etorkizuna kolore grisaxka uniforme batez margotua irudikatzea baino: hori ez litzake zirrimarra bat besterik izango. (…) Zeren, egia esan, ez dakigu eta ezin dugu jakin zenbat nazio zapalduk beharko duten praktikan banatzea demokraziaren formen eta sozialismorako iragatearen formen aniztasunari beren oboloa emateko.”

Marxismoaren karikaturaren eta “ekonomismo inperialistaren” inguruan – Lenin

Hau materialismo dialektikoaren ikuspegiaren aurka dago erabat, zeinak Sozialismoaren aldia nazioen eta kulturaren loraldiko aldi gisa zehazten duen. Beraz nazioen autodeterminazio eskubidea errespetatuz hauen berariazko beharren araberako Estatu Sozialistak eraikitzea da era zuzenena, praxi iraultzaileak eta esperientzia historikoak erakutsi duenez, nazioarteko proletalgoaren Boterea eta Mundu Sozialistaren sendotasuna areagotzeko eta setio inperialista ahultzeko bidean (komunismoan ere desagertuko direnak).

Sozialismoaren eraikuntzaren oinarri materiala nazioak eta herriak direnez, hauetako bakoitzean aurreko sistema klasistetan izandako garapenak, aurreko formazio ekonomiko-sozialen egituraren elementuen maila ezberdinak, historiak, kulturak… beren partikularitate propioa osatzen dutenak, honen bidean eragina izango dute. Baina Sozialismoaren edukia berdina izango da guzti hauentzako, nahiz eta forma ezberdinak hartu aipatutako faktoreengatik, garapen sozialaren kategoria historiko gisa duen esentzia unibertsalaren ondorioz.

“Marxismo-leninismoak irakasten du, sozialismora iragatearen ezaugarri eta lege orokor esentzialak aldaezinak diren arren, iragate honen forma, metodo eta erritmoek beren garapenaren baldintza zehatzek zehaztutako desberdintasunak aurkeztu ditzaketela herrialde ezberdinetan. Egitate honi atxikiz, berrikustzaileek, “sozialismo espezifiko eta nazionalaren” kontsignen pean, gu sozialismoaren eraikuntzaren bide orokor marxista-leninistatik aldentzen eta Sobietar Batasuneko esperientziaz gabetzen tematzen dira. Marxismoak sozialismoaren eraikuntzaren funtsezko auziak guztiei komunak direla irakasten du, gizartearen garapenaren legeek mugarik ezagutzen ez dutela. Esperientzia historikoak erakusten du auzi komun hauek direla: proletalgoaren diktadura edo beste era batean esanda, behargin klasearen botere politikoaren ezarpena alderdi marxista-leninistaren gidaritzapean; nekazalgoarekin eta beste geruza langileekin behargin klasearen aliantzaren indartzea bitarteko guztien bidez; jabetza kapitalistaren likidazioa eta jabetza sozialistaren ezarpena ekoizpen-baliabide nagusien gain; nekazaritzaren antolakuntza sozialista eta ekonomiaren garapen planifikatua; teoria iraultzaile marxista-leninistaren gidari-eginkizuna eta klase esplotatzaile zaharren eta Estatu inperialisten erasoen aurka iraultza sozialistaren erdiespenen defentsa ausarta.”

Nazioarteko egoeraren eta Alderdiaren egitekoen inguruan – Hoxha

Baina “marxianoek” ez dute kontutan nazioen garrantzia iraultzaren antolatzeari begira, ikusiko dugunez Botere politikoaren lorpena arbuiatzen baitute, ezta Sozialismoaren eraikuntzaren oinarri gisa, haien “komunismorako” beharrezkoa ez dena, aurreko garapen guztiaren jasotzerako.

Argiro geratu da ideologia “autonomo” honen jarraitzaileek “autonomiaren” A, edo anarkiaren A erabli dezaketela, baina inolaz ere abertzalearen A.

 

IRAULTZAREN ANTOLATZEA

“Autonomoek” diote marxismo-leninismoak eta Nazioarteko Mugimendu Komunistak Estatu burgesaren suntsipena eta honen hondarretan proletalgoaren diktadura den Estatu sozialistaren eraikitzea aldarrikatu ordez, nolabait Estatu burgesa “hartzea” defendatzen duela. Honekin iradoki nahi dutena da ez dagoela aldaketa kualitatiborik Estatu bien artean, estrategia hau “sozialdemokrata” izanik. Gainera Iraultza Sozialista “Estatu-kolpea” izango litzake, intelektual talde baten agintepeko ejertzito batek emana masen parte hartzerik gabe. Ez gaude hemen gezur lotsagarriak ezeztatzeko, baina gogoratu dezagun zein den komunisten kokapena Iraultzaren inguruan.

Hasteko, iraultzaren beharra gizartearen garapen ekonomikoak zehazten du, hots, oinarri ekonomikoaren ekoizpen-indarren eta ekoizpen-harremanen arteko kontraesanaren heltzea.

“Bere biziaren ekoizpen sozialean gizakiek beren nahimenetik independenteak eta beharrezkoak diren harreman jakin batzuk ezartzen dituzte, beren ekoizpen-indar materialen garapen-fase jakin bati dagozkion ekoizpen-harremanak. Ekoizpen-harreman hauen multzoak gizartearen egitura ekonomikoa osatzen du, benetako oinarria zeinaren gain gainegitura juridikoa eta politikoa jasotzen den eta kontzientzia sozialaren forma jakinak dagokionak. Bizitza materialaren ekoizpen-moduak bizitza sozial, politiko eta izpiritualaren prozesua baldintzatzen du orokorrean. Garapen-fase jakin batera iristean gizartearen ekoizpen-indar materialak existitzen diren ekoizpen-harremanekin, edo honen adierazpen juridikoa besterik ez denarekin, ordura arte haien baitan moldatu diren jabetza-harremanekin kontraesanean sartzen dira. Ekoizpen-indarren garapen formetatik, harreman hauek bere traba bihurtzen dira, eta honela iraultza sozialaren garaia hasten da.”

Ekonomia Politikoaren Kritikari Ekarpenaren hitzaurrea – Marx

Edozein ekoizpen-moduan ekoizpen-indarrek eta dagozkien ekoizpen-harremanek azpiegitura osatzen dute. Honen gain eraikitzen da gainegitura: legeak, instituzio politikoak, kontzientzia sozialaren formak… Gainegitura, bere geruza ezberdinetan, oinarri ekonomikotik eratortzen da, era zuzen edo zeharkakoan, baina autonomia erlatibo bat dauka. Honela gainegiturak gizartearen garapenean eragin dezake hau bultzatuz, oztopatuz edota desbideratuz ere. Hala ere, gainegiturak egin dezakeen eragina, beti izango da mugatua azpiegituraren egoeraz.

“Honek ez du esan nahi, hala ere, ekoizpen-harremanetan emandako aldaketak eta ekoizpen-harreman zaharretatik beste berri batzuetara igarotzea argi eta garbi pasatzen direla, gatazka eta astindurik gabe. Aitzitik, aldaketa hauek orokorrean ekoizpen-harreman zaharren uzkailtze iraultzaile baten forma hartzen dute, beste berri batzuei ezarpenari bide emateko. Aldi jakin batera iritsi arte, ekoizpen-indarren garapena eta ekoizpen-indarren eremuan ematen diren aldaketak era espontaneo batean pasatzen dira, gizakien nahimenetik independenteki. Baina soilik une jakin bat arte, ateratzen eta garatzen diren ekoizpen-indarrek guztiz heltzea lortzen duten unera arte. Behin ekoizpen-indar berriak umatuak daudela, existitzen diren ekoizpen-harreman zaharrak eta haien ordezkariak, klase menperatzaileak, soilik klase berrien ekite kontzientea bidez, klase hauen ekintza bortitzaren bidez, iraultzaren bidez ezabatu daiteken oztopo “gaindiezin” horretan bihurtzen dira. Hemen garbitasun handiz nabarmentzen da ideia sozial berrien, instituzio politiko berrien, Botere politiko berriaren paper itzela, ekoizpen-harreman zaharrak indarrez ezabatzera deituak. Ekoizpen-indar berrien eta ekoizpen-indar zaharren arteko gatazkaren oinarriaren gain, gizartearen eskaera berrien oinarriaren gain ideia sozial berriak jaiotzen dira, ideia berri hauek masak antolatu eta mugiarazten dituzte, masak ejertzito politiko berri batean elkartzen dira, Botere iraultzaile berri bat sortzen dute eta Botere hori indarrez erregimen zaharra ezabatzeko erabiltzen dute ekoizpen-harremanen eremuan eta erregimen berria berresten dute. Garapenaren prozesu espontaneoak tokia uzten dio gizakiaren ekintza kontzienteari, garapen baketsuak eraldaketa bortitzari, bilakaerak iraultzari.”

Materialismo dialektikoaren eta materialismo historikoaren inguruan – Stalin

Hots, azpiegitura oinarrizkoa da, eta gainegitura honen gainekoa. Oinarrizkoak gainekoaren bidez ekiten du hau zehazteko, eta gainekoa bere garapen propioaren determinatzaile gidari eta funtsezkoa osatzen du.

“Historiaren ikuskera materialistaren arabera, azken finean historia zehazten duen faktorea bizitza errealaren ekoizpen eta erreprodukzioa da. Ez Marx-ek ez nik ez dugu inoiz hau beste ezer baieztatu. Norbaitek desitxuratzen badu faktore ekonomikoa faktore erabakigarri bakarra dela esanez, tesi hori esaldi huts, abstraktu, zentzugabean bihurtuko du. Egoera ekonomikoa oinarria da, baina bere gain altxatzen den gainegituraren faktore anitzek -klase borrokaren forma politikoak eta bere emaitzak, gudu bat irabazi ondoren klase garaileak idazten dituen Konstituzioak, eta abar. forma juridikoak, baita benetako borroka guzti hauen isla partaideen garunetan ere, teoria politikoak, juridikoak, filosofikoak, ideia erlijiosoak eta hauen ondorengo garapena dogmen sistema bihurtu arte- bere eragina ezartzen dute baita ere borroka historikoen bidearen gain eta kasu askotan nagusiki zehazten dute bere forma .(…)

Geu gara gure historia egiten dugunok, baina egiten dugu, lehenik premisa eta baldintza oso zehatzen arabera. Haien artean, ekonomikoak dira azken batean erabakitzen dutenak. Baina bere papera jokatzen dute baita ere, nahiz eta ez izan erabakigarria, baldintza politikoek, baita tradizioak ere, gizakien buruen inguruan iratxo baten gisa dabilena.(…)

Ikasleek batzuetan alde ekonomikoa behar dena baino gehiago azpimarratzea, hein batean Marx eta biok errua dugun zerbait da. Aurkarien aurrean, ukatzen zen printzipio kardinal hau azpimarratu behar genuen, eta ez genuen beti denbora, tokia ezta aukera ere, ekintza eta erantzunen jokoan parte hartzen duten gainontzeko faktoreei behar zuten garrantzia emateko. Baina, garai historiko bat azaldu behar zen bezain laster, eta ondorioz, printzipio praktikoki ezarri behar izatean, gauza aldatzen zen, eta jada ez zegoen akats posibilitaterik.”

J. Bloch-i gutuna – Engels

“Marxianoek”, aldiz, haien ohiko ultraezkerkeaz ez dute gainegituraren papera aintzat hartzen aldaketa iraultzailea emateko, “kapitalismoaren kolapsoaren” teoria sozialdemokratari jarraiki, hau bera bakarrik eroriko baita eta proletalgoak orduan ahal izango du bere ekoizpen-modua, komunismoa, hedatu. Horregatik langileriak “kapitalismotik at” dagoen “komuna-sarea” garatzera ekin behar dio okupazioaren bidez, Estatuen mugez arduratu gabe, beharrezko unean kapitalismoaz ordezteko, langileek sare hau babesteaz soilik arduratu beharrez.

“Kolapsoaren” teoria ekoizpen kapitalistan metatutako kapital konstanteak (ekoizpen-baliabideentzat) kapital aldakorrarekiko (lan-indarra erosteko) duen neurri gero eta handiagoan oinarritzen da, kapitalak ateratzen duen irabazi-tasa gero eta murritzagoa izatea dakarrena (gainbalioa lan-indarrak sortzen baitu). Kapitalismoa hau mantentzen saiatzen da lanaren intentsitatea areagotzen, makinen etengabeko hobekuntzaz, merkatu-eremu berriak sortuz eta aurrekoak gehiago ustiatuz, lanorduak luzatuz, soldatak jaitsiz… honela bere krisiak eragiten dituzten faktoreetan sakonduz, krisiak gero eta bortitzagoak izatea dakarrena. Baina mekanizismo hutsa da pentsatzea kapitalismoa bera bakarrik eroriko dela klase iraultzaileen ekite kontzientea gabe, sistema baten hondamenak ez baitakar automatikoki berriaren agerpena (are gutxiago komunismoa, ekoizpen-harreman propiorik gabe jaiotzen dena), hau gabe errazagoa baita gizarteak berak bere burua suntsitzea.

“Gaur arte izan diren gizarte guztien historia klase-borrokaren historia da.

Gizaki askeak eta esklaboak, patrizioak eta plebeioak, jaunak eta jopuak, maisu eta ofizialak, hitz batean: zapaltzaileak eta zapalduak beti egin zuten aurka, borroka konstante bat mantendu zuten, estalia batzuetan eta erabatekoa eta irekia bestetan; gizarte osoaren eraldaketa iraultzailearekin ala gerran zeuden klaseen hondoratzearekin beti amaitu zuen borroka.”

Alderdi Komunistaren Manifestua – Marx eta Engels

“Soilik klaseak eta klaseen arteko aurkakotasuna jada ez dagoen gauzen ordena batean utziko diote bilakaera sozialak iraultza politikoak izateari.”

Filosofiaren miseria – Marx

Beraz iraultza soziala egingarria izateko beharrezko iraultza politikoa (ez soilik gainegiturako aldaketa bat) ukatzen dute, Estatu burgesen suntsipena “desjabetzaileen desjabetzeaz” botere berria eraikitzeko, proletalgoak Botere politikoa eskuratzeko beharrezkoa duen antolakuntza baztertuz.

“Komuna, funtsean, behargin-klasearen Gobernu bat zen, klase jabetzailearen aurkako klase ekoizlearen borrokaren fruitua, azkenean aurkitutako forma politikoa bere baitan lanaren emantzipazio ekonomikoa aurrera eramateko.”

Gerra zibila Frantzian – Marx

Ideia hauek Marx-en ikuskeraren antipodei dagokie, berebiziko garrantzia ematen ziona Botere politikoa lortzearen aldeko matxinadei. Honela benetako egiteko kontra-iraultzailea betetzen dute.

“Funtsezko auzi hauekiko –proletalgoaren diktadura, boterearen aldeko behargin-klasearen borroka armatua, Estatu burgesaren suntsidura eta gobernu-aparatu baten eraketa bere hondarren gainean- hala nola marxismo iraultzailearen oinarrizko beste auzi guztiekiko marxismoaren desitxuratze oportunistaren zeregin hedatzailea, jakina denez, sozialdemokrazia germaniarrari dagokio. (…)

Alderdiaren jarreraren irizpide nagusia matxinada mota ezberdin hauen aurrean hurrengoa da: masek parte hartzen dute ala ez? Alderdiak putsch-ak baztertzen ditu, abenturazaletasun burges-ttipiaren adierazpenak izateagatik. Alderdiak edozein masa-borroka babestu eta gidatzen du, gatazka txikiak edo partisauen operazioak barne, masek zinez parte hartzen badute.

(…) Matxinada armatua, proletalgoak gobernu-aparatuaren suntsitzera eta boterea hartzera jotzen duena, proletalgoaren eta bere aliatuen militarki antolatutako zatiaren eta klase zapaltzaileen indar militarraren arteko borroka armatu zorrotz baten forma hartzen du. Ageriko gerra zibil honen lehen aldian borroka gehienbat hirietan garatuko da, baldintzen araberako karatere eta iraupen ezberdineko kale-borroken forma hartuz. Iraultzaren finkatze eta lurralde-hedapenaren aldeko borrokaren emaitza, hein hadi batean, aldi honetako borroken emaitzaren eta proletalgoak bere Ejertzito gorrian borrokarako gai diren unitateen kopuru nahikoa biltzeko azkartasunaren araberakoa izango da. Ondoren, proletalgoak boterea eskualde ekonomiko eta politiko nagusietan (kapitalak, gune ekonomiko handietan) sendoki ezarri duenean, borroka armatuak aire zabaleko eremuko izaera hartu beharko du, ejertzito gorri erregularraren eta bertako kontrairaultzaren hondarren edota atzerriko esku-hartzearen artean.

(…) Bigarrenik, boterearen aldeko borroka armatua hasterakoan, proletalgoak ez du oraindik benetako Ejertzito gorri erregular bat izango, borroka garaikidearen eskaerei dagokion bezala antolatua eta hornitua. Goardia gorriko destakamenduak etrokizuneko Ejertzito gorriaren ernamuinak dira soilik. Proletalgoaren ejertzito erregularra boterearen aldeko borrokan zehar eratzen da eta eratu behar da.”

Matxinada armatua – Komintern

Alderdi Komunistak paper erabakigarria du Iraultzaren antolakuntzan eta gauzapenean. Nazioarteko Mugimendu Komunistak ondare historiko aberatsa du borroka moldeen inguruko praxi iraultzailean: greba politiko eta manifestazio armatuen uztartze bidezko matxinadak, gerra zibil iraultzaileak, herri-gudak, gerrilla partisauak… herri langilearen geruza ahalik eta zabalenak behargin klasearen inguruan bilduz burgesia inperialistaren eta honen sostengu-geruzen aurka, Botere Politikoa eskuratzeko, hiriko masa-mugimendua baita borroka armatua bere adiera osoan erabiliz. Hemendik eta herriek garatzen dituzten borroka forma berrietatik ikasi behar dute komunistek beren egoerako iraultzarako egokienak aurkitzeko.

“Marxismoa ez da inolako moduan mugatzen soilik une jakin batean posible diren eta existitzen diren borroka-moldeetara, baizik eta borroka-molde berrien behar ekidinezina onartzen du, aldi jakin batean ekiten dutenentzat ezezagunak eta egoera sozial hori aldatzean agertzen direnak. Honi dagokionez, hala aditzera eman badaiteke, marxismoak masetatik ikasten du eta ez dago honetatik ezer urrunagorik masei bulegoko sistematizatzaileek hausnartutako borroka-moldeak erakutsi nahi izatea baino. (…)

(…) Auzi hau egoera historiko zehatzatik at planteatzea, materialismo dialektikoaren oinarriak ez ulertzea bezalakoa da. Garapen ekonomikoaren une ezberdinetan, baldintza politiko, kultural, nazional eta bizitzazkoak eta abar. anitzei lotuz, lehen mailan borroka-molde ezberdinak gailentzen dira, funtsezko borroka-molde gisa, eta honekin erlazionatua, aldatzen dira aldi berean bigarren mailako moldeak, osagarriak. Borroka-bitarteko jakin bati sinpleki baietz ala ezetz erantzun nahi izatea, bere garapenaren fase jakin batean dagoen mugimenduaren egoera zehatza zehatz-mehatz kontuan hartzera sartu gabe, marxismoaren eremutik erabat ateratzeari baliokidea da.”

Gerrillen guda – Lenin

Iraultzarako aroan egoteak, hala ere, ez du esan nahi iraultza egingarria denik. Honetarako egoera iraultzailea eman behar da, faktore objetibo eta subjetiboak biltzen dituena:

“Marxista batek ez du zalantzarik iraultza ezinezkoa dela egoera iraultzaile bat gabe; gainera, egoera iraultzaile oro ez da iraultzan amaitzen. Zeintzuk dira, termino orokorretan, egoera iraultzaile baten sintoma bereizgarriak? Ziurrenik ez dugu akatsik egiten hiru sintoma nagusi hauek azpimarratzen baditugu:

1) Ezintasuna klase menderatzaileentzat beren menperatzea forma “aldaezinean” mantentzeko klase hauek erasan dituen krisi sakonaren ondorioz, klase zapalduen atsekabea eta sumina eragiten dituen krisia. Iraultza hasteko ohikoan ez da nahikoa “behekoek” lehen bezala “bizi nahi ez izatea”, baizik eta beharrezkoa da baita ere “goikoek” ordura arte bezala “bizi ezin izatea”.

2) Klase zapalduen miseriaren eta pairamenen ohikoaz aratagoko larriagotzea.

3) Masen aktibitatearen kontuan hartzeko areagotzea zio hauengatik, “bake” garaietan lasai asko espoliatzen uzten direnak, baina sasoi asaldatuetan bultzatuak direnak, hala krisi egoera guztiagatik, nola goikoez, ekintza historiko burujabe batera.

Aldaketa objektibo hauek gabe, ez direnak soilik talde eta alderdi ezberdinen nahimenaz independenteak, baizik eta klase ezberdinen nahimenetik ere, iraultza, arau orokorrez, ezinezkoa da. Aldaketa objektibo hauen multzoa da preseski egoera iraultzailea deitzen dena. (…) Egoera iraultzaile orok ez duelako iraultza sortzen, baizik eta soilik egoerak non gorago zerrendatutako aldaketa objektiboei aldaketa subjektibo bat gehitzen zaion, zera: klase iraultzailearen gaitasuna gobernu zaharra hausteko –edo puskatzeko- masen ekintza iraultzaileak aurrera eramateko, inoiz, ezta krisi garaietan, ez dena “eroriko”, baizik eta erorarazten dena.”

II. Nazioartekoaren porrota – Lenin

Horregatik da hain garrantzitsua Alderdia Komunistaren antolakuntza-lana iraultzaren prestakuntzan, botere bikoitzaren indartzean baita faktore subjetiboaren lanketan ere. Baina “autonomoek” ez dute iraultzak eskatzen duen lan, prestakuntza eta trebaketaz ezer jakin nahi, erosoago baitaude okupazioaren inguruan eraikitako aisialdian zentratuz haien jarduna. Okupazioa lanabes baliagarria izan daiteke langileriaren botere berria garatzeko eremuak irekitzea bilatzen duen heinean, baina gizarte burgesean bizimodu “alternatibo” bat izateko bitartekoa bilakatuko da ez bada Iraultza Sozialistarako estrategiaren alde erabiltzen.

 

ESTATUAREN AUZIA

“Baina behargin-klasea ezin da limitatu Estatuaren makinaz dagoen bezala sinpleki jabetzera eta bere helburu propioetarako baliatu.”

Gerra zibila Frantzian – Marx

Iraultza Sozialistaren lehen xedea Estatu burgesaren makineria suntsitzea da, bere ordez kualitatiboki gorena den botere berria ezartzeko: proletalgoaren diktadura, Estatu sozialista edo erdi-Estatua, bere burua ezeztatu eta desagerpenera bideratzen baita Sozialismoaren eraikuntzak klaseen arteko desberdintasun eta kontraesanak ezabatzen dituen heinean. Hau, Estatua klaseen arteko aurkakotasun adiskidezinen ondorioz sortutako klase jakin baten diktaduraren materializazioa den egitatetik ondorioztatzen da.

Proletalgoak Estatu-boterea hartzen du eta ekoizpen baliabideak Estatuaren jabetza bihurtzetik hasten da. Baina ekintza honekin, suntsitu egiten du bere burua proletalgo bezala eta suntsitsu egiten ditu klase-desberdintasun eta aurkakotasun guztiak eta, honekin batera, Estatua bere gisan. (…) Estatua azkenik gizarte guztiaren benetako ordezkari bihurtzen denean, bere kabuz alferrikakoa izango da. (…) Pertsonen gaineko gobernua gauzen kudeaketagatik eta ekoizpen-prozesuaren gidaritzagatik ordezkatua izango da. Estatua ez da ‘abolitua’ izango: iraungitu egingo da.”

Anti-Dürhing – Engels

Noski, Estatuaren iraungitzea ez da bat-batean gertatzen, anarkistek gura duten bezala, baizik eta iragate-aldi historiko oso bat hartzen du, zeinetan klase borroka forma anitzetan ematen den, klaserik gabeko komunismoaren fase gorenera iritsi arte.

“Nire ekarpen berria izan da erakustea: 1) klaseen izatea ekoizpenaren garapen-fase historiko jakinei soilik lotuta dagoela; 2) klase-borrokak, ezinbestean, proletalgoaren diktadurara daramala; 3) diktadura bera hau ez dela klase guztien deuseztatzera eta klaserik gabeko gizartera iragatea besterik.”

Joseph Weydemeyer-i gutuna – Marx

“Kapitalismotik komunismorako iragateak ezin du, noski, forma politikoen oparotasun eta aniztasun itzela baino eskaini, baina hauen guztien esentzia ezinbestean bakarra izango da: proletalgoaren diktadura.”

Estatua eta Iraultza – Lenin

Beraz, Estatua existituko da Sozialismoa komunismo osoan bihurtu arte. Eta demokrazia Estatu-forma bat denez, honekin batera iraungitu beharko da. Eraldaketa dialektiko honen bidean herri-boterea ahalik eta gehien zabaldu behar da, masa langileak gauzen gobernuan parte-hartzera bultzatuz.

“Baina proletalgoaren diktadurak, hots, zapaltzaileak zanpatzeko zapalduen abangoardiako antolakuntza klase menperatzailean, ezin du demokraziaren zabalpen soil bati gidatu soilik.Demokratismoaren zabalpen itzelarekin batera, lehen aldiz txiroentzako demokrazia bihurtzen dena, herriarentzako demokratismo batean, eta ez diru-poltsentzako demokratismo bat, proletalgoaren diktadurak zapaltzaileen, esplotatzaileen, kapitalisten askatasunari ezarritako murrizketa multzo bat dakar.”

Estatua eta Iraultza – Lenin

“Autonomiazaleen” ikuspegia, aitzitik, ikuspegi a-estadista da. Haientzat Estatu oro burgesa izango litzake. Hots, Estatu proletarioaren beharra ukatzen dute Sozialismoan, klaseak iraun bitartean proletalgoak komunismora iristeko lanabes historiko gisa, haien ikuspegi antidialektikoaren arabera dirudienez klaseak eta hauen hondarrak bat-batean desagertzen baitira.

Estatu proletarioaren egitekoa lehen uneetan klase zapaltzaileak menpean edukitzea da, ez dutenak inola ere ez onartuko Botere sozialistaren ezarpena, hauek deuseztatzeko neurriak ezartzen diren bitartean.

“Esplotatzaileen klasea, lurjabeak eta kapitalistak, ez da desagertu eta ezin da desagertu kolpe batez proletalgoaren diktadurapean. Esplotatzaileak garaituak izan dira, baina ez deuseztuak. Oraindik nazioarteko oinarria dute, nazioarteko kapitala, zeinaren sukurtsala diren. Oraindik badute, parte batean, ekoizpen baliabide batzuk, oraindik badute dirua, oraindik badituzte lotura sozial zabalak. Preseski beren porrotaren ondorioz, ehun aldiz eta mila aldiz biderkatu da beren erresistentzia-indarra. Kudeaketa estatal, militar eta ekonomikoaren “arteak” nagusitasuna ematen die, nagusitasun oso handia, beraz beren garrantzia askoz ere handiagoa da beren zenbaki-proportzioa biztanlerian baino. Eraitsitako esplotatzaileek libratzen duten klase-borroka esplotatuen abangoardia garailearen aurka, hots, proletalgoaren aurka, paregabeki amorratuagoa bihurtu da. Eta ezin du beste era batean izan, iraultza bat bada, ez bada kontzeptu hau ilusio erreformistengatik ordezten (II Nazioartekoaren heroi guztiek egiten duten bezala).”

Proletalgoaren diktaduraren ekonomia eta politika – Lenin

Ez hori bakarrik, gizarteko hainbat eta hainbat geruza berrezteari ekin beharko dio langileriak bere Botere politikoari eta gizadiaren askapen-prozesuari batu daitezen, gizarte burgesan heziak izan direnak.

“Proletalgoaren diktadurapean, milioka nekazari eta jabe txiki,ehun milaka enplegatu, funtzionari, intelektual burges berrezi beharko da,denak Estatu proletario eta zuzendaritza proletarioaren menpe ipiniz; haietan usadio burgesak eta ohitura burgesak garaitu beharko da.”

Hautatutako lanak – Lenin

Baina Sozialismoaren eraikuntzak klaseak ezabatuz joan arren, hauen hondarrak denbora batez borrokan jarraituko dute halere.

“Kapitalismotik komunismorako iragateak garai historiko oso bat darama. Garai hau ematen ari den bitartean, zapaltzaileek euren boterea berrezartzeko itxaropena mantentzen dute, itxaropen hori euren boterea berrezartzeko saiakeretan gorpuzten delarik. Lehen porrota pairatu eta gero, uzkailitako zapaltzaileek, euren uzkailtzea espero ez zutenek, uzkailtze hau gertatuko zatekeen ideia bera ere onartzen ez zutenek, hamar aldiz indar gehiagorekin, sekulako grinarekin, ehun aldiz biderkatutako gorrotoarekin borrokara joko dute euren “paradisu galdua” berreskuratzeko, euren familiak, orain “jendaila madarikatu” horrengatik miseriara (edo lanbide “madarikatu” batetara) kondenatuak izan direnak, lehen zuten bizi gozoa berreskura dezaten. Eta kapitalisten atzetik burgesia-ttipiaz osatutako masa handi oso bat abiatzen da; herri guztietako hamarkadetako eta hamarkadetako esperientzia historikoak erakusten duenez, zalantzatia dena, lehen momentuan langileriaren alde jar daitekeena baina langileen lehen porrot edota atzerapausoarekin batera zalantza egiten duena, urduri jartzen dena, intziri egiten duena, alde batetik bestera erraztasun handiz igarotzen dena.”

Iraultza proletarioa eta Kautsky arnegatua – Lenin

Are gehiago, komunismoara iritsi arte klase-borrokak forma berrietan jarraituko du gizarte klasistaren zapalkuntza-forma ororekin amaitu arte, beharrezkoa egiten duena proletalgoaren diktadura ordura arte, berau klase gisa ere desagerrarazi arte. Gizarte komunistaren bidean lanaren banaketa soziala deuseztatzeko, sexu araberako zapalkuntzarekin amaitzeko, armada iraunkorra herri armatuarengatik ordezkatzeko, hiriko eta landa-eremuaren arteko desberdintauna ezabatzeko, banakoen eta herrien arteko elkarkidetza harremanak errotzeko, lana lehen bizibeharra bihurtzeko… proletalgoa izan behar da kontraesan hauen gainditzerako aurrera bultzatu behar duena, bere diktaduraz, Estatu sozialistaz, bere iraungipenaren baldintzak eratzen doan erdi-Estatuaz.

“Sozialismoa klaseen ezabatzea da. Proletalgoaren diktadurak bere eskura zegoen guztia egin du zentzu honetan. Baina ezin dira klaseak kolpe batez ezabatu.

Eta klaseak oraindik daude eta egongo dira proletalgoaren diktaduraren garaian zehar. Diktadura beharrezkoa izateari utziko dio klaseak desagertzen direnean. Eta proletalgoaren diktadura gabe klaseak ez dira desagertuko.

Klaseak oraindik badaude, baina haietako bakoitza aldatu da proletalgoaren diktaduraren garaian; aldatu du era berean haien arteko harremanak. Klase-borroka ez da desagertzen proletalgoaren diktadurapean, egiten duena beste forma batzuk hartzea da.”

Proletalgoaren diktaduraren ekonomia eta politika – Lenin

Borroka honetan proletalgoa bera eraldatzen joan beharko da zapalkuntza mota ororekin amaitu ahal izateko, ez baita gizarte klasistaren eraginatik kanpo dagoen klase bat, bere diktaduran sakonduz komunismora iritsi ahal izan arte.

“Zerbait gehiago azpimarratu behar da: klase-borroka ez bada era zuzenean eta etenik gabe aurrera eramaten, ez bakarrik eremu ideologikoan, baizik eta eremu politiko eta ekonomikoetan, non jada esandako garaipenak lortu diren, kontraesan ez-antagonikoak kontraesan antagonikoetan bihurtzearen posibilitatea badago. Posibilitate honekin amaitu ez dela, gure gizarte sozialistan kontraesan antagoniko guztiekin amaitu ez dela, eta ondorioz, kapitalismoaren berrezarpenaren jatorriarekin amaitu ez dela, era argian erakusten da behin eta berriz iraultzari eta sozialismoari aurkako aleak agertzen direlako, ez soilik klase zapaltzaile zaharren hondarretatik, baizik eta langileen lerroetatik baita ere, baita komunisten lerroetatik ere. Estatuaren egoteak, gainera, kontraesan antagonikoen existentzia eta froga-harri gisa kontraesan antagoniko eta ez-antagonikoak ere zuzenean ebatzi behar ditu eta hauek antagoniko bihurtzea galarazi behar duenaren erabateko beharra frogatzen du etapa honetan. Marx eta Lenin-ek Estatua klase-kontraesan adiskidezinen izaeraren agerpen eta produktua deitu dute.”

Klase-borrokaren garapenari buruzko ALAren politika iraultzailea funtsezko auzi batzuen inguruan – Nexhmije Hoxha

Jarrera antisozialak, besteekiko zapaltzaile gisa jokatzen dutenak (bereziki boterearen nagusikeriaz eraginda) edota mota anitzeko gaizkileak zigortzeko ardura du Estatu sozialistak baita ere, birgizarteratzea lehenetsiz ahal den kasuetan. Sozialismoak hauen iturri diren inguruabarrak ezabatzen doan heinean, hau gero eta gutxiago erabili beharko da.

“Behargin frantziarrek iraultza bakoitzean etxeen hormetan «Mort aux voleurs!» Lapurrak hil! idazten zutenean, eta hain zuzen ere bat baino gehiago fusilatzen zutenean, ez zuten jabetzaren aldeko suminaldi-gar batean egiten, baizik eta erabat kontziente zirelako edozerren aurretik talde hori garbitu behar zela.”

Nekazari-gerra Germanian-i hitzarrea- Engels

“Diktadura botere hertsia da, ausartasun eta azkartasun iraultzailekoa, errukigabea errepresioan hala esplotatzaileen nola gaizkileen aurka.”

Botere sobietarraren berehalako egitekoak – Lenin

“Marxianoek”, aldiz, ez diote guzti honi inolako garrantziarik ematen. “Komunismoa jada kapitalismoaren baitan eraikitzen hasten denez” (sic) ez dago iragate-aldi Sozialistarik kapitalismoaren eta komunismoaren artean ezta hau bermatzeko Estatu sozialistaren beharrik. Ondorioz “komunismoa eraikitzen duen” haien kooperatiba-sarearen forma “politikoa” Komuna izango litzake, eta ez Estatu sozialista.

“Proletalgoak botere politikoa hartzen du, eta honen bitartez, ekoizpen-baliabide sozialak jabetza publikoa bihurtzen ditu, burgesiari eskuetatik alde egiten diotenak. Ekintza honekin ordura arte ekoizpen-baliabideek zuten kapital izaeratik askatzen ditu eta askatsun osoa ematen dio haien izaera sozialari gainjartzeko. Hemendik aurrera, jada posiblea da aldez aurretik trazatutako plan bati jarraiki egindako ekoizpen soziala. Ekoizpenaren garapenak klase sozial ezberdinen izatea anakronismo batean bihurtzen du. Ekoizpen sozialaren anarkia desagertzen doan heinean indargabetzen doa ere Estatuaren aginte politikoa. Gizakiak, beren izate sozialaren jabe azkenean, naturaren jabe bihurtzen dira, haien buruan jabe, gizaki askeetan.”

Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora – Engels

Baina “komunak” benetan anarkismoaren lokalismoa gainditu eta osotasun gisa funtzionatu nahi badu, egitura zentralizatu motaren bat izan beharko du, nolabait Estatuen kontroletik at dauden eremuetan ezarrita.

“Zer da gizartea, bere forma edozein izanda ere? Gizakien elkarrekiko ekintzaren produktua. Hautatu al dezakete libreki gizakiek forma sozial hau ala hura? Ez horixe. Gizakien ekoizpen-gaitasunen garapen-maila jakin bati salerosketa eta kontsumo forma jakin bat dagokio. Ekoizpenaren, salerosketaren, kontsumoaren garapen-fase jakin batzuei osaketa sozialaren forma jakin batzuk, familiaren, estamentu edo klaseen antolakuntza jakin bat  dagokie; hitz batean, gizarte zibil jakin bat. Gizarte zibil jakin bati Estatu politiko jakin bat dagokio, gizarte zibilaren adierazpen ofiziala besterik ez dena. Hau da Proudhon jaunak inoiz ere ulertzera iritsiko ez dena, hark uste baitu gauza handi bat egin duela Estatutik gizarte zibilari apelatuz, hots, gizartearen laburpen ofizialetik gizarte ofizialari. ”

Pavel Vasilievich Annenkov-i gutuna – Marx

Sineskaitza da Estatu burgesen “barnean”, hauek suntsitu gabe, eraiki nahi duten “proletalgoaren diktadura” honek Estatuen errepresiorik ez jasatea. Baina egia da hau ez litzakeela Estatu sozialista bat izango, ez baitago garapen klasistak emandako aurrerapen ekonomikoetan oinarrituta, artisau-erako ekoizpen-modu aurre-industrialean oinarritzen den kooperatiba-sare batean baizik. Ondorioz “Estatu aurre-kapitalista” hau erabat ezdeusa izango da Estatu burgesen aurrean (autonomo originalei gertatu bezala).

“Estatuaren inguruko berritsukeria guzti hori alde batera utzi beharko genuke, batez ere Komuna eta gero, ez zena jada Estatu bat hitzarenbenetako  zentzuan. Anarkistek behar zena baino gehiago aurpegiratu digute “Estatu herrikoiarena”, nahiz eta Proudhon-en aurkako Marx-en lanak jada, eta Manifestu Komunistak gero, argiro esaten duten erregimen sozial sozialistaren ezarpenarekin, Estatua bere kabuz desegingo dela [sich auflöst] eta desagertuko dela. Estatua erakunde iragankorra bakarrik izanik, borrokan, iraultzan erabiltzen dena aurkariak bortizkeriaz menderatzeko, zentzugabekoa da Estatu herrikoi-askeaz mintzatzea; proletalgoak oraindik Estatua behar duen bitartean ez du askatasunaren onerako beharko, bere aurkariak menderatzeko baizik, eta askatasunaz mintzatu daiteken bezain laster Estatua bere gisan izateari utziko dio. Horregatik guk proposatuko genuke beti Estatua hitzaren ordez “Komunitatea” (Gemeinwesen) hitza esatea, hitz germaniar on eta zahar bat frantzeseko Commune hitzaren baliokidea dena.”

Bebel-i gutuna – Engels

Izendapenak izendapen argi dago proletalgoak etsaiak dituen bitartean, hau da, komunismo osoa mundu-mailan erdietsi arte, bere erdi-Estatu propioa behar izango duela hau lortu ahal izateko.

“Komunaren” izendapen honek Paris-ko Komunaren idealizazio eta faltsutzean du jatorria, gainontzeko Botere sozialisten ezarpenak mespretxatzera eramaten diena.

Paris-ko Komuna proletalgoa Historian lehen aldiz (1871) klase burujabe gisa bere botere politiko propioa ezartzeko saiakera dugu, Ejertzito prusiarrarren aurrean Gobernu frantziarraren errendizioaz baliatuta. Bere Erdiguneko Batzordea gehiengo blankista eta gutxiengo proudhonista batez zegoen osatuta (I. Nazioartekoaren kide zirenak). Jazoera loriatsu honek Europako hautsak harrotu zituen, eta gerora Sozialismo Zientifikoak irakaspen ugari atxiki ahal izan zituen hark hartutako neurrietatik: kargu politikoen hautagarritasun eta kengarritasuna, funtzionarioen soldatak langile batenak baino altuagoak ez izatea, Estatua eta Elizaren arteko banaketa… Hala ere, ez zuen ekoizpen-baliabideen sozializazio prozesurik abiatu (kooperatibizaziorako dekretu batzuez haratago), diruak (eta ondorioz merkatuak) iraun zuen, ez baitzuten Frantziako Bankua ikutzeko adorerik izan, ez zuen barneko erreakzioa zanpatu eta ezin izan zuen bere lorpenak defendatzeko egitura politiko-militar eraginkorrik eraiki. Bi hilabete eskasetan ejertzito frantziarrak, bertako kontrairaultzaileen laguntzaz  zapaldu zuen eta errepresio odoltsua eragin (milaka fusilatu eta gainontzekoak erbesteko kontzentrazio-esparruetan espetxeratuak).

“Gizarte kapitalistaren eta gizarte komunistaren artean lehengoa bigarrenean eraldaketa iraultzailearen aldia dago. Aldi honi iragate-aldi politikoa dagokio baita ere, zeinaren Estatua ezin den proletalgoaren diktadura iraultzailea besterik izan.”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Bitxia da honetan oinarrituz Marx Estatu proletarioari kontrajarri nahi izatea, preseski Paris-ko Komunaren esperientziatik ateratako ondorio garrantzitsuenetakoa iragate-aldi osoan zehar proletalgoaren diktaduraren Estatuaren beharra izan zenean.

“Ziurra da gure alderdiak eta behargin-klaseak solik iritsi daitezkeela menperatzera errepublika demokratikoaren formaren pean. Azken hau da ere proletalgoaren diktaduraren berariazko forma, jada Iraultza handi frantziarrak erakutsi duenez”

Erfurt-eko programari kritika – Engels

Are gehiago, Komuna hau errepublika demokratikoa izan zenean, demokrazia zuzena ezartzeko batzarrak lurralde-mailakoak baitziren. Errepublika sobietarrean, aldiz, ekoizpen-guneetan ere ezarpena zuten batzarren gainean eraikitzen zen, langile-boterearen egituraketa forma gorena dena.

Parisko Komunaren beste gabezietako bat izan zen ere ezin izan zuela Mundu kapitalistari aurre egiteko gai zen egitura politiko-militarra garatu. Beste aldetik, SESBren borroka garailea dugu guda zibilean kontrairaultzaren laguntzan 14 Estatuen eraso inperialistaren aurrean edo Aberri Gerrate Handian inperialista nazi-faxisten aurka. Edo Albaniako Herri-Errepublikaren garaipena Nazio-Askapen Guda Antifaxistan etsai berdinen eta bertako erreakzioaren aurka.

“Sozialismoak ezin du herrialde guztietan aldi berean irabazi. Herrialde bat edo batzuetan irabaziz hasiko da, eta gainontzekoak, denbora batez, herrialde burges edo aurre-burgesak izaten jarraituko dute. Honek ez ditu soilik marruskadurak sortuko, baizik eta gainontzeko herrialdeetako burgesiaren joera zuzena ere Estatu sozialistako proletalgo garailea zanpatzeko. Kasu horietan, gerra izango litzake, gure partez, zilegizko eta bidezko gerra. Sozialismoagatik gerra izango litzake, beste herriak burgesiaz askatzeko.”

Iraultza proletarioaren programa militarra – Lenin

Iraultza Sozialista munduaren herrialde gehienetan garaitu bitartean setio inperialistaren fenomenoa dugu Mundu kapitalistaren eta Mundu Sozialistaren arteko borrokaren adierazpen dialektiko gisa, ikuspegi historiko batetik gizarte berriaren eta zaharraren artekoarena nazioarte-mailan. Beraz honi aurre egitea berebiziko garrantzia du Estatu sozialistentzat.

“Gaur egun bi mundu existitzen dira: zaharra, kapitalismoa, nahasi dena, inoiz atzera egingo ez duena, eta goraka doan mundu berria, oraindik oso ahula izan arren, garaitezina delako handitzen dena.”

Errusia osoko sobieten IX Batzarrari txostenak – Lenin

Beraz, burgesiaren eta proletalgoaren arteko aurkakotasuna ez da soilik mantentzen, baizik eta areagotzen da nazioarteko mailan, Mundu Sozialistaren baitan ematen den klase-borrokan eragiten duena (eta alderantziz).

“Pentsaezina da Errepublika sobietarra Estatu inperialistekin denbora luzez batera existitzea. Irabaziko du, azken finean, batak ala besteak. Eta amaiera hori eman arte ekidinezinak izango da Errepublika sobietarraren eta Estatu inperialisten arteko talka ikaragarri multzo bat.”

EBren txostena Errusiako AK(b)ren VIII Batzarraren aurrean – Lenin

Honen aurkako borrokak bi aldaera ditu: alde batetik, Estatu sozialisten indar militarra areagotzea eta indartzea, esku-sartze inperialistaren aurka. Bestetik, eremu sozialistako herri langilearen eta kapitalismopean esplotazio jasaten jarraitzen duen behargin-klasearen arteko elkartasuna sendotu eta antolakuntza-arloan estutzea, internazionalismo proletarioaren bidez, burgesia inperialistak Sozialismoaren aurka batzen diren bezala.

“Galdera hauek agerian jartzen dute, ez soilik behar dena baino garrantzia gutxiago ematen zaiola setio inperialistari; agerian jartzen dute baita ere Estatu burgesen eta haien atalen papera eta garrantzia ezagutzen ez dela, gure herrialdera espioiak, hiltzaileak eta saboteatzaileak bidaltzen dituztenak eta gu militarki erasotzeko aukeraren zain daudenak; era berean, agerian jartzen dute gure Estatu sozialistaren eta bere atal militarren, zigortzaileen eta kontraespioitzarenen garrantzia, sozialismoaren herrialdea kanpoko eraso batetik defendatzeko beharrezkoak direnak.”

SBAK(b)ko EBren lanari buruzko Alderdiaren XVIII Batzordearen aurreko txostena – Stalin

Hil ala biziko gatazka honek epe luzera Estatu proletarioaren iraungitzea oztopatzen du, gutxienez setio inperialista setio sozialistagatik ordezkatua den arte (Sozialismoaren hedapenagatik herrialde ezberdinetan), honen ezabatzea balaztatuko duena horrek dakarren arriskuekin.

“Ikusten duzuenez, orain Estatu erabat berria, sozialista, daukagu, aurrekaririk gabekoa historian, eta kontuan hartzeko eran desberdintzen dena, bere forma eta egitekoengatik, lehen faseko Estatu sozialistaz.

Baina garapena ezin da hemen gelditu. Aurrera jarraitzen dugu, komunismorantz. Mantenduko al da gure herrialdean Estatua komunismoaren aldian baita ere?

Bai, mantenduko da, setio kapitalistarekin amaitzen ez bada, ez bada kanpoko eraso armatu baten arriskua ezabatzen. Argi dago kasu honetan gure Estatuaren formak berriro ere aldatuko direla, barne- eta kanpo-egoeraren aldaketaren arabera.

Ez, ez da mantenduko eta iraungituko da, setio kapitalistarekin amaitzen bada, setio sozialista batek ordezten badu.”

SBAK(b)ren EBren lanari buruzko Alderdiaren XVIII Batzordearen aurreko txostena – Stalin

Baina setio honen eragina ez da soilik geografiko edo militarra, arlo ekonomiko, politiko eta ideologikoaren bidez ekiten du baita ere.

“Klase-etsaien aurkako borrokaren barne- eta kanpo-fronteak oso lotuak daude haien artean. Ideologia antikomunistak eta alderdi eta ordena sozialistaren aurkako borrokan elkar sostegatzeko beharrak lotzen ditu. Garrantzitsua da ulertzea ez soilik egoera hau existitzen jarraituko duela setio inperialista-berrikustzailea eta herrialdearen barneko kapitalismoaren hondarrak iraun bitartean, baizik eta elkarlan hau indartu daitekeela eta oso arriskutsua bilakatzea arretarik gabe agertzen bagara, zaintza falta erakusten badugu eta ez badugu ekite hau erabakitasunez borrokatzen. (…) Setio inperialista-berrikustzailea ez da inola ere pasiboa edo soilik geografikoa, setio mehatxataile eta aktiboa da, eremu guztietan eta norabide guztietan borrokatzen gaituena. Ostera, oraindik badago setio honen diseinu gainazaleko eta sinplista duen jendea, batzuetan eraso militarraren arriskua gutxiesten duena, beste batzuetan blokeo ekonomikotik eratortzen dena, eta bestetan atzerriko nahasmen ideologikoaren arriskua. Era honetako jarrerak oso kaltegarriak dira.”

Albaniako Lanaren Alderdiaren VII Batzarrean txostena – Hoxha

Egia da hala ere, Sozialismoaren eraikuntzan indar kontra-iraultzaileek boterea lortuz gero Estatu honen funtsezko izaera aldarazi dezaketela bere forma mantenduz, denbora batez bada ere. Hots, proletalgoaren diktadura burgesiaren diktadura izatera igarotzea “sozialista” izendapenarekin, Estatu berrikustzaile batean gorpuztuz.

Hau ekiditeko borrokatu beharreko fenomeno garrantzitsuetako bat burokratizaioarena da, Estatu sozialistak, Estatua den heinean, beharrezkoa izango baitu burokrazia.

“Proletalgoak Estatuaren boterea behar du, indarraren erakunde zentralizatua, biolentziaren erakundea, bai esplotatzaileen erresistentzia zapaltzeko, baita ekonomia sozialista “martxan jartzeko” lanean, biztanleriaren masa ikaragarria, nekazariak, burgesia txikia, erdi-proletarioak zuzentzeko ere.

(…)Burokrazia kolpetik, alde guztietan eta bere azken erroetaraino abolitzeaz hitz egitea lekuz kanpokoa da. Hau utopia bat da. Baina makina burokratiko zaharra kolpetik suntsitzea eta jarraian, burokrazia guztia gradualki ezerezera murriztea ahalbidetuko duen berri batekin hastea, ez da utopia bat; komunaren esperientzia da, proletalgo iraultzailearen berehalako eginkizun zuzena.

(…)

1) Hautagarritasuna ez ezik, kargu kengarritasuna edozein momentutan.

2) Langile batena baino soldata altuagorik ez.

3) Denek kontrol eta ikuskatze funtzioak beteko dituzten eta denak denbora batez “burokratak” izango diren sistema baten berehalako ezarpena, modu horretan, inork ez dezan “burokrata” bihurtzeko aukerarik izan.”

Estatua eta iraultza – Lenin

Sozialismoaren aurrerapenean honen eragin moteltzailea eta gizartetik duen aldentze erlatiboaren ondorioz honetan sor daitezkeen fenomeno atzerakoi, endekatu, burges eta klasistak borrokatu behar dira, demokratizazioa eremu guztietara zabalduz.

Atentzio berezia merezia dute Armadako goi-karguek, kontrairaultza-prozesu guztietan egiteko erabakigarria izan dutenak.

Burokratizazioaren aurkako borrokan garrantzia handia du Alderdia Komunistak. Honek ez du esan nahi behargin-klasearen abangoardia destakamenduan ere eragiten ez duenik:

“Azkenik, Alderdiaren arazte kontsignaren zergatia. Irrigarria izango litzake gure erakunde sobietar, ekonomiko, sindikal eta kooperatiboak indartzeko posibilitatean pentsatzea, burokratismoaren zaborraz garbitzeko posibilitatean, Alderdi beraren sorbatza zorroztu gabe. Eztabaidaezina da ale burokratikoak ez direla soilik habiarazten erakunde ekonomiko eta kooperatibo, sindikal eta sobietarretan, baizik eta Alderdi beraren erakundeetan ere. Eta hau erakunde guzti horien indar gidaria bada, bistakoa da Alderdiaren araztea beharrezko premisa dela, zeina gabe ezin den burutu behargin-klasearen gainontzeko erakunde guztien suspertzea eta hobekuntza. Hortik Alderdia araztearen kontsigna.”

Eskuineko desbideratzea SBAK(b)an – Stalin

Proletalgoaren diktadura, Estatu proletarioa, Sozialismoaren gainegitura gisa berebiziko garrantziazko eginkizuna du honen aurrerapena ahalbidetzeko ideien eta baloreen hedapena eta errotzea bultzatuz. Beraz ideia zahar, atzerakoi, burges, klasisten aurka borrokatu beharra du.

Ideia sozialen aurrerapenaren arloan, aipatzekoa da hezkuntza herrikoitu eta demokratizatzeko; ohitura erlijioso, feudal eta burgesak ezabatzeko; bizitza sozialean emakumearen zokoratzearen aurka borrokatzeko; armada herrikoitzeko; burokratizazioa borrokatzeko; marxismo-leninismoa herriari helarazteko eta abar. Albania sozialistan egindako iraultza kulturalak abangoardia komunistaren, Alderdiaren gidaritzapean, jokamolde anarkiko eta nahastaileez urrun.

Ideologia klasistaren biziraupenak gizakien garunetan, hauek eta haien arbasoek mende luzeetan zehar gizarte klasistaren menpe egon izanaren ondorioz, pisu handia du ere.

Gizarte sozialista gizarte burgesaren erraietatik ateratzen dela, eta Mundu kapitalistak eskaintzen dion oinarria dela eta, ideologia honen eduki nagusia burgesa da. Hala ere, komunismoa ez denez soilik kapitalismoaren gainditzea, sistema klasistena ororena baizik, ideologia klasista erabiltzea osoagoa eta zuzenagoa da.

Ohitura eta aurreiritzi hauek bizitza sozialaren alor askoren aurrerapenerako oztopo bilakatzen dira, oso garrantzitsua egiten duena ideologia sozialista indartzea hauek gainditzeko.

Baina ideologia klasista hau forma berrietan agertzen da baita ere gizarte sozialistan.

Alde batetik, burokratismoa dugu (bulegoko langileen joera ideologikoa dena), intelektualetan eta enpresetako zuzendaritzetan ematen dena gehienbat.

“Pentsatzeko era hau, burokratismoaren ideologia idealista dena, aldi berean, gutxiengoaren kontzeptua da, banakoetan garatzen diren ideia subjektiboak eta gehiengoaren gain agintzen duen klase gutxienaren ideologia osatzen duena, gutxiengoak gehiengoaren buru eta kontzientzian sarrarazten duena kultura-, heziketa-, politika-, moral- eta zentzu-endekapenaren bidez, hau beren bigarren natura, bizimodua, pentsamendu- eta ekintza-era bihurtzeko.

(…) Buru egoera ez-iraultzaile guzti honek beren artean <<egonkortasun sentimendua okupatzen duten butakan>>, <<hutsezintasun bermea lanean>>, <<beren lan-metodo eta -eraren biribiltasuna>> sortzen du, buru egoera hau eman duena, eta honek haien artean burgesia berri baten pentsatzeko eta bizitzeko era sortzen du, sendian eta gizartean, gure herri-demokraziaren baitan. Hau oso arriskutsua da zinez. Ez badugu zuzia aplikatzen burokrataren uste hauek erretzeko, bera, agintean egonik, zabalduko ditu eta beste batzuk kutsatu hauekin.

Behargin edo kooperatibetako kide bat ez da asko kezkatzen lekuz aldatzen denean. Orokorrean, ez da lanaz edo bizitzaz beldur. Ezbeharretara ohituta dago, bere eguneroko ogia irabazten du edonon bere izerdiarekin. Aldiz, intelektuala edo bulegoduna zailtasunez mugitzen da arrazoi anitzengatik; lehenik, berak <<enteleguaren>> eta <<ofizialtasunaren>> nagusitasunaren ikuspuntua sortu duelako, eta bigarrenik, soldataren auzia, finantza-trataeraren auzia. Behargin eta nekazarien artean agertzen ez diren bi ikuspuntu hauek intelektualetan eta bulegodunetan borrokatu behar dira.”

Alderdiaren eta gobernuaren etengabeko iraultzatzea – Hoxha

Bestetik, berrikuspentasuna (Sozialismo Zientifikoaren maneiua interes burgesetara moldatzeko), Alderdian eta Estatu sozialistaren erakunde guztietan agertzen dena. Honek forma ezberdinak hartuko ditu klase-borrokaren bihurguneen arabera, Sozialismoaren aurrerapen-mailaren arabera eta interes klasisten uneko beharren arabera. Honek etengabeko heziketa ideologikoa eskatzen du Alderdiaren kideen partetik, ekinbide praktikoaren berriztapena momentuko beharren arabera, eta edozein unean klase-etsaien aurka kolpatzeko prestatuak egotea.

Azpimarratu beharra dago, Estatu sozialistaren burokratizazioaren aurka borrokatzeko, Estatu sozialista EXISTITU behar dela, proletalgoaren diktaduraren metrializazio gisa, klase-borroka historikoaren fase garatuagoa dena.

Sozialismoan langile bakoitzak kontsumorako jasotzen duena egindako lanaren arabera izateak “eskubide burgesaren” iraunaraztea dakar (hau `Komunismoaren eraikuntza´atalean sakonago azalduko da) hala ere, Lenin-ek esan bezala nolabait “burgesiarik gabeko Estatu burgesaren iraunaraztea” dakarrena. Materialismo dialektikoaren ikuspegitik honek ez du esan nahi Estatu sozialista langileriaren beharrezko lanabesa ez denik bere helburu historikoak erdiesteko, baizik eta komunismo osora heldu arte kapitalismoaren zantzuak eremu guztietan iraungo dutela, klase-borroka aurrera eramaten jarraitzea eskatzen duena.

Estatu proletarioaren borroka indar atzerakoien aurka berau sendotzeko eta Estatu burgesa uzkailtzeko taktikak desberdinak dira eta hau ez ulertzea joera anarkistako desbideratzeei darama.

Hau da “autonomoek” miretsitako Pannekoek edota “behargin-oposizioari” (Alderdi boltxebiketik kanporatutakoa Lenin-en garaian X. Batzordean frakzioen debekuarekin) gertatutakoa, Estatu proletario osoa “burokrazia” gisa hartuz proletalgoaren diktadura hondeatzen zuen politika jarraitzen zutenak. Adibidez ekoizpen-gune bakoitzean lan-arauak bakarka ezartzearen (planifikazio zentralizatua kaltetzen duena desberdintasunei bidea irekiz) desbideratze anarkosindikalista, sindikatuak Estatu sozialistaren balizko akatsen aurkako langileriaren tresna propioa izan ordez (nahiz eta Trotsky-ren militarizazioa okerragoa izan…)

Auzi honi amaiera emateko, marxista-leninista askoren aipuren bat ekar genezake, baina horren ordez hasierako urteetan iraultza boltxebikea babestu zuen anarkista baten hitzak ipiniko ditugu, “autonomo” hauek ez soilik marxismotik baizik eta, inor baino “ezkerrerago” egon nahiean, anarkista batzuetatik ere zein urrun dauden ikustarazteko:

“Metrailetaz esan dugun guztia Estatuari eta haren menperatze-aparatuari ezartzen zaio: espetxeak, auzitegiak, polizia, zerbitzu polizialak. Iraultzak ez ditu armak aukeratzen. Historiak eraiki dituenak jasotzen ditu zelai odoldutik, garaitutako klase zuzendariaren eskuetatik erortzen direnak. (…)

Estatu kapitalistaren eta Estatu proletarioaren arteko oinarrizko desberdintasuna honakoa da: langileen Estatuak bere desagerpen propioaren alde lan egiten du. Proletalgoaren diktadurak ezarritako bortizkeria-errepresioaren oinarrizko desberdintasuna, azken hau bortizkeria ororen deuseztatzerako langile-klasearen beharrezko arma dela da.”

Iraultzaile orok errepresioaz jakin behar duena – Victor Serge

Baina Estatu sozialistaren egiteko erabakigarria iragate-adian ez da soilik arlo politikoan kokatzen, bazik eta ekonomikoan ere.

“Behin garapenaren bilakaeran klase-desberdintasunak desagertuta eta ekoizpen osoa gizabanako elkartuen eskuetan bilduta, botere publikoak bere izaera politikoa galduko du. Botere politikoa, adiera hertsian, klase baten antolatutako bortizkeria da beste baten zapalkuntzarako. Burgesiaren aurkako borrokan proletalgoa halabeharrez klase menderatzailean bihurtzen bada eta, klase menderatzaile gisa, indarrez ekoizpen-harreman zaharrak ezabatzen baditu, ekoizpen-harreman hauekin batera ezabatzen ditu klase-aurkakotasunaren eta orokorrean klaseen izaterako baldintzak, eta ondorioz, bere menderakuntza propioa klase gisa.”

Alderdi Komunistaren Manifestua – Marx eta Engels

“Botere politikoa ekonomikoki ezgai bada, zergatik borrokatzen dugu proletalgoaren diktadura politikoaren alde orduan? Bortizkeria (hots, Estatuaren boterea) potentzia ekonomikoa da baita ere!”

Konrad Schmitd-i gutuna – Engels

 

KOMUNISMOAREN ERAIKUNTZA

Sozialismoa kapitalismotik komunismo osora arte doan iragate-aldi historikoa da, zeinetan langileriak era kontzientean eremu guztietan gizarte klasistaren gainditzea ahalbidetzeko eraikuntza ekonomikoa eraman behar duen aurrera.  Sozialismoa eta Komunismoa, mamian mota bereko, ordena ekonomiko-sozial beraren bi fase orokor dira, soilik beren garapen- eta heldutasun-mailagatik desberdintzen direnak. Ondorioz, gizarte esplotatzailearen kontraesana ezeztatzeko eta Komunismoak kapitalismoa ordezteko, klaseen desagerpenera daraman benetako aldaketa kualitatiboa, Sozialismoaren Eraikuntza Ekonomikoa eraman behar da aurrera.  

“Baina sozialismoaren eta komunismoaren arteko desberdintasun zientifikoa argia da. Sozialismoa deitu ohi zaionari, Marxek gizarte komunistaren “lehen” fasea edo behe-fasea deitzen zion. Ekoizpen-baliabideak jabetza komun bilakatzen diren aldetik, fase honi “komunismo” hitza ere eman dakioke, beti ere ikuspegitik galdu gabe hau ez dela komunismo osoa. Marxen azalpenen garrantzia handia, hemen ere dialektika materialista, garapenaren teoria, konsekuenteki aplikatzean datza, komunismoa kapitalismotik garatzen den zerbait bezala hartzen delarik. “Imajinaturiko” definizio eskolastikoen eta artifizialen ordez eta hitzen inguruko eztabaida anzuen ordez (zer da sozialismoa, zer da komunismoa), Marxek komunismoaren garapen ekonomikoaren graduak deituko genituzkeenak aztertzen ditu.”

Estatua eta Iraultza – Lenin

Esan bezala, “autonomoen” ikuskerak ez du honekin zerikusirik, haien ildo metafisiko eta ultraezkertiarrari jarraiki kapitalismo eta komunismoaren arteko iragate-aldia ukaten baitute, hots, komunismoa bat-batean sozialismotik igaro gabe erdietsi daitekeela, egiatan gizartearen azpiegituraren aldaketa osoa aurrera eraman behar denean honetarako.

“Behargin-klaseak ez zuen inolako miraririk espero Komunatik. Beharginek ez dute par décret du peuple ezartzeko prest dagoen inongo utopiarik. Badakite beren emantzipazio propioa lortzeko, eta harekin bizitza-forma gorena  zeinerantz egungo gizartea eutsi ezinik jotzen duen bere garapen ekonomiko  propioaren ondorioz, borroka luzeetatik igaro beharko direla, prozesu historiko multzo oso batetik, baldintzak eta gizakiak erabat  aldatuko dituztenak. Haiek ez dute inongo idealik gauzatu behar, baizik eta hil-hurreneko gizarte burges zaharrak bere baitan daraman gizarte berriaren elementuak askatu besterik ez. Haren misio historikoaz guztiz kontziente eta haren arabera jokatzeko heroikoki ausarta, behargin-klaseak trufa egin dezake lumaren losintxarien idazki zorrotz baldarrez eta asmo oneko doktrinario burgesen babes txirriporroaz, beren arrunkeria ezjakinak eta beren ameskeria sektarioak hutsezintasun zientifikoaren kutsu ulergaitzez botatzen dituztenak.”

Gerra zibila Frantzian – Marx

Haien “elkartasun-sarearen” egiteko nagusia jada kapitalismoaren baitan “komunismoa eraikitzen duen” kooperatiba-sare bat sortzea izango litzateke. Kooperatiba-komuna bakoitza bere burua aski izateko besterik ez luke ekoiztuko, Estatu sozialistaren planifikazio eta zentralizaziorik gabe, artisau-erako ekoizpen-modu aurre-industrialean oinarrituz. “Komunalismo-kooperatibista” honek balioaren legetik at antolatuko luke haren ekonomia, bakoitzari bere beharren araberako ekoizkin sozialaren zatia emanez. Sare hori okupazio bidezko desjabetzearen bitartez joango litzake osatzen, baina ez Kapitalaren ekoizpen-guneen desjabetzeaz (unean uneko sartu-ateretaz aparte), honek “kanpoaldean” abandonatutakoaz baizik, kapitalismoa bere kabuz “kolapsatuko” litzateken unea itxaroten.

Honelako komunitate “berdinzaleen” sorkuntza oso modan egon da AEB bezalako soberakin handiko gizarte inperialistatetan, hippie-tatik amish-etara. Hauetan oso ohikoa da justizia soziala “bizimodu xumeago” batean bilatzea, industria-handiaren eta aro kapitalistaren aurrerapenak alboratuz. Komunitate hauek landare bitxi gisa dira baimenduak, ezarritako boterearentzat oztopo bat bilakatu arte.

Demokrata burges-ttipiei propioak zaie klase-borrokari ezinikusia, hura ale batera uzteko posibilitatearen inguruko ametsak, bere ertz zorrotzak leundu, adiskidetu eta limatzeko gura. Horregatik, mota honetako demokratak edo ez dira arduratzen kapitalismotik komunismorako aldi historiko oso baten aintzatespenaz, edo beren egitekoa lehian dauden indar biak adiskidetzeko planak asmatzea dela jotzen dute, indar hauetako baten borroka gidatu ordez.”

Proletalgoaren diktaduraren ekonomia eta politika – Lenin

“Autonomoak” fantasiasko eskemetan jausten dira “komunismoaren eraikuntza” Ekonomia Politikoaren legeei muzin eginez (“marxianoen” arabera zerbait “burgesa” omen baita), haien nahimenean soilik oinarrituz hau aurrera eraman daitekenaren ustean. Idealismo eta boluntarismo honek giza-sozietateen bilakera zehazten duten lege orokor unibertsalen izatea ukatzen du, komunismoa edozein garai edo erregimen sozialean eraiki daitekeen kimera batean bihurtuz.

“Ekonomia Politikoa, zentzu zabalenean, giza-sozietatean bizitza-baliabide materialen ekoizpena eta trukea zuzentzen duten legeen zientzia da.”

Anti-Dühring – Engels

Beraz badira ekoizpen-modu bakoitzean (gizarte primitiboa, esklabismoa, feudalismoa, kapitalismoa eta komunismoa) ekiten duten legeak baita guztiei komunak direnak ere. Hauek soilik burgesatzat edo zirkulazio merkantilarekin lotuta soilik ulertzea ezjakintasunari atzerapausua da, Lenin-ek Bujarin-i aurpegiratu bezala.

“Ekonomia politikoaren xedea ekoizpen-harremanak dira, gizakien arteko harreman ekonomikoak. Eremu honi dagozkio: a) ekoizpen-baliabideen gaineko jabetza-formak; b) hemendik eratorritako multzo sozial ezberdinen egoera ekoizpenean eta beren arteko harremanak, edo Marx-ek dion bezala “jardueren trukea”; c) jabetza-forma horien menpe erabat dauden produktuen banatze-formak. Guzti honek osatzen du, oro har, Ekonomia politikoaren xedea.”

Sozialismoaren arazo ekonomikoak SESBn – Stalin

Ez dira gizakien nahi subjektiboak, ordea, sozietateen bilakaera zehazten dutenak (nahiz eta honetan eragin), materiaren gain eragiten duten eta honen mugimendua zehazten duten lege dialektiko unibertsal objektiboak baizik, aldez aurretik existitzen direnak, aukera gisa ere nahiz eta praxi sozialak oraindik hauen eragitea ez ahalbidetu. Beraz, materiaren antolatzen-formak garen heinean, bai maila sozialean baita gure garuna ere, materiaren garapen-maila gorena iristen duena bere izatearen kontzientzia lortzerakoan, lege hauek aurkitu eta ezagutu ditzazkegu gizadiaren aurrerapenaren alde jardun ahal izateko. Beraz kontzientzia faktore objektiboa da gizakien jardueran duen eragina kontuan hartuta, baina materiak beti zehaztuko du subjektibitatearen eragina bere gain.

“Askatasuna ez, beraz, lege naturaletatik amestutako independentzia batean, baizik eta lege hauen kontzientzian eta harekin dakarren posibilitatean xede jakin batzuen gain arrazionalki proiektatzeko. Eta hau ez da soilik kanpo-naturako legeekin eraentzen, baizik eta gizakiaren gorputz- eta izpiritu-izatea buru dutenekin ere; gehienez ideian banatu ditzazkegun bi lege mota, baina errealitatean erabat banaezinak direnak.”

Anti-Dürhing – Engels

Gauza bera gertatzen da lege ekonomikoekin, aldez aurretik existitzen direnak aukera gisa bada ere nahiz eta praxi sozialak oraindik hauen eragitea ez ahalbidetu, ezin baitira gure nahiera “sortu” edo “ezabatu”, baizik eta beharrezkoa da hauek aurkitzea, ezagutzea eta ekin dezaten (edo ekiteari utz diezaioten) inguruabar materialak lantzea eta eraldatzea.

“Burkide batzuek zientziaren legeen izaera objektiboa ukatzen dute, nagusiki Ekonomia Politikoaren legeena sozialismoan. Ekonomia Politikoaren legeek gizakien nahiemenetik independenteki ematen diren prozesuen izaera erregularra islatzen dutela ukatzen dute. (…) Gizakiek lege horiek aurkitu ditzakete, ezagutzera iritsi, ikasi, ekiterakoan kontuan hartu eta gizartearen interesean aprobetxatu; baina ezin dituzte aldatu ezta deuseztatu ere . Eta are gutxiago dezakete zientziaren lege berriak osatu edo sortu.”

Sozialismoaren arazo ekonomikoak SESBn – Stalin

Ekonomia Politikoaren legeen berezitasunetako bat da ez direla betierekoak, baizik eta aldi historiko jakinen iragatean ekiten dutela beste batzuei bide emanez egoera ekonomikoak aldatu heinean. Honen garrantzia are handiagoa da ekoizpen-moduen arteko iragate-aldietan, kapitalismotik komunismorako Sozialismoan zehar adibidez.

Bestetik, haien “komunetako” jabetza kolektiboa ez da gizartearen ekoizpen-baliabide garatuen sozializazioan oinarritzen, ekoizpen handia galarazten duen hauen sakabanatzean eta maila tekniko kaxkarra mantenduz baizik. Honela aro kapitalistan atxikitutako aurrerapenak (ekoizpen sozialaren hedapena, garraioa, komunikabideak…) ukatzen dituzte eta ekoizpen-indarren azpigarapenarekin (“deshazkundearen” ideien ildotik) ekoizpen-harreman komunistak garatu daitezkela uste dute, egiatan honek industria handiaren eta teknika jasoenaren beharra duenean. Beraz “giza-harreman berriak praktikan jartzea” deitzen dutena “bizi eredu berriak landu” lelo indibidualistaren beste bertsio bat da, baina gizarte burgesaren kanpoaldean eraikitako “komunetan”. Baina ekoizpen-harreman sozialistak kapitalisten zantzuen aurkako borrokan garatzen dira hauek osoki komunista bihurtu arte, honetarako ekoizpen-indarren garapena maila kualitatiboan beharrezkoa izanik.

“Ekoizpen-modu kapitalistatik ernetzen den eskuratze-modu kapitalista, eta ondorioz, jabetza pribatu kapitalista, lan propioan oinarritutako jabetza pribatu indibidualaren lehen ezeztapena da. Baina ekoizpen kapitalistak, naturaren prozesu baten halabeharrezko indarrarekin, bere ezeztapen propioa sortzen du. Ezeztapenaren ezeztapena da. Honek ez du jabetza pribatua berrezartzen, baizik eta aro kapitalistaren aurrerapenetan oinarritutako banakako jabetza: elkarlanean eta lurraren eta lan berak sortutako ekoizpen-baliabideen jabetza kolektiboan oinarrituta.”

Kapitala, I. atala – Marx

“Eta soilik industria handiak garatzen du, alde batetik, ekoizpen-moduaren iraultzea eta bere izaera kapitalistaren ezabapena ezinbesteko beharra bihurtzen duten gatazkak – ez soilik industria handi honek sortutako klaseen artean pizten diren gatazkak, baizik eta ekoizpen-indarren eta haiek sortutako truke-formen artean ere – eta beste aldetik, ekoizpen-indar erraldoi hauetan garatzen ditu ere gatazka hauek ebazteko baliabideak.”

Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora – Engels

“Pos-proudhonismo” mota honek balioren legearen gainditzea aldarrikatzen du, honen arabera soilik funtzionatu dezaken egitura ekonomiko bat, artisau-erako ekoizpen txikia, planteatzen duen bitartean. Beraz Ekonomia Sozial Eraldatzailea deitzen dutenaren (baliagarria izan daitekeena oinarrizko kontsumoa ziurtatzeko krisi testuinguru batean, baina ez dena iraultzailea inondik inora) edo auzolanaren bertsio “gorria” gisa (gorri-beltza zehazkiago) izendatu daiteke, ez baitu ikusten industria handiaren beharra gizartearen beharrak asetzeko ezta ekoizpen-harreman sozialistak garatu ahal izateko, eta ondorioz proletalgoarena ere ez, “sozialismo utopikoaren” esperimentuen ildotik edozein garai eta erregimen sozialean sortu ahalko litzatekeen komuna-sarea helburutzat izanez.

“Proudhon jaun ekonomistak oso ongi ikusi du gizakiek ohiala, ehuna, zeta, ekoizpen-harreman zehatz batzuen markoan egiten dutela. Baina ikusten jakin izan ez duena gizakiek ekoizpen-harreman zehatz hauek ohiala, lihoa, eta abar. bezala ekoizten dituztela izan da. Harreman sozialak estuki lotuta daude ekoizpen-indarrei. Ekoizpen-indar berriak lortzerakoan, gizakiek ekoizpen-modua aldatzen dute, eta ekoizpen-modua aldatzerakoan, bizitza ateratzeko era, harreman sozial guztiak aldatzen dira. Besoz mugitutako errotak jaun feudalen gizartea ematen digu; lurrun-errotak, kapitalista industrialen gizartea.”

Filosofiaren miseria – Marx

Proudhonen ikuspegi nekazari utopiko-aterakoiak eta moral patriarkarren defentsak izango ote du zerikusirik “gure autonomoek” egiten duten familiaren idealizaioarekin, komunitatearen oinarri gisa finkatuz? Jakina baita familia gizarte klasistaren egitura zapaltzailea dela, honen erreprodukziorako tresna, komunismoan sozializazioaren bitartez deuseztatu beharrekoa unitate ekonomiko gisa…

“Dena den, aurreko aldi guztietan banakako ekonomiaren deuseztatzea, jabetza pribatuaren ezabatzeatik banaezina dena, ezinezkoa zen horretarako baldintza materialak existitzen ez zirelako sinpleki. Etxeko ekonomiaren antolaketa komunean makineriaren garapena dakar, indar naturalen eta beste hainbat ekoizpen-indarren erabilpena, adibidez, ur arrunta etxeetan, gas-argiztapena, lurrun-berokuntza, eta abar., hiriaren eta landa-eremuaren arteko kontrastasunaren ezabatzea. Baldintza hauek gabe, berriz, ekonomia komuna ez da ekoizpen-indar berri bat izatera iritsiko, oinarri material oroz gabetua egongo da, oinarri soilki teoriko batean finkatuko da, nahiera huts bat izango da eta ez du monastegiko ekonomia batera besterik eramango. Hirietan soilik izan da posible kontzentrazioa eta eraikin komunalen eraikuntza hainbat xede zehatzentzat (espetxeak, koartelak, eta abar.). Noski, banakako ekonomiaren ezabatzea familiaren ezabatzeaz banaezina da.”

Ideologia germaniarra – Marx

“Autonomoen” formula gainbalioarekin amaitzeko, esplotazio kapitalistarekin amaitzeko, gaineratiko ekoizkina ezabatzea da, eta ez gaineratiko hori sozializatzea ekoizpen sozial eta jabetze kapitalistaren arteko kontraesana gaindituz. Baina gaineratikoa, gizarte klasistaren jaiotzerako oinarria izan arren, ez du ekoizpen-modu guztietan gainbalioaren forma hartzen, esklabismoan edo feudalismoan adibidez (balioaren legea ez baitzen ekonomiaren erregulatzailea bihurtu), eta komunismoan ez du izaera hori izango ezta ere, lan hila lan biziaren xurgatzaile izatetik honen zerbitzura igarotzerakoan, ekoizpen-baliabide guztiak sozializatzerakoan eta beharren araberako ekonomia planifikatua errotzerakoan.

Baina “autonomoen” arabera honekin amaitzeko egin behar dena komuna bakoitzaren kideen biziraupenerako beharrezkoa dena baino gehiago ez ekoiztea da. Honela egoera makaleko “gizarte primitibo” batera buelta aldarrikatzen dute, lanabes atzeratuekin eta lan-baldintza penagarrietan, ekoizpenaren garapenean oinarritutako gaineratiko lanak sortutako gaineratiko ekoizkina gizarteratu ordez.

Marx aparatuan:

“(…) Ekoizpen-modu kapitalistaren ezabapenak lanaldia beharrezko lanera murriztea ahalbidetuko luke. Alabaina, honek, gainontzeko baldintzak aldaezin jarraituko balute, bere ekintza-eremua hedatuko luke. Alde batetik, beharginaren lan-baldintzak orduan aberatsagoak izango liratekelako eta bere nahikariak handiagoak. Eta bestetik, egungo gaineratiko lanaren zati bat beharrezko lana izatera igaroko litzakelako, eta zehazki erretserba- eta metatze-funts sozial bat osatzeko.

Zenbat eta lanaren ekoizpen-indarra gehiago handitu, gehiago murriztu daiteke lanaldia, eta zenbat eta gehiago murriztu hau, gehiago hazi daiteke lanaren intentsitatea. Lanaren emankortasuna, sozialki hartua, lanaren ekonomiarekin hazten da baita ere. Honek ez du hartzen ekoizpen-baliabideen ekonomia soilik, baizik eta alferreko lan ororen ezabapena ere. (…)

Lanaren intentsitate eta ekoizpen-indarra emana, ekoizpen materialerako beharrezko lanaldi sozialaren zatia are laburragoa da, eta luzeagoa, ondorioz,gizabanakoen  jokaera izpiritual eta sozial askerako lortutako denboraren zatia, zenbat eta lana uniformeagoki banatu lan egiteko gai diren gizarteko kide guztien artean, zenbat eta gutxiago ahalko duen geruza sozial batek lanaren behar naturalaz ez arduratu eta beste baten lepoan bota. Alde honetatik, lanaldiaren murrizterako erabateko muga lanaren orokortzeak zehazten du. (…)  ”

Kapitala, I. atala – Marx

Gaineratiko hau gainbalioa ez izateak (ekoizpen-baliabideak kolektibizatuak daudelako eta lan-indarra ez delako merkantzia bat) esan nahi du langileek ekoizpen sozialaren metatze eta banatzerako egindako lana ez dela esplotazioa, gizarte sozialistaren aurrerapenerako egindako ekarpena baizik. Honek ez du esan nahi langileek zuzenean, kontsumo pertsonalerako ekoizkinak eskuratzeko, jasotako ekoizkin sozialaren zatia beharrezko lan honen berdina denik, honi kenkari batzuk egin behar baitzaizkio gaineratiko hori gizarteratu hala izateko:

“Har dezagun, lehenik, “lanaren fruitua” hitzak lanaren produktuaren zentzuan; orduan, lan kolektiboaren fruitua produktu sozialaren osotasuna izango da.

Orain, hemendik kendu behar da:

Lehenengo: parte bat kontsumitutako ekoizpen baliabideak berritzeko.

Bigarrenik: parte osagarri bat ekoizpena hedatzeko.

Hirugarrenik: istripuen, fenomeno naturalen ondoriozko nahasmenduen eta abarren aurkako erreserba- edo aseguru-funtsa.

“Lanaren fruitu osoaren” kenketa hauek behar ekonomikoa dira, eta bere tamaina existitzen diren baliabide eta indarren arabera zehaztuko da, eta neurri batean, probabilitateen kalkulua bidez, baina inola ere ezin da ekitateaz abiatuz kalkulatu.

Produktu osoaren gainerako partea geratzen da, kontsumo-bideei zerbitzatzera zuzendua.

Baina, parte hau banakako banatzera iritsi baino lehen, oraindik kendu behar zaio:

Lehenik: kudeaketaren gastu orokorrak, ekoizpenari ez dagozkionak.

Parte hau hasierako unetik era adigarrian izango da murriztua egungo gizartearekin alderatuz, eta gutxitzen joango da gizarte berria garatzen den neurrian.

Bigarrenik: behar kolektiboak asetzera zuzentzen den partea, eskolak, osasun-instituzioak eta abar. bezala.

Parte hau era adigarrian handituko da lehen unetik, egungo gizartearekin alderatuta, eta handitzen jarraituko du gizarte berria garatzen den neurrian.

Hirugarrenik: lanerako gai ez diren pertsonentzako eta abarrentzako sostengu-funtsak; hitz batean, egun ongintza ofiziala deitutakoari dagokiona.

(…) “Lanaren fruitu osoa” jada eraldatu da, era hautemanezinean, “fruitu partzialean”, ekoizleari banako gisa kentzen zaiona berari bueltatu arren, zuzenean edo zeharka, gizartearen kide gisa.”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Lan sinple aurre-industrialean oinarritutako “autonomoen” ekoizpenak ekonomiaren mantenu eta hobetzea eta gizarterako zerbitzuen asetzea galarazten du, eta ondorioz komunismoaren erdiestea, hau aszetismo orokor eta igualitarismo baldar batez ordeztuz. Kontsumo-baliabideen banaketa betiere ekoizpenaren baldintza propioen banaketaren ondorio baita, hots, langileen jabetza kolektiboa izateagatik soilik egungo banaketaz desberdina izango litzake. Beraz banaketa-era ekoizteko eraren araberakoa da, ekoizpenaren zati handiena ekoizpenak berera bideratua egoniik.

“Baina, hau nahi dena arraroa iduritu arren, inori ez zitzaion otu pentsatzea banatze-modua funtsean banatzeko dagoen produktu kopuruaren araberakoa dela, eta kopuru hau aldatzen dela, noski, ekoizpenaren eta antolakuntza sozialaren aurrerapenarekin eta ondorioz, banatze-modua ere aldatu behar dela. Aitzitik, eztabaidan parte artu duten guztientzat <<gizarte sozialista>> ez da etengabe aldatzen den eta aurrera egiten duen zerbait, baizik eta zerbait egonkorra, behin betiko finkoa den zerbait, beraz banaketa-modu finko bat izan behar duena ere.”

Konrad Schmidt-i gutuna – Engels

Komuna-kooperatiba hauen artean harremantzeko era ere ez dute oso argi adierazten. Gaineratikorik ez ekoiztekotan unitate ekonomiko gisa batzuek besteetaik isolatuta funtzionatuko lukete, ekoizpen-baliabideen sakabantzea derrigorrean ezarriz eta ekoizpen soziala galaraziz. Haietakoren batek besteak baino gehiago ekoitziz gero sortutako desberdintasunetatik haratago, soilik ekoizpen materialean zenbat lanordu beharko diren aldez aurretik zehaztu gabe jada gertatu daitekeena, edo batzuek besteen produktuen beharra izanik, kooperatiba horien arteko harreman ekonomikoa besterendutako produktuen (merkantzien) trukean besterik ezingo litzake gauzatu, “komuna-sarean” balioaren legearen eragina ekidin ezinez (baita metatze kapitalistaren aukera irekiz). Hau ekiditeko era bakarra ekonomia sozialista osotasun gisa hartuko lukeen ekoizpen sozialaren antolakuntza konszientea da, non ekoizpena eta banaketa Plan baten arabera zehazten diren.

 “(…) gidaritza historikoa proletalgoaren eskuetara igaro dela, gizartearen baitan duen kokapen osoagatik klase-menperakuntza, zapalkuntza eta esplotazio ororekin erabat amaituz soilik emantzipatu daiteken klasea; eta gizartearen ekoizpen-indarrak, burgesiari eskuetatik ihes egin arte hazten direnak, proletalgo elkartuak haietaz jabe egiteari itxaroten ari direla soilik, gauzen egoera bat sortzeko non gizarteko kide bakoitzari ahalbidetuko dion ez soilik ekoizpenean parte hartzea, baizik eta aberastasun sozialen banatze eta kudeaketan ere, eta ekoizpen guztiaren zuzendaritza planifikatuaren bitartez gizartearen ekoizpen-indarrak eta haien etekina halako era batean areagotuz, bakoitzari ziurtatzeko moduan bere arrazoizko behar guztien asetzea gero eta proportzio handiagoetan.”

Karl Marx – Engels

Planifikazio hau, noski, Sozialismoaren Eraikuntza Ekonomikoa komunismora aurrera egitea ahalbidetzen duten funtsezko legeak jarraituz egin behar da, ekonomia kolektiboan oinarritutako garapen harmonikoarenak. Eta ez “marxianoek” haien ametsetako baldintzetako utopia sozialak eraikitzeko asmatutako sistemen ebangelioak jarraituz. Hala ere, ez da aukera errealitatearekin nahastu behar, lege ekonomikoen ezagutza sakonaren beharra azaleratzen duena.

“Badago sozialismoaren funtsezko lege ekonomikoa? Bai, badago. Zertan datza lege honen oinarrizko ezaugarriak eta eskakizunak? Sozialismoaren funtsezko lege ekonomikoaren oinarrizko ezaugarriak eta eskakizunak gutxi gorabehera jarraian azaltzen den bezala azaldu daitezke: gizarte osoaren behar material eta kulturalen asetze handiena ziurtatzea, igoera konstantean daudenak, teknika jasoenaren oinarriaren gain ekoizpen sozialistaren etenik gabeko garapenaren eta hobekuntzaren bitartez.

Ondorioz, mozkin handienak ziurtatu ordez, gizartearen behar material eta kulturalen asebetetze handiena ziurtatu; ekoizpena goralditik krisira eta krisitik goraldirako aldizkakotasunaz garatu ordez, ekoizpena etengabe garatzea; gizartearen ekoizpen-indarren suntsipenekin batera teknikaren garapenean aldizkakotasun periodikoen ordez, ekoizpenaren hobekuntza etengabea teknika jasoenaren oinarriaren gain.”

Sozialismoaren Arazo Ekonomikoak SESBn – Stalin

Baina behar sozialetan oinarritutako ekoizpen honek erdigune bat behar du kolektibizatutako ekoizpen-baliabideak osotasun gisa kudeatu ahal izateko, batzarretan oinarritutako planifikazioa eraikitzearen ardura duen egitura zentralizatua. “Autonomoentzat”, ordea, hau “despotismo poliziala” da eta Ikaria bakoitzeko “asanbladetan”(hauen arteko mailaketa zehaztugabea izanik, “elkartasun-sarearen” ekonomia osoa antolatu eta erabakitzeko ezgai izanik) erabaki behar da “jabetza komunalaren” ekonomia, ekoizpenaren anarkiari bidea irekiz.

“Ekonomiaren zuzendaritza zentralizatua ekoizpen industrial handiaren goraldiak sorrarazitako behar objektiboa da. Zuzendaritza forma hau ekonomia sozialistan behar objektiboa da arrazoi handiagoz, ekoizpen-baliabideen gaineko jabetza komunean oinarritzen da eta non ekonomiaren garapen proportzional eta planifikatuaren lege objektiboak ekiten duen. Zentralismo demokratikoak praktikaren froga jasan du. Sobietar Batasunean eta Herri-Demokrazietan lortutako garapen ekonomikoaren maila, Estatuaren partez ekonomiaren zuzendaritza planifikatuaren emaitza da. Ekonomiaren zuzendaritza zentralizatua ez bada demokraziarekin bateratzen, desitxuratze burokratikoak sorrarazten ditu eta ekimen lokala itoarazten du. Baina hortik ezin da ondorioztatu Kardelj-ek ateratzen duen ondorioa, ekonomia nazionalean Estatu sozialistaren gidari-paperari uko egin behar zaiola. Buru yugoslaviarrek aldarrikatzen duten deszentralizazioak alderdiaren eta proletalgoaren diktaduraren gidari-papera ukatzen du, merkatuaren espontaneotasun eta anarkiaren arriskua du bere baitan, ekonomiaren planifikazioa hondeatzen du eta klaseen arteko desberdintzea areagotzen du.”

Nazioarteko egoeraren eta Alderdiaren egitekoen inguruan – Hoxha

Gainera “autonomoen”kooperatiba-komunen ekonomiaren baliabide traketsek oinarrizko bizibehar asko asetu ahal ez izatea ekarriko luke (osasungintzaren arloan adibidez) eta, unean uneko “desjabetzeez” haratago (jabetza pribatuaren eskuratzea), kapitalismoarekin harremanak izatera derrigortuko luke. Era honetan, merkantzia-trukera behartuak izango lirateke honetatik produktu horiek jaso ahal izateko, balioaren legea haien ekoizpenaren barruraino sartuz eta ekoizpena merkatu kapitalistaren beharren arabera antolatu beharrez. Horregatik da hain garrantzitsua Sozialismoaren Eraikuntza Ekonomikoarentzat industria astunaren indartze eta garapena (ekoizpen-baliabideen ekoizpenarena), honek ekoizpenaren areagotze hedatua eta Mundu kapitalistarekiko burujabetza izatea ahalbidetzen baitio ekonomia kolektibizatuari, nahiz eta epe laburrean kontsumo-produktuen kopuruan ez nabaritu (eskuineko berrikuspentasunak egin ez bezala).

“Gure tesiek diote orokorrean industriaren garapenaren erritmoa azkarrak, eta ekoizpen-baliabideen ekoizpena bereziki, herrialdearen industrializazioaren funtsezko printzipioa eta gakoa dela, gure ekonomia nazional osoaren garapen sozialistaren oinarriaren gaineko eraldaketaren funtsezko printzipioa eta gakoa. (…) Sozialismoaren behin betiko garaipena lortzeko gure herrialdean beharrezkoa da baita ere herrialde horiek harrapatu eta gainditzea arlo tekniko-ekonomikoan. Hala egin ala zanpatuko gaituzte. Hori ez da egia bakarrik sozialismoaren eraikuntza osoaren ikuspuntutik. Bada ere gure herrialdearen independentzia-bermearen ikuspuntutik setio kapitalistako egoeran. (…) Esan ohi da industria ekonomia nazionalaren printzipio gidaria dela, nekazaritza barne hartuz, industria nekazaritza atzeratu eta langartua kolektibismoaren oinarriaren gain berreraikitzeko gakoa dela. Hori egia borobila da. Eta ez dugu une batez ere ahaztu behar. Baina gogoratu behar da baita ere, industria printzipio gidaria bada ere, bere garapenaren oinarria nekazaritza dela, hala bere ekoizpena xurgatzen duen merkatu gisa nola lehengai eta elikagaien hornitzaile gisa eta ekonomia nazionalari beharrezkoak zaizkion instalazioak inportatzeko beharrezkoak diren esportazio-erreserben iturri gisa.”

Eskuineko desbideratzea SBAK(b)an – Stalin

Guzti honi lapurretak eta Estatu burgesen errepresioak eragindako hondamen ekonomikoak gehitu behar zaizkio, berriro ere Estatu sozialistaren beharra azalerarazten duena komunismoaren eraikuntza aurrera eraman ahal izateko. Azken finean, “marxianoen” ideia utopiko-atzerakoi hauek unitate ekonomiko mailako jabetza sozializatutako jabetzaren forma gorenetzat dute eta Estatala, proletalgoaren diktadurarena (nahiz eta Estatua iraungitzerakoan beste kudeaketa-erakunde batez ordeztua izan), maila baxuenekotzat, egiatan guztiz alderantziz denean.

Ideia erdi-anarkista hauek, ordea, ez dira berriak.

“<<Sistema autogestionario>> osoa, hala forman nola egituraren eta gainegituraren izendapenetan, “marxista” gisa aurkeztua izan behar zuen. Baina egiatan erabateko aurkakotasunean zegoen Marx-i eta teoria eta praktika leninistari. Lehen kolpea herri-demokraziaren boterearen aurka bideratu zen, proletalgoaren diktaduraren forma bat zena eta Yugoslavian inoiz ez zena hala izendatua izan. (…) Botere hau “behargin-batzordeez” izan behar zuen ordeztua, haien arabera lehena estatista-burokratikoa baitzen, “burokrazia eta burgesia berriaren geruza” sortzen duena, “behargin-batzordeek” Marx-en teoriari gertuagoko boterea ziren bitartean. Haien bitartez ustez “behargin beraiek dira zuzenean zuzentzen eta gobernatzen dutenak” Estatuaren bitartekaritza gabe, zuzendaritza yugoslaviarraren logikaren arabera, beraiena ez den zerbait izango omen dena. (…) Ondorioz “autogestio-sistemak” proletalgoaren diktaduraren boterea deszentralizatu, liberalizatu eta hondatu zuen. Estatua “proletarioena” zen eta “beharginena” izatera igaro zen, “borrokan, oinarrian” sortu zen, “sistema berria”, ustean garapen “dialektikoak” eskatzen zuena, Tito eta Kardelj-ek goitik ezarri zuten bitartean. Sistema honetan alderdiaren paper gidaria likidatua izan behar zuen eta hain zuzen ere desagertu egin zen. (…)

Teoriko yugoslaviarrek ekoizpen-baliabideen jabetzari buruzko espekulazio handiak egiten dituzte. Haien arabera, sistema “autogestionarioan” existitzen den ekoizpen-baliabideen gaineko jabetza sozializatua jabetza sozialistaren forma jasoena da, estatala forma behekoena den bitartean. Azken hau, kapitalismo estatal mota bat gisa definitu daitekeela gura dute haiek, zeinetatik kasta burokratiko berri bat jaiotzen den, egiatan jabetzara eskubidea kolektiboki erabiltzen duena. Ondorioz, burutzen dute, sozialismoan ezta ere jabetza estatalak ez du kapitalak sortutako beharginaren besterentzearekin amaitzen. Irabazi-beharginaren soldata harreman kapitalista pilaketa estatal-beharginaren soldata harremanaz da ordeztua. Beste hitzetan, haien arabera, sistema sozial bietan behargina beti soldatapekoa izaten jarraitzen du. Tesi troskista ezagun bat da, duela asko agerian ipinia eta ezeztatua. Benetako gizarte sozialistan, jabetza komuna proletalgoaren diktadurako Estatuak kudeatzen duenak behargin klasearen eta gainontzeko masa langileen parte-hartze zabal antolatu eta eraginkorraz, zentralismo demokratikoaren printzipioaren arabera, eta zeinetan ez diren produktu sozialaren banatzean geruza pribilegiatuen sorkuntzara bideratzen duten desberdintasun handiak onartzen, behargina ez da soldatapekoa, ez dago esplotatua.(…)

(…) Nahasmen orokorreko sistema honetan, beste bat da kokapen politiko nagusi eta gidariak dituena. Beste hori burokrata politiko eta teknokraten kasta berria da, intelektual burgestuen eta langile aristokraziaren geruzaz ateratakoa. Kasta hau moral proletario oroz urrun dago eta ez da bere gain inolako kontrol politikorik gauzatzen. Geruza burokratiko berri hau bere burua burokrazia estatistaren etsaitzat du, burokrazia are gehiago arriskutsuagoa denean, sistema ekonomiko deszentralizatu batean loratu eta indartzen dena, jabetza pribatua mantendu eta garatzen duena. “Behargin-autogestioa”, bere oinarriak ideologia anarkosindikalistan daudenak, nazionalismo errepublikarra sortu du, lege eta arautegi zehatzak ere landu dituenak bere interes zikoitzak defendatzeko.(…)”

ALAko EBren jarduerari buruzko txostena – Hoxha

“Marxiano” hauek planteamendu asko konpartitzen dituzte mendebaldeko intelektual karkailekin (Frankfurt-eko Eskola bereziki, baita Situazionistak ere) eta haien kritika antimarxistekin, batez ere “estalinismoaren” aurka. Hauen esanetan XX. mendeko SESB eta Eremu sozialistako eraikuntza prozesuak “Estatu-kapitalismoa” izan ziren denak, haien ekoizpena industrian oinarritzen baitzen “merkatuaren bitartez gainbalioa eskuratzeko”.

“<<Estatu-sozialismoa>> esamoldea zehaztugabea da. Hitz honekin askok aberastasunen zati jakin bat, batzuetan zati nahiko kontuan hartzekoa, Estatuaren eskuetara edo bere kontrolpera igarotzen den gauzen ordena ulertzen dute, kasuen gehiengo handian tailerren, fabriken eta lurraren gaineko jabetza partikularren eskuetan jarraitzen duen bitartean. Horrelaxe ulertzen dute askok “Estatu-sozialismoa”. Batzuetan, hitz honen atzean ezkutatzen da gauzen ordena zeinetan Estatu kapitalistak, gerraren prestakuntzarako edo mantentzeko interesean, enpresa pribatuen kopuru baten finantzazioaz arduratzen den. Guk eraiki dugu gizartea ezin da inola ere “Estatu-sozialismoa” deitu. Gure gizarte sobietarra gizarte sozialista da, gure herrialdean deuseztatu eta jabetza sozialean eraldatu delako tailerren, fabriken, lurraren, Bankuen, garraio-bideen gaineko jabetza pribatua. Guk sortutako antolakuntza soziala antolakuntza sobietar sozialista deitu daiteke, ez da oraindik eraikitzen bukatu, baina bere erroan gizartearen antolakuntza sozialista dena. Gizarte honen oinarria jabetza soziala da: Estatuaren jabetza, hots, herri osoarena, eta koljos-en jabetza kooperatiboa baita ere.(…)”

Elkarrizketa Stalin burkideari – Roy Howard

Berriro ere jabetza estatalaren auzia dugu aztergai. Kapitalismoan jada agertzen da jabetza publikoko enpresen sorkuntza, hala nola enpresa pribatuen nazionalizazioa, baita enpresa mixtoen sorrera ere (kapital publiko eta pribatuz osatuak), Estatu-kapitalismoa deritzona. Hau haien neurria dela eta klase kapitalistak osotasun gisa kudeatzea komeni zaion sektoreetan ematen hasten da, nahiz eta haien beharren arabera aurkako neurriak har ditzaketen.

“Baina ekoizpen-indarrek ez dute haien kapital izaera galtzen sozietate anonimoen eta truts-en edo Estatuaren jabetza bihurtzean. Sozietate anonimo eta trust-ei dagokionez, nabarmenki argia da. Bere aldetik, Estatu modernoa ez da gizarte burgesak sortutako antolakundea besterik ekoizpen-modu kapitalistaren kanpo-baldintza orokorrak babesteko erasoen aurka, hala beharginen partez nola kapitalista bakanen partez. Estatu modernoa, bere forma edozein izanda ere, makina esentzialki kapitalista da, kapitalisten Estatua da, kapitalista kolektibo ideala. Eta zenbat eta ekoizpen-indar gehiago jabetza gisa bere gain hartu, orduan eta gehiago bihurtuko da kapitalista kolektibo eta are hiritar kopuru handiagoa esplotatuko du. Beharginak soldatapeko behargin, proletarioak izaten jarraitzen dute. Harreman kapitalista, neurri hauekin ezabatzeaz urrun, larriagotzen da. Baina, gailurrera iristerakoan, amiltzen da. Ekoizpen-indarren gaineko Estatuaren jabetza ez da gatazkaren konponbidea, baina bere baitan du jada konponbidera iristeko bitarteko, baliabide formala.”

Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora – Engels

Hau are gehiago areagotzen da kapitalismoa bere fase inperialistan sartzerakoan, Kapital bankaria industrialarekin batzean eta Estatu burgesa bere menpe ipintzen duen oligarkia finantzaria agertzerakoan, Estatuko kapitalismo monopolistaren fenomenoari hasiera emanez eta honen zapalkuntza areagotuz.

“Trust-etan, norgehiagoka askea monopolioa bilakatzen da eta planik gabeko gizarte kapitalistaren ekoizpenak amore ematen du atera berri den gizarte sozialistaren ekoizpen planeatu eta antolatuaren aurrean. Argi dago, oraingoz, kapitalisten etekin eta onurarako. Baina hemen esplotazioa hain agerikoa egiten da, ezinbestean amildu behar dela.Inongo herrik ez zuen onartuko trust-ek zuzendutako ekoizpen bat, kupoi-ebakitzaile lagun-talde batek herritarrak halako era lotsagabean esplotatzea.”

Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora – Engels

Egoera honek agerian ipintzen du baldintza ekonomikoak jada helduak daudela (eta ez sekta utopikoen hautemate eta asmakizunek) ekoizpen-modua iraultzeko ekoizpen-harreman kapitalistak hautsiz eta ekoizpen-indarren etengabeko garapen kualitatiboa ahalbidetuko duen ekoizpen-harreman sozialisten eraikuntzari eta ekonomiaren antolakuntza harmoniko, proportzional eta kontzienteari hasiera emateko. Baina honetarako ekoizpen-harreman zaharren mantentzean interesa duten indar sozialen suntsipena eta proletalgoaren diktaduraren Estatua eraikitzea da beharrezkoa.

“Proletalgoa bere menderatze politikoaz baliatuko da burgesiari gradualki kapital guztia erausteko, ekoizpen-baliabide guztiak Estatuaren, hau da, klase menperatzaile gisa antolatutako proletalgoaren eskuetan zentralizatzeko, eta ekoizpen-indarren kopurua ahal bezain azkar handitzeko.”

Alderdi Komunistaren Manifestua – Marx eta Engels

Beraz, sozializatutako ekoizpen-baliabideek osatutako ekonomia kolektiboa sortzeko lehen neurriak hartu behar ditu proletalgoaren diktadurak, oligarkiaren desjabetzea eta ekoizpen-baliabide nagusiak nazionalizatzea (konpentsazio bidez, ala ez), hala nola herrialdearen egoeraren arabera lurjabe handien lurrak nazionalizatu edo nekazarien artean banatu. Honela, garatzen hasten den ekonomiaren sektore sozialistarekin batera, Estatu-kapitalismoak, kapitalismo pribatuak eta merkantzien zirkulazioak irauten dute, gizartearen oinarri ekonomikoak kapitalista izaten jarraitzen baitu funtsean.

“Teorikoki, ez dago zalantzarik kapitalismo eta komunismoaren artean iragate-aldi jakin bat existitzen dela. Aldi honek ezin du ekonomia sozialaren bi formazioen ezaugarri edo trazuak batu baino, ezin du hilzoriko kapitalismoaren eta jaiotzen den komunismoaren arteko borroka-aldia izateari utzi; edo beste hitzetan, garaitutako, baina ez deuseztutako kapitalismoaren, eta jada jaiotako komunismoaren, baina oso ahula oraindik, artean.”

Proletalgoaren diktaduraren ekonomia eta politika – Lenin

Estatu-kapitalismo hau (Estatu proletario batena) ez da ekonomiaren sektore sozialista, ezta honen parte ere, baizik eta ekoizpen-baliabideen garapenaren bidez honen parte igaro ahal izateko prestatzen dena (gerraren ondorioak direla eta edo kapitalismoa nahikoa garatu ez den herrialdeetan). Garapen eta elkartze hau sustatzeko jabetza publikoko enpresak sortzen dira kapital pribatuarekin batera, bertakoa ala atzerrikoa herrialdearen arabera (Mundu kapitalistatik baliabideak mugiaraztea ahalbidetzen duena). Behin helburuak lortuta honen deuseztapena abiarazi behar da sektore estatal sozialistak xurgatuz eta dakarren eragin kaltegarriekin moztuz.

“Lehen esan dut gure Estatu-kapitalismoa literalki ulertutako Estatu-kapitalismoaz desberdintzen dela Estatu proletarioak bere eskuetan ez soilik lurra izatean, baizik eta industriaren adar garrantzitsuenak ere. Oroz gain, soilik industria txiki eta ertainaren zati bat eman dugu alokairuan; beste guztia gure eskuetan dago. Merkataritzari dagokionez, azpimarratu nahi dut oraindik saiatzen, eta ari garela sortzen, sozietate mixtoak,  hots, kapitalaren zati bat kapitalista pribatuei dagokiona – atzerritarrak, gainera – eta beste zatia gure jabetza dena. Lehenik, era horretan salerostera ikasten dugu, oso beharrezkoa duguna, eta bigarrenik, beti dugu sozietate horiek ixteko aukera, beharrezkoa ikusten badugu.”

Nazioarteko Komunistaren IV Biltzarraren aurrean emandako txostena – Lenin

Badira fase hau gainditu ez duten prozesu iraultzaileak. Hau da Asiako herrialde askotan gertatukoa, Txinan bereziki, non “fase sozialistara pasatzearean” lemapean burgesia nazionalaren eta Estatuaren arteko enpresa mixtoak sortu ziren, “nazionalizazio” partzialaren bidez, hauek bai kontsumo-produktuen bai ekoizpen-baliabideen merkatura bideratutako ekonomia batera zuzentzen zutelarik haien jarduna, irabaziaren zati bat burgesentzat izatera igaroz. Gerora egondako aldaketak Estatu-kapitalismo honen baitan kokatu behar dira, baita ekonomia pribatuaren haziera ere.

Beraz, ekonomiaren sektore sozialistak erasoari ekin behar dio sektore kapitalistaren aurka, hau zokoratu eta burgesia klase gisa ezabatzeko, oinarri ekonomikoa eraldatuz. Borroka latz honetan proletalgoaren diktadurak ekonomia sozialista indartzeko eta kapitalismoa mugatzeko neurriak hartu behar ditu (SESBn NEParen garaian bezala). Honek klase-borrokaren areagotzea dakar arlo guztietan, zeinetan proletalgoaren diktadurak beharrezko baliabide guztiak erabili beharko dituen burgesiaren aurka Sozialismoaren garaipena lortzeko, errepresioa barne.

“Ikusten duzuenez, hemen ez da inondik inora klase kapitalista sozialismoan integratzeari buruz hitz egiten. Esaten den bakarra da, “baldintza jakinen pean”, beharginen eta nekazarien arteko elkarlanean nepman-ak [NEP gizon] ere, hots, burgesia, “onartzen” ditugula.

Zer esan nahi du honek? Esan nahi al du nepman-ak sozialismoan integratzen joatearen aukera onartzen dugula? Noski ezetz. Lenin-en aipu hori soilik lotsa galdu duen batek interpreta dezake horrela. Honek esan nahi du, sinpleki, oraingoz, burgesia suntsitzen ez dugula, oraingoz, bere ondasunak konfiskatzen ez dizkiogula, baizik eta baldintza jakin batzuen pean existitzea baimentzen diogula, hots, proletalgoaren diktaduraren legeen azpian argi eta garbi ipintzen den bitartean, kapitalisten mugatze mailakatura eta bizitza ekonomikotik beren desplazamendura daramatenak.

Ordezkatu al daitezke kapitalistak eta kapitalismoaren sustraiak atera klase-borroka amorratua gabe? Ez, ezin da.

Klaseak ezabatu al daitezke, teorian eta praktikan, kapitalisten integratzea sozialismoan defendatuz? Ez, ezin da.

Teoria eta ekite praktiko hori soilik klaseak sustatzeko eta mantentzeko balio dute, teoria hori klaseen arteko borrokaren teoria marxistaren aurkakoa baita.

Bada, Lenin-en aipua erabat eta beteki proletalgoaren diktaduraren azpiko klase-borrokaren teoria marxistan oinarritzen da. Zer egon daiteke komunean Bujarin-en kulak-ak sozialismoan integratzearen teoriaren eta Lenin-en diktadura klase-borrokaren forma amorratuaren teoriaren artean? Bistakoa da bata eta bestearen artean ezin dela antz txikiena ere egon.”

Eskuineko desbideratzea SBAK(b)an – Stalin

Hirian hau erraztasun erlatibo batekin lor badaiteke ere, landa-eremuko burgesiaren aurka (kulak-ak) borroka zailagoa da, nekazalgoan oraindik ekoizpen burges-ttipiak eta merkantzien zirkulazioak irauten duelako. Honetarako kooperatibizazioa bilatu behar da sektore sozialistaren babespean, industria sozialistaren laguntzaz ekoizpen handiaren teknika eta makina modernoz hornituz, gutxinaka nekazariak biltzen joateko, kulaken aurka borrokatuz. Hiriko burgesia-ttipia aldiz azkarrago sar daiteke artisau-kooperatibetan industria sozialistaren garapenari esker.

“Eta bigarrenik, agerikoa da halaber Estatuaren boterearen jabe garenean ezingo dugula pentsatu nekazari txikiak desjabetzea (kalte-ordainakin ala gabe) lurjabe handiekin egitera behartuak egongo garen bezala. Gure zeregina nekazari txikiekiko edozeren aurretik bere ekoizpen indibiduala eta bere jabetza pribatua erregimen kooperatibo batera bideratzea izango da, ez bortizkeria bidez, baizik eta ereduaren bitartez eta xede honetarako laguntza soziala eskainiz. Eta hemen, egiazki, aski eta sobera baliabide izango ditugu nekazariari gaur egun jada agerikoak iruditu behar zaizkion abantailen perspektiba aurkezteko.”

Nekazal arazoa Frantzian eta Germanian – Engels

“Marxianoak”, aldiz, troskismoaren bidetik, jabe txiki guztiak bat-batean desjabetzearen alde daude bortizkeriaren bidez (hau ez omen baita “despotismoa”), politika kriminal honen ondorioz langileriaren aliatuak bilakatzea ekidinez eta kontrairaultzaren besoetara bultzatuz.

Kooperatibizazio honek ekonomia sozialista bi sektore handietan berezitua agertzea dakar: gizarte osoaren jabetza kolektiboko sektorea eta kooperatibena, horietako kide diren langileen jabetza dena. Ondorioz, merkantzien zirkulazioa irautea derrigorrezkoa da sektore bateko eta besteko produktuen trukerako (batez ere nekazal-kooperatibena, koljosena) baita langileek bata zein besteatik produktuak eskuragarri izateko, diruaren iraupena dakarrena (hau merkantzia baliokidea baita).

“Gizartea ekoizpen-balibideetaz jabe egitean, merkantzien ekoizpena eteten da, eta harekin ekoizleen gaineko ekoizkinaren aginpidea. Ekoizpen sozialaren baitan nagusi den anarkiak antolakuntza harmoniko, proportzional eta kontzienteari uzten dio bidea.(…) Bere ekintza sozial propioaren legeak, orain arte bere aurrean lege natural gisa altxatzen zirenak, bere aginpidera menperatzen zuten botere arrotz gisa, berak jakinda ezartzen ditu orain, eta ondorioz bere boterera menperatu. (…) Gizateriaren jauzia da beharraren erreinutik askatasunaren erreinura.”

Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora – Engels

Beraz ekoizpen-baliabide guztien sozializazio osoarekin soilik ahal izango da merkantzien zirkulazioa eten, hots, ekonomia sozialista ekoizpen  guztiaren  kontua  eramateko  eskubidea   duen, eta aurrerago  ekoizpena  banatzearena  ere, sektore bakarrean batzerakoan, gizarteak etengabe goraka doazen behar material eta kulturalak asetzeko aurrera eramandako planifikazioaren barne.

“Jakina, ekoizpenaren bi sektore nagusien ordez, estatala eta koljosianoa, dena barneratuko duen eta kontsumora bideratutako herrialdeko ekoizpen guztia erabiltzeko eskubidea duen sektore bakarra agertzerakoan, merkantzien zirkulazioa, bere <<ekonomia monetarioarekin>>, desagertuko da, ekonomia nazionalaren beharrezkoa ez den elementu gisa. (…) Ezinbestekoa da, bigarrenik, jabetza koljosiarra herri osoaren jabetzara jasotzea, koljosetzat, eta ondorioz gizarte osoarentzat, onurarekin egondako apurkako iragateen bitartez, eta apurkako iragateen bitartez ere merkantzia-zirkulazioa produktuen truke-sistema batengatik ordezkatu, Botere zentralak edo beste edozein erdigune ekonomiko-sozialak ekoizpen sozialaren produktu guztia gizartearen onerako erabili ahal izateko. (…) Gure aldetik, marxistok postulatu marxista ezagunaz abiatzen gara sozialismotik komunismoarako iragatearen eta beharren araberako produktuen banaketaren printzipio komunista merkantzien truke oro baztertzen duela diona, ondorioz baztertzen du ere produktuen eraldaketa merkantzietan eta aldi berean, haien eraldaketa balioan.”

Sozialismoaren arazo ekonomikoak SESBn – Stalin

Baina kontsumo-produktuen merkantzien zirkulazio honek balioaren legearen (baliokideen trukearen legea gisa ere ezagutua) iraupena dakar baitere, ekoizpenean ere eragiten duena (kooperatiben produktuak industrialekin trukea egiteko hauen kopurua kontuan izan behar baita). Honen ekite-eremua etengabe murriztua izan behar eta bere eragina mugatua, Estatu proletarioaren prezion ezarpenaren bitartez adibidez. Hala ere, ekonomia kolektiboaren sektore estatala ekoizpen-baliabideen jabe den heinean, kooperatiba hauek ekoizten dutena ere zeharka zuzendu dezake, planifikazio sozialistaren irizpideak indartuz.

“Merkantzia edozein erosleri saltzen zaion ekoizpenaren produktua da, salmenta egiterakoan merkantziaren jabea bere gaineko jabetza-eskubidea galtzen duen berezitasunarekin, eta eroslea bere jabea bihurtzen da eta birsaldu, zorpetu, usteltzen utzi dezake. Honela definitu al daitezke ekoizpen-baliabideak? Noski ezetz. Hasteko, ekoizpen-baliabideak ez dira edozein erosleri “saltzen”, ez dira ezta koljosei ere “saltzen”; Estatuak banatzen ditu bere enpresen artean soilik. Bigarrenik, Estatuak, ekoizpen-baliabideen jabeak, enpresa bati edo besteari ematerakoan, ez du galtzen, ezta gutxiago ere, ekoizpen-baliabide horien gaineko jabetza-eskubidea; aitzitik, guztiz mantentzen ditu. Hirugarrenik, enpresen zuzendariak, Estatuaz ekoizpen-baliabideak jasotzerakoan, ez da soilik baliabide horien jabe bihurtzen ez direla, baizik eta, aitzitik, Estatu Sobietarraren agintedun gisa berretsiak dira ekoizpen-baliabideen erabilpena zuzentzeko, Estatuak ezarritako planen arabera.”

Sozialismoaren Arazo Ekonomikoak SESBn – Stalin

Noski, Mundu kapitalistarekin harreman ekonomikoaren eremuan da ekoizpen-baliabideek merkantzia gisa hartu daitezkeen eremu bakarra, honekin ezin baita beste motako trukerik egin. Mundu sozialistaren baitako herrialdeen artean interesik gabeko (Sozialismoa indartzeaz aparte) laguntza ekonomikoa lehenetsi behar da, baliokideen trukea baztertua geratzen ez den arren.

“Marxianoen” arabera balioaren legearen iraupen honek Kapitalaren balorizazioa, hots, gainbalioaren ebastea langileriari dakar. Jada ikusi dugu gaineratikoa ez dela gainbalioa gizarte sozialistan eta honen beharra komunismora iritsi ahal izateko, azter dezagun orain balioaren eragina Sozialismoaren eraikuntzan.

Balioaren legeak zehazten du merkantzia batek duen balioa bere ekoizpenerako beharrezko lan sozial ertainaren adinakoa dela, denboraren oinarrian neurtua, eta bataz bestez merkantziak bere balioagatik trukatzen direla merkatuan, gerora hauen prezioa norgehiagokak, eskaria eta eskaintzaren arteko neurriak, zergek… zehaztuz (horregatik dute monopolistek hauek maneiatzeko abantaila). Horrela aurkitu zuen Marx-ek merkantziak bere balioaz salduta ere Kapitalak gainbalioa eskuratzen duela, beharginei hauen lan-indarra birsortzeko adinako balioa ematen baitie (soldata) baina hauei xurgatutako lanak balio altuagoa sortzen duenean betiere, merkatuan saltzerakoan lortu beharrekoa. Honela langileak gainbalio hau sortzeko ekoizpen-baliabidean bihurtzen dira, lan-indarra baita bere balioa baino altuagoa den balioa erantsi dezakeen merkantzia bakarra.

“Ekoizpen kapitalistaren berehalako helburua ez da merkantzien ekoizpena, baizik eta gainbalioarena edo irabaziarena bere forma garatuan; ez produktuarena, produktu gehigarrairena baizik. Ikuspuntu honetatik, lana bera soilik da produktiboa kapitalarentzat irabazia edo produktu gehigarria sortzen duen heinean. Beharginak ez badu sortzen, bere lana ez da produktiboa. Ondorioz, ezarritako lan produktiboaren masak soilik du interesa kapitalarentzat hari esker – edo harekin korrelazioan -, lan gehiagarriaren kopurua handitzen den heinean; soilik orduan da beharrezkoa ezinbesteko lan-denbora deitu duguna. Lanak ez badu emaitza hori ematen ez da beharrezkoa eta etena izan behar du. (…)

Ulermen horrekin beharginak ekoizpen kapitalistan benetan direna bezala agertzen dira; soilik ekoizpen-baliabideak, eta ez helburu bere kabuz ezta ekoizpenaren helburua ere.”

Gainbalioaren inguruko teoriak – Marx

Kapitalismoan, kontsumora bideratutako ekoizpena gizartearen beharrak asetzera bideratzen da merkatuaren bidez. Baina, hasteko, behar hauek Kapitalari irabazia eskuratzea eta metaketa-zikloa jarraitzea ahalbidetzen dioten heinean izango dira asetuak, gainekoizpen krisietara daramana. Beraz erabilera-balioak (izaera kualitatiboa dutenak) soilik truke-balioa (kuantitatiboa) duten heinean izango dira ekoitziak, gainbalioa eskuratzeko baliabide gisa. Gainera, behar hauek kulturak eta antolakuntza sozialaren baitan kontsumitzaileek duten kokapenarekin du zerikusia, hots, klaseen arteko banaketak zehazten ditu. Kapitalismo inperialistaren endekapenak behar berriak sortaraztera ere eraman du merkatu berriak edo aurrekoak sakonago esplotatzeko helburuaz, askotan erabat ezdeusak direnak.

Merkataritza-ekoizpena, eta honekin balioaren legea, erregimen esklabistan baita feudalean existitu zen, baina ez zegoen kapitalismorik, nahiz eta honetara igarotzeko baldintzak sortu. Kapitalismoan da, ekoizpen-baliabideen gaineko jabetza pribatuarekin eta lan-indarra bera esplotatu daiteken merkantzia bihurtzerakoan, merkataritza-ekoizpena forma gorena hartzen duenean eta balioaren legea ekoizpenaren erregulatzaile bihurtzen denean. Honela gainbalioa eskuratzeko ekoizpen-baliabide eta lan-indarraren arteko proportzioak ezartzera iristen da, ekoizpen-indarren garapen mailaren araberakoa dena.

“Gizarte kolektibista baten baitan, ekoizpen-baliabideen jabetza komunean oinarritutakoa, ekoizleek ez dituzte haien produktuak trukatzen; produktuetan emandako lana ez da hemen produktu hauen balio gisa aurkezten ezta ere, haiei atxikitako nolakotasun material gisa, hemen, gizarte kapitalistan gertatzen denari aurkakotasunean, banakako lanek jada ez baitute lan komunaren parte osatzen inguratze baten bitartez, baizik eta zuzenean.”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Baina ekoizpen-baliabide nagusiak sozializatutako jabetza badira eta lan-indarra jada ez bada merkantzia bat ezin da esan honen irauteak kapitalismora daramanik ezta ekoizpena zehazten duenik. Garapen harmonikoari jarraiki behar sozialak asetzeko egindako planifikazioak hau etengabe zanpatzen du (hau ikusten da ekonomia osotasun gisa hartuta “errentagarriak ez diren” enpresak beste batzuekin orekatzean edo gainekoizpen krisirik ez egotean), are gehiago merkantzien-zirkulazioa ezabatzeko baldintzak prestatzeko neurriak hartzen jarraitzen denean. Ekoizpen sozial guztia eta produktuen banaketa gizartearen eskuetan biltzean, orduan ahal izango da ekoizkin sozialaren banaketa balioaren forma (dirua) kontuan izan gabe egitea.

“Gizarte komunistaren bigarren fasean, produktuen ekoizpenean emandako lan kantitatea ez da zeharka neurtuko, balioaren eta bere formen bidez, merkataritza-ekoizpenean gertatzen den bezala, baizik eta era zuzen eta berehalakoan, produktuen ekoizpenean emandako denboraren kantitategatik, ordu kantitateagatik.”

Sozialismoaren arazo ekonomikoak SESBn – Stalin

Baina kontuz, honek ez du esan nahi merkataritzien zirkulazioa gainditzerakoan zuzenan komunismoaren fase gorenera iristen denik, oraindik orain fase sozialistan aurkitzen da prozesu iraultzailea, banakoek jasotzen duten ekoizkin sozialaren zatia kontsumo pertsonalerako hauek egindako lanaren kantitate eta kalitatearen araberakoa baita. Esan gabe doa orduetan neurtuta ere planifikazioaren xede ekonomikoak betetzeko kontuan izan behar dela hauen kopurua ekoizpen sozialean, hala nola egin beharreko kenkarien neurria ezartzeko edota premiazkoagoak diren produktuen kostua aldarazteko beste batzuen kontura.  

Aipagarria da ere “2. eskuko” merkatuaren izatearen aukera (jada banakoen jabetza bihurtutako kontsumo-produktu iraunkorren trukea), balioren legearen iraupenera ere suposatuko lukeena, nahiz eta oso mugatua produktu berrien kostuagatik. Honi aurre egiteko bakoitzari jada baliagarriak ez zaizkion produktuak uzteko biltegi sozialak antolatu daitezke, hauetan nahi dutenei zuzenean banatzeko trukerik egon gabe.

Hainbat lanetan Marx eta Engels ere mintzo ziren Estatu proletarioak zergak kobratzearen, kredituak ematearen (bere menpeko Banku bakarraren bidez) edota alokairuak erregulatzearen inguruan, denbora batez Sozialismoan diruaren izatea aurreikusten zutenaren adierazle.

Auzo mailako negozioak (dendariak, artisauak, lanbide liberaletakoak…) ere ezin dira debekatu (nahiz eta kooperatibizazioa ere bultzatu) ekonomia sozialistak hauek betetzen duten eginkizun soziala era jasoagoan ordezkatzeko gaitasuna izan arte, beharren araberako planifikazioak hau egiteko baliabide tekniko eta materialak izan arte. Bestela honek sortutako hondamen eta gabeziek jendea beste ekoizpen-modu antisozialisten eta merkatu beltzaren bitartez egoera horri aurre egitera bultzatuko lukete (“marxianoei” asko arduratzen ez dien gaia dirudienez). Honek ere diruaren mantentzearen beharra dakar, neurri aritmetiko gisa bada ere, hautan jarduten direnak ekonomia sozialistako produktuak izan ahal izateko eta langileek hauenak ere eskuratu ahal izateko.

“Behin jabetza pribatuaren aurkako lehen errotiko erasoa hasita, proletalgoa behartuta egongo da beti aurrerantz jarraitzera eta gero eta gehiago bereganatzera Estatuaren eskuetan kapital guztia, nekazaritza guztia, industria guztia, garraio guztia eta truke guztia. Hau da aipatutako neurriek bilatzen duten xedea. Haiek aplikagarriak izango dira eta beren eragin zentralizatzailea izango dute proletalgoaren lanak herrialdeko ekoizpen-indarrak biderkatzen dituen maila berean. Azkenik, kapital guztia, ekoizpen guztia eta truke guztia nazioaren eskuetan bilduak daudenean, jabetza pribatuak berez izateari utziko dio, diruak beharrezkoa izateari utziko dio, ekoizpena handituko da eta gizakiek hainbeste trukatuko dute gizarte zaharraren azken harreman-formak ere ezabatu ahal izango direla.”

Komunismoaren printzipioak –Engels

Beraz ekoizpen-baliabide guztien sozializazio osoa erdiesterakoan soilik ahalko da dirua baztertu. Baina “marxiano” eta enparauentzat merkantzien zirkulazioa eta ondorioz diruaren izatea “kapitalismoa dela” esan nahi du, haien ikuskera zurrun eta estatikoaren ondorioz komunismoa bere baitatik, eta ez gizarte kapitalistaren erraietatik, jaiotzen den ekoizpen-modua baita, bere garapen-mailak kontutan izan gabe.

“Hemen duguna ez da bere oinarriaren gain garatu den gizarte komunista, baizik eta preseski gizarte kapitalistatik atera berri dena, eta ondorioz, bere alde guztietan, ekonomikoan, moralean eta intelektualean, oraindik haren erraietatik aterata den gizarte zaharraren zigilua daramana. Honekin adostasunean, hartan banako ekoizleak gizartetik jasotzen du – derrigorrezko kenkariak egin eta gero – zehazki eman duena. Ekoizleak gizarteari eman diona bere lan-kuota indibiduala da. Honela, adibidez, lanegun soziala lan indibidualaren orduen baturak osatzen du; ekoizle bakoitzaren lan-denbora indibiduala bakoitza hark ematen duen lanegun sozialaren zatia da, bere parte-hartzea honetan. Gizarteak agiri bat ematen dio lan kopuru bat ala beste eman duela esleituz (funts komunerako lan egin duena deskontatu eta gero) eta agiri honekin eman duen lan kopuruari baliokide den kontsumo-baliabideen zatia ateratzen du biltegi sozialetatik. Gizarteari forma batean eman dion lan-kuota bera, beste forma desberdin batean jasotzen du hontatik.”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Gizarte komunistaren bi fase nagusiak bereizten dituen gaia langileek ekoizkin sozialetik jasotzen duten produktuaren zatian datza: fase sozialista orokorrean, lan egiteko betebeharra ezarriz (honetarako ezinduak ez daudenentzat, noski), bakoitzaren gaitasunaren arabera ematen da eta “egindako lanaren kantitatearen eta kalitatearen” arabera jaso, gizarte komunistaren maila gorenean “bakoitzaren beharren” arabera jasotzen den bitartean, gizarteak eskatzen duena eman ondoren.

“Bai, zuk arrazoia duzu oraindik gizarte komunista eraiki ez dugula esatean. Gizarte hau eraikitzea ez da hain erraza. Zuk ziurrenik ezagutuko duzu gizarte sozialistaren eta komunistaren arteko desberdintasuna. Gizarte sozialistan oraindik badaude ondarezko desberdintasun batzuk. Baina gizarte sozialistan ez dago jada nahitaezko langabezia, ez dago esplotaziorik, ez dago zapalkuntza nazionalik. Gizarte sozialistan banako orok du lan egiteko betebeharra, nahiz eta oraindik ez jaso bere lanagatik bere beharrei dagokiona baizik eta egindako lanaren kantitate eta kalitateari dagokiona. Horregatik existitzen da soldata, eta gainera soldata ezberdina, bereizia. Soilik bere lanaren truke gizakiek gizartetik, ez honen kantitate eta kalitateari dagokiona, bazik eta bere beharrei dagokiona jasotzen duten gauzen ordena sortzea lortzen denean, esan ahalko dugu gizarte komunista eraiki dugula.”

Elkarrizketa Stalin burkideari – Roy Howard

Sozialismoan lan-indarra ez da merkantzia bat, hots, ezin da merkatuan erosi ala saldu esplotatzeko, lan-eskubidea bermatzeko ekonomia antolatzen baita eta langileek haien behar material eta kulturalak asetzeko kontsumo-produktuak eskuratzeko jasotzen duten ekoizkin sozialaren zatia gizarteari emandako lanari baliokidea da (zeinari aipatutako kenkariak egiten zaizkion). Beraz, baliokideen-trukeak irauten du zentzu batean, lanorduak kontutan izatearen beharra dakarrena, nahiz eta hau orain zuzenean bete eta ez batez bestez (kapitalismoan prezioekin gertatu bezala).

“Hemen, jakina, merkantzien trukatzea arautzen duen printzipio berak agintzen du, hau baliokideen trukatzea den heinean. Forma eta edukia aldatu dira, baldintza berrien pean inork ezin duelako bere lana baino eman, eta beste aldetik, orain ezer ezin duelako banakoaren jabetza izatera igaro, kontsumo-bide indibidualez kanpo. Baina, ekoizle ezberdin hauen arteko banatzeari dagokionez, merkantzia baliokideen trukeko printzipio bera agintzen du: lan kopuru bat trukatzen da, forma baten pean, beste lan kopuru berdin batengatik, beste forma desberdin baten pean.

Horregatik, eskubide berdina, printzipioz, hemen eskubide burgesa izaten jarraitzen du, nahiz eta orain printzipioa eta praktika sesiotan ez ibili, merkantzien trukatzearen erregimenean baliokideen trukatzea batazbesteko gisa baizik ematen ez den bitartean, eta ez banakako kasuetan.

Aurrerapen hau arren, eskubide berdin honek muga burges bat darama bere baitan. Ekoizleen eskubidea egindako lanari proportzionala da; berdintasuna hemen, neurri beraz neurtzen direla da: lanaz.”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Noski, Marx-ek lana ipintzen du gizadiaren askapenaren oinarri gisa, gizaki gisa garatzeko eta animalien erreinutik desberdintzeko izan duen berebiziko garrantzia kontutan hartuz (nahiz eta hainbat ideologo burges-ttipi endekatu eta hauen jarraitzaileek lanari ezinikusi ikaragarria izan…).

“Lan-prozesua, bere elementu sinple eta abstraktuetan azaldu dugun bezala, xede batera bideratutako jarduera gisa, erabilera-balioak ekoiztea helburu duena, naturak eskaintzen duenaz jabetzea giza-beharrei erabilgarri egiteko, naturaren eta gizakiaren arteko metabolismoa gertatu ahal izateko baldintza orokorra da, giza-biziaren baldintza berezko eta betierekoa, eta ondorioz, honen edozein formaz independentea eta era berdinean komuna gizarte-forma guztiei.”

Kapitala, I. atala – Marx

Beraz ez du zertan bakoitzak jasotakoa gizabanako guztientzat berdina izan (eta ez da izango), eta ez da inondik inora “marxianoek” dioten bezala, ekoizkin soziala langile guztien artean kopuru berdinean banatzen, egindako lanaren kantitate eta kalitateari era proportzionalean baizik.

“Baina banako batzuk beste batzuei gorenak dira fisikoki eta intelektualki, eta ondorioz denbora berean lan gehiago egiten dute, edo denbora gehiago egin dezakete lan; eta lana, batazbesteko gisa baliagarria izateko, iraupen edota intentsitatearen arabera zehaztu behar da; beste era batean, neurria izateari uzten dio. Eskubide berdin hau eskubide desberdina da lan desberdinarentzat. Ez du klase bereizketarik aitortzen, hemen banako bakoitza gainontzekoak bezalako langilea besterik ez delako; baina aitortzen du, era ezkutuan, beste hainbat pribilegio natural gisa, banakako gaitasun desberdinak, eta ondorioz, errendimendu gaitasun desberdina. Muinean, ondorioz, eskubide oro bezala, desberdintasunaren eskubidea da. Eskubidea soilik izan daiteke, izatez, neurri berdin baten ezarpenean; baina banako desberdinak (eta ez lirateke bestelako banakoak izango desberdinak izango ez balira) soilik neurtu daitezke neurri beraz baldin eta ikuspuntu beraren pean ipintzen badira eta alde zehatz batean begiratzen bazaie; adibidez, emandako kasuan, soilik behargin gisa, eta haietan beste edozer gauza ikusten ez denean, hots, beste guztia baztertuz. Jarrai dezagun: behargin bat ezkondua dago eta beste bat ez; batek besteak baino seme-alaba gehaigo ditu, eta abar. eta abar. Lan berdinagatik, eta ondorioz, kontsumoaren funts sozialean partaidetza berdinagatik, batek besteak baino gehiago jasotzen du egiatan, bata bestea baino aberasagoa da eta abar. Eragozpen guzti hauek ekiditeko, eskubideak ez luke berdia izan behar,desberdina baizik.

Baina akats hauek ekidinezinak dira gizarte komunistaren lehen fasean, erditze luze eta mingarri baten ondoren gizarte kapitalistatik ateratzen den bezala. Eskubidea ezin da inoiz egitura ekonomikoa baino jasoagoa izan ezta honetaz baldintzatutako gizartearen garapen kulturala baino.”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Honek lan konplexuaren eta sinplearen arteko harremana aztertzera garama, lan intelektual eta eskulanaren arteko desberdintasunarekin eta lanaren banaketa sozialarekin lotuta dagoena. Lan konplexua, kualifikatua, lan sinplearen biderketa da eta ondorioz denbora tarte berdinean ekoizpen sozialari emandakoa ere biderkatzen da. Gainera, honen alde kualitatiboa azpimarratu beharra dago, ekonomia sozialistak bere xedeak betetzeko lanordu kopuru bat eta lan zehatz batzuen beharra baitauka, kualifikazio jakin bat eskatzen dutenak.

“Gorago esaten genuen balorizazio-prozesuari guztiz axolagabea dela kapitalistak jabetutako lana lan sinplea, lan sozial ertaina dena, edo lan konplexua, berariazko pisu handiagokoa, izateari. Kalitate altuagoko lana, lan konplexua, lan sozial ertainarekiko, ikasketa-kostu altuagoa adierazten duen lan-indar baten adierazpena da, bere ekoizpenak lan-denbora gehiago kostatu duena eta horregatik lan-indar sinplea baino balio altuagoa duena. Horrek lan-indar honen balioa altuagoa izatea dakar eta ondorioz denbora-tarte berdinean balio jasoagoetan gauzatzea.”

Kapitala, I. atala – Marx

Ondorioz lan mota hauek ordainketa jasoago bat izango dute, gizarte sozialistak hauen prestakuntza bere gain hartuta ere, gizarte komunistarako bidean hau eraldatzen joan behar bada ere. Halako lanetan kenkariak handiagoak izan daitezke, langileek jasotzen duten ekoizkin sozialaren zatian desberdintasun handiak ez egoteko eta langile aristokraziaren haziera galarazteko. Hala ere, kontuan izan behar da kualifikazioak eskatzen duen ahalegin pertsonala, gizarteak behar dituen lanpostuak betetzeari begira.

Lanaren funtzioaz gain lanaren inguruko ikuskera errotik aldatu behar da gizartean komunismoaren fase gorenera iristeko. Honetarako suspergarri morala materialaren aurrean lehenetsi behar da, gizarteari Sozialismoaren eraikuntzarako emandakoa azpimarratuz, baita emulazio sozialista, komunismoaren aldeko lan bolondresa, sustatu ere.

“Gizarte komunistaren fase goren batean, gizabanakoen lanaren banaketari mendekotasun esklabizatzailea desagertu denean, eta harekin, lan intelektualaren eta eskulanaren arteko kontrastea; lana ez denean soilik ogibidea, lehen bizi-beharra baizik; alde guztietan gizabanakoen garapenarekin, ekoizpen-indarrak ere hazten direnean eta aberastasun kolektiboaren iturriek turrusta betera jariaten dutenean, soilik orduan gainditu ahal izango da eskubide burgesaren horizonte estua eta gizarteak bere banderetan idatzi ahal izango du: Bakoitzatik bere gaitasunen arabera, bakoitzari bere beharren arabera!”

Gotha-ko programari kritika – Marx

Gizarte komunistaren fase gorenean lan abstraktua neurri gisa ezabatua izango da: langile bakoitzak gizarteari eman ondoren honengandik bere beharrak zentzu zabalenean asetzeko adina jasoz, bere ardurak ekoizpenean bete ondoren eta egindako lana zeinahi izanda, “eskubide burgesarekin” amaituz. Honetara iristeko, ordea, zapalkuntza-forma oro ezabatzea eta gizartearen eraldaketa maila guztietan da beharrezkoa, bereziki lanaren banaketa sozialarekin amaitzea. Honela proletalgoak bere burua gutiz ezeztatuko du ekoizle askeen gizartea erdietsiz eta gizadia askatuz.

“Proudhon jaunak, ezta lantegi mekanikoaren alde iraultzaile hau ere ez ulertzeagatik, pausu bat atzera ematen du eta beharginari proposatzen dio orratzaren hamabiren zatia egitera ez mugatzea, baizik eta hamabi zatiak hurrenez hurren prestatzea. Beharginak honela orratzaren ezagutza oso eta sakona erdietsiko luke.”

Filosofiaren miseria – Marx

Baina lanaren banaketa sozialaren gainditzea ez da, “marxionek” eta beste batzuek ikusten duten eran, artisau lanera bueltatzea eta ekoizpen soziala lan sinplean oinarritzea, lan intelektual eta eskulanaren arteko banaketarekin amaitzea baizik heziketa unibertsalaren bidez, gizabanako orok sozializatutako edozein lan egiteko gaitasuna izan dezan eta ez dadin lan bakar batera lotuta geratu bizitza osoan zehar. Hots, lan kualifikatuaren orokortzea lortzea eta behar guztiak, baita sortzen joango diren berriak ere, asetzeko ekoizpen hedatua adina garatzea ahalbidetuko duen garapen teknologiko jasoenari esker, honen eta kualifikatu gabekoaren arteko desberdintasunarekin amaitzea. Hala ere, lan moten artean desberdintasun batzuk iraungo dute, esentzialak ez badira ere, lan-baldintzak, ingurunea eta arriskuak berdinak ez izateagatik bada ere.

“Gizarte osoaren ahalegin komunari esker era planifikatuan funtzionatzen duen industriak are gehiago eskatzen du unibertsalki garatutako gaitasunak dituzten gizakiak, ekoizpen-sistema osoan orientatzeko gai diren gizakiak. Ondorioz, guztiz desagertuko da lanaren banaketa, jada egun makinak pitzatutakoa, bat nekazaria, bestea zapataria, hirugarren bat fabrikako behargina eta laugarren bat burtsako espekulatzailea izatea dakarrena. Heziketak gazteei ekoizpen-sistema osoa praktikan azkar bereganatzeko aukera emango die eta ekoizpenaren adar batetik bestera hurrenez hurren igarotzea ahalbidetuko die, gizartearen beharren edo beren joera propioen arabera. Ondorioz, heziketak egungo lanaren banaketak banako bakoitzari ezartzen dion izaera aldebakar hortaz askatuko ditu.”

Komunismoaren printzipioak – Engels

Jakintza unibertsal hau, aurreko giza-praktiken esperientzien pilaketan oinarritutakoa, gizarteratu ahal izateko beharrezkoa da laneguna murriztea eta honetarako lanabes eta makinak tenika modernoari esker etengabe hobetzea. Makinak, ekoizpen-harreman kapitalisten pean gainekoizpenaren areagotzea dakarten gailuak izanik (baita lan-indarrarena ere) eta aldi berean miseriaren iturri, esplotazioarekin amaitzerakoan aberastasun soziala ikaragarri hedatzeko gailuak bilakatuko dira. Honela, praktika sozialaren sintetizatze gisa, lanaren sozializazioan lagunduko dute automatizazioari esker adibidez, denbora osoa denbora askea bihurtuz. Beraz komunismoaren eraikuntzan garrantzia handia izango du iraultza kultural eta tekniko-zientifikoak eta ekoizpen-harreman sozialistak era iraultzailean egokitzen joatea, gizartean klase zapaltzaileen birsortzea ahalbidetzen duten baldintzak murriztuz espiralean ematen den prozesu dialektikoaren baitan.

“Nola ulertu behar dira orduan “harmonia osoa” hitzak? Sozialismoan, arau gisa, ekoizpen-harremanen eta ekoizpen-indarren artean gatazkak ematen ez diren zentzuan ulertu behar dira, gizarteak bere sasoian ekoizpen-harremanak, atzean doazenak, ekoizpen-indarren izaerarekin elkarrekikotasunean ipintzea egin dezaken zentzuan. Gizarte sozialistak hori egin dezake haren baitan ez delako desagertzera deitutako klaserik existitzen, erresistentzia antolatu dezaketen klaserik. Jakina, sozialismoan ere indar atzeratuak, bizigabeak, egongo dira, ekoizpen-harremanetan aldaketak ulertuko ez dituztenak, baina ez da zaila izango, argi dago, gatazketara iritsi gabe garaitzea.”

Sozialismoaren arazo ekonomikoak SESBn – Stalin

Garapen ekonomiko honetan proletalgoak bere diktaduraren bitartez ekoizpen-harreman komunistak erdiesteko, hauetan kapitalismoaren zantzuak ezabatzeko politika eraman behar du aurrera, kontraesan ez-antagonikoak antagoniko bihurtzea galarazteko, eta klase-borrokaren bitartez indar gibeleratzaileak deuseztatzeko hauek kapitalismoaren berreizarkuntzari ekitea lortu baino lehen, hainbat eraikuntza prozesu sozialistan gertatu bezala (SESBn adibidez). Ondorioz egiteko honetan gainegiturak (ideia sozialek, instituzio politikoek…) paper itzela izango du, komunismoaren eraikuntza bultzatzeko azpiegituraren pare ipintzera behartuta egonik honek aurrera egiten jarrai dezan.

“Sobietar Batasuneko koadro asko burokraziaz, intelektualismoaz, goranahiaz, burges bizimoduaz eta bere mailakako endekapenaz, infekziora eraman zuen akats garrantzitsuetako bat izan zen, beste batzuen artean, preseski beren banaketa ekoizpen-lanarekin, lan mentalaren eta lan fisikoaren arteko zatiketa nabariaren iraupena, esplotazioan oinarritutako gizartearen aje errotua dena.”

Albania gaur egun #5

Lan konplexu eta sinplearen arteko desberdintasunak iraun bitartean langile intelektualek  tratera berezia eskatuko dute (jatorri burgesekoak Sozialismoan hezitako teknikoez ordeztu ondoren batez ere), langile aristokraziaren haziera galarazteko eta hau mota berriko burgesian bihurtzea ekiditeko. Honi aurre egiteko ordainen parekidetzara jo behar da, baina igualitarismo idealista burges-ttipian erori gabe, hots, ekonomia sozialistaren egoeraren eta lan moten arteko desberdintasunen ezabapenak lortutako garapen-maila kontuan hartuz.

Hartu beharreko beste neurri bat Alderdiaren eta Estatuaren enplegatuak, enpresetako zuzendari eta teknikariak, hala nola hezkuntza, artea eta kulturako langileak, ekoizpenen materialean lanean ipintzea da, bai emulazio sozialistaren bidez bai nahitaezko denboraldi batez urte guztietan. Aldi berean, errotazio-sistema ezarri behar da kudeaketako lanpostuen eta ekoizpeneko lanpostuen artean, ahal den neurrian (espezializazio maila handia eskatzen ez dutenetan).

“Neurri eraginkorrenetako bat, endekatze burokratikoa eta koadroen eraldatzea herrien zerbitzarietatik, behargin eta herriaren gaineko menderatzaileetara, saihesteko, koadroak bi zuzendaritzen kontrolpean eta mendekotasunean ipintzea da; goitik, erdigunetasun proletarioaren ezarpenaren bitartez, eta behetik, zuzenean behargin-masetatik. Hau biziki garrantzitsua da.”

Albania gaur egun #5

Nahiz eta ekidinezina den gizarte sozialistan ale endekatuak agertzea, ez da ekidinezina Botere politikoa lortzea. Honen aurka zentralismo demokratikoa sustatu eta indartu behar da, goitiko Estatu sozialistaren kontrola behetiko masa langileen kontrolarekin batzen dituena, liberalismoa eta burokratismoa borrokatuz. Enpresetako zuzendaritzen eta bestelako goi-karguen gaineko kontrola Alderdi Komunistaren komisario politikoen bidez funtsezko egitekoa du baita ere.

Edozein arrazoigatik, edo hauen multzo batengatik, arestian aipatutako indar atzerakoiak herrialde sozialistaren baitan nagusitzen badira eta Botere politikoa lortzen badute, kapitalismoaren berrezarpenari ekingo dion mota berriko burgesia sortuko da.

Hau da adibidez SESBn gertatukoa, non Jruschov-ek Estatu-kolpea eman zuen Zhukov mariskalaren laguntzaz, bere burua SBAKren zuzendari gisa ipiniz. Honela goi-karguko burokratek, Alderdiaren barnean aginte-talde manakorra osatu eta Sozialismoaren eraikuntza galgatu zuten kapitalismoaren berrezarpenari ekinez, azkenean Eremu Sozialistan honekin guztiz amaitu arte.

“Pribilegio handiez gozatzen zuen koadro burokratizatuen langile aristokrazia bat, masengandik banatuak bizi ziren, eta ez zuten klase-sentimendu proletarioa, zeinaren ondorioz ez zuten inoiz klase-borroka ezartzen ezta borrokatzera adoretzen, aitzitik, ideologia burgesaz eta bizimodu burgesaz inspiratuta sentituz. Geruza hau, nagusiki Alderdiko, Estatuko, ekonomiako eta enteleguko koadroz osatua, berrikuspentasunaren oinarri soziala bihurtu zen. Preseski geruza honetan oinarrituz usurpatu zuten boterea jruschovistek Sobietar Batasunean, proletalgoaren diktadura ezabatu zuten eta berrezarpen kapitalistari bidea ireki zion diktadura berrikustzailea ezarri zuten.”

Albania gaur egun #5

Prozesu kontrairaultzaile honek bere berezitasunak ditu eta ezaugarri partikularrak kasuaren arabera, baina erregimen berrikustzaile honen xedea beti da sistema esplotatzailea berrezartzea oinarri ekonomikoan eraginez.

Honek Estatuko kapitalismo monopolistaren forma hartzen du, kategoria ekonomiko kapitalistak berrezartzera bideratutako neurrien bitartez.

Lehen neurrietakoa ekoizpen-baliabideak saleros daitezkeen merkantziak bihurtzea izan ohi da, zirkulazio merkantila eta honekin balioren legearen eragina hedatuz (“merkatu-sozialismoa” deitutakoa), hasieran kooperatibei baina aurrerago enpresa estatalen artean ere (nahiz eta kudeatzaileak ez izan juridikoki jabeak).

Deszentralizazioaren bitartez enpresa hauek geroz eta gutxiago bete behar izaten dituzte planifikazioaren irizpideak eta haien produktuak merkatuan saltzeko aukera ematen zaie, honela unitate ekonomiko gisa funtzionatuz eta irabazien arabera antolatuz ekoizpena. Hau lan-indarra merkantzia gisa berrezartzera darama esplotatu ahal izateko eta gainbalioa eskuratzeko.

Plan ekonomikoak gizartearen behar material eta kulturalen araberakoak izateari uzten diote eta mota berriko burgesiaren interesen menpekoak bilakatzen dira, enpresen errentagarritasuna helburu eta mozkinak banatzeko burokraten eta hauetako zuzendarien artean, soldaten forman zatirik handiena jasoz (zerbaitegatik izan zen jruschevisten lehen neurrietako bat enpresetako zuzendariak kontrolatzen zituzten komisario politikoak kentzea…).

Kredituen bidez, baita herrialdean bertan sukurtsalak irekitzeko baimena ematen zaien atzerriko Bankuen bitartez, enpresa pribatuen sortzea sustatzera iristen dira batzuk haien ekonomien hondamena arintzeko asmotan (“kuentapropismoa” deitutakoa).

Nazioartean Kapitalen esportazioari ekiten zaio, nahiz eta interes baxuarekin orokorrean, praktika sozialinperialista bati jarraiki bertan haien onurarako ekonomiak sortzeko eta ez herrialde sozialista edo aurrerakoien burujabetza eta suspertzea bultzatzeko, nazioarteko lanaren banaketa (nahiz eta “sozialista” deitarazi) areagotuz eta egoera neokoloniala mantenduz.

Kanpo-politikako praktika sozialinperialista honek (barne-politikaren luzapena dena) autodeterminazio eskubidearen urraketara darama baita ere, okupazio militarrera ere iritsiz (“subiranotasun murriztuaren” teorien aterkipean).

“(…) Sobietar Batasunaren atzerapena kapitalismorantz ezin zituen bere berezitasun propioak besterik izan eta erregimen kapitalistak han ezin zituen forma bereziak besterik hartu. Berezitasun eta forma hauek han kapitalismoa sozialismoaren eraispenaren ondorioz berrezarria izanagatik zehaztuak dira, prozesu erregresibo gisa, erregimen feudalaren eraispenetik datorren mota klasikoko kapitalismoaz desberdina, prozesu progresibo gisa. Kapitalismo mota honen funtsezko berezitasuna bere baitan jabetza-, antolakuntza- eta zuzendaritza-forma sozialista anitz mantentzen direla da, baina beren edukia errotik aldatu da. (…) Egia da jabetza estatala mantendu zela eta fabrikak ez zirela jabe pribatuei banatu; koljos-ak esplotazio kolektibo komunak izaten jarraitu zuten eta bankuak ez zitzaizkien akzionistei eman; baina aldatu zena produktu sozialaren banaketa izan zen, bere destinazioa. Nahiz eta lanaren araberako ordainketa ezartzen dela esan, zinez burgesia berriaren talde ezberdinek behargin eta nekazariek sortutako gainbalioa eskuratzen dute. (…)

Kapitalismoaren berrezarpenari bidea irekitzeko, berrikustzaile jruschovistek teoria marxista-leninistaren funtsezko tesiak kolpatu zituzten, sozialismoan merkantzien ekoizpenari eta balioaren legearen ekiteari buruzkoak. Teorian eta praktikan merkantzien ekoizpen sozialista ekoizpen kapitalistarekin identifikatu zuten. Oinarri honen gain erreformatu zuten sistema ekonomiko osoa. Gradualki enpresa ekonomikoek eta baita kontuan hartzeko instituzioen kopuru batek Estatuaren planekiko independentzia handiagoa lortu zuten. Enpresen eta instituzio ezberdinen zuzendariei eskubide eta botere handiak eman zitzaizkien ekoizpena eta banaketa zuzendu eta maneiatu ahal izateko, beharginak kontratatu eta kaleratzeko, mozkinak banatzeko eta abar. Finantzazio estatal zentralizatua mugatu zen existitzen ziren enpresei, eta gradualki hedatuz joan zen auto-finantzazioaren eta kredituen erabilpenaren praktika. (…) Ekonomiaren zuzendaritza planifikatu baten irudia ematen da, praktikan ekoizpen-modu kapitalistaren lege eta kategoria ekonomikoek ekite-eremu irekia duten bitartean. Bizkarroi-kontsumoak aurrekaririk gabeko proportzioak hartu ditu. Beharginen eta ekoizpenaren kudeatzaile burokrata eta teknokraten arteko ordainsariaren arteko proportzioa, 1etatik 10erarakoa da, baina banaketa gisako mozkinekin, sari anitzekin, pribilegio zenbatezinekin eta abar. desberdintasun hau askoz gehiago handiagotzen da. (…) Baldintza batzuetan non lan-indarraren balioagatiko soldata ehuneko 35-40 batean osatua dagoen irabazien banaketagatik eta era deszentralizatuan, non lan-arauak ez diren bakarrak eta era berean era deszentralizatuan ezartzen diren, non burgesia berriaren onuran sustagarri materialak erabateko lehentasuna duen eta non inflazioa, bereziki ekonomiaren militarizazioaren ondorioz, nazioaren diru-sarreren heren bat xurgatzen dituenak, etengabe hazten den, gizarteak esentzian lanaren eta kontsumoaren neurriaren gaineko benetako kontrola galdu du, ekonomia sozialista batentzat bi funtsezko gako direnak. (…)”

ALAren EBren jarduerari buruzko txostena, VIII Batzarra – Hoxha

Mota berriko burgesia honek, uneko beharren arabera forma “sozialistak” mantendu ditzakeen arren kapitalismoaren berrezarpen-mailaren arabera, beti joko du burgesia arrunta bihurtzea bere esplotazioarentzat onuragarriena den menperatzea ezartzeko.

Kontuan izan behar da, gizarte komunistaren garapen-mailaren arabera, gehiago ala gutxiago kostatuko zaiela.

Hala ere, praxi iraultzaileak oraindik ez du erakutsi mota berriko burgesia uzkailtzeko erarik eta ea honek kapitalismoa guztiz berrezarri baino lehen egoerari buelta eman dakiokeen Sozialismoaren eraikuntza berrartuz. Baina hau ezinbestean etorkizuneko Iraultza Sozialistek erakutsiko dute, Sozialismo Zientifikoak laburbildutako esperientzia iraultzaileek eskainitako eskarmentuari esker.

“Iraultza proletarioen garaia hasi berri da. Sozialismoaren agerpenak gizartearen garapen objektibo beratik jaiotzen den behar historikoa adierazten du.

Hau saihestezina da. Gertatu diren kontrairaultzek, bidera ateratzen diren oztopoek, denbora jakin batez sistema esplotatzaile zaharkituari bizia luzatu diezaiokete, baina indargabeak dira bere etorkizun sozialistarantz giza-sozietatearen aurrera egiteari eusteko.”

Eurokomunismoa antikomunismoa da – Hoxha

 

ONDORIOAK

Lan honetan zehar “autonomoen” kokapen ultraezkertiarrak aztertu ditugu, subjektu iraultzailearen inguruko sektakeria, demokraziarekiko herra, ikuspegi anti-nazionala, iraultzaren antolatzearen baztertzea, Estatu sozialistari errefusa baita komunismoaren eraikuntzaren inguruko planteamendu utopiko-atzerakoiak azaleraraziz.

 “Marxiano” hauek haien burua Marx-en “benetako jarraitzaile” gisa aurkeztu arren, ikusi dugunez Marx-en osotasunaren mundu-ikuskeraren aurka doazen planteamenduak plazaratzen dituzte, ideologia anarkista mota bat dena Sozialismo Zientifikoz pasarazi nahiean. “Benetako Marx” bati “buelta” aldarrikatzen dute, proposatzen dutena egiatan inoiz existitu ez den Marx bati “bidaia” denean.

 “Halakoa da historiaren dialektika, marxismoaren garaipen teorikoak bere etsaiak marxistaz janztera behartzen dituela.”

Karl Marx-en doktrinaren gorabehera historikoak – Lenin

Haien maneiu anarkoideak sarrarazteko Marx-ek sakonki garatu gabeko hainbat gai aitzakia gisa erabiltzen dituzte, zentzuzkoa dena ez baitzuen praxi sozial mota asko ikusteko aukerarik izan, bere metodo zientifikoari leial izanez atera beharreko ondorioak ezin baitziren aurreikusi, mugimendu, iraultza eta sozialismoaren eraikuntza prozesuak aztertu gabe.

Ondorioz leninismoak kapitalismoaren fase inperialistarako egindako eguneratzea ere ukatzen dute, eta egia absolutura erlatiboki gero eta gehiago hurbiltzea ahalbidetzen duen printzipio orokor unibertsalen aberastea ere iraultzaile marxista-leninista anitzen ekarpen teoriko eta praktikoei esker, aldi berean desbideratze oportunisten adarrak moztea eskatzen duena.

Honela Sozialismo Zientifikoaren, materialismo dialektiko eta historikoaren, argitara eta esperientzia iraultzailearen azterketaren bitartez marxismo-leninismoak garatutako jasotzea eta aberastea baztertzen dute, hau eduki murriztutako formula eta ezagutza antidialektikoaz ordeztu nahiean, Nazioarteko Mugimendu Komunistaren berrindartzerako eta prozesu iraultzaile berrien erronkei aurre egiteko kokapen jasoagoan egon dadin berebiziko garrantzia duena, lorpen-maila gorenak lortu dituzten prozesuen onena atxikiz baita akatsetatik ikasiz ere.

Aurrera langileria!

Bake faltsuari gerra!

Iraultza ala hil!

 

AMAIA

 

 

 

 

 

 

 

 

 

 

Advertisements

One response to “EUSKAL `LANGILE-AUTONOMIAREN´ GALERA

Subscribe to comments with RSS.

  1. y en español?

    er reconstituio

Utzi erantzun bat

Fill in your details below or click an icon to log in:

WordPress.com Logo

You are commenting using your WordPress.com account. Log Out /  Aldatu )

Google+ photo

You are commenting using your Google+ account. Log Out /  Aldatu )

Twitter picture

You are commenting using your Twitter account. Log Out /  Aldatu )

Facebook photo

You are commenting using your Facebook account. Log Out /  Aldatu )

Connecting to %s

%d bloggers like this: