SOZIALISMOAREN LOGIKA EKONOMIKOA (ILIENKOV)


Evald Ilienkov SESBko filosofo eta pedagogo garrantzitsuenetakoa izan zen. Smolensk errusiar hirian jaio zen 1924an. Intelektual komunisten semea, filosofia ikastera jo zuen. 1942an ikasketak utzi eta Ejertzito Gorrian sartu zen Sozialismoaren defentsan inperialismo nazi-faxistaren erasoari aurre egiteko (Berlin-eko guduan ere parte hartu zuen). Aberri Gerrate Handia amaitu ondoren ikasketak bukatu, Alderdi Komunistako kide egin eta filosofian doktoratu zen.

Materialismo dialektikoaren defendatzaile sutsua, logika eta ezagutzaren teoriaren arloan batez ere, Hegel-en dialektika idealistaren eta Marx-en dialektikaren arteko harremanak sakonki aztertu zituen, Lukacs ikastera eraman ziona. Zehatza eta abstraktuaren dialektikaren inguruan hausnartu zuen, ‘Kapitala’ lanean bereziki, Marx-en Logika aurkitu nahiean. Praxis eskola yugoslaviarraren teoria idealistei aurre egin zien (errealitate objektiboaren eragina ukatzen zutenak gizateriaren gain), ‘islaren teoria’ babestuz eta giza-praktikaren legeak naturaren lege unibertsalak ere bazirela azpimarratuz.

1956. urtean Jruschov-ek emandako Estatu-kolpearen bitartez SESBen kapitalismoaren berrezarpen prozesua abiarazi zuen (honetarako “desestalinizaio kanpaina” aurrera eraman behar izan zuelarik): ekoizpen-baliabideak saleros zitezkeen merkantzia bihurtuz, enpresak haien ekoizpena banaka merkatuari begira antolatzea gero eta gehiago baimenduz, irabaziak zuzendarien artean banatuz…, eta guzti hau justifikatzeko “merkatu-sozialismoaren” teoriak asmatzeari ekin zioten mota berriko burgesiaren ordezkariek. Hau 1965an Brezhnev-en gobernuak ezarritako neurriek areagotu zuten, Alderdi barneko eztabaida teorikoa are zorrotzagoa bilakatu zuena. Aipatzekoa da J. A. Kronrod ekonomista, jada 1951an ikuspegi hauek plazaratu zituenetako bat Stalin-en erantzuna sortaraziz ‘Sozialismoaren arazo ekonomikoak SESBen’ lanean.

Ilienkov ekonomia politikoaren arloan berrikustzaileei aurre egin zien filosofoetako bat izan zen, egoera kontrairaultzailearen larritasunaz jabetzen ez zela zirudien arren. Burokratek baztertuta eta akademikoki isolatuta, bere buruaz beste egin zuen 1979. urtean (oraindik argitu gabe dagoena).

Hurrengo idazkietan Ilienkov-ek Sozialismoa ekoizpen-modu komunistaren behe-fase gisa zehazten du, eta honetan irauten duen merkantzien ekoizpena eta balioaren legearen eragin murriztua gainditu beharreko zerbait bezala gizarte komunistaren fase gorenera heldu ahal izateko (Stalin-en ildotik). Sozialismoa ere kapitalismotik komunismo osora arteko iragate-aldi historikoa dela kontuan hartuz, hauek lehen fasearen premisa historiko den gizarte kapitalistaren oinorde gisa zehazten ditu (Marx-ek ‘Gotha-ko programari kritika’ lanean bezala), lanaren banaketa sozialarekin batera ezabatu beharrekoak jabetza pribatua deusezteko sozialismoaren eraikuntza ekonomikoaren bitartez.

Irakurtzen jarraitu