BEIRAZKO HORMETAKO ALDERDIA (ALVARO CUNHAL)


1974ko apirilaren 25ean ‘Krabelinetako Iraultza’ gertatu zen Portugalen. Hau 48 urteko diktadura faxistaren amaiera izan zen militar matxinatuen Estatu-kolpe bati esker, biztanleriaren babesa izan zutenak. Alderdi Komunista Portugaldarra (PCP) legeztatua izan zen, preso politikoak askatu zituzten eta iheslariak herrialdera bueltatu ziren.

Horren ondorioz aldi iraultzaile bat ireki zen Portugalen, non 5 Gobernu probisional egon ziren. Hauek Afrikako eta Asiako kolonien independentzia aintzatetsi zuten segituan. Hasieran banketxeak eta ekonomiaren sektore nagusiak nazionalizatu zituzten eta nekazal-erreforma burutu zuten. Honen aurrean, monopolioen eta lurjabeen aldeko indar kontrairaultzaileek hainbat Estatu-kolpe ematen saiatu ziren. Aldi honetan PCP izan zen gehien hazi zen alderdia.

Baina 1975ko apirileko hauteskundeetan Alderdi Sozialista (PS) atera zen garaile, AEBetako eta mendebaldeko Germaniako (berez han sortu zen 1973an) inperialisten babesa jaso zuenak. 1975ko udazkenean “ezkerreko” Estatu-kolpe saiakera bat asmatu zuen, komunisten aldeko militarrak ejertzitotik kanporatzeko. Honek lorpen aurrerakoi asko atzera bota zituen eta CIAren laguntzaz PCPren herri-botereko eta lantegietako behargin-kontrolerako batzordeak desegin zituen. AEBek esku-sartze militarra aurrera eramateko gertu egon ziren, baina haien zerbitzu sekretuen sator-lana nahikoa izan zen egoera beren interesen menpe jartzeko.

1976an demokrazia burges inperialista errotu zen eta Portugal NATOko kide izaten jarraitu zuen.

Esan beharra dago PCP sozialinperialista errusiarren berrikuskeriaren jarraitzaile zela (Stalin-en aurkako gezurrak eta guzti), eta honen ondorioz iraultza bitarteko “baketsuen” bidez egitea posible zela ebatzi zuela, prozesu iraultzaileak benetan Sozialismora aurrera egitea galarazi zuenak.

Hurrengo sarreran Alvaro Cunhal-ek, PCPn 17 urterekin sartu eta 1961 eta 1992 artean Idazkari Nagusi izan zenak, idatzitako ‘Beirazko hormetako alderdia’ lanaren atal bat aurkeztuko dugu, langileriaren independentziaz, abertzaletasunaz eta internazionalismo proletarioaz mintzo dena.

Irakurtzen jarraitu

BERRIKUSKERIAREN AURKA (SOTOMAYOR)


Sozialismo Zientifikoa beti garatu da alor ezberdinetan bere aurkakoaren kontrako borrokan, ideologia burgesaren kontrako borrokan. Ideologia honek badauka bere barne-agerpena mugimendu komunistaren baitan, gizartean ematen den klase-borrokaren isla gisa: berrikuskeria, hots, teoria marxista-leninistaren maneiua interes burges, klasistetara moldatzeko.

Berrikuskeriaren jokabidea teoria sozialistaren oinarrizko tesiak berrikustea da, bere izaera iraultzaileaz gabetzeko eta burgesiarentzat onargarria izateko. Bere oportunismoa ezkutatzeko batzuetan “garapen sortzailez” mozorrotzen du bere burua, Sozialismo Zientifikoarentzat guztiz beharrezkoa dena, eta beste batzuetan testuen faltsutze eta mozketa baldarrean oinarritzen da. Berrikuskeria ez dira akatsak, joera okerrak edo desbideratze soilak, honen adierazgarri izan badaitezke ere.

Lehen berrikustzailea Bernstein izan zen, Germaniako Alderdi Sozialdemokrataren baitan, Marx eta Engels-en alderdi ohia. Honek iraultza bortitzaren beharra baztertu eta parlamentu burgesaren bidezko erreforma gradualen bitartez Sozialismora iritsi zitekeela defendatu zuen, beste gauza batzuen artean. Alderdi barnean Clara Zetkin eta Rosa Luxemburg-ek aurre egin zioten bere teorizazioei. Lenin-ek berak ere aurre egin zion Errusiatik ‘Marxismoa eta berrikuskeria’ liburuarekin.

Azkenean ideologia burges ttipi hau II. Internazionaleko alderdi nagusietan sartu eta langile aristokraziaren ordezkari hauek (Kautski adib.) potentzia inperialistak babesten amaitu zuten, sozialtxobinismoan jausiz eta 1. Mundu Gerratean “beren” Estatu burgesen gerra-kredituen alde bozkatuz. Honek haustura eragin zuen mugimendua sozialdemokrata eta komunisten artean banatuz.

Errusiako Urriko Iraultza ondoren Errepublika Sozialista Sobietikoen Batasuna sortu zen. Baina berrikuskeriak beste forma batzuk hartu zituen, adibidez Trotski eta “leninistez” jantzitako bere teoria kontrairaultzaileena, Alderdi boltxebikeak garaitu zituenak Stalin-en gidaritzapean. 2. Mundu Gerratean beste berrikuskeria mota batzuk agertu ziren: Browder AEBetan, Tito Jugoslavian… Hauen ezaugarri komunak proletalgoaren diktadurari errefusa eta Sozialismoaren eraikuntza kapitalismoaren garapenetik eratortzea ziren.

Baina 1956. urtean gertakari larria eman zen: Khrustxov, Sobiet-Batasunean Estatu-kolpe baten bidez boterea lortu ostean eta Alderdi Komunistaren XX. Biltzarrean Stalin-en aurkako “txosten sekretua” aurkeztu eta gero, bere berrikuskeria mugimendu komunistako gainontzeko Alderdietan ezartzen saiatzen hasi zen. Berriro ere iraultza sozialista “metodo baketsuen” bidez eta Sozialismoaren eraikuntza proletalgoaren diktadurarik gabe aldarrikatzen zuen. Gainera, hau ESSBn kapitalismoaren berrezarpen-prozesua abiarazteko baliatu zuen, potentzia sozialinperialista bihurtuz.

Borroka latza izan zen baina urte batzuen ostean hau inposatzea lortu zuen, Txinan eta Albanian izan ezik. Txinan, ordea, maoismoak bere ildo berrikustzaile propioa garatu zuen, Hoxha-k salatu zuena. Mendebaldeko Europan “eurokomunismoak” (Carrillo, Marchais, Berlinguer…) Brezhnev eta sozialinperialismo errusiarrarekin moztu zuen sozialdemokrazia klasikora itzuliz. Honela berrikuskeria hegemonikoa bihurtu zen Nazioarteko Mungimendu Komunistan.

Gorbatxov-en ‘Perestroikak’ Eremu Sozialista suntsitu eta gero, sekulako nahasmena geratu da NMKren hondarretan. Ultraezkertiarrak nahasmendu honetaz baliatzen dira sasiko kritikak egiteko eta marxismo-leninismoa erasotzeko. Benetako komunistoi dagokigu Sozialismo Zientifikoa bere ordezkoetaz bereiztea eta marxismo-leninismoaren gaurkotasuna aldarrikatzea.

Hurrengo artikuluetan Jose Sotomayor komunista peruatarrak berrikuskeriaren ohiko puntu garrantzitsuenak kritikatuko ditu, bereizgarria duen hizkera arrunt bezain garratzean, Alderdi Komunista Perutarra berrikustzailearen ildoa oinarri hartuta.

Irakurtzen jarraitu