BERRIKUSKERIAREN AURKA (SOTOMAYOR)


Sozialismo Zientifikoa beti garatu da alor ezberdinetan bere aurkakoaren kontrako borrokan, ideologia burgesaren kontrako borrokan. Ideologia honek badauka bere barne-agerpena mugimendu komunistaren baitan, gizartean ematen den klase-borrokaren isla gisa: berrikuskeria, hots, teoria marxista-leninistaren maneiua interes burges, klasistetara moldatzeko.

Berrikuskeriaren jokabidea teoria sozialistaren oinarrizko tesiak berrikustea da, bere izaera iraultzaileaz gabetzeko eta burgesiarentzat onargarria izateko. Bere oportunismoa ezkutatzeko batzuetan “garapen sortzailez” mozorrotzen du bere burua, Sozialismo Zientifikoarentzat guztiz beharrezkoa dena, eta beste batzuetan testuen faltsutze eta mozketa baldarrean oinarritzen da. Berrikuskeria ez dira akatsak, joera okerrak edo desbideratze soilak, honen adierazgarri izan badaitezke ere.

Lehen berrikustzailea Bernstein izan zen, Germaniako Alderdi Sozialdemokrataren baitan, Marx eta Engels-en alderdi ohia. Honek iraultza bortitzaren beharra baztertu eta parlamentu burgesaren bidezko erreforma gradualen bitartez Sozialismora iritsi zitekeela defendatu zuen, beste gauza batzuen artean. Alderdi barnean Clara Zetkin eta Rosa Luxemburg-ek aurre egin zioten bere teorizazioei. Lenin-ek berak ere aurre egin zion Errusiatik ‘Marxismoa eta berrikuskeria’ liburuarekin.

Azkenean ideologia burges ttipi hau II. Internazionaleko alderdi nagusietan sartu eta langile aristokraziaren ordezkari hauek (Kautski adib.) potentzia inperialistak babesten amaitu zuten, sozialtxobinismoan jausiz eta 1. Mundu Gerratean “beren” Estatu burgesen gerra-kredituen alde bozkatuz. Honek haustura eragin zuen mugimendua sozialdemokrata eta komunisten artean banatuz.

Errusiako Urriko Iraultza ondoren Errepublika Sozialista Sobietikoen Batasuna sortu zen. Baina berrikuskeriak beste forma batzuk hartu zituen, adibidez Trotski eta “leninistez” jantzitako bere teoria kontrairaultzaileena, Alderdi boltxebikeak garaitu zituenak Stalin-en gidaritzapean. 2. Mundu Gerratean beste berrikuskeria mota batzuk agertu ziren: Browder AEBetan, Tito Jugoslavian… Hauen ezaugarri komunak proletalgoaren diktadurari errefusa eta Sozialismoaren eraikuntza kapitalismoaren garapenetik eratortzea ziren.

Baina 1956. urtean gertakari larria eman zen: Khrustxov, Sobiet-Batasunean Estatu-kolpe baten bidez boterea lortu ostean eta Alderdi Komunistaren XX. Biltzarrean Stalin-en aurkako “txosten sekretua” aurkeztu eta gero, bere berrikuskeria mugimendu komunistako gainontzeko Alderdietan ezartzen saiatzen hasi zen. Berriro ere iraultza sozialista “metodo baketsuen” bidez eta Sozialismoaren eraikuntza proletalgoaren diktadurarik gabe aldarrikatzen zuen. Gainera, hau ESSBn kapitalismoaren berrezarpen-prozesua abiarazteko baliatu zuen, potentzia sozialinperialista bihurtuz.

Borroka latza izan zen baina urte batzuen ostean hau inposatzea lortu zuen, Txinan eta Albanian izan ezik. Txinan, ordea, maoismoak bere ildo berrikustzaile propioa garatu zuen, Hoxha-k salatu zuena. Mendebaldeko Europan “eurokomunismoak” (Carrillo, Marchais, Berlinguer…) Brezhnev eta sozialinperialismo errusiarrarekin moztu zuen sozialdemokrazia klasikora itzuliz. Honela berrikuskeria hegemonikoa bihurtu zen Nazioarteko Mungimendu Komunistan.

Gorbatxov-en ‘Perestroikak’ Eremu Sozialista suntsitu eta gero, sekulako nahasmena geratu da NMKren hondarretan. Ultraezkertiarrak nahasmendu honetaz baliatzen dira sasiko kritikak egiteko eta marxismo-leninismoa erasotzeko. Benetako komunistoi dagokigu Sozialismo Zientifikoa bere ordezkoetaz bereiztea eta marxismo-leninismoaren gaurkotasuna aldarrikatzea.

Hurrengo artikuluetan Jose Sotomayor komunista peruatarrak berrikuskeriaren ohiko puntu garrantzitsuenak kritikatuko ditu, bereizgarria duen hizkera arrunt bezain garratzean, Alderdi Komunista Perutarra berrikustzailearen ildoa oinarri hartuta.

BERRIKUSKERIAREN TRAIZIO HANDIA

Sobiet-Batasuna eta haren Ekialdeko Europako sateliteak erori ondoren, mundu osoko berrikustzaileek, tartean perutarrek, 40 urtez jarraian “desestalinizazioa” eta “leninismora itzultzea” txalotu egin zutenak, ESSBean ez ezik Nazioarteko Mugimendu Komunistan bertan ere, “sozialismo burokratikoak” porrot egin duela adieraztera mugatu dira, prentsa burgesari korua eginez.

Stalin hil zenean, Khrustxov buru zuen talde kontrairaultzaileak Sobiet-Batasunean Estatuaren eta Alderdiaren boterea erasotzat hartu izanaren egia oso ezaguna ezkutatu nahi da. Talde maltzur honek, “Stalin-en pertsonalitateari gurtzaren aurkako borroka” ipuina erabiliz, sozialismoa desmuntatzeari ekin zion berehala, merkatu-ekonomia suspertuz, planifikazio zentralizatuari kolpe sendoak emanez eta merkatu sozialista merkatu kapitalistan berriro txertatzen hasiz. Horixe izan zen burgesiaren ideologoek gaur egun goraipatzen duten “globalizazio” dekantatuaren hasiera.

Mundu osoko berrikuskeria biluzik geratu da. Dagoeneko ezin du inor engainatu balizko “Lenin-enganako leialtasunarekin”, ezta sozialismoaren eraikuntza gezurti batekin ere, desitxuratze “stalinistarik” gabe. Berrikustzaileak, gezurtiak eta berez arnegariak, historiaren uharak dagokien lekura bota ditu: zaborrontzira. Hor daude ustelduta, intzirika eta paper zikinak zirriborratzen, beren ideologia berriztatzeko. Ikus dezagun, bada, laburki bada ere, zertan datzan alderdi-modernizazio edo -eraberritze hori.

Berrikuntza Ideologikoa

Has gaitezen gogoratzen klase antagonikoetan banatutako gizarte batean, gurea bezala, ezin dela egon klaseetatik alde batera edo klaseen gainetik dagoen ideologiarik. Gizartea klase kontrajarrietan banatu zenetik, ideologiak klase-izaera izan du beti. Honi oso garrantzitsua den zerbait erants diezaiogun: gizarte jakin baten ideologia nagusia ekonomikoki nagusi den klasearen ideologiari dagokio, hau da, ekoizpen-baliabideen jabe den klaseari. Hortik ondorioztatzen da gizartean duen eginkizuna: klase menderatzailearen interesak defendatzea.

Gaur egungo gizartean, burgesiak eta proletalgoak kontrako kokapenak dituzte, bai ekoizpenean, bai gizartean; horregatik, haien interesak ere kontrajarriak dira. Ondorioz, bere ideologiak kontrako poloetan kokatzen dira. Ideologia burgesak burgesiaren interesak ordezkatzen eta defendatzen ditu. Aldiz, proletalgoaren ideologia (marxismo-leninismoa) behargin-klasearen egoerari eta interesei dagokie. Hau guztia, berrikuskeria garaikideak aspaldi kareletik bota duen marxismo-leninismoaren abc-ari dagokio.

Baina, ideologiek klase-izaera badute, eginkizun aurrerakoi eta iraultzailea baino ezin dute jokatu, dagokien klasea goraka doan bitartean eta zeregin aurrerakoi eta iraultzailea betetzen duen bitartean. Adibide tipiko bat ideologia burgesean aurkitzen dugu, klase hau buru duten iraultzen aurretik. Inork ezin du ukatu «entziklopedisten» pentsamenduek bere garairako duten eginkizun aurreratua. Ezin da azaldu 1789ko Frantziar Iraultza Handia bezalako gertakari garrantzitsu bat, Ilustrazioaren ordezkariek iritzi publikoaren prestaketan jokatutako eginkizunik gabe. Hala ere, sistema kapitalista iraungitzen den heinean eta burgesia gero eta atzerakoiagoa bihurtzen den heinean, bere ideologiak ezin ditu aldaketa historiko horiek adierazi gabe utzi, eta, beraz, atzerakoia bihurtzen da; ez du eboluzionatzen, ez da hobetzen, berrikustzaile kreoleek honako formulazio honetan nahi duten bezala:

“Ideologiak ez dira inola ere estatikoak, izaera dialektikoa dute, eta, beraz, garatu, aurrera egin, hobetu eta eguneratu egiten dira, giza-gizartearen garapen eta bilakaera historikoaren arabera; hortik dator etengabe eguneratzeko eta modernizatzeko beharra, gizarte-eraldaketen eta zientziaren eta teknologiaren aurrerapenaren arabera” (‘Alderdi-Berrikuntzarantz’, 8. or.).

Ideologia burges garaikideak bere ezaugarri bereizgarriak ditu: hipokrisia, faltsukeria eta santukeria. Demokraziaren etsaiak antolatu egiten dira eta euren alderdiari “demokratiko” izena jartzen diote, Errepublikaren etsaiek “errepublikano” deitzen diote beren buruari, atzerakoiek “iraultzaile” titulua dute eta askatasunaren etsaiek askatasunaren alde egiten dute. Ideologia hori usteltze prozesu betean dago, munduan ez dago indarrik “iraultzera” edo “hobetzera” eramango duenik. Berriz diogu, ideologia burgesaren izaera atzerakoi eta ustela ordezkatzen eta defendatzen duen klasetik ondorioztatzen da: burgesiatik.

Galdetu daiteke, marxismo-leninismoak, proletalgoaren ideologiak, proletalgoaren egoerari eta interesei dagokiena izateari utzi al dio? Erantzuna baiezkoa bada, argudio serioak aurkeztu behar dira, behar bezala oinarrituta.

Ideologia orok eboluzionatzen eta hobetzen duela aitzakiatzat hartuta, berrikuskeria garaikideak, beti erabili izan duen zinismo eta lotsagabekeriarekin, marxismo-leninismoan oinarrizkoak eta funtsezkoak diren tesiak, gizartearen garapenaren legeen zientzia, masa zapaldu eta esplotatuen iraultzaren zientzia, sozialismoaren garaipenaren eta komunismoaren eraikuntzaren zientzia zeharo uztea proposatzen du. Argi dago zientzia hau ez dela geldirik geratzen; munduko behargin-mugimendu iraultzailearen esperientzian oinarrituta garatzen eta aberasten da, bere dinamika propioari jarraituz.

Ez da proletalgoaren etsaiek marxismoa ezeztatu dutela aldarrikatzen duten lehen aldia; baina egia esan, doktrina hau bizitzak berak berresten du eta bere garapen-dialektika propioa du, burgesen armategi ideologikotik ateratako ideia eta tesi arrotzekin “ongarritu” beharrik gabe. Lenin-ek esan du marxismoa ahalguztiduna dela bidezkoa delako, gizateriari erakusten dio gizartearen legeei dagokien bide zehatza.

Ez da ahaztu behar ideologia iraultzaile honek bultzatu zuela Errusia zaharreko nekazalgoa eta behargin-klasea Urriko Iraultza Handira eta herri sobietikoa inspiratu zuela sozialismoa eraikitzeko lan neketsuan, Lenin eta Stalin-en zuzendaritzapean. Marxismo-leninismoaren banderapean, herri sobietikoak munduko inperialismoak gizendutako piztia arre armatua makurrarazi zuen.

Berrikuskeria garaikidearen traizioak eta marxismo-leninismoaren alde batera uzte ahalkegabe eta lotsagabeak ESSB eta bere baldintzarik gabeko jarraitzaileen gainbehera ekarri du. Baina tragedia honek behargin-klasearen ideologiaren izaera zientifikoa erabat berresteko baino ez du balio izan. Berriro ere Lenin-en jakinarazpena berresten da: berrikuskeria garaitu gabe ezinezkoa da inperialismoa garaitzea, ezinezkoa da iraultzaren garaipena eta sozialismoaren eraikuntza.

Berrikustzaileek “Mariategi-ra itzulera” iruzurrezko batekin eman nahi diote sostengu teorikoa haien desertzioari. Burgesiaren ideologoek aspaldi erabili dute Marx gazteari Marx zaharra aurka jartzearen trikimailua, Engels “positibista” Marx-i, Lenin ideologoa Stalin pragmatiko eta nazionalistari, etab. Orain gure berrikustzaileek marxismo-leninismoaren aurkako Mariategi bat aurkezten digute, eta bularra kolpatzen dute marxismoa “metodo” sinple gisa definitzen duten bere irakaspenekiko leialak ez izateagatik.

Mariategi-k iraultzaile guztien errespetua eta esker ona merezi ditu. Lehen marxista perutarra izan zen modu sortzailean ezartzeko gai zena. Hala ere, historikoki azaltzen eta justifikatzen diren mugapenak izan zituen. Horregatik, Lenin eta Stalin-en lan eskergari jauzi eginez Amautara itzultzea benetako iruzurra da berrikuskeriaren traizioa bateratzeko. Perutar komunistek ezin dute onartu mende erdiz AKPren zuzendaritzaz jabetu ziren jendilaje arnegariek Mariategi pentsalari eta iraultzaile ospetsua beren helburuetarako erabili nahi izatea.

Historiaren epaiketa jada erori da berrikustzaile perutarren, iraultzaren desertoreen, marxismo-leninismoaren traidoreen, burgesiaren zerbitzarien, sozialismo faltsutu baten mertzenarioen, nazioarteko inperialismoaren oinetara arrastatu zenaren gainean. Historiak txingote hauek zaborrontzira bota zituen hondakin kirastu gisa.

Proletalgoaren Diktadura

Berrikuskeria kreolerako, AKP mende erdiz arnegari sobietikoen aurrean belauniko zuzendu zuenak, beharrezkoa da “errealismoz onartzea sozialismo errealaren erregimenetan gorpuztu zen proletalgoaren diktaduraren tesiak porrot egin zuela”. Hemendik ondorioztatzen denez, “Boterearen arazoa, gaur egun, politikaren eta gizarte zibilaren demokratizazio integraleko prozesu gisa planteatzen da, eta bere baitatik eraikitzeko aukera gisa”.

Arnegari guztiei berezkoa zaie historia faltsutzea beren traizioa eta apostasia justifikatzeko. Denek dakite Stalin hil zenean, berrikuskeria khrustxovianoak, munduko arnegari guztien txaloz, proletalgoaren diktadura suntsitu zuela, eta horren ordez diktadura faxistoide bat ezarri zuela, behargin-klasea krudelki zapaldu eta formazio boltxebikeko komunistak gogor jazarri zituena. Kapitalismoa berrezarri zuen diktadura atzerakoi honi “herri osoaren Estatua” izena jarri zitzaion.

Proletalgoaren diktadura behargin-klaseak gizartearen Estatu-zuzendaritza izatea besterik ez da. Klase batek Estatua zuzentze hori beti egon da, Estatua historian agertu zenetik. Horregatik, marxismo-leninismoak dio funtsean Estatu oro klase-diktadura dela. Teoria zientifiko marxista-leninistak erakusten du gizarte kapitalistaren eta gizarte komunistaren artean iragate-aldi iraultzaile bat dagoela lehenengotik bigarrenera. Garai historiko horretan, Estatua proletalgoaren diktadura iraultzailea besterik ezin da izan. Hala Parisko Komunak, iraupen laburrekoak, nola Lenin eta Stalin-en Botere Sobietikoak, argi eta garbi baieztatu dute egia zientifiko hau. Traidore berrikustzaileek asmatutako “herri osoaren Estatuarekin” kapitalismoaren erabateko berrezarpena baino ezin zitekeen burutu.

Proletalgoaren diktadurak hildako ESSBean porrot egin zuela baieztatzea, apostasia zital bat justifikatzera bideratutako gezur zakarra da. Proletalgoaren diktadurak ez zuen porrot egin Lenin eta Stalin-en aberrian, berrikuskeriak suntsitu zuen nazioarteko burgesiarekin eta haren lekaio guztiekin konplizitatean.

Azken hamarkadetan pilatutako esperientzia historikoak baieztatu du, bestalde, ez dela marxista klase-borroka bakarrik onartzen duena; hori pentsamendu burgesaren edozein ordezkarik egin dezake. Marxismoa ez da klaseen onarpenera eta klase-borrokara mugatzen. «Marxista da – esan du Lenin-ek – klase-borrokaren aitorpena proletalgoaren diktadura onartzera hedatzen duena».

Proletalgoaren diktaduraren tesia gure garairako desegokia eta okerra delako utzi behar dela argudiatuz, desertore berrikustzaileak ustezko “borroka politikoan biziki astintzen duten balio unibertsalei” buruz teorizatzen hasi dira, “demokrazia eta giza-eskubideak” direla diote. Eta argudio hauekin tesi zientifiko eta ukaezina kareletik botatzen dute: Estatu Sozialista proletalgoak, eta bere berehalako aliatua nekazalgoak, zuzendutako Estatua besterik ezin da izan; Estatu demokratikoa herri langilearentzat eta diktatoriala klase menperatzaileen hondarrentzat, sozialismoaren eraikuntza eta behin betiko garaipeneraino.

Semantikoki, arnegatzaileek diotenez, diktadura demokraziaren kontrakoa da, demokraziak ere klase-izaera duela ahaztuta. Demokrazia sozialista diktadura da klase esplotatzaileentzat eta demokrazia esplotatuentzat; hau politika marxistaz zerbait ulertzen duen edonork daki.

Berrikuskeriaren zoramen-ilusioak ez datoz bat Lenin-ek proletalgoaren diktaduraren izaerari buruz egindako azterketa eta ondorioekin. «Proletalgoaren diktadura -dio Urriko Iraultza Handiaren buruzagiak- klase berriaren gerrarik sakrifikatuena eta gupidagabeena da etsai boteretsuago baten aurka, burgesiaren aurka, zeinaren erresistentzia bikoiztuta dagoen boteretik eraisteagatik (herrialde bakar batean izan arren), eta bere indarra ez datza soilik nazioarteko kapitalaren indarrean, nazioarteko harremanen indarrean eta sendotasunean, baizik eta, gainera, ohituraren indarrean, ekoizpen txikiaren indarrean. Burgesiaren aurkako garaipena ezinezkoa da borroka luze, temati, etsi, hil artekorik gabe, baretasuna, diziplina, irmotasuna, malgutasunik eza eta borondate bakarra eskatzen duen borrokarik gabe. Arrazoi horiek guztiak direla eta, proletalgoaren diktadura beharrezkoa da».

Konpara bedi argudiaketa sendo hau proletalgoaren diktadura zaborrontzira jaurtitzen duten zentzugabekeria berrikustzaileekin; izan ere, “semantikoki diktadura da demokraziaren aurka dagoen guztia”, edo “egungo garaian desegokia da”. Une hauetan burgesia izaeraz aldatu, demokratiko bihurtu eta sistema kapitalista sistema sozialistagatik aldatzeko prest egongo balitz bezala. Zer nolako zinismoa: zein saldukeria mutur-handia arnegariena, 60ko hamarkadaz geroztik erabat identifikatu zirenak ESSBeko kapitalismoaren berrezartzaileekin! Khrustxov-en seme-alabak izan behar zuten!

Proletalgoaren Eginkizun Historiko Unibertsala

Marxismo-leninismoaren tesi erantzunezin bat da, historian zehar izan diren klase zapaldu guztietatik, behargin-klasea dela gizartea klaseetan banatzeari amaiera eman diezaiokeen bakarra. Proletalgoak soilik aska dezake bere burua ekoizpen-baliabideen gaineko jabetza pribatua deuseztatuz, hau da, gizakiak gizakiaren gain egiten duen esplotazio-mota oro ezabatuz. Horregatik, behargin-klasearen borroka iraultzaileak, proletalgoaren emantzipaziora ez ezik, hiriko eta landa-eremuko langile guztien askapenera ere darama.

Berrikuskeria garaikideak, marxismo-leninismoaren zinpeko etsaien argudioak eta tesiak errepikatuz, proletalgoaren eginkizun historiko unibertsala erasotzen eta ukatzen du. Nahi ala ez, behargin-klaseak, ekoizpen-prozesuan duen kokapen objektiboagatik, borroka egin behar izaten du sistema kapitalistari amaiera emateko, eta, horrela, sistema ekonomiko-sozial berri baten eramaile bihurtzen da.

Berrikuskeriaren baieztapen errepikatuen aurka, gaur egungo iraultza zientifiko-teknikoak behargin-klaseak gizartean duen papera areagotzera eta bere zenbakizko gehikuntzara darama. Proletalgoak gero eta gehiago biltzen da jarduera ekonomikoko gune handietan, eta haien antolakuntza-maila eta ekintza politiko-sozialak ere handitzen dira. Gaur egun, proletalgoak munduko produktu sozialaren 3/4 baino gehiago ematen ditu. Eta kopuruari dagokionez, duela ehun urte behargin-klaseak 9 milioi baino ez zituen mundu osoan, eta gaur egun 500 milioi baino gehiago dira.

Herrialdeko berrikuskeria kreolearen buruzagiak dioenez, proletalgoaz gain, “subjektu sozial berriak sortu dira, ekoizpen-prozesuan duten paperagatik indar eragile garrantzitsu bihurtu direnak, are gehiago behargin-klase tradizionalaren pisua murrizten zenean” (‘Alderdi-Berrikuntzarantz’). Aurrerago, “langile berriak, industriari txiki eta ertainak eta merkatari informalak hala nola nekazarien errondak” aipatzen ditu. Hauek lirateke “subjektu sozial berriak” eta iraultzaren indar eragileak, arnegari berrikustzaileen buruaren arabera.

Marxismo-leninismoak, “subjektu sozial berri” eta “indar eragile” horiei buruz, honako hau baieztatzen du: «Mila aldiz errazagoa da burgesia zentralizatu handia garaitzea milioika eta milioika patroi txiki “garaitzea” baino; azken horiek, beren eguneroko jarduera usteltzaile ikusezin eta atzemanezinarekin, burgesiak behar dituen emaitza berberak eragiten dituzte. Proletalgoaren diziplina sutsua ahultzen duenak (batez ere diktadura garaian), izatez, burgesiari laguntzen dio proletalgoaren aurka».

Horixe da berrikuskeria garaikidearen “indar eragile” hauen benetako izaera, sozialismo errealaren erorketaren benetako eragilea. Inork ez du zalantzan jartzen askapen nazional eta sozialaren garaian erdiko geruzak proletalgo iraultzailearen inguruan bil daitezkeela eta bildu behar direla, fronte antiinperialista eta antioligarkiko handi bat osatuz. Baina haiei “indar eragilearen” eginkizuna ematea arnegariaren zentzugabekeria besterik ez da.

Proletalgoa iraultzaren klase gidaria da, sistema ekonomiko-sozial berri baten eramailea delako eta bere burua askatzean aldi berean langile guztiak askatzen dituen klase bakarra delako. Berrikuskeria kreolearen “subjektu sozial berriek” eginkizun hau al dute eta izan al dezakete? Ezinezkoa, nahiz eta kopuruz handiagoak izan. Behargin-klaseak ez du ugariagoa izan behar benetan iraultzailea den bakarra izateko. Izaera hori bere eginkizun historiko unibertsaletik ondorioztatzen da.

Proletalgoa gure garaiko indar eragilea da, gaur egungo gertakizun unibertsalaren erdigunean kokatzen den klasea delako eta bere funtsezko edukia zehazten duelako.

Une egokian kritikatu dugun desbideratze txinatarrak “hirugarren mundua” historiaren gurpilak aurrera eginarazten duen “indar eragile handi” gisa aurkeztu zuen. Hau da, burgesek eta lurjabeek menderatutako eta gobernatutako Estatuak, horietako asko atzerakoiak eta baita faxistak ere. Marxismoaren desitxuratze zakarra da hau.

Behargin-Klasearen Alderdia

Klase jakin batek bere interesak ulertu eta defendatu ahal izateko, bere alerik aurreratuenak bilduko dituen antolakunde bat behar du, nahiz eta hasieran gutxiengo hutsala izan. Egia eztabaidaezin honetatik, Lenin-ek ondorio hau atera zuen: behargin-klasearen alderdia bakarrik dagoela proletalgoaren eta masa langile guztien abangoardia batzeko, hezteko eta antolatzeko moduan, hauen gorabehera burges ttipi saihestezinen aurka eginez.

Gure berrikustzaileentzat, burgesia ttipiaren masa gorabeheratsuak “indar eragile” bihurtu dira, eta, ondorioz, behargin-klasearen Alderdiak bere lekua utzi behar die, ‘Langileen Alderdia’ izena hartuz. Hau ez da dena, zentralismo demokratikoa saskira botatzea ere proposatzen dute, diotenez, burokratizazioaren erruduna delako eta sozialismoaren eraikuntzan zereginik ez duelako.

ESSBeko kapitalismoaren berrezarpen kontziente eta planifikatua zentralismo demokratikoari egoztea faltsifikazio zakarra da. Ondoren ikusiko ditugun egitate objektibo guztiek frogatzen dute marxismo-leninismoaren etsaiek lehen herrialde sozialistan zentralismo demokratikoa kareletik bota zutela, beren borondatea inposatzeko eta nazioarteko inperialismoarekin estuki lotutako geruza pribilegiatu baten interesei hobeto zerbitzatzeko.

Zentralismo demokratikoaren printzipioen aplikazio zuzen eta zintzoari esker, Lenin-en alderdiak botere burges-lurjabea boteretik kendu zuen, Botere Sobietikoa sendotu zuen eta, ondoren, eraso nazifaxista kriminala garaitu zuen. Horregatik, zentralismo demokratikoak praktikan zer esan nahi duen gogoratu behar da:

– Zuzendaritza-atal guztiak behetik gora hautatzen dira.

– Alderdiko atalek aldian-aldian ematen dute beren lanaren berri.

– Diziplina zorrotza onartzen eta aplikatzen da, gutxiengoa gehiengoaren mende dagoelarik.

– Goragoko atalen erabakiak nahitaezkoak dira beheragokoentzat.

Zentralismo demokratikoaren printzipioek oinarrizko izaera dute behargin-klasearen alderdiarentzat, boterea hartu eta gizartea errotik eraldatu behar baitu. Horregatik, ez da kasualitatea ilaje orotako oportunistak beti proletalgoaren alderdiaren estatutuetan sartzearen aurka agertu izana.

Zentralismo demokratikoak Alderdiaren barne-demokrazia eta norabide zuzena bermatzen ditu. Horregatik, barne-demokrazia sistematikoki urratu dute, eurenak eginez, berrikustzaile eta arnegariek.

Zer irakasten du historiak Proletalgoaren Alderdiari dagokionez?

1. Iraultza sozialistaren garaipena eta bere Estatuaren propioaren ezarpena ezinezkoa dela behargin-klasearen alderdi iraultzailerik gabe.

2. Proletalgoaren alderdiak ezin duela bete bere klaseko gidari eta iraultzaren antolatzaile eta gidari izatearen eginkizun historikoa, teoria marxista-leninistaren jabe ez bada.

3. Behargin-klasearen alderdiak ezin duela batasuna eta diziplina bere lerroetan mantendu, baldin eta bere lerro propioetan oportunismoaren aurka modu zorrotzean borrokatzen ez badu, baldin eta mota guztietako kapitulatzaileak likidatzen ez baditu.

4. Alderdia indartu egiten dela eta garaiezina dela kritika eta autokritikaren beldur ez bada, etengabea eta une egokian. Hemen kontua ez da bularra kolpatzea gertakariak gauzatuta daudenean, formaltasun hutsagatik.

5. Alderdiak lotura zabalak izan behar dituela masekin, haien ahotsa kontuan hartuz eta haien premia larrienak ulertuz, horiek zuzentzen jakinez, baina haiengandik ikasten ere jakinez. Baldintza hori bete ezean, alderdia ezin da masa-alderdia izan.

Lenin-ek esan duenez, «alderdia garaiezina da masa langile handienei “hurbiltzen” baldin badaki, eta neurri batean, nahi baduzue, bat egiten, lehenik eta behin, masa proletarioarekin, baina baita proletarioak ez diren masa langileekin ere».

Alderdia eta Fronte Bakarra

Beren borroka iraultzailean, komunistek beti erraztu eta bultzatu dituzte aliantzak indar aurrerakoi ezberdinekin, bereziki iraultzek izaera demokratikoa eta nazio askapenekoa duten herrialdeetan. Kasu hauetan, behargin-klaseaz eta komunistez gain, biztanleriaren beste geruza batzuk ere interesatzen dira borrokan, nekazalgotik hasi eta geruza ertain aurrerakoietaraino. Indar hauek kontuan ez hartzea okerra eta kaltegarria izango litzateke prozesu iraultzailearentzat.

Akats handia litzateke ahalik eta ahalegin gehien ez egitea batu daitezkeen indar guztiak batzeko. Oro har, komunistek eta benetako iraultzaileek beti erakutsi dute interesa inperialismoaren eta barne-eragileen esplotazioa modu batean edo bestean jasaten duten biztanleriaren sektore zabalenak bateratzeko.

Batasun- eta aliantza-politika, ordea, ez da beti behar bezala aplikatu. Ezker Batuarekin gertatutakoari dagokionez, irakaspen handia da. Fronte honek herrialdeko indar nazionalista eta demokratikoen aliantza ordezkatzen zuen, eta egokia zen bertan parte hartzea, alderdiaren indarrak sendotzeko eta masei ildo politiko egokia emateko. Gertaerek, ordea, frogatu zuten ez zela lan iraultzaile proletario osasuntsu bat egin. Horregatik, nahikoa izan ziren zenbait zailtasun eta autokolpe fujimoristaren ekaitza erortzeko, hainbeste goraipatutako “gobernuaren eta boterearen alternatibak” porrot eginez.

EBrekin gertatutakotik ondoriozta daiteke komunistek ez dutela inoiz aliantza formalekin konformatu behar, ez dietenak borroka politikoaren frogei eusten eta karta-gazteluak bezala jaisten direnak. Horri dagokionez, esperientziak erakusten du Alderdi Komunistek beren independentziari eta Fronte eta Aliantzetan duten zeregin gidariari eutsi behar dietela. Gainera, beren aliatuen duda-muden aurka ez ezik, beren joera atzerakoien eta maniobra zatitzaileen aurka ere borrokatu behar dute, irmoago. Horixe da aliantzen eta fronteen baitan iraunkorra izan behar duen batasun- eta borroka-ildoa. Hori da ale kontrairaultzaileak garbitzeko eta kohesioa lortzeko modu bakarra. Aliantza baten barruan batasun-ildo bat bakarrik aplikatzeak batasun faltsu eta formala sortzen du nahitaez, ale atzerakoiek Frontea edo Aliantza gidatu eta haien zerbitzura jar dezaten ahalbidetuz.

Beste gai garrantzitsu bat: komunistek Aliantzak eta Fronteak eratzen dituztenean, ez dituzte ezkutatzen beren printzipioak eta programa. Horregatik, egiteko nazional-demokratikoak bete ondoren, borrokan jarraitzen dute, ez dira bidearen erdian gelditzen.

EBn goitik behera erretratatuta geratu zen AK berrikustzailea. Aliantza formal bat izan zen, non burgesia ttipiak nagusitasuna izan zuen. Haren zalantzek eta ondoriorik ezak argi eta garbi erakusten zuten mota berriko alderdi proletario, marxista-leninista, baten presentzia falta zela. Gorpu hau berpiztu nahi izatea zentzugabekeria da. Etorkizunean benetako fronte bat sortuko da alderdi komunista iraultzaile, marxista-leninista, baten inguruan ez bakarrik herri langilearen gehiengo handiak biltzeko, baizik eta horiek behar bezala hezteko eta zuzentzeko herrialdearen independentzia ekonomiko eta politikoaren aldeko borrokan, iraultza eta eraikuntza sozialistaren aurreko etapa gisa.

Leninismoa

Berrikustzaileek, haien traidore-aurpegi itsusia ezkutatzen zuen txantxoa erantzirik, amorruz ekin diote Lenin handiaren kontra. Beren liburuxka eta “dokumentuetan” diotenez, Urriko Iraultzaren buruzagiaren adierazpen batzuek bakarrik dute indarra munduan eman diren aldaketen ondorioz. Horregatik, “profil ideologiko berri bat” behar dela diote, “Peruko eta Munduko pentsamendu sozialistaren alderdi guztiak bere postulatuetan jasoko dituena”. Beste era batera esanda, berrikuskeriarentzat Lenin-en ondare teorikoa eta ESSBeko proletalgoaren diktaduraren esperientzia historikoa kareletik botatzeko ordua iritsi da, inolako eskrupulurik gabe.

Mundu osoko marxista-leninistok adierazi izan dugu berrikuskeria garaikideak, zoritxarrez ezaguna den SBAKren XX. Biltzarretik, bere funtsezko helburuetako bat izan duela mundu osoko proletalgoaren alderdiak alderdi sozialdemokrata, burgesiaren alderdi, kontrairaultzaren eta kapitalismoa berrezartzearen alderdi bihurtzea. Alderdi baten izaera bere ideologia politikoaren arabera zehazten da, bertan klase baten orientabide orokorrak eta printzipio programatikoak adierazten direlako. Politika ideologiaren mende dago, eta alderdi bakoitzak bere estrategia eta taktika elaboratzen ditu bere ideologian oinarrituta.

Berrikustzaile kreoleek diotenez, iragate-aldi baterako alderdi-berrikuntza izanik, alderdiak bere ekintza marxismo-leninismoan oinarritzen duela defendatzen jarraitzea ez dagokio aldaketa-asmo irmo bati,”kalkoa edo kopia ez, baizik eta sorkuntza dena”. Hau da berrikuskeria sobietikoak duela 40 urte ireki zuen bidea, eta harengatik doaz arrapaladan munduko buruzagi berrikustzaile guztiak. Ez da harritzekoa, horregatik, baimentzea leninismoa zaharkitutzat jotzera eta esatera “porrot egin du Estatuaren boterea hartzea eta ekoizpen-baliabideen estatizazioa gai nagusitzat jarri zituen sozialismoaren ikusmoldeak” (‘Alderdi-Berrikuntzarantz’ 13. or.). Eta ondoren gaineratzen dute “boterearen arazoa, gaur egun, politika eta gizarte zibilaren demokratizazio integraleko prozesu gisa eta bere baitatik eraikitzeko aukera gisa planteatzen da”. Hau Marchais-ek, berrikuskeria frantziarraren buruak, duela urte batzuk esan zuenaren errepikapen baldar bat da: “ireki demokrazia- eta askatasun-garai berri bat, horra gure guduaren ardatza”.

Marxismo-leninismoak defendatzen duen oinarrizko auzia da ez dagoela demokraziarik orokorrean, ezta diktadurarik ere orokorrean. Era berean, ez dago Estaturik klaseetatik kanpo edo klaseen gainetik. Hori dela eta, Lenin-ek honako hau adierazi zuen: «Demokrazia burgesaren egungo defentsa, “demokrazia orokorrean” buruzko diskurtso moduan, eta gaur egungo zarata eta aldarria proletalgoaren diktaduraren aurka… sozialismoari zuzenean egindako traizioa dira, burgesiaren aldera benetan igarotzea».

Egia zientifiko honen baieztapena, Nikita Khrustxov pailazo traidorearen eta munduko bere jarraitzaile guztien garaitik berrikuskeria garaikideak ahuldutako ESSBren erorketa zalapartatsua da.

Harropuzkeriaz esaten da leninismoa “garai hartan gizartea egituratuta zegoen moduari eta garai hartako iraultzaren ezaugarriei” egokitu zitzaiela. Esaten denez, gaur egun “kapitalismoak beste ezaugarri bat hartzen du: iraultza teknologiko eta informatikoaren kapitalismoa da, ekoizpen-baliabideak eta gainbalioa bereganatzeko modalitate berriekin. Gizarte zibileko erakundeak ugaritu eta dibertsifikatu egin dira, eta ez dituzte lehengo eginkizun berak jokatzen… demokraziaren kontzeptua eta edukia… haren edukia arlo ekonomikora eta sozialera zabalduz garatu da, eta gizateriaren gehiengoaren borrokaren bandera da”. Lenin-engandik metodo dialektikoa bakarrik hartu behar da. Hauek dira Garaudy arnegaritik plagiatutako berrikuskeria kreolearen berritasunak.

‘Eremu Sozialistaren Erorketaren’ inguruan

Zinismo ikaragarriaren egintzan, berrikustzaile kreoleek, duela hamarkada batzuk burgesiari emandako “biziarteko taldeburu” bat buru zutela, ESSBren eta Europako ekialdeko erregimen sozialisten desagerpena 4 arrazoiri egozten diete:

a) ekoizpen-indarren geldialdia eta atzerapena,
b) alderdiak Estatuarekin duen identifikazioa,
c) burokratismoari eta
d) autoritarismoari.


Erdian, kausa horien sorkuntzaren ardatz gisa, Stalin “bere aldrebeskeria politiko eta moralekin” egon zela diote.

Historiaren faltsutzaile amorratua izan behar da, eta sekulako arnegaria, ESSBean kapitalismoa berrezartzeak lehenik eta, ondoren, Estatu gisa desagertzeak jarraitu zuen benetako norabidea barregarriki desitxuratzeko. ESSBk bere bizitzako azken 40 urteetan jarraitutako bide guztiak argi eta garbi frogatzen du oposizio trotskista-bujarinistak eta eraso hitlerianoak egin ezin izan zuena berrikuskeria garaikideak lortu zuela: sozialismoa suntsitzea eta ESSB likidatzea.

Mundu osoan ezaguna da Nikita Khrustxov ESSBeko Alderdi eta Estatuaren boterera igotzearekin batera, bat-bateko aldaketa gertatu zela lehen herrialde sozialistaren barne- zein kanpo-politikan. Botere proletario sobietikoa usurpatu zuten konplotatzaile eta arnegariek kontu handiz landu zuten kapitalismoa berrezartzeko jarraitu behar zuten plana. Lehenik eta behin, beharrezkoa zen informatzea eta “frogatzea” iraganean akats asko egin zirela eta haien erruduna Stalin bera zela. Eta horrela premisa ideologiko oso bat asmatu zen sozialismoaren eraikuntza eta komunismora igarotzea bide ustez zuzen batetik bultzatzeko. “Stalin-en pertsonalitateari gurtzaren aurkako borrokaz” ari gara, noski. Gertaerak baldarki desitxuratuz, Stalin-ek ongi irabazitako autoritatea, ospea eta maitasuna, goitik ezarritako “gurtza” gisa aurkeztu ziren. Giro zikin, zital eta doilor horretan idatzi zen Khrustxov traidoreak bere alderdiaren XX. Biltzarrean irakurritako “hitzaldi sekretu” ospetsua.

“Hitzaldi sekretua” mundu osoko atzerakoi, berrikustzaile eta desertoreen borroka politiko eta ideologikorako arma izan zen. Gizatxar berrikustzaileek, ero amorruz, inperialismoak eta mundu osoko atzerakoiek txaloturik, Lenin-en oinordeko Stalin-en aurkako kanpaina ongi muntatua aurrera eraman zuten, 30 urtez Alderdia boltxebikea eta herri sobietikoa garaipenez garaipen gidatu zituena Lenin-en ondarea ausarki defendatuz; sozialismoaren eraikuntza zuhurki zuzendu zuena, beharginak eta nekazariak eta herri sobietiko osoa Aberri Gerrate Handian ausarki mobilizatu eta gidatu zituena.

Berrikuskeria khrustxovianoaren plan makurrak ezin izango ziren aplikatu, Alderdiaren osaeran aldaketa erradikalak sartzen ez bazituen. Bere erregealdiko lehen hamarkadan, Nikita traidoreak Alderdiko buruzagi eta militanteen %70 baino gehiago araztu zituen; ondoren, purgak modu sistematikoan gertatu ziren. Azkenean, alderdiko buruzagitzan, Gorbatxov eta Yeltsin bezalako funtzionarioen geruza endekatu eta ustel bat geratu zen, Estatu Sobietiko kulunkariari sastada bizkarrean sartzeko prest zeuden antikomunista amorratuak.

Berrikustzaileek, difamatzaile eta faltsario burgesen aurrean makurtuz, ESSBean sozialismoak porrot egin zuela diote. Baina ezin da eguzkia eskuarekin ezkutatu. Lenin eta Stalin-en aberrian gertatutakoak izen bakarra du: kapitalismoaren berrezarpena berrikuskeriagatik eta bere atzerriko ugazabengatik.

Iritzi publikoa prest Stalin-en aurkako kanpaina zitalarekin, Khrustxov-en taldeak sozialismoa desmuntatzeko bere martxa hasi zuen. Laburbilduz, kontrairaultza berrikustzaileak hurrengo ibilbidea jarraitu du:

a) 1957ko ekaineko Estatu-kolpeak Khrustxov-en boterea sendotzen du;

b) Industria berrantolatu eta 1958an ‘koljoseen’ makinak eta traktoreak salgai jarri ziren. “Bitarteko ekonomikoen” eta “pizgarri materialen” aldeko kanpaina politiko-ideologikoa hasten da;

c) 1965ean berrezartze kapitalista sakondu zen. Enpresak beren administrazio eta gozamenarentzat gordetako ondasunekin hasten dira eragiketak egiten, eta beren kontabilitatea eramaten dute, pertsona juridiko gisa. Jabetza pribatua da enpresa handian;

d) Andropov-Gorbatxov administrazioak formalki berrezartzen du jabetza pribatua ekoizpen txikian, zerbitzuetara azkar hedatzen dena.

Prentsa-agentzia sobietikoek zera esan zuten horri buruz: “Moda orain ESSBean enpresaria izatea da”. Kapitalismoaren berrezarpen-prozesu honekin batera, traidore berrikustzaileek Bigarren Mundu Gerraren ondoren sortutako merkatu paralelo sozialista likidatu zuten, ekonomia sobietikoa munduko ekonomia kapitalistan txertatuz. Hona hemen datu batzuk. Arrisku partekatuko enpresa mistoek (Joint Ventures), aspalditik, berme osoa dute beren eragiketetarako; gainera, finantza- eta administrazio-autonomia dute, beren produktuak askatasunez bideratuz, kapitala osorik aberriratzeko eskubidearekin.

1985-1986an, ESSBk jesapenak hartu zituen herrialde kapitalistetan, 12 mila milioi dolarren truke, eta urte horretan 38 mila milioi dolarreko zorra izan zuen.

Kapitalismoa berrezartzeko eta nazioarteko sistema kapitalistan ekonomia birsartzeko ibilbide lotsagabe hau jarraitzeko, berrikustzaileek ezinbesteko neurriak hartu zituzten: ekonomiaren plangintza zentralizatuari kolpe gogorrak ematea; kanpo-merkataritzaren monopolio estatalaren likidazioa, eta errubloaren bihurgarritasuna.

Gorbatxov izeneko infiltratua, nazioarteko burgesiaren agentea, bere ‘Perestroika’ sortu zuenean, ekonomia sobietikoa krisian zegoen ekonomia kapitalista soil eta laua zen, eta falta zen gauza bakarra, burgesia burokratiko eta usteldua protagonista zuen zaharberritze higuingarri hau ofizializatzea eta formalizatzea zen, ekoizpen-baliabideez jabetu baitzen, urte luzez herri sobietikoak lan sakrifikatuaz lortutakoa.

Hau da berrikuskeria “sobietikoaren” titiari itsatsita bizi izan zirenek ezkutatzen duten egia, santifikatzen dutena “sozialismo burokratikoaren amiltzearen” errua Stalini egotziz, sozialismoaren eraikitzailea eta nazifaxismoaren porrot historikoaren egilea. Bere aurkariek 40 urte izan zituzten “akatsak” zuzentzeko eta egin zutena kapitalismoa berrezartzea izan zen.

Berrikustzaileek uste dute behargin-klaseak eta iraultzaile zintzoek ahaztu egin dituztela nazioarteko mugimendu komunistaren baitako eztabaida luze eta korapilatsuak, uste dute haien lekaio-arnegu khrustxovianoarekin identifikatzea denboraren joanak ezabatu duela. Oker daude, gaur inoiz baino beharrezkoagoa da beren traizioagatik proletalgo iraultzailearen kausa sakratuari erantzutea.

Stalin buru izan zuen proletalgoaren diktaduraren aldian, ekonomia sobietikoa kostu-prezioak murriztera eta kalitate handiko artikuluak ekoiztera bideratuta zegoen, aurrerapen zientifiko-teknikoak ahalik eta gehien aprobetxatuz. Khrustxov-Brezhnev-en erreformekin, erabateko biraketa eman zen: ekoizpenaren eraginkortasun ekonomikoaren indize nagusiak ekoizpenari etekin monetarioa ateratzean oinarritzen hasi ziren, prezioak artifizialki igoz. Horren ondorioz, artikuluen ekoizpena murriztu egin zen, eta prezioak azkar igo ziren. Eta horrela, espekulazio bidez irabazien jazarpen itsua areagotuz joan zen, eta, ondorioz, ekonomiaren garapenaren erritmoa murriztu egin zen.

Kapitalismoa berrezartzeko prozesu honi, berrikustzaile zitalek eta haien atzerriko zerbitzariek “komunismorako martxa bizkorra” deitzen zioten, “Stalinen pertsonalitateari gurtzaren” aldian egindako akats larriak zuzentzearen ondorioz.

Hona hemen, gaingiroki, ESSBeko kapitalismoaren berrezarpenak jarraitutako bidea, nazioarteko burgesiak eta zinismo berrikustzaileak Stalin-ek ezarritako “sozialismo burokratikoaren porrota” deitzen dutena.

GEHIAGO TRAIZIO HANDI BATEN INGURUAN

Internazionalismo Proletarioa

Behargin-klasearen eginkizun historiko unibertsala ukatzen duenak, iraultza proletarioari eta proletalgoaren diktadurari uko egin behar die. Desertzio osoko eremu honetan, internazionalismo proletarioa gaitzetsi eta arbuiatu behar du. Hau gertatu zaie berrikustzaileei, Marx eta Engels-en garaitik mundu osoko komunistak adoretu dituen printzipio handi honen indarra ukatzen tematuta daudenak gaur egun.

Internazionalismo proletarioak behargin-klasea uztarri kapitalistatik emantzipatzeko borrokan batzen du. Jakina da herrialde bakoitzeko proletalgoak bere burgesiaren esplotazio eta zapalkuntzatik askatzeko eta botere iraultzaile proletarioa (proletalgoaren diktadura) ezartzeko borrokatzen duela, baina borroka hau ezin da gauzatu behargin-klasearen borroketatik kanpo.

Marx-en eta Engels-en dei handia: munduko herrialde guztietako proletarioak, elkar zaitezte! Inoiz baino gaurkotasun handiagoa du, arau eta printzipio horri heldu beharko dio, luzaroan, nazioarteko proletalgoak.

ESSBean boterea usurpatu zuen talde berrikustzaileak internazionalismo proletarioa saskira bota zuen. Aurrez aurreko erasoak egin zituen Txinako eta Albaniako Alderdi Komunisten aurka, une horietan marxismo-leninismoari jarraitzen baitzioten eta Sobiet-Batasunean proletalgoaren diktaduraren esperientzia historikoa defendatzen baitzuten. Era honetan, nazioarteko mugimendu komunistaren batasuna hautsi zuten, eta internazionalismo proletarioaren aurka egin zuten, mota guztietako arnegari eta desertoreen batasuna bilatuz, Jugoslaviako Tito-ren taldea eta perutar «krikoak» kasu.

Berrikuskeriak langile aristokraziaren eta burgesiaren interesak ordezkatzen ditu, horregatik uko egiten dio internazionalismo proletarioari. Horrela azaltzen da Manifestu Komunistan Marx-en eta Engels-en dei handiari “garaiarekin bat datorren edukia” eman nahi izatea, proletariotzat ez bazik eta “Hirugarren Mundukotzat” definitzeko. Borrokatu beharra dago, diote Khrustxov-en seme-alabek, “nazioarteko aliantza handien alde”.

Berrikustzaileak, dirudienez, herrialde kapitalistei “babesa” eskean ibiltzeko prestatzen ari dira, marxismo-leninismoari uko egitearen eta burgesiari amore emate kapitulatzailearen truke.

Berrikustzaileak “3 munduen” teoriaren jarraitzaile bihurtu dira. Internazionalismo proletarioa “proletarioa ez den internazionalismoagatik” ordezkatzea defendatzen dute, “Hegoaldeko” edo “hirugarren munduko” herrialdeen batasunean oinarrituta, “Iparraldeko” herrialdeek ustiatzen dituztelako. Argi dago klase-azterketa alde batera uzten denean edozein txorakeria esan daitekeela.

Galdetzen dugu, “Hegoaldeko” edo “Hirugarren Munduko” herrialdeetan ez al dago sistema kapitalistarik? Ez al dira burgesiek gobernatzen dituzten herrialdeak, askotan “Iparraldeko” herrialdeetakoak baino atzerakoiagoak? Internazionalismoa herrialde horiekin praktikatzea internazionalismo proletarioa internazionalismo burgesarekin ordezkatzea da, nahi ala ez. Ikus nora iritsi diren arnegari berrikustzaileak.

Kirtenkeria Parlamentarioa

Beren azken dokumentuetan, berrikustzaile kreoleek eskatzen dute “ahalik eta azkarren, ezkerreko beste indar batzuekin, militanteen, jarraitzaileen eta jende independentearen parte-hartzea sustatzea, proposamenak egiteko… Lelo deitzailea Peru, perutarra, eskualdekoa eta departamendukoa izan behar da, kasuaren arabera”.

Hauteskunde-grina are nabarmenagoa da “lantokiko zelula erlatiboki eraginkorra izan da borroka ekonomikorako bakarrik, baina hauteskunde-lehietarako eragingabea” adierazten denean.

Ikusi dugunez, berrikuskeria garaikidearentzako, egungo etapan, gizartea demokratizatuz baino ezin da iritsi sozialismora, eta, horretarako, herriaren borroka ordena konstituzional burgesak baimendutako mugetara murrizten dute. Lenin-ek arrazoi osoz esan du berrikustzaileek pentsatzen eta baieztatzen dutela lehenik gehiengoa lortu behar dela botoetan, eta ondoren bakarrik konkistatu behar dela boterea. Halako desbideratzeari «kirtenkeria parlamentarioa» deitu zion. Marxista-leninistek borroka parlamentarioa erabiltzen dute, baina, aldi berean, «kirtenkeria parlamentarioaren» jarraitzaile berrikustzaileek zabaldutako ilusioen aurka egiten dute.

Berrikustzaileek lortu nahi duten “alderdi-berrikuntzak” argi eta garbi adierazten du bere alderdia “parlamentu demokratiko” bat lortzeko borrokarako tresna soila bihurtu nahi duela. Horregatik, Lenin handiaren hitz hauek gogorarazi behar zaizkie: «Doilorrek edo mozoloek bakarrik sinets dezakete proletarioek lehenik gehiengoa lortu behar dutela bozketetan… eta ondoren bakarrik konkistatu behar dutela boterea».

Egia esan, SBAKren XX. Biltzarrearen ondoren, alderdi komunista askok endekapen-prozesu bat jasan zuten, azkenean marxismo-leninismoari traizio eginez, burgesiaren alderdi bihurtuz, hau da Perun Jorge del Prado-ren taldeak zuzendutako Alderdi Komunistaren kasua. Alderdi honen izaera burgesa modu nahasezinean ikusten dugu bere azken dokumentuetan, proletalgoari, sozialismoari eta marxismo-leninismoari behin betiko traizioaren adierazpen tipikoa.

Berrikuskeria, Iraultzaren etsaia

Bizitzak modu erantzunezinean baieztatu du berrikuskeria garaikidea inperialismoaren eta indar atzerakoi guztien eskuineko beso bihurtu dela, herriak menderatzeko eta haien askapen nazionala eta soziala eragozteko borrokan.

ESSBean berrikuskeria agertu zenetik, Stalin hil eta SBAKren XX. Biltzarreko tesiak eta teoriak onartu ondoren, munduko marxista-leninisten aurrean Lenin eta Stalin-en aberrian hasitako prozesu kontrairaultzailea biluzik uzteko lan historikoa planteatu zen. Gainera, Sobiet-Batasun berrikustzailearen porrot guztiak sozialismoari egozten zizkion propaganda burgesari mozorroa kendu behar zitzaion. Benetako marxista-leninistek, egoera zailean, berrikuskeriaren buruek jazarrita, irmo bete zuten zeregin hori.

Gaur egun, iraultzaile zintzo orok egiaztatzen du teoria khrustxovistek, “moskutarrak” deitu ziren alderdiek sutsuki defendatu zituztenak, ez zutela inolako zerikusirik iraultzarekin, ez sozialismoarekin. Teoria horien artean, bereziki “3 baketsuak” eta “2 guztiak” aipatu behar dira: “bide baketsua”, “elkarbizitza baketsua” eta “norgehiagoka baketsua”; “herri osoaren alderdia” eta “herri osoaren Estatua”.

Hutsegite soilak edo gehienez deformazio ideologikoak izan zirela esan daiteke, baina ez da horrela. Orain zeharo esan daiteke nahita eta ondo pentsatuta egindako tesiak izan zirela, proletalgoaren diktadura ezabatzeko eta kapitalismoa berrezartzeko eta Sobiet-Batasuna Estatu burges inperialista bihurtzeko.

Berrikuskeriaren eta bere tesi eta teoria guztien helburua beti izan da iraultza oztopatzea eta haren garapena eragoztea, sozialismoa ahultzea hura eraikitzen hasi den tokian. Gaur egun, Lenin-en irakaspenek gaurkotasuna hartzen dute berrikuskeriak proletalgo iraultzailearen kausarentzat dakarren arrisku larriari buruz. Egin dezagun irakaskuntza horien zenbaketa labur bat:

1. Berrikuskeriak marxismoaren eduki iraultzailea zikiratzen du. Burgesiarentzat onargarria dena nabarmendu eta lehen planora pasarazten du.

2. Berrikuskeriak Marx-en doktrinaren gutxiegitasun eta iraungipenari buruz oihu egiten du, argudio eta gogoeta “berriekin” justifikatzen ditu erreforma sozialak.

3. Berrikuskeriaren ezaugarria lausotasuna da, korronteak arrastaka eramaten du, ez du printzipio definiturik eta finkorik.

4. Berrikuskeriak modu arbitrarioan aldatzen ditu filosofia, ekonomia politikoa eta klase-borroka marxistari buruzko irakaskuntzak.

5. Berrikuskeriak Ekonomia Politiko marxista berrikusten du, kapitalismoaren aro baketsu berri bat espero duelako.

6. Berrikuskeriak klase-borroka ukatzen du eta klase-lankidetza aldarrikatzen du.

7. Berrikuskeria era lausengarian makurtzen da demokrazia burgesaren aurrean, eta gehiengoa sufragio unibertsalaren bidez lortzeko eta Estatu-boterea jasotzeko ilusio hutsala zabaltzen du.

8. Berrikuskeriak ilusioak pizten ditu sozialismoaren iragate baketsu eta erreformistari buruz.

9. Berrikuskeriak politika burgesaren aldera atzera egiten du zuzenean, gerra kolonialak eta ankerkeriak justifikatzen ditu.

10. Berrikuskeriaren arrazoibidean, beharginak kapitalaren aurka egiten duen klase-borroka iraultzailea desagertzen da, internazionalismoa desagertzen da.

11. Berrikuskeria behargin-mugimenduaren garapenean garai “baketsuaren” emaitza da.

12. Berrikuskeria munduaren ikusmolde burgesaren eta bere eraginaren ondorio zuzena da.

13. Berrikuskeriak burgesia kolore ederrez margotzen du, edertzen du; behargin-klasea engainatzen eta zatitzen du.

14. Burgesiak ulertzen du hobe dela behargin-mugimenduaren barruan berrikustzaileak erabiltzea burgesiaren alde, horretaz bera arduratzea baino.

Berrikuskeriaren ezaugarritze ukaezin eta labur hau egin ondoren, Lenin-ek, iraultzaren jeinuak, munduko behargin-mugimenduko «ildo marxista bakarra» bezala gomendatu zuen, «masei oportunismoarekiko banaketa saihestezina eta ezinbestekoa dela azaltzean, iraultzarako haren aurkako borroka gupidagabea heztean» datzana.

Horrela daude planteatuta gauzak Marx-en eta Lenin-en garaitik. Ezinezkoa da behargin-klasearen eta masa langileen interesak saldu eta traizionatzen dituztenekin bat egitea. Berrikuskeria garaikidea deitzen den usteldura, zoritxarrez, nazioarteko fenomeno bat da, eta, horregatik, sakonki borrokatu behar da gaitz honen aurka, desagerrarazi arte.

Gaur egun, berrikuskeria garaikidea inperialismoaren eta munduko erreakzioaren aliatu zuzena eta baldintzarik gabekoa da. Behargin-mugimendua zikiratzeko eta marxismo-leninismoaren ustezko iraungitzeari buruz teorizatzeko erabiltzen dute. Horregatik, praktikan, bere jarraitzaileek berrikustzaile arrunt eta ohikoak izateari utzi diote, antikomunista amorratuetan bihurtzeko.

Marxismo-leninismoaren izaera zientifikoa

Burgesiaren ideologoen ustez, marxismo-leninismoaren aurkako borroka da bere jardueraren funtsezko helburua. Mende bat baino gehiagoan borroka zorrotz bati eutsi diote, lehenik Marx-en pentsamenduaren aurka eta ondoren marxismo-leninismoaren aurka. Zaharra eta zaharkitua dagoela jotzeko beren saiakerak ez dira inolako nobedadea.

Egia esan, marxismoa eta berehala sortu zen antimarxismoa, burgesiak instantean ulertu zuelako zientifikoki oinarritutako teoria iraultzaile batek irudikatzen zuen arriskua. Azken buruan, marxismoa agertu zenetik, pentsamendu politiko-ideologikoaren historia marxismoaren historia da ideologia burgesaren aldaera guztien aurka. Borroka honek bide korapilatsu bat jarraitu du, non klase nagusiek metodo batzuetan bortitzak eta beste batzuetan finak erabili dituzten, bizitza beraren inguruabarren eta eskakizunen eta klase-borrokaren dialektikaren arabera.

Ez da zaila egiaztatzea nola inperialismoak, ondoz ondoko krisiek sakonki astinduta, bere ideologoei eskatzen dien “erakusteko” marxismo-leninismoa zahartu egin dela, Marx-en formulazio teorikoak “hemeretzigarren mendeko kapitalismoari eta iraultza industrialaren gehiegikeriei dagozkiela” eta, beraz, ezin diela erantzunik eman “kapital finantzario dinamikoak berritutako kapitalismotik” sortutako arazoei.

Beren “aurkikuntza zientifikoak” oinarritzeko, marxismo-leninismoaren aurkariek zakarki desitxuratzen dute proletalgoaren ideologia, zaharkitu eta zurrun gisa aurkeztuz, eta horregatik beste pentsamendu-korronte batzuekin ernaldu beharko litzateke. Hau da Garaudy, Fischer eta Marek arnegariek hartutako kokapena, gaur egun munduko berrikuskeria eta antikomunismoaren ideologo bihurtu direnak.

Beharrezkoa da Alderdi Komunista Perutarraren “berritzaileek” gaur egun defendatzen dituzten tesien funts kapitulatzaile eta atzerakoia biluzik uztea. Hasteko, gogora dezagun marxismoa agertu zenetik ez zela teoria soil bat, hipotesi zientifiko bat edo sistema filosofiko bat. Mundua objektiboki eta zientifikoki azaltzen duen doktrina gisa sortu zen, eta errealitatea eraldatzeko tresna seguru bihurtu zen, benetako «masen ekintza iraultzailerako gida».

Gizartearen garapenaren arazoak giza-pentsamenduaren historiako etapa desberdinetan landu ziren, baina marxismoaren agerpenarekin bakarrik eman ahal izan zuen gizateriak, lehen aldiz, gizartean garatzen diren prozesu objektiboen azalpen zientifikoa, eta, gainera, ezagutza orokorrerako metodo zehatz bat eman zuen.

Marxismo-leninismoaren funtsezko ezaugarria bere izaera sortzailea da. Horregatik da beti errealitate aldakor bati buruzko zientzia bizia. Marxismoaren ezagutza ñimiño eta desitxuratuak dituztenek bakarrik har dezakete dogma hiltzat. Lenin-ek marxismoaren garapen eta aplikazio sortzailearen adibide bikaina eman zuen bere garaian gertatu ziren aldaketa historikoak azaltzeko.

Marxismo-leninismoaren kokapenak alde batera utzi dituzten guztiek edo Alderdi Komunistetan infiltratu zirenek, gaur egun, bere irekiera aldarrikatzen dute hura “birsortzeko” pentsamendu burges eta burges ttipiaren hainbat korronterekin. Iheslari hauek ez dakite «doktrina hau pieza bakarreko altzairuan galdatuta dagoela, ezin dela bertatik funtsezko tesirik erauzi», Lenin-en hitzetan. Era berean, zentzugabea da marxismo-leninismoa Perun arkume korriedale bat bezala “aklimatatu” nahi izatea, bidegurutze egoki eta aproposen bitartez.

Luzea da marxismo-leninismoa ezeztatzeko edo zuzentzeko saiakeren antzutasun tristea erakusten duen esperientzia historikoa, armategi ideologiko burgesetik hartutako ideiak, tesiak edo planteamenduak gehituz. “Paper zikin” batean, arnegari kaskar batek zirriborratuta, marxismoari “enuntziatu eta ondorio absolutuak dituen zientzia formal (logiko edo matematiko) baten ezaugarriak” egozten dizkiogula baieztatzen da. Zazpiki delako honek ez dakiena da marxismo-leninismoaren esentzia zientifikoa honako alde hauek definitzen dutela:

1) Proletalgoaren klase-interesa ez dago kontraesanean historiaren martxa objektiboarekin; aitzitik, gizartearen garapen orokorraren joerarekin bat dator, eta horrek kapitalismoa sozialismoarekin, gizarte komunistaren lehen etaparekin, aldatzea dakar nahitaez.

2) Behargin-klaseak egungo sistema ekonomiko-sozialean duen lekua eta zeregin historikoa erabakigarria da. Klase esplotatzaileak, ekoizpen-tresnen eta -baliabideen jabeak, beti saiatu dira beren boterea iraunarazten, bitarteko guztien bidez dagoen ordena defendatuz, eta, horrela, klase zapalduen borroka iraultzailea bultzatu dute. Jakina, proletalgoaren askapena soldatapekoen esklabotzatik ez dago edabe “ideologikoak” prestatzen trebea den ezein “xamanen” mende.

3) Proletalgoak bere jardueran ez ditu bere interesak bakarrik adierazten, langile guztiak, bere herrialdeko indar aurrerakoi guztiak, objektiboki ordezkatuz jarduten du.

Azaldutakotik ondorioztatzen da bere klase-esentziak ematen diola izaera zientifikoa proletalgoaren ideologiari. Ideologia batean teoria zientifikoa eta pentsamendu iraultzailea, egia eta alderdikeria elkartzen eta lotzen direnean, ideologia hori zientifikoa da.

Mayta Zapata delako baten “Kritika eta autokritika” ere aipatu behar da, Perestroikako semeren baten izengoitia ematen duena, “kapital finantzario dinamikoaren” apologista lotsabakoa. Gizabanako honentzat marxismo-leninismoaren klasikoak “kapera” bateko “santuak” dira, eta haren doktrinak “inkisidoreek” erabilitako “bertsetak” ditu, nahiz eta “errealitate berak bere ideia asko zaharkituta utzi dituen”. Mayta honek berak “Marx-ek aztertu zituen kapitalismoaren oinarrizko legeak edo Lenin-ek aztertu zuen inperialismoarenak” “mundu garaikidearen errealitatetik” at daudela baieztatzeko ausardia du, “kapitalismoak ondasun materialen ekoizpenean inbertitzeaz gain, kontsumoa suspertzen duten irudien ekoizpenarekin lotuta dagoelako”. “Marx-en kapitalismoak eta Lenin-en inperialismoak hain berezkoa duten subjektu produktiboak bide eman dio kontsumo-gizartearen eta kapital finantzario dinamikoaren berezko kontsumo-subjektuari”.

Mayta-ren zentzugabekeriazko arrosario izugarri hori ondorio batekin amaitzen da:

“Kapitalismoak, aldiz, bizirauteko eta garatzeko gaitasuna erakutsi du, eta erronka berri bat bezala aurkezten zaigu, indartsuagoa eta neoliberalak deitzean deskalifikatuko ez ditugun teoria berriekin”.

Mayta-k, bere bularra joz, Marx-ekin zorretan dagoela dio, ez baitzuen marxismoa behar bezala ondu Theotonio Dos Santos eta Gunder Frank-ekin, C.W. Milís eta V.G. Childe-rekin. Damutu honen esanetan, “marxismoa aberasteko iturriak ez daude sozialismoan bakarrik, baita pentsamendu demokratikoan, sozialkristauan eta beste batzuetan ere”.

Egia esan, Mayta-ren burutazio hauen “iturriak” Garaudy-ren idazkietan eta konbergentziaren gainerako teorikoetan daude, eta Urbany buruzagi komunistak honako hau esan du:

«Behargin-klaseari sinetsarazten saiatzen dira marxismo-leninismoaren ardoa ur pixka batekin beheratzen bada eta kapitalismoaren ozpinari bizigarri sozialista pixka bat gehitzen bazaio, guztiontzat egokia den edari bat lortuko dela. Zientifikoki, edabe horri “konbergentzia” deitzen zaio, politikoki “sozialismo humanista” deitzen da. Baina, praktikan, kapitalismoarekin kolaboratzea esan nahi du, bera salbatzeko».

Hala ere, Mayta ziur dago proposatzen duen iraultza ideologikoa “zuhaitz baten adarrak bezain berdea” izango litzatekeela. Berdea izango zen, dudarik gabe, baina koka hostoak bezala eta behargin-klaseari droga emateko balioko zion.

Ikus daitekeenez, nahikoa arrazoi dago esateko AKPeko buruzagitza ez dela berrikustzailea soilik. Gaur egun antikomunismoaren lerroetan militatzen du, eta lotsagabeki dio marxismo-leninismoa iraungi egin dela “garatzeko gaitasuna duen kapitalismoaren teoria berrien” aurrean.

“Kapital Finantzari dinamikoaren Teoria Berriak”

Marxismo-leninismoaren “ezeztatzaileen” eta haien aldeko kreoleen teorizazio merke guztia erori egiten da honako egia hauen granito-hormaren aurrean:

1. Kapitalismoa behargin-klasearen eta langile guztien esplotazioan oinarritutako sistema da.

2. Nazionalizazio burgesek eta are gutxiago pribatizazioek ez dute aldatzen ekoizpen-tresna eta -baliabideen jabetzaren izaera kapitalista pribatua.

3. Proletalgoak bere lan-indarra baino ez du, kapitalismopean beharginek kapitalari saltzen dioten merkantzia dena.

4. Gainbalioa ekoizpen kapitalistaren eragingarri bultzatzaile eta erabakigarria da.

5. Zientziaren eta teknikaren egungo garapenak burgesia monopolistari balio izan dio behargin-klasearen esplotazioa indartzeko.

6. Marx-ek aurkitutako ekonomia kapitalistaren gaitz organikoek gaurkotasun osoa dute: ekoizpenaren anarkia, krisi ziklikoak, langabezia eta txirotasunaren eta aberastasunaren polarizazioa.

7. Ekoizteko oinarrizko baliabide guztiak kapitalari dagozkio.

8. Ekoizpenaren izaera sozialaren eta jabetze pribatu kapitalistaren arteko kontraesan objektiboa ekoizpen-tresnen eta -baliabideen sozializazioaren bidez baino ezin da gainditu.

Lenin-en tesi zientifikoei dagokienez, berrikustzaile antikomunistek honako egia hauek ezeztatu nahi dituzte:

1. Inperialismoa kapitalismo monopolista da. Izan ere, gaur egun, masa herrikoi handien esplotazio eta zapalkuntzarako indar nagusia finantza-oligarkia oso boteretsua da, AEBetan 25 monopolio handik osatzen dutena, Britainia Handian 20, Frantzian 15 eta Japonian 10. Ez dugu egungo errusiar inperialismoari buruzko daturik.

2. Inperialismoa kapitalismo bizkarroia edo deskonposizioan dagoena da. Azken urteetan, «bizkarroi-eragiketa hutsen pisua izugarri hazi da, eta lanik gabekoen kopurua 38 milioira iritsi da» Mayta-ri hainbeste gustatzen zaion “kapital finantzario dinamikoko” herrialdeetan.

3. Inperialismoa hilzorian dagoen kapitalismoa da. Izan ere, nahi ala ez, kapitalismoaren fase inperialistak bete-betean garamatza ekoizpenaren sozializaziora bere alde desberdinetan. Esan daiteke kapitalistak «lehia-askatasun osotik sozializazio osora» eramaten dituela, Lenin-ek adierazi zuen bezala.

“Kapital finantzario dinamikoaren” apologistek, AKP zaharkituan sartuta, marxismo-leninismoaren klasikoek sistema kapitalistaren egungo fenomenoak aurreikusi ezin izan zituztela frogatu nahi duten bitartean, merkatuaren indar itsuak monopolioei eta beren Estatuen erregulazioei men egin gabe pizten dira, Marx-ek aztertu eta aurreikusitako kapitalismoaren krisi ziklikoak aldizka sortuz.

JCGS handiputzak erditu duen libelo antikomunista batean esaten denez, Errusia postsobietikoan “langileek kapitalismo aurreratuko herrialdeetako behargin-klasearen bizi-kalitatean eta gizarte-segurantzan izandako konkista esanguratsuak nabarmentzen dituzte”. Eta ondoren, autoreak, iheslari antikomunista orok bezala, inperialistek eta atzerakoiek Botere Sobietikoaren aurka oihukatu duten lelo osoa banatzen du: “alderdi-monopolioaren erregimena”, “polizia-kontrola”, “lurralde itxikeria”, “behartutako kolektibizazioa”, etab. Gizagaixoak gauza berriak esan dituela uste du, benetako komunistok mende erdiz geroztik mota guztietako atzerakoien aho kirastutik entzun duguna errepikatu baino egiten ez duenean, hasieratik Lenin eta Stalin-en Sobiet-Batasunaren zapalketa prestatu baitzuten.

Gizabanako berak dio: “Gaur egungo testuinguruan, gero eta nabariagoa da marxismoaren klasikoek ezin izan zituztela amaitzen ari den mendearen bigarren erdian gertatutako aldaketa sakon guztiak bereganatu; horretarako, ez da nahikoa gaur egungo arazo ugariak marxismoaren ohiko kategoriekin aztertzea”.

Hona hemen “marxismoaren ohiko kategoriek” aztertu ezin dituzten hainbat arazo: “gaur egungo munduaren interkonexio gero eta handiagoa, aurrerapen zientifiko-tekniko bizkorraren ondoriozko arazoak, ingurumenaren narriadura, nazionalismoen eta erlijio fundamentalisten berpiztea, baita alderdiak alde batera utzita ordezkaritza-modu berriak eskatzen dituzten mugimendu demokratikoena ere”.

“Arazo larri eta anitz” hauek ez lirateke aztertu behar marxismo-leninismoaren argitan, “beste pentsamendu-korronte batzuen ekarpenarekin baizik”.

Sinestezina, baina hori da AKPeko egungo buruzagiek diotena.

Beste pentsamendu-korronteen ekarpena

“Marxismo irekiaren” eta “beste pentsamendu-korronte batzuen ekarpenaren” tesiak Garaudy, Fischer eta Marek arnegariek aldarrikatzen dituzte 60ko hamarkadatik. Jende horiek berba hutsa egin zuten marxismoa tolerantea izateko beharraz, “fanatismo asiatikotik aske”, “XX. mendeko marxismoa”, kontzeptu “estuki klasista” eta “alderdikoia” izatetik salbuetsita.

Garaudy, Alderdi Komunista Frantziarra berrikustzailetik kanporatua endekatua izateagatik, gaur egun munduko antikomunista amorratu guztien ideologo bihurtu da. Gizabanako honek ez zuen inoiz onartu marxismoa giza-adimenak bereganatutako egia guztiekin aberastuz garatzen dela, praktikaren bidez egiaztatuta. Baina teoria zientifiko honek ez du ezer egin behar sasiegiekin, eta are gutxiago faltsifikazio eta gezurrekin. Hauek ezagutarazi eta baztertu egiten ditu.

Aniztasun printzipiorik gabea materialismo dialektikoari dagokion munduaren ikuskera bateratzailea ukatzea da. Garaudy-k tesi bateraezinen koexistentziatik eta elkarrekiko aberastasunetik abiatuta teorizatzen du. Ahaztu egiten du naturaren, gizartearen eta pentsamenduaren garapena arautzen duten legeak daudela. Berrikustzaile antikomunisten ideologo honek filosofiaren eta dialektika materialistaren legeen funtsezko gaia alde batera uzten du.

Garaudy behargin-klasearen Alderdiaren “desideologizatzailea” da. Filosofiari bere alderdikeria eta Alderdiari bere filosofia kentzeko ahaleginak ezagutzen dira. Bere hitzak ezagunak dira: “gure alderdiak ezin du filosofia ofizialik izan”, “ezin da ez idealista, ez materialista, ez erlijiosoa, ez ateista izan”. Arnegari frantziar honek ez du ezer berririk esan, bera jaio aurretik marxismoaren desertore askok gauza bera esan baitzuten. Materialismoari eta dialektikari uko egitea da, edo idealismoaren eta metafisikaren mesedetan desitxuratzea.

Garaudy-ren ikusmolde pluralistak ideologia kontraesankor eta inplikatzaileenak bateratzeko balio izan zion. Marxismoa erlijioarekin “adiskidetzeko” ahaleginak egin zituen. “Ez kapitalismoa ez komunismoa” formula ezaguna errepikatuz, iheslari honek bere aldaera propioa plazaratu du: “ez kapitalismoa ez teknoburokrazia stalinista”.

Hauek dira perutar berrikustzaile arnegarien ideologoaren tesietako batzuk, bere maisuaren irakaspenei jarraiki, klase-borroka ukatzen dutenak, sistema kapitalistaren eraldaketa iraultzailearen eta behargin-klaseak botere politikoa konkistatzearen aurka daudenak.

Kapitalismoaren berrezarpena Sobiet-Batasunean

Berrikustzaile antikomunistek behin eta berriz egotzi diote “sozialismo burokratikoari” Sobiet-Batasunaren desagerpena. Egia beste bat da, ordea, Lenin eta Stalin-en aberrian gertatu zenak izen bat duelako: kapitalismoaren berrezarpena berrikuskeria kontrairaultzaileagatik. Stalin hil ondoren ESSBen gertatu ziren erreforma ekonomikoen azterketa objektibotik honako hau ateratzen da:

1) Ekoizpen-baliabideak merkantzia bihurtu ziren berriro, eta haien jabetza soziala likidatu zen.

2) Lan-indarra merkantzia bihurtu zuten berriro, eta langabeziaren zigorra antzina sozialista zen Sobiet-Batasunaren gainera erori zen. Beharginei lan-eskubideak kendu zizkieten, eta langabeen ejertzitoa agertu zen.

3) Anarkia-merkataritza berrezarri zen, ekoizpen-baliabideak era planifikatuan esleitu ordez, behargin-klasearen eta haren aliatuen lehentasun politikoen arabera.

Burokrazia berrezartzaileak mozkin handienaren legea tronuratu zuen, ekoizpenaren helburu eragingarri nagusi gisa.

Plangintza letra hil bihurtu zen eta “sistema ekonomiko berria” krisian sartu zen. Eta “geldialdia”, berrikustzaile kontrairaultzaileen zinismoak eta hipokrisiak gaur “sozialismo burokratikoari” egozten diona, kroniko bihurtu zen.

Garrantzitsua da gehitzea “burgesia sobietikoa” berariazko baldintzetan sortu zela. Hamarkada luzeetan zehar, Stalin hil arte, ez zuen ez jabetzarik ez botererik izan, baina era zorrotzean lortu nahi izan zituen. Egunen batean, haren garapenari buruzko azterketa oso bat egingo da. Hala ere, ezagunak dira haren konspirazio kontrairaultzaileak eta nola proletalgoaren diktadurak erreprimitu zituen. Burgesia honen berezitasun bat da hasieratik bere izena ukatu duela eta ezkutatzeko jargoi bat asmatu duela, non kapitalismoa “komunismoa” izan zen eta berrikuskeria “leninismo” deitu zen. Burgesia harraparia, zinikoa, ustela eta mafiosoa, benetako mehatxua da munduarentzat. Ez zuen inoiz jokatu beste burgesiek bezalako zeregin aurrerakoia, bere iraultza propioa egin behar izan zutenak. Errusiar burgesia, Urriko Iraultza Handiak zanpatu zituen klase nagusien hondakinetatik berpiztutako burgesia bat da. Bere aurrean, ordea, tradizio iraultzaile distiratsuen oinordeko den behargin-klase bat dago, 1917an boterea hartu zuen proletalgoak baino mila aldiz indartsuagoa.

Behargin-Klasearen Alderdia

Berrikuskeriak aspalditik zalantzan jarri duen marxismo-leninismoaren funtsezko gaia Alderdiaren doktrina leninista da, nahiz eta esperientzia historikoak erakusten duen behargin-klaseak boterea konkistatu eta gizarte sozialista eraiki dezakeela mota berriko alderdi iraultzaile baten gidaritzapean jarduten badu. Alderdi honek Marx eta Lenin-en teoria zientifikoarekin hornitua egon behar du, eta Urriko Iraultzaren Buruzagiak sortutako antolakuntza-printzipioetan oinarrituta eraikia.

Ez da kasualitatea proletalgoaren eginkizun historiko unibertsalaren arerio guztiek behargin-klasearen alderdiaren eta haren gidari-zereginaren aurkako eraso sutsuak egitea. Helburu horrekin, era batean edo bestean, lehenik eta behin beren batasun ideologikoa ahultzen dute, ondoren bere batasun organikoaren aurkako eraso amorratuak egiteko, barne-borroka etengabeak asmatuz. Oraingo antikomunisten eraso amorratuen jomuga, alderdi komunistetan infiltratuak, zentralismo demokratikoa da, inoiz errespetatu ez zuten printzipioa. Erakunde alderdikoien erabakien gainetik jarriz, buru berrikustzaileek haien lagunei beren erabaki pertsonalen berri eman ohi diete.

Estalkirik gabeko antikomunista bihurturik, berrikustzaileek behargin-klasearen alderdiaren likidazio sinple eta laua aldarrikatzen dute orain, “ezkerreko indarren” koalizio batekin ordezkatzeko. Baina hau ere ez da berria. Fischer-ek, austriar berrikuskeriaren aita santuak, 60ko hamarkadatik “erlijiokideen eta borrokalarien, marxista eta ez-marxisten, komunista eta sozialdemokraten, katoliko eta protestanteen” antolaketa bultzatu zuen batasun bakar batean. Bestalde, Marek, beste buruzagi berrikustzaile batek, alderdi komunistak “presio-mugimendu” batekin ordezkatzearen alde egin zuen.

Garaudy arnegaria ez zen atzean geratu, eta bere proposamen propioa egin zuen: behargin-klasea eta komunistak “bloke historiko berri” batean sartzea, Alderdi Komunistari gidari-eginkizuna kenduz.

Ez da zaila ulertzea “batasun” hain amorfo eta nahasiak, kontzientzia eta diziplina proletariorik gabe, ez liratekeela arriskutsuak izango gaur egun mundu «unipolar» batean ekonomia globalizatua kontrolatzen duten monopolio inperialista handientzat, non superpotentzia batek nazioarteko jendarmearen zeregina jokatzen duen.

Berrikuskeriaren oldarraldiaren aurrean, gaur egun antikomunismoaren lantza-puntan bihurtua, marxista-leninistok tinko eusten diogu Alderdi Komunistaren defentsari proletargoaren antolakuntza-forma goren gisa, bere abangoardia politikoa, bere hezitzailea eta gidaria.

Arnegariek, oraingo «krikoek», gauza berriak esaten dituztela uste dute, inperialismoaren aginduz nazioarteko antikomunismoak ekoitzitako zerrikeria guztiarekin ahoa betez.

Marx, Lenin eta Proletalgoaren Diktadura

Arnegari berrikustzaileek zakarki desitxuratu dute Marx-ek proletalgoaren diktadurari buruz zuen pentsamendua, gizarte kapitalistaren eta gizarte sozialistaren arteko aldira mugatuz. Erraza da ulertzea trikimailu horrek helburu zehatz bat zuela: teorian justifikatzea “herri osoaren Estatua” izeneko fartsa.

Hona zer dioen Marx-ek proletalgoaren diktaduraren iraupenaz bere ‘Gothako Programari Kritika’ ospetsuan:

«Gizarte kapitalistaren eta gizarte komunistaren artean, iragate-aldi iraultzailea dago lehenengotik bigarrenera. Aldi horri iragate-aldi politiko bat ere badagokio, eta horren Estatua proletalgoaren diktadura iraultzailea besterik ezin da izan».

Marx-en jeinuak egia eztabaidaezin bat aurkitu zuen: klase-borrokak ezinbestean daramala iragatera burgesiaren diktaduratik proletalgoaren diktadurara. 1852ko urtean, Weydemeyer-i bidalitako gutunean honako hau zehaztu zuen:

«Nik berriaz ekarri dudana izan da frogatzea: 1) klaseen existentzia ekoizpenaren garapenaren fase historiko jakin batzuei bakarrik lotuta dagoela, 2) klase-borrokak proletalgoaren diktadurara daramala ezinbestean, 3) diktadura hori bera berez klase guztien deuseztatzerako eta klaserik gabeko gizarterako igarobidea besterik ez dela».

Hemendik ondorio ukaezin bat ondorioztatzen da: proletalgoaren diktadura ukatzea behargin-klaseak botere politikoa konkistatzeko beharra ukatzearen parekoa da, eta, ondorioz, ekoizpen-tresnak eta -baliabideak sozializatzearena, neurri hori gabe ez baita ulertzen gizarte sozialista.

Kautsky-k proletalgoaren diktadurari egindako kritikak oso ezagunak dira. Lenin arduratu zen germaniar desertorearen teorizazio antimarxista merkearen harririk harri ez uzteaz. ‘Iraultza proletarioa eta Kautsky arnegaria’ izeneko lan bikainean, honako hau idatzi zuen:

«Demokrazia mantendu daiteke aberatsentzat eta esplotatzaileentzat, aldi historiko batean non esplotatzaileak eraisten diren eta esplotatuen Estatuak ordezkatzen duen haien Estatua?».

«Horrela bakarrik planteatu dezake arazoa teoriko batek».

Argiago ezin da esan. Izan ere, Estatu sozialistan esplotatuei eta esplotatzaileei tratu berdina eta askea ematea zentzugabekeria izugarria da, gutxienez esateko. Estatu proletarioak eta bere aliatu hurbilenek beren paradisu galdua berreskuratu nahi duten klase nagusien erresistentzia basatia garaitu behar dute. Horregatik da diktadura klase horientzat, proletarioentzat eta masa langile handientzat benetako demokrazia den aldi berean.

Sobiet-Batasunaren zorigaiztoa eta eremu sozialistaren erorketa Marx-ek eta Lenin-ek kapitalismotik komunismorako iragatean Estatuaren klase esentziari buruz egindako tesien zorroztasun zientifikoaren froga biribila dira. Lenin eta Stalin-en Sobiet-Batasunak, Urriko Iraultza Handiaren ondorengo esku-hartze militar inperialista garaitu ahal izan zuen, ondoren sozialismoa eraiki eta Bigarren Mundu Gerran garaile atera zen, bere Estatua proletalgoaren benetako diktadura bat zelako. Estatu hori “herri osoaren Estatu” bihurtu zenean, kapitalismoa berrezartzeko tresna zital bihurtu zen, eta Sobiet-Batasuna heriotzara kondenatu zuten.

Marxista-leninistok, elkar gaitezen!

Benetako marxista-leninista batek ere ez dio utziko perutar Behargin-Klasearen Alderdiari berrikuskeria garaikidearen, antikomunista amorratuaren eskuetan erortzen. Behin betiko mugarriztatzeko unea iritsi da. Bizitza bera da, klase-borrokaren dialektika da berriz elkartzea eskatzen diguna, arnegariei aurrez aurreko borroka emateko. Alderdi berean militantea izatea iheslariekin batera traizioa litzateke. Jarrai diezaiogun marxista-leninista sobietikoen ereduari, gaur egun Batasun osoko Alderdi Komunistan berriz elkartuta daudenak, Nina Andreeva heroikoak zuzenduta, zeinari agur komunista beroa helarazten diogun.

Marx, Engels, Lenin eta Stalin-en bandera hilezkorren azpian, berrikuskeria antikomunistari tente egin diezaiogun aurre.

Contra el revisionismo (euskaratua) – José Sotomayor Pérez