INPERIALISMOA ETA POTENTZIAK


XXI. mendearen hasiera honetan, Mundu Sozialistaren eta Mundu kapitalistaren arteko kontraesanaren desagerpenaz ezaugarritutakoa, inperialismoak bere agintea ezarri du mundu osoan eta gerrak biderkatu egin dira nonahi, baita Europan bertan ere. Azken urteotan, oportunismo sozialdemokratak “bere” blokeko potentzia inperialistak babesten dituen bitartean, herri-mugimenduan inperialismoaren aurkako adierazpen anitz agertu dira.

Hala eta guztiz ere, eremu “antiinperialistaren” baitan bi joera kontrairaultzaile agertu direla antzeman dezakegu:

Alde batetik, berrikuskeria mota zehatz bat dugu, kapitalismoaren garapen desberdinaren legeari muzin egin eta AEB egungo potentzia inperialista bakarra gisa aurkezten duenak. Desbideratze “ultrainperialistaren” jarraitzaileek Errusiaren izaera inperialista ukatzen dute, baita Txinarena ere (badira Txina “sozialista” dela diotenak ere!). Berrikuskeria mota honek sozialinperialismoaren izate historikoa ere ukatzen du.

Beste aldetik, ezkerkeriak jotako sektoreak ditugu, kapitalismo inperialista sistema gisa eta potentzia inperialistak desberdintzen ez dituztenak, Estatu oro inperialistatzat dutenak eta garai honetako gatazka guztiei (nazio-askapen borrokak zein guda antifaxistak) “interinperialistak” deitzen dietenak.

Horregatik, Aurrera Langilerian kapitalismo inperialistaren eta bere baitako egungo potentzien azterketa plazaratzea erabaki dugu. Azterketa ekonomikoa izango da baina baita politikoa ere. Espero dugu honek kontzeptuak argitzea eta abangoardia marxista-leninista eta iraultzailearen baitan eztabaidarako oinarri gisa balio izatea.

Lanak hurrengo atalak izango ditu:

  • Kapitalismo Inperialista
    • Potentzia inperialistak
      • Ameriketako Estatu Batuak
      • Errusiar Federazioa
    • Langile aristokrazia
    • Herrialde kolonialak eta menpekoak
    • Burgesia nazionalaren Gobernuak
  • Mundu Sozialista
    • Berrikuskeria boterean
    • Sozialinperialismoa
      • ESSB
      • Txinako Errepublika Herrikoia
  • Gerrate Inperialista

Kapitalismo Inperialista

Marx eta Engels kapitalismoaren garai gorakorrean (aurremonopolista, inperialista bilakatu aurrekoa) bizi izan ziren, kapitalismoa era gutxi gorabehera uniformean garatzen zen, oraindik ezarri ez zen tokietara hedatzen ari zen eta bere ‘garapen desberdinaren legea’ argiro hautematen ez zen baldintza historikoetan.

Garai honetan, kapitalismoa garatzen zuten nazioekin batera herrialde atzeratuak edo erdifeudalak existitzen ziren, potentzia handiek garapen ekonomikora eramaten zituztenak, kolonialismoaren bidez bazen ere. Horregatik, behin kapitalismoa mundu osora hedatu eta gero, hau toki guztietan gutxi-gorabehera berdintsua izatea espero zuten. Hau bilakatu zen marxista guztien ikuspegia.

Baina kapitalismoa heldua bihurtu zenean (XIX. mendearen amaieraren eta XX.aren hasieraren artean), hau inperialista bilakatu zen, bere fase monopolistan sartu zen. Engels-ek kapitalismoaren fase hau aurreikusi bazuen ere, ez zuen sozialismo zientifikoaren mundu-ikuskeratik garatu.

Trust-etan, norgehiagoka askea monopolioa bilakatzen da eta planik gabeko gizarte kapitalistaren ekoizpenak amore ematen du atera berri den gizarte sozialistaren ekoizpen planeatu eta antolatuaren aurrean. Argi dago, oraingoz, kapitalisten etekin eta onurarako. Baina hemen esplotazioa hain agerikoa egiten da, ezinbestean amildu behar dela. Inongo herrik ez zuen onartuko trust-ek zuzendutako ekoizpen bat, kupoi-ebakitzaile lagun-talde batek herritarrak halako era lotsagabean esplotatzea.”

Sozialismo utopikotik sozialismo zientifikora (1878) – Engels

Lenin-i egokitu zitzaion, urte batzuk beranduago, hau laburbiltzea. 1916. urtean, Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena’ lanean, Lenin-ek ekoizpen-modu kapitalistaren fase monopolistaren, endekapen-fasearen, ezaugarri nagusiak ikuspegi ekonomikotik zehaztu zituen:

  1. ekoizpenaren eta kapitalaren kontzentrazioa garapen-maila hain altura iristen dira monopolioak sortzen dituztela, bizitza ekonomikoan eginkizun erabakigarria dutenak;
  2. kapital bankariaren batuketa kapital industrialarekin eta, “kapital finantzario” honen eremuaren gainean, oligarkia finantzarioaren sorkuntza;
  3. kapitalen esportazioak, merkantzien esportazioa ez bezala, garrantzia bereziki handia hartzen du;
  4. kapitalisten nazioarteko elkarte monopolistak eratzen dira, mundua banatzen dutenak;
  5. amaitu da munduaren lurralde-banaketa potentzia kapitalista garrantzitsuenen artean.

Inperialismoa da kapitalismoa, monopolioen eta kapital finantzarioaren nagusitasuna ezarri den garapen-fasean, kapital-esportazioak garrantzi handia hartu duenean, nazioarteko trustak mundua banatzen hasi direnean eta planeta potentzia kapitalista handien artean banatzen amaitu denean.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Gaur egun, monopolioek Estatuen barneko ekonomiak soilik ez, baizik eta mundu osoko ekonomiak kontrolatzera jotzen dute “enpresa multinazionalak” deitutakoen bidez. Hauek egiatan jatorrizko Estatu bakarra dute eta haien garroak hedatzen dituzte beste nazioetan.

Monopolio hauek ere konbinazioaren bidez sortu daitezke, hots, ekoizpen-porzesu jakin bateko enpresa desberdinen batzearen bitartez:

(…) kapitalismoaren garapen-fase goreneko ezaugarri garrantzitsu bat konbinazioa da, hau da, industriaren adar desberdinak enpresa bakar batean biltzea, adar horiek edo lehengaiak egiteko prozesuaren ondoz ondoko faseak ordezkatzen dituzte (adibidez, burdina-mineralaren galdaketa, burdina galdatua altzairu bihurtzea eta, zenbait kasutan, altzairuzko gaiak ekoiztea) edo elkarren adar osagarriak dira (adibidez, hondakinak edo bigarren mailako produktuak erabiltzea, enbalajeak egitea, etab.).”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Honek ondorio politikoak ere baditu: norgehiagoka askea monopolioaz ordezkatua izan (sistemaren esentzia ekonomikoa) eta oligarkia finantzarioak ehun industrialaren jabe izatera igarota, kapitalismoaren joera aurrerakoia erreakziorako joeraz ordezkatua izan zen.

Inperialismoa kapital finantzarioaren eta monopolioen garaia da, leku guztietan menperatzerako joera eragiten baitute, eta ez askatasunerako joera. Erregimen politikoa edozein dela ere, joera horren emaitza da erreakzio irekia eta kontraesanak izugarri areagotzea alor honetan. Bereziki areagotu dira zapalkuntza nazionala eta anexioetarako joera, hau da, independentzia nazionala urratzekoa (anexioa nazioek autodeterminaziorako duten eskubidea urratzea baino ez baita).”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Era honetan, kapitalismo inperialistak sistemaren kontraesan guztiak areagotzen ditu: lanaren eta kapitalaren artekoa, potentzia inperialisten artekoa, potentzia inperialisten eta herrialde kolonial eta menpekoen artekoa, eta abar.

Kapitalismo monopolistak bizkarroikeria zantzu nabariak ditu eta aurrerapen ekonomikoa oztopatzen hasten bada ere, ezin da esan kapitalismoak bere garapena eteten duenik. Aldi berean, monopolistek Estatu burgesa guztiz azpiratzen dute haien interesen menpe ipiniz eta Estatu-kapitalismo monopolista emanez. Inperialismoak nazioarteko lanaren banaketa sakontzen du, erdigune inperialistan balio erantsi altuko industriak kokatuz, kanpoalde koloniala lehengaien ekoizpenerako moldatzen duen bitartean.

Gainera, munduaren banaketa amaitzeak birbanaketa berriak soilik gerraren bitartez egin ahal izatea dakar, Estatu burgesen militarizazioa ikaragarri handituz. Honek konplexu militar-industriala haztea dakar, baita mundu mailako armen salerosketa ere.

Kapitalistek ez dute mundua banatzen, gaiztakeria berezi baten ondorioz, baizik eta lortu duten kontzentrazio-mailak bide horri jarraitzera behartzen dituelako etekinak lortzeko; eta “kapitalaren arabera” banatzen dute, “indarraren arabera”; beste banaketa-prozedura bat ezinezkoa da merkataritza-ekoizpenaren eta kapitalismoaren sisteman. Indarra, aldi berean, aldatu egiten da garapen ekonomiko eta politikoarekin bat etorriz; gertatzen ari dena ulertzeko, indar-aldaketekin konpontzen diren arazoak zeintzuk diren jakin behar da, baina aldaketa horiek ekonomikoak edo ekonomiaz kanpokoak (adibidez, militarrak) diren jakitea bigarren mailako gaia da, eta ezin du ezertan aldarazi kapitalismoaren egungo garaiari buruzko funtsezko kontzepzioa.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Kapitalismo inperialistan ‘garapen desberdinaren legea’ nagusitzen da, potentzia batzuk besteak baino azkarrago garatzea eta potentzia berriak agertzea dakarrena, potentzia zaharrekin borroka egiten dutenak haien tokia hartzeko, haien arteko indar-harreman ekonomiko eta militarren arabera.

Garapen ekonomiko eta politikoaren desberdintasuna kapitalismoaren lege absolutua da. Hortik ondoriozta daitekeenez, litekeena da sozialismoa lehenik herrialde kapitalista batzuetan gailentzea, edo baita herrialde bakar batean ere, modu isolatuan.

Herrialde honetako proletario garaileak, kapitalistak desjabetu eta haren barruan ekoizpen sozialista antolatu ondoren, mundu kapitalistaren gainerakoaren aurka altxatuko litzateke, gainerako herrialdeetako klase zapalduak bere ondora erakarriz, kapitalisten aurkako matxinada altxatuz, behar izanez gero, klase esplotatzaileen eta haien Estatuen aurkako armen indarra ere erabiliz. Proletalgoa garaile ateratzen den gizartearen forma politikoa, burgesia boteretik kenduz, errepublika demokratikoa izango da, zeinak gero eta gehiago zentralizatukodituen nazio horretako edo nazio horietako proletarioen indarrak oraindik sozialismora igaro ez diren Estatuen aurkako borrokan. Ezinezkoa da klaseak ezabatzea klase zapalduaren, proletalgoaren diktadurarik gabe. Nazioen batasun askea ezinezkoa da sozialismoan, errepublika sozialistek atzeratutako Estatuen aurka luzaroago edo luzeago borrokatzen ez badute.”

Europako Estatu Batuetako kontsigna (1915) – V. I. Lenin

Inperialismoak muturreraino eramaten du ekoizpenaren izaera sozialaren eta honen jabetze pribatuaren arteko kontraesana. Horregatik bihurtzen da kapitalismoaren azken fasean, bere hil hurreneko fasean, eta iraultza proletarioen aroaren hasieran.

Potentzia inperialistak

Aurreko ekoizpen-moduetan, baita kapitalismoaren fase aurremonopolistan ere, potentzia handiek inperialismoa eta kolonialismoa eraman zuten aurrera. Baina kapitalismo monopolistaren garaian potentzia hauek bere ezaugarri propioak dituzte:

Inperialismoa, edo kapital finantzarioaren nagusitasuna, kapitalismoa da bere mailarik gorenean, non banaketa honek izugarrizko proportzioak hartzen dituen. Kapital finantzarioa gainerako kapital-mota guztien gainetik egoteak errentaria eta oligarkia finantzarioa gailentzea dakar, beste guztien artean “potentzia” finantzarioa duten Estatu batzuen egoera nabarmena.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Beraz potentzia inperialistak oligarkia finantzario aberatsenen Estatuak izango lirateke, munduaren gehiengoa azpiratzen dutenak. Estatu hauek “errentatzaileak” izango lirateke, lukurrak, gero eta gehiago kapitalen esportazioaz eta “kupoia mozteaz” bizi direnak. Baina badira, Lenin-ek azpimarratu bezala, salbuespenak:

Japonian eta Errusian, indar militarraren monopolioak, sekulako lurralde batenak edo herri alogenoak, Txina eta abar eranzteko erraztasun bereziak, kapital finantzario modernoenaren monopolioa hein batean osatzen eta hein batean ordezkatzen du.”

Inperialismoa eta sozialismoaren zatiketa (1916) – V. I. Lenin

Ondorioz, esan daiteke mundu-mailan boteretsuenak (ekonomikoki edota militarki) diren burgesia inperialisten Estatuak direla.

Kapitalismoa planetako biztanle gehien-gehienen menperatze kolonialerako eta finantza-itotzeko sistema unibertsal bihurtu da, herrialde “aurreratu” gutxi batzuen eskutik. “Harrapakin” honen banaketa bi edo hiru potentzia harrapariren eta hortzetaraino armatuen artean egiten da (Ipar Amerika, Ingalaterra, Japonia), munduan nagusi direnak eta beren gerrara, harrapakina banatzeagatik, planeta osoa eramaten dutenak.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Esan bezala, potentzia hauek haien artean lehiatzen dute, batzuetan era baketsuan eta beste batzuetan gerraren bidez, mundua birbanatzeko, koloniak eta kapital finantzarioarentzako eragin-eremuak (irabazi-salerosketen, emakiden, mozkin monopolisten eta abarren eremuak) birbanatzeko. Borroka hau ‘garapen desberdinaren legearen’ arabera gauzatzen da, eta ondorioz denboran zehar aldatzen doa potentzien arteko indar-harreman ekonomiko zein politikoak aldatzen doazen heinean.

(…) kapitalismoaren pean ez da beste oinarririk ikusten eragin-eremuen, interesen, kolonien eta abarren banaketarako, banaketan parte hartzen dutenen indarra, indar ekonomiko orokorra, finantzarioa, militarra eta abar baino. Eta banaketan parte hartzen dutenen indarra ez da modu berean aldatzen, kapitalismoan ezinezkoa baita enpresa, trust, industria-adar eta herrialde desberdinen garapen berdina.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Beraz, borroka hau baketsua den garaietan, gerta daiteke potentzia batzuk besteen eragin-eremuetan sartzea haien inbertsioak edo merkataritza-trukea areagotuz, inperialismoa izateari utzi gabe.

Germaniak bere merkataritza bizkorrago garatzen badu kolonia ingelesekin, honek erakusten du germaniar inperialismoa ingelesa baino osasuntsuagoa eta indartsuagoa dela, hobeto antolatuta dagoela eta ingelesa baino hobeagoa dela, baina ez du erakusten, ezta hurrik eman ere, merkataritza askearen “nagusitasuna”, ez baita merkataritza askea protekzionismoaren eta menpekotasun kolonialaren aurka borrokatzen duena, baizik eta inperialismo bat beste baten aurka, monopolio bat beste baten aurka, kapital finantzario bat beste baten aurka.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Egon daitezke potentzia inperialisten arteko akordioak baita aliantzak ere, blokeen sorkuntzak eta abar., baina honek ez du esan nahi “inperialismo bakarra” egon daitekeenik (Kautski-ren “ultrainperialismoa” bezala), potentzien arteko interes kontraesankor sakonak laister ala berant gainjarriko baitira.

Jarraian XXI. mendeko potentzia inperialistak aztertuko ditugu:

  • Ameriketako Estatu Batuak: II. Mundu Gerratea ostean bihurtu zen “superpotentzia”. Egungo potentzia inperialista handiena da (Txinaren baimenarekin), mendebaldeko bloke inperialistaren burua eta NATO aliantza militarra komandatzen duena. G8 bezalako burgesia inperialistaren elkartearen buruzagia da. Gaur egun mundu mailan kapital inbertsio handienak egiten dituen Estatua da. Munduko 10 korporazio handienetatik 5 estatubatuarrak dira. 12 banku ditu munduko 100 banku handienen artean (2 10 handienen artean). AEBek munduko ejertzito boteretsuena daukate, lehen postua armen salmentan eta atzerrian base militar gehien dituen herrialdea da, beste Estatu guztiak batuta baino gehiago, 750 inguru guztira. XXI.mendean soilik bertako herriak azpiratzeko hurrengo esku-hartze militarrak gauzatu ditu: Afganistan, Filipinas, Irak, Haiti, Somalia, Libia, Siria eta Yemen. Bere menpeko erregimen atzerakoi eta faxistak ere armen bidez laguntzen ditu, Israel eta Ukraina bezala.

    NATOren blokean bigarren mailako potentzia inperialistak ere aurki ditzazkegu, AEBei azpiratuta baina beren botere propioari eutsiz: Kanada, Erresuma Batua, Frantzia, Germania eta Japonia.

    Baita ozta-ozta potentzia inperialista kategorian sartzen diren Estatuak, Espainia eta Italia bezala.

  • Errusiar Federazioa: Sobiet-Batasun sozialinperialistaren suntsipena ondoren sortutakoa. Errusia G8ko parte izan zen 1997tik 2014ra, baina AEBekin dituen kontraesanen ondorioz kanporatu zuten eta “mundu multipolarra” aldarrikatzeari ekin zion: Txinarekin aliatu eta bere bloke inperialista propioa sortzea bilatzen du, BRICS deitutakoa. Kapitala esportatzen duten munduko 10 herrialdeen barnean badago ere, errealitatean estatistikek diotena baino altuago dago, gehiena paradisu fiskalen bitartez egiten baitu. Lehengaien esportazioak ere tamaina handia dauka, baina hau ez da mendekotzaren ezaugarri (herrialde kolonialetan den bezala), bere jabetzakoak baitira (adibidez ‘Gazprom’ Estatu-kapitalismoko monopolioaren bidezko gas eta petrolioa). Errusiar oligarkia finantzariak mundu mailan pisu asko ez badu ere, hau herrialde erraldoi bat izatearekin (munduko handiena) eta indar militarrarekin konpentsatzen du. Errusiak munduko bigarren ejertzitorik boterestuena dauka, baita bigarren postua ere armen salmentan. Atzerrian 10 base militar baino gehiago ditu, gehienak “bere eremu sobietiko ohian” (Afrikan ere baseak eraikitzen ari da). Esku-sartze militarrak egin ditu errepublika sobietiko ohietan protestak zanpatzeko, baita Sirian ere bere gerra antiinperialistan, baina haien Gobernuek eskatuta. Ukrainako guda antifaxistan, ordea, NATOrekin dituen kontraesan interinperialisten ondorioz sartu zen gerrara.

Haien kolonietaz gain, Estatu hauek erdigune inperialistan zapaldutako nazioetan, kasu desberdinak eman daitezke:

  • Alde batetik, nazio zapaldu horietako burgesiak Estatuko nazio menderatzaileari edo beste potentzia inperialista boteretsuagoei esker bere kapital esportazioentzat eragin-eremuei sarbidea izatea, nazioarteko lanaren banaketan kokapen onuragarria lortzea eta arpilatze inperialistan parte hartzea (hau izango litzateke Hego Euskal Herria eta Kataluinaren kasua espainiar Estatuan).
  • Eta beste aldetik, nazio horiek garapen ekonomikotik baztertuta geratzea eta ondorioz “barne-kolonialismo” mota bat ematea, ohiko kolonialismoaren antzeko ezaugarriekin: industriaren garapen urria, lehen sektorearen nagusitasuna, emigrazio handia… (Ipar Euskal Herria eta Korsika frantziar Estatuan).
  • Egon daitezke erdibideko kasuak ere, noski (Galizia espainiar Estatuan, adibidez).

Langile aristokrazia

Hemen ere aipatu beharra dago potentzia inperialistetan hazten den langileriaren goiko geruza edo langile burgestuen geruza, langile aristokrazia hain zuzen ere.

Engels-ek geruza honen eraketa igarri zuen baita ere, Ingalaterran esplotazio kolonialari esker klase-antagonismoak leundu eta egoera pribilegiatua zuen geruza sortu baitzen, langileria ingelesa burgesiaren kokapenetara gerturatzea zekarrena.

Galdetzen didazu ea zer pentsatzen duten politika kolonialaz behargin ingelesek. Bada politikaz orokorrean bezala, burgesek pentsatzen duten berdina. Hemen ez dago behargin-alderdirik, alderdi kontserbadorea eta alderdi liberal-erradikala besterik ez dago, eta beharginek lasai asko ateratzen diote etekina haiekin Ingalaterraren monopolio kolonialari eta hark munduko merkatuan duen monopolioari.”

Kautski-ri gutuna (1882) – Engels

Langile aristokrazia hau, inperialismoak areagotzen duen lanaren nazioarteko banaketarekin estuki lotuta dagoena, da behargin-mugimenduaren baitan oportunismo politikoa, potentzien aldeko sozialtxobinismoa (sozialismoa hitzez eta txobinistmoa egiatan) elikatzen duena.

Argi dago hain gainirabazi erraldoiak (kapitalistek beren “herrialde” propioko beharginak zukutzen dituzten irabaziaren gainetik lortzen baita) behargin-agintariak eta langileen aristokraziaren goiko geruza usteltzea ahalbidetzen duela. Herrialde “aurreratuetako” kapitalistek usteldu egiten dituzte, eta mila modutan egiten dute, zuzenean eta zeharka, irekita eta ezkutuan.

Behargin burgestuen edo “langile aristokraziaren” sektore hori, beren bizimoduagatik, lansariengatik eta mundu-ikuskera osoagatik erabat burges ttipiak, II. Internazionalaren sostengu nagusia da; eta, gaur egun, burgesiaren sostengu sozial (ez militar) nagusia. Izan ere, burgesiaren benetako eragileak dira behargin-mugimenduaren baitan, kapitalisten klaseko ordezkari beharginak (labour lieutenants of the capitalist class), erreformismoaren eta txobinismoaren benetako eramaileak. Proletalgoaren eta burgesien arteko gerra zibilean, ezinbestez, kopuru handian, burgesiaren ondoan jartzen dira, “versaillesen” alde, “federatuen” aurka.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Langile aristokrazia sozialdemokraziaren oinarri sozial sendoena da, erreformismoaren eta Estatu burgesan integrazioarena. Hemendik ateratzen den ondorio garrantzitsu bat da ezin dela inperialismoaren aurka borrokatu oportunismoaren aurka borrokatu gabe.

Gaur egun Estatu orotan aurkitzen ditugu izendapen “sozialista” duten inperialismoaren aldeko “behargin-alderdi burgesak”.

Herrialde kolonialak eta menpekoak

Kolonialismoa kapitalismoaren hastapenetan hedatu zen mundu-mailan eta sekulako garrantzia izan zuen bere ‘jatorrizko metaketan’, Marx-ek aztertu bezala, kapitalismoaren garai gorakorra hastea ahalbidetu zuena.

Baina kapitalismo inperialistak honen izaera ere aldatu zuen. Koloniak jada ez ziren soilik lehengaiak eta eskulan merkea (edo esklabua) lortzeko eremuak, baizik eta kapitala bera inbertitzeko eremuak ere.

Kolonien eta europar herrien arteko desberdintasun ekonomikoa -azken horietako gehienak, behintzat- lehen koloniak merkantzien trukera eramaten ziren, baina ez oraindik ekoizpen kapitalistara. Inperialismoak egoera hori aldatu du. Inperialismoa, besteak beste, kapitalaren esportazioa da. Ekoizpen kapitalista gero eta azkarrago lekualdatzen da kolonietara. Ezinezkoa da horiek europar kapital finantzarioarekiko mendekotasunetik erauztea.”

Autodeterminazioari buruzko eztabaidaren balantzea (1916) – V. I. Lenin

Hasiera batean inperialismoak kolonialismo era gordinean ezartzen zuen, herrialde kolonialen burujabetza zeharo zapalduz, haien independentzia politikoa ukatuz eta potentzia inperialistaren Estatua indarrez ezarriz.

Kapital finantzarioa hain indar handia da, esan daiteke hain erabakigarria dela, harreman ekonomiko eta nazioarteko guztietan, ezen gai baita independentzia politiko osoena duten Estatuak ere menderatzeko, eta, hain zuzen ere, menderatzen ditu, jarraian ikusiko dugun bezala. Baina, ulertzekoa denez, kapital finantzarioarentzat mendekotasunik onuragarriena eta “erosoena” herrialde eta herri menderatuen independentzia politikoa galtzea dakar. Herrialde erdikolonialak ohikoak dira, zentzu horretan, “tarteko kasu” gisa.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Kasu batzuetan, hauetan egoera erdikoloniala ezartzen zen. Hau da, burujabetzaren aintzatespen formala, herrialdea militarki okupatuta jarraitzen zuen bitartean. Badira ere bai “erdibideko Estatuak” deritzonak, independentzia formala dutenak eta garapen ekonomiko jakin bat lortu dutenak baina atzerriko oligarkia finantzarioaren mendekotzatik askatu gabe.

Inperialismo kapitalistaren garaiko politika kolonialaz hitz egiten hasita, beharrezkoa da azpimarratzea dagokion kapital finantzarioak eta nazioarteko politikak, potentzia handiak munduaren banaketa ekonomiko eta politikoaren alde borrokatzean datzanak, Estatuaren mendekotasunaren aldi baterako forma ugari sortzen dituztela. Garai honetan ohikoak dira, ez bakarrik funtsezko bi herrialde-taldeak -koloniak eta koloniak dituztenak-, baita menpeko herrialdeen askotariko formak ere, ikuspegi formal eta politikotik independentzia dutenak, baina, egia esan, mendekotasun finantzario eta diplomatikoaren sareetan bilduta daudenak.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Baina II. Mundu Gerra eta gero eman ziren borroka eta askapen-guda antikolonialisten ondorioz, inperialismoak beste zapalketa mota bat ezartzera jo zuen: neokolonialismoa hain zuzen ere. Honek herrialde kolonialen independentzia politikoa aintzatesten badu ere, hauek ekonomikoki zanpatzen jarraitzen du. Honela kolonialismo “zaharretik” askatutako Estatuak batez ere zorraren bidez menderatzen ditu eta potentzientzako lehengaien ekoizpenera lotuta mantentzen ditu.

Ez da ahaztu behar kapitalismo inperialistaren erreakziorako joerak eta mundua birbanatzeko beharrak potentzia inperialistak berriro kolonietan militarki esku hartzea dakarrela.

Hemen aipatu beharra dago inperialismoak bere egin duen “Hiru Munduen” teoria, jatorri maoistako teoria txobinista eta kontrairaultzailea, nazioak bere garapen ekonomiko mailagatik soilik sailkatzen dituenak eta herrialde kolonialak “Hirugarren Mundua” deitzen dituena. Teoria honek ezkutatu egiten du Estatu burges orotan klase-borroka badagoela, zapalduak eta zapaltzaileak daudela, eta langileriari dagokiola mugimendu iraultzailea gidatzea bere fase ezberdinetan zehar askapen osoa lortzeko.

Egun Hego Amerika, Afrika eta Asiako herrialde gehienak egoera neokolonialean daude, oraindik ohiko kolonia gutxi batzuk geratzen badira ere.

Erdibideko kasu gisa, Mexiko, Hego Korea, Turkia eta beste hainbat ditugu.

Burgesia nazionalaren Gobernuak

Herrialde kolonialetan lurjabeak eta burgesiaren zati bat potentzia inperialistekin aliatu ohi dira beraientzat onuragarria den egoera iraunarazteko eta mugimendu iraultzailea zapaltzeko.

Baina puntu honetan objekzioak egin ziren, mugimendu demokratiko-burgesaz hitz egingo bagenu, mugimendu erreformistaren eta mugimendu iraultzailearen arteko desberdintasun guztiak ezabatuko liratekeela. Hala ere, azkenaldian, desberdintasun hori argi eta garbi agertu da kolonietan eta atzeratutako herrialdeetan; izan ere, burgesia inperialistak bide guztietatik nahi du mugimendu erreformista herri zapalduen artean ere garatu dadin. Herrialde esplotatzaileen burgesiaren eta kolonien burgesiaren artean nolabaiteko hurbilketa gertatu da, eta, horregatik, sarritan -eta agian baita kasu gehienetan ere-, herrialde zapalduetako burgesiak, mugimendu nazionalei laguntza eman arren, aldi berean burgesia inperialistaren arabera borrokatzen du, hau da, haren ondoan, mugimendu iraultzaile eta klase iraultzaile guztien aurka.”

Arazo Nazional eta Kolonialetarako Batzordearen txostena (1920) – V. I. Lenin

Askotan, neokolonialismoa pairatzen duten herrialdeetan potentzia inperialisten eta bertako burgesiaren arteko aliantza aginte-talde atzerakoien, baita faxisten, bidez egin ohi da.

Baina badago beste joera bat herrialde kolonialetan, burgesia nazionalarena dena. Honek bere herrialdea ekonomikoki eta politikoki garatu nahi du eta horrek inperialismoak ezarritako sistemarekin kontraesanera eramaten dio.

Burgesia nazionalaren mugimenduek askotan “sozialista” izendapena hartzen dute masa langileak erakartzeko asmoz (hau bereziki ohikoa zen Sobiet-Batasun sozialinperialista existitzen zen garaian), baina egiatan ez dute honekin zerikusirik. Lenin-ek jada oharatarazi zuen honen inguruan:

5) atzeratutako herrialdeetan askapenerako joera demokratiko-burgesei kutsu komunista bat emateko ahaleginen aurka ausarki borrokatzeko beharra; Internazional Komunistak herrialde kolonial eta atzeratuetako mugimendu nazional demokratiko-burgesen alde egin behar du, baldin eta etorkizuneko alderdi proletarioen elementuak, komunistak ez bakarrik beren izenez, herrialde tazeratu guztietan bildu eta hezten badira, dagokien misio bereziaren kontzientzian: mugimendu demokratiko-burgesen aurka borrokatzea beren nazioen barruan; Internazional Komunistak aldi baterako aliantza bat egin behar du herrialde kolonial eta atzeratuen demokrazia burgesarekin, baina ez du harekin bat egin behar, eta baldintzarik gabe eutsi behar dio mugimendu proletarioaren independentziari, baita bere forma enbrionarioenetan ere;”

Arazo nazional eta kolonialei buruzko tesien lehen zirriborroa (1919) – V. I. Lenin

Egoera kolonial edo menpekoa dagoen nazioetan, langileriak burgesia nazionalarekin aliantza bilatu behar du prozesu iraultzailearen fase jakin batean, antiinperialistan edo nazio-askapenekoan, baina bere burujabetza mantendu behar du eta behin fase hori igarota iraultza sozialista aurrera eraman.

Halere, burgesia nazionalak boterea bere eskuetan mantentzea lortzen badu kapitalismoa garatuko du ezinbestean. Ondorioz, bere egoerak hobekuntza batzuk jasan baditzake ere, langileriak zapalduta jarraituko du. Komunistentzat, hauekiko babesa potentzia inperialistan aurrean izan behar da soilik, ez haien politika osoan (barne-politikan batez ere).

Gobernu mota hauek diktadura militarretik demokrazia burgesara joan daitezke, baina ezin dira “faxistak” izan. Faxismoa oligarkia finantzarioaren ale atzerakoienen diktadura ikaratzaile irekia den heinean, hau soilik burgesia inperialistak agintzen duen Estatuetan da posible.

Gobernu hauek aurrerakoiak dira kapitalismo inperialistari aurre egiten dioten heinean, baina feudalismoa kapitalismoa baino atzerakoiagoa denez, ezin dira honen matxinadak babestu.

Guk ez dugu klase atzerakoien borroka babestuko inperialismoaren aurka, ez dugu klase atzerakoien matxinada babestuko inperialismoaren eta kapitalismoaren aurka.”

Marxismoaren karikaturari eta “ekonomismo inperialistari” buruz (1916) – V. I. Lenin

Ez da bistatik galdu behar gerta daitekeela potentzia edo bloke inperialista batetik askatzea eta beste baten eraginpean erortzea.

Azkenik, potentzia inperialisten aurka altxatzen diren nazioak direla esaten denean, ez da esan nahi haien Estatuen barnean zapalkuntza nazionala ere egon ezin daitekeenik.

Gobernu hauek bi multzotan banatu ditzazkegu:

  • Iraultza antiinperialista baten ondoren ezarritakoena: Iran, Siria, Yemen…
  • “Boterera” Estatua suntsitu gabe iritsi direnak: Venezuela, Brasil, Hego Afrika…

Mundu Sozialista

Proletalgoaren diktadura edo Estatu sozialista oro da, berez, antiinperialista, ezin baita sozialismoa eraiki sistema inperialistaren aurka egin gabe. Gainera, sozialismoaren eraikuntza bera kapitalismoaren gaindipena du xede.

Hortik ondorio ukaezina, sozialismoak ezin duela aldi berean herrialde guztietan arrakasta izan. Herrialde batean edo batzuetan arrakasta izaten hasiko da, eta gainerakoek, denboraldi batez, herrialde burges edo aurreburges izaten jarraituko dute. Horrek marruskadurak eragiteaz gain, gainerako herrialdeetako burgesiak Estatu sozialistaren proletalgo garailea zapaltzeko joera zuzena ere izango du. Kasu horietan, gerra, gure aldetik, zilegizkoa eta bidezkoa izango litzateke. Sozialismoaren aldeko gerra izango litzateke, beste herriak burgesiatik askatzeagatik.”

Iraultza proletarioaren programa militarra (1916) – V. I. Lenin

Edonola ere, Estatu sozialistak eta Estatu burges-inperialistak elkarrekin bizi behar dira, azken buruan bietako bat gainjarri behar bada ere.

Ez gara Estatu batean soilik bizi, Estatuen sistema baten barnean baizik, eta pentsaezina da Errepublika sobietikoa Estatu inperialistekin denbora luzez batera existitzea. Irabaziko du, azken finean, batak ala besteak. Eta amaiera hori eman arte ekidinezinak izango da Errepublika sobietikoaren eta Estatu inperialisten arteko talka ikaragarri multzo bat.”

BZaren txostena Errusiako Alderdi Komunista (boltxebike)aren VIII. Batzarraren aurrean (1919)V. I. Lenin

Ordura arte Estatu inperialistek setio kapitalista edo inperialista ezarriko dute Estatu sozialisten inguruan, ekonomikoa, politikoa, militarra eta ideologikoa dena.

Baina nola harremantzen dira Estatu sozialistak gainontzeko herrialdeekin? Sozialismoaren helburua nazioen arteko berdintasuna izanik (ekonomikoa ere), hauek ezin dituzte menperatze-harremanak mantendu ezta ezarri ere.

Gu baino atzeratuago eta zapalduago dauden herri horiei “laguntza kultural desinteresatua” ematen saiatuko gara, poloniar sozialdemokraten adierazpen bikainaren arabera; hau da, makinen erabilpenera, lanaren arintzera, demokraziara eta sozialismora igarotzen lagunduko diegu.”

Autodeterminazioari buruzko eztabaidaren balantzea (1916) – V. I. Lenin

Ondorioz, haien helburua ‘laguntza kultural eskuzabalaren’ bidez nazioen gerturatzea sustatzea da.

Estatu sozialista eredugarri gisa Albaniako Errepublika Herrikoia dugu, urte luzez Sozialismoa defendatu zuenak.

Berrikuskeria boterean

Berrikuskeria teoria marxista-leninistaren maneiua da interes burges, klasistetara moldatzeko.

Estatu sozialista batean kontrairaultza gertatzen bada honen suntsipena eman daiteke. Baina izan daiteke baita ere, berrikustzaileek boterea hartzea eta Estatu honen izaera aldatzea, berau suntsitu gabe. Badago hirugarren aukera bat: iraultza ondoren boterera iristen den aginte-taldea berrikustzailea izatea hasieratik.

Orduan kapitalismoaren berrezarpen-prozesu bat abiaraziko dute, sozialismoaren eraikuntzan emandako aurrerapenaren arabera forma batzuk ala besteak har ditzakeena. Berrezarpen-prozesu honek mota berriko burgesia (baita ohikoa ere) sortuko du ekoizpen-harreman burgesak berrazartzearekin batera.

Estatu burges-berrikustzaile hauen kategorizazioa ohiko Estatu burgesen antzekoa da, Mundu sozialistaren parte izateari utzi eta inperialismoak menperatutako Mundu kapitalistan integratzen diren heinean:

  • Izan daiteke Estatu berrikustzaile bat potentzia inperialistei gerturatu eta hauen morrontzan erortzea: Jugoslavia ohiaren kasua.
  • Estatu berrikustzaile hauek burgesia nazionalaren Gobernuen papera bete dezakete gehienez kapitalismo inperialistaren aurrean: Ipar Korea, Vietnam.
  • Estatu neokoloniala: Kuba (Sobiet-Batasun sozialinperialistarekiko).
  • Erdibideko Estatu gisa DDR (Germaniar Errepublika Demokratikoa) ohia izago genuke.

Baina prozesu kontrairaultzaile hau Estatu boteretsu batean ematen bada, potentzia inperialista gisa ekiten duen potentzia sozialinperialista bihurtuko da.

Sozialinperialismoa

Hasiera batean Lenin-ek ‘sozialinperialismo’ hitza joera oportunista bat izendatzeko erabiltzen bazuen ere (sozialismoa hitzez eta inperialismoari babesa egiatan), marxista-leninistek hau potentzia inperialista mota zehatz bat izendatzeko ere baliatu zuten.

Potentzia mota hau Estatu sozialista boteretsu batean kapitalismoaren berrezarpen-prozesu bat ematen bada agertuko da.

Bere ezaugarriak potentzia inperialista batena dira, baina forma “sozialista” mantentzen duenez gero desitxuratuta agertzen dira. Horregatik hurrengo kasuak aztertuko ditugu:

  • Errepublika Sozialista Sobietikoen Batasuna (ESSB): jada existitzen ez den arren, honen azterketa egingo dugu potentzia sozialinperialistaren kasu argigarri gisa. Stalin-en heriotza eta gero Khrustxov-ek Estatu-kolpea eman eta kapitalismoaren berrezarpen-prozesua abiarazi zuen. Honetarako nekazal-kooperatibei ekoizpen-baliabideen salmenta baimendu zuten, enpresak gero eta gehiago planetik kanpo funtzionatzen hasi ziren haien ekoizpena merkatura begira antolatuz, irabaziak zuzendarien artean banatzen zituzten eta lan-indarra merkantzia bilakatu zuten berriro ere. Honela mota berriko burgesia bat sortu zen. Ekonomia honen oinarri nagusia Estatu-kapitalismo monopolista zen. Hasieran enpresak unitate ekonomiko gisa funtzionatzen bazuten ere, Brezhnev-en Gobernua (ekoizpen-baliabideen salerosketa enpresa guztiei hedatu zuenak) hauek konbinatu eta ‘trust’-etan biltzen hasi zen. Nazioarteko lanaren banaketa “sozialistaren” teoria berrikustzailea asmatu zuten, nazioen berdintasun ekonomikoa ordez, Eremu Sozialistan haientzat onuragarriak ziren ekonomiak inposatzeko. Era honetan, COMECONaren bidez haien aliatuak esplotatzeari ekin zioten merkantzien salerosketan desparekotasuna ezarriz. Ekonomiaren militarizazio ikaragarria eman zen, eta haien tropak erabili zituzten Varsoviako Ituneko kideen gaineko mehatxu gisa. Herrialde kolonialei zuzendutako kapitalen esportazioari ekin zioten, honetarako bankuak eta soziatate anonimoak sortuz kapital inperialistarekin, baina ez industrializatzeko xedeaz, baizik eta egoera neokolonialean mantentzeko. Inperialismoaren atzaparretatik askatzen ziren nazioetan Estatu burgesak ezartzen lagundu eta hauei “sozialista” deituz beraiek azpiratzera igarotzen ziren. Honek guztiak autodeterminazio-eskubidearen urraketara zeraman ezinbestean, okupazio militarrera iristeraino (Txekoslovakia adibidez). ESSB sozialinperialista parekidetasun militarrera iritsi zen AEBekin eta armen salmentan gainditu zituen.

  • Txinako Errepublika Herrikoia: Mao Zedong eta haren jarraitzaileek Txinako “Demokrazia Berria” proletalgoaren diktaduran bilakatzea ekidin eta burgesia nazionalaren agintepean erortzea eragin zuten. Orduan mendebaldeko bloke inperialistarekin eta batez ere AEBekin aliatu zen “superpotentzia” bilakatzeko helburuarekin. Deng Xiaoping-ek kapitalismo inperialistaren egituretan sartu zuen Txina, eta 70ko hamarkadaren amaieran jada kanpo-merkataritzaren monopolio estatala deuseztatu zuen (berebizikoa Estatu sozialista batentzat). Esan daiteke XX. mendearen amaieran hasi zela potentzia inperialista bilakatzen. Gaur egun bere bloke inperialista propioa sortzea bilatzen du, AEBen aurkakoa, BRICS delakoaren bidez. Mundu mailan bigarren kokapena dauka kapital inbertsioetan. Munduko 10 korporazio handienetatik 2 txinatarrak dira. Munduko 4 banku handienak ere txinatarrak dira (18 ditu 100 handienen artean). Txinak munduko hirugarren ejertzito boteretsuena dauka, laugarren postua armen salmentan, baina soilik base 1 dauka atzerrian. XXI. mendean ez da gerretan sartu. Bere garaian marxista-leninistek “sozialinperialista” gisa ezaugarritu bazuten ere, esan daiteke Txina ohiko potentzia inperialista dela, han ez baita inoiz sozialismoaren eraikuntzarik egon. Bere berezitasunak oraindik burgesia nazionalaren Estatu bat izatearen ondorio dira, nahiz eta bere baitatik burgesia inperialista bat sortu den. Honek kontraesanak areagotuko ditu gainegitura-mailan denborak aurrera egin ahala.

Gerrate Inperialista

Kapitalismoaren garai inperialistak inperialista bilakatu du potentzia handien politika eta izaera atzerakoieko gerrate inperialistak edo interinperialistak sortzen ditu ezinbestean. Hau agerian geratu zen I. Mundu Gerratean, non “aberriaren defentsaren” izenean mundua banatzeko gerra egin zuten potentzia inperialisten bi blokek, sozialtxobinisten babesa izanda.

Liburuxkan frogatzen da 1914-1918ko gerra, bi aldeetatik, gerra inperialista izan dela (hau da, konkista-, lapurreria- eta harrapaketa-gerra), munduaren banaketagatik, kolonien banaketa eta birbanaketagatik, kapital finantzarioaren “eragin-eremuengatik”, etab.”

Inperialismoa, kapitalismoaren fase gorena (1916) – V. I. Lenin

Gerrate interinperialistetan ez nazioarteko langileriak ez munduko herriek ez dute inoren alde egin behar, aitzitik, potentzia inperialisten aurka egin behar dute, eta batez ere “beren” Estatuaren (edo blokearen) aurka.

Hala ere, honek ez du esan nahi garai honetan soilik gerrate (inter)inperialistak direnik posible. Badira benetako gerra nazionalak potentzia inperialisten aurka nazio zapaldu, herrialde kolonial edo Estatu txikien partez.

Baina garai honek berak sortu eta elikatu behar du, ezinbestean, zapalkuntza nazionalaren aurkako eta proletalgoak burgesiaren aurka borrokatzeko politika, eta horregatik, lehenik eta behin, matxinaden eta gerra nazional iraultzaileen posibilitatea eta ezinbestekotasuna; bigarrenik, proletargoaren gerrak eta matxinadak burgesiaren aurka; hirugarrenik, bi gerra iraultzaile moten bat-egitea, eta abar.”

Iraultza proletarioaren programa militarra (1916) – V. I. Lenin

Gerta daiteke gerra nazional bat gerra inperialista bilakatzea (baita alderantziz ere), baina ez da beti gertatuko.

Borroka nazionala, matxinada nazionala eta banaketa nazionala erabat “gauzagarriak” dira, eta inperialismoan benetan ikusten dira; are gehiago, areagotu ere egiten dira, inperialismoak ez baitu kapitalismoaren garapena geldiarazten, ezta biztanleriaren masan joera demokratikoen hazkundea ere; aitzitik, joera demokratiko horien eta trusten joera antidemokratikoaren arteko antagonismoa areagotu egiten da.”

Marxismoaren karikaturari eta “ekonomismo inperialistari” buruz (1916) – V. I. Lenin

Are gehiago, gerta daiteke potentzia inperialistak sartuta daude gerra bat ematea, non hau bigarren mailako elementua den, eta gerraren ezaugarritzea beste kontraesan nagusi batek ematen dion, demokratikoa dena (antiinperialista, askapen nazionalekoa, feudalismoaren aztarnen aurkakoa, antifaxista…).

Adibide bat: Ingalaterrak eta Frantziak Zazpi Urteko Gerran koloniengatik borrokatu zuten, hau da, gerra inperialista bat izan zuten (esklabotzan eta kapitalismo primitiboan oinarrituta eta kapitalismo oso garatuaren oinarri modernoan oinarrituta posible dena). Frantzia garaitua da eta kolonien zati bat galtzen du. Urte batzuk geroago, Ipar Amerikako Estatuen askapen nazionaleko gerra hasi zen, Ingalaterraren aurka bakarrik. Frantziak eta Espainiak, Ingalaterrarekiko etsaitasunak bultzatuta, hau da, beren interes inperialistek bultzatuta, gaur egungo Estatu Batuetako zenbait zatiren jabe izaten jarraitzen dute, eta Ipar Amerikako Estatuekin adiskidetasun-hitzarmen bat egiten dute, Ingalaterraren aurka matxinatuta. Tropa frantsesek, amerikarrekin batera, ingelesak menperatzen dituzte. Askapen nazionaleko gerra baten aurrean gaude, non lehia inperialista elementu osagarria den, garrantzirik gabekoa, hau da, 1914-1916ko gerran ikusten dugunaren kontrakoa (…)”

Juniusen liburuxkari buruz (1916) – V. I. Lenin

Nazioarteko langileriaren betebeharra da gerrate inperialisten aurka borrokatzea, hauek mundu-mailako gatazka bihurtzea ekiditea, eta hau gelditzea posible ez bada, haien izaera eraldatzea askapenerako gerra bihurtuz eta iraultza sozialista aurrera eramatea.

Ondorioak

Komuniston betebeharra da Mundu Sozialistaren berrindartzearen alde egitea, iraultza eta Estatu sozialista berriak sortzea, eta honek inperialismoaren aurka borrokatzera darama ezinbestean.

Lehenik eta behin, internazionalismo proletarioari jarraikiz, bloke inperialista “propioko” potentzien aurka borrokatu beharra dago. Honetarako, langile aristokraziaren eta berak hedatutako oportunismoaren aurkako borrokak garrantzia handia dauka.

Baina honek ez du esan nahi beste potentzia inperialistak babestea. Kontraesan interinperialistez baliatzeko orduan, beste hauekin bat egite edo unean uneko aliantzak eraiki badaitezke ere, hauek beti iraultzaren eta herrien alde erabili behar dira, eta inoiz ez erori haien menpekotzan.

Borroka antiinperialista honetan nazioarteko langileriak eta munduko herriek indarrak batu beharko dituzte eta aliantzak bilatu beste klaseekin, nekazariak eta burgesia ttipia bezala. Burgesia nazionalarekin aliantzak, klase hau dagoen herrialdeetan, iraultzaren fase jakinetan soilik dira onargarriak, eta laister ala berandu bidetik kendu beharko dela kontuan izanda. Honek boterea duen tokietan baldintzazko babesa eman dakioke, betiere potentzia inperialistei aurre egiten dien heinean.

Nazioarteko Mugimendu Komunistak bere akats historikoetatik ikasi beharra dauka eta marxismo-leninismoaren ezagutza ondo bereganatu, berrikuskeriaren aurka ondo prestatuak egoteko eta etorkizuneko iraultza eta Estatu sozialistek akats berdinak egin ez ditzaten.

Gero eta gertuago dagoen gerrate interinperialistari begira, nazio guztietako langileek honen aurka egiteko betebeharra dute eta prest egoteko, hau gelditzea ezinezkoa bada, beraren aurka altxatu eta askapen-guda iraultzailea bihurtzeko.

Utzi iruzkina