BEIRAZKO HORMETAKO ALDERDIA (ALVARO CUNHAL)


1974ko apirilaren 25ean ‘Krabelinetako Iraultza’ gertatu zen Portugalen. Hau 48 urteko diktadura faxistaren amaiera izan zen militar matxinatuen Estatu-kolpe bati esker, biztanleriaren babesa izan zutenak. Alderdi Komunista Portugaldarra (PCP) legeztatua izan zen, preso politikoak askatu zituzten eta iheslariak herrialdera bueltatu ziren.

Horren ondorioz aldi iraultzaile bat ireki zen Portugalen, non 5 Gobernu probisional egon ziren. Hauek Afrikako eta Asiako kolonien independentzia aintzatetsi zuten segituan. Hasieran banketxeak eta ekonomiaren sektore nagusiak nazionalizatu zituzten eta nekazal-erreforma burutu zuten. Honen aurrean, monopolioen eta lurjabeen aldeko indar kontrairaultzaileek hainbat Estatu-kolpe ematen saiatu ziren. Aldi honetan PCP izan zen gehien hazi zen alderdia.

Baina 1975ko apirileko hauteskundeetan Alderdi Sozialista (PS) atera zen garaile, AEBetako eta mendebaldeko Germaniako (berez han sortu zen 1973an) inperialisten babesa jaso zuenak. 1975ko udazkenean “ezkerreko” Estatu-kolpe saiakera bat asmatu zuen, komunisten aldeko militarrak ejertzitotik kanporatzeko. Honek lorpen aurrerakoi asko atzera bota zituen eta CIAren laguntzaz PCPren herri-botereko eta lantegietako behargin-kontrolerako batzordeak desegin zituen. AEBek esku-sartze militarra aurrera eramateko gertu egon ziren, baina haien zerbitzu sekretuen sator-lana nahikoa izan zen egoera beren interesen menpe jartzeko.

1976an demokrazia burges inperialista errotu zen eta Portugal NATOko kide izaten jarraitu zuen.

Esan beharra dago PCP sozialinperialista errusiarren berrikuskeriaren jarraitzaile zela (Stalin-en aurkako gezurrak eta guzti), eta honen ondorioz iraultza bitarteko “baketsuen” bidez egitea posible zela ebatzi zuela, prozesu iraultzaileak benetan Sozialismora aurrera egitea galarazi zuenak.

Hurrengo sarreran Alvaro Cunhal-ek, PCPn 17 urterekin sartu eta 1961 eta 1992 artean Idazkari Nagusi izan zenak, idatzitako ‘Beirazko hormetako alderdia’ lanaren atal bat aurkeztuko dugu, langileriaren independentziaz, abertzaletasunaz eta internazionalismo proletarioaz mintzo dena.

Irakurtzen jarraitu

BERRIKUSKERIAREN AURKA (SOTOMAYOR)


Sozialismo Zientifikoa beti garatu da alor ezberdinetan bere aurkakoaren kontrako borrokan, ideologia burgesaren kontrako borrokan. Ideologia honek badauka bere barne-agerpena mugimendu komunistaren baitan, gizartean ematen den klase-borrokaren isla gisa: berrikuskeria, hots, teoria marxista-leninistaren maneiua interes burges, klasistetara moldatzeko.

Berrikuskeriaren jokabidea teoria sozialistaren oinarrizko tesiak berrikustea da, bere izaera iraultzaileaz gabetzeko eta burgesiarentzat onargarria izateko. Bere oportunismoa ezkutatzeko batzuetan “garapen sortzailez” mozorrotzen du bere burua, Sozialismo Zientifikoarentzat guztiz beharrezkoa dena, eta beste batzuetan testuen faltsutze eta mozketa baldarrean oinarritzen da. Berrikuskeria ez dira akatsak, joera okerrak edo desbideratze soilak, honen adierazgarri izan badaitezke ere.

Lehen berrikustzailea Bernstein izan zen, Germaniako Alderdi Sozialdemokrataren baitan, Marx eta Engels-en alderdi ohia. Honek iraultza bortitzaren beharra baztertu eta parlamentu burgesaren bidezko erreforma gradualen bitartez Sozialismora iritsi zitekeela defendatu zuen, beste gauza batzuen artean. Alderdi barnean Clara Zetkin eta Rosa Luxemburg-ek aurre egin zioten bere teorizazioei. Lenin-ek berak ere aurre egin zion Errusiatik ‘Marxismoa eta berrikuskeria’ liburuarekin.

Azkenean ideologia burges ttipi hau II. Internazionaleko alderdi nagusietan sartu eta langile aristokraziaren ordezkari hauek (Kautski adib.) potentzia inperialistak babesten amaitu zuten, sozialtxobinismoan jausiz eta 1. Mundu Gerratean “beren” Estatu burgesen gerra-kredituen alde bozkatuz. Honek haustura eragin zuen mugimendua sozialdemokrata eta komunisten artean banatuz.

Errusiako Urriko Iraultza ondoren Errepublika Sozialista Sobietikoen Batasuna sortu zen. Baina berrikuskeriak beste forma batzuk hartu zituen, adibidez Trotski eta “leninistez” jantzitako bere teoria kontrairaultzaileena, Alderdi boltxebikeak garaitu zituenak Stalin-en gidaritzapean. 2. Mundu Gerratean beste berrikuskeria mota batzuk agertu ziren: Browder AEBetan, Tito Jugoslavian… Hauen ezaugarri komunak proletalgoaren diktadurari errefusa eta Sozialismoaren eraikuntza kapitalismoaren garapenetik eratortzea ziren.

Baina 1956. urtean gertakari larria eman zen: Khrustxov, Sobiet-Batasunean Estatu-kolpe baten bidez boterea lortu ostean eta Alderdi Komunistaren XX. Biltzarrean Stalin-en aurkako “txosten sekretua” aurkeztu eta gero, bere berrikuskeria mugimendu komunistako gainontzeko Alderdietan ezartzen saiatzen hasi zen. Berriro ere iraultza sozialista “metodo baketsuen” bidez eta Sozialismoaren eraikuntza proletalgoaren diktadurarik gabe aldarrikatzen zuen. Gainera, hau ESSBn kapitalismoaren berrezarpen-prozesua abiarazteko baliatu zuen, potentzia sozialinperialista bihurtuz.

Borroka latza izan zen baina urte batzuen ostean hau inposatzea lortu zuen, Txinan eta Albanian izan ezik. Txinan, ordea, maoismoak bere ildo berrikustzaile propioa garatu zuen, Hoxha-k salatu zuena. Mendebaldeko Europan “eurokomunismoak” (Carrillo, Marchais, Berlinguer…) Brezhnev eta sozialinperialismo errusiarrarekin moztu zuen sozialdemokrazia klasikora itzuliz. Honela berrikuskeria hegemonikoa bihurtu zen Nazioarteko Mungimendu Komunistan.

Gorbatxov-en ‘Perestroikak’ Eremu Sozialista suntsitu eta gero, sekulako nahasmena geratu da NMKren hondarretan. Ultraezkertiarrak nahasmendu honetaz baliatzen dira sasiko kritikak egiteko eta marxismo-leninismoa erasotzeko. Benetako komunistoi dagokigu Sozialismo Zientifikoa bere ordezkoetaz bereiztea eta marxismo-leninismoaren gaurkotasuna aldarrikatzea.

Hurrengo artikuluetan Jose Sotomayor komunista peruatarrak berrikuskeriaren ohiko puntu garrantzitsuenak kritikatuko ditu, bereizgarria duen hizkera arrunt bezain garratzean, Alderdi Komunista Perutarra berrikustzailearen ildoa oinarri hartuta.

Irakurtzen jarraitu

KARPATOETAKO BANPIROA TIMISOARAREN AURKA OLDARTU ZENEAN (LUDO MARTENS)


EJERTZITO SOBIETIKO LORIATSUAK GURE ABERRIA ASKATZEAREN OSPAKIZUN HANDIA!

1944an, II. Mundu Gerratearen testuinguruan, Errepublika Sozialista Sobietikoen Batasuneko Ejertzito Gorriak Germania naziaren aliatua zen Errumania faxismotik askatu zuen. Komunista errumaniarrek indar gutxi zuten eta formakuntzan arazoak zituzten baina Erregeari abdikatzera behartu ondoren Errumania Errepublika Herrikoi gisa eratu zen. Honek Sozialismoaren eraikuntzari ekin zion, “burgesiarik gabe eta burgesiaren aurka”.

1956an, Sobiet-Batasuneko Alderdi Komunistaren XX. Biltzarrean, Khrustxov-ek Stalin-en aurkako “txosten sekretua” aurkeztu zuen, urteetan zehar trotskistek eta inperialistek barreiatutako gezurrak eta irainak mahaigaineratuz. Gainera Tito arnegariarekin berradiskedetu zen Kominform-aren zuzentarauak hautsiz. Gheorghiu-Dej, 1944tik Errumaniar Langileen Alderdiko Idazkari Nagusiak (eta 1961ean Errepublikako lehendakari), egun batetik bestera jaka aldatu zuen eta hauen alde ipini zen. Are gehiago, berak “desestalinizazioa” jada 1952an hasi zuela esan zuen (marxista-leninistak Alderditik kanporatzean). 1958an ESSBeko tropek Errumania utzi zuten.

1965ean Ceaușescu berrikustzailea aukeratu zuten ELAko Idazkari Nagusi eta 1973an Errepublikako lehendakari bilakatu zen. Honek Gheorghiu-Dej oportunistak hasitako politikak jarritu zituen, hau da, AEB eta Europako herrialde kapitalista industrializatuen (batez ere Germaniako Errepublika Federalaren) diru-maileguak jasotzearena, IMFarekin zorpetzera eraman zionak. Hala ere, Errumaniak nolabaiteko independentzia maila bat mantendu zuen mendebaldeko burgesia inperialistarekiko baita sozialinperialista errusiarrekiko ere, Varsoviako Itunaren eta COMECONaren kide izan arren.

1985ean Gorbatxov-ek, SBAK berrikustzailearen Idazkari Nagusi berriak, ‘Perestroika’ (“berregituraketa” errusieraz) abiarazi zuen. Honen ezkutuko helburua ESSBeko gainegitura suntsitzea zen, mota berriko burgesiarentzat oztopoa bilakatu zena, kapitalismo gordina bere forma inperialistan guztiz berrezartzeko. Arlo ideologikoan, Gorbatxov ‘Glasnot’ (“irekialdia” errusieraz) aldarrikatzen hasi zen propaganda burgesa argi eta garbi hedatzeko.

1989an Varsoviako Itunaren Estatu-buruen azken bilera egin zen Moskun. Bertan Gorbatxov-ek gainontzeko herrialdeei Perestroika inposatu nahi izan zien, baina Ceaușescu-k ez zuen onartu eta aurre egin zion. Amaieran, Ceaușescu-k hurrengo bilera Bukaresten egingo zela esan zuen. Orduan Gorbatxov-ek presidentziatik ozenki esan zuen: “Ea egun horretara iristen zaren”. Bere aurkako Estatu-kolpean AEBek Hungarian entrenatutako faxista errumaniarrek hartu zuten parte, Jugoslaviako mugatik igaro zirenak. Honetan CIAz gain, KGBaren eskua egon zela baieztatuta dago.

Hurrengo lanean Ludo Martens politikari eta historiagile belgiarrak, Stalin-en inguruko akats pare bat (30. hamarkadako Alderdi boltxebikearen arazketa-kanpaina Moskuko Epaiketekin, baita 1937-38ko eskuineko konspiratzaileen “purga handiekin” nahastea bezala) eta berrikuskeria maoistaren ildoko okerrak egin arren (“3. Munduaren” zehaztapena erabiltzea adibidez), ongi azaltzen ditu demokrazia sozialistaren izaera eta Errumanian emandako Estatu-kolpe odoltsuaren nondik norakoak.

Irakurtzen jarraitu

ALDERDI KOMUNISTAREN BEHARRA (PABLO MIRANDA)


1930. urtean ‘Ekuadorreko Alderdi Komunista’ sortu zen III. Internazionalaren atal gisa. 50eko hamarkadan, ESSBn Khrustxov-ek Estatu-kolpea eman eta gero “desestalinizazioari” hasiera emateko (kapitalismoaren berrezarpenari ekiteko beharrezkoa zena), Alderdiaren gehiengoak zuzendaritzako ale berrikustzaileek ezarri nahi zuten ildo oportunistari aurre egin zion.

1963an inperialismo iparamerikarraren menpeko diktadura militarra ezarri zen herrialde erdi-feudal eta neo-kolonial honetan. 1964an ‘Ekuadorreko Alderdi Komunista Marxista-Leninista’ (PCMLE) sortu zen klandestinitatean, urteekin aurrekoa gaindituko zuenak militantzia kopuruan. Hasieran ikasle-mugimenduan, behargin- eta nekazari-sindikatuetan eta bestelako herri-mugimenduetan jarduten zuten, alderdikide zein aldekoen erailketen bidezko errepresio basatia jasanez.

1979. urtean demokrazia burgesa ezarri zen baina PCMLE alegala izaten jarraitu zuen, lan instituzionalerako ‘Mugimendu Herrikoi Demokratikoa’ (MPD) sortuz. Urte hauetan ‘Hezitzaileen Batasun Nazionala’ (UME) irakasleen sindikatuan hegemonia lortu zuen. Orduan ere errepresioa jasan zuten, atxiloketak, torturak eta erailketak barne. Garai honetako Gobernuek Ekuador IMFren, munduko oligarkia finantzariaren erakundea, esplotaziopeko herrialde bilakatu zuten.

PCMLEk hainbat autokritika egin ditu bere izatean zehar (fokismoa, maoismoa, ekonomizismoa, sektakeria…) bere akatsak zuzenduz eta desbideraketa hauek gaindituz, bere ildoa iraultza proletarioaren norabidean indartzeko. 1994. urtean ‘Alderdi eta Antolakunde Marxista-Leninisten Nazioarteko Biltzarra’ (CIPOML) sortzea bultzatu zuen Quito hiriburuan Nazioarteko Mugimendu Komunista berrindartzeko xedeaz.

2006. urtean MPDk Correa babestu zuen baina kritikak ere egiten zizkion, Kapital monopolistari eta burgesia inperialistei mendekotasuna zela eta, eta honen Gobernuak bere kriminalizazioari ekin zion. Azkenean, 2014an, Estatuak MPD legez kanpo utzi zuen baina segituan berrosatu zen ‘Herri-Batasun Mugimendua’ (MUP) izenarekin. MUPek eginkizun garrantzitsua izan du azkeen urteetako Gobernu burgesen aurkako protesten antolakuntza eta gidaritzan.

90ko hamarkadaren hasieran idatzitako maisulan honetan Pablo Mirandak (PCMLEko sortzaileetako bat) Alderdi Komunistaren izaeraren, egitekoen eta funtzionamenduaren azalpena egiten du, honen beharra aldarrikatuz behargin-klaseak mugimendu iraultzailea gidatzeko ezinbesteko lanabes gisa. Zerbait kritikatzekotan, haien azterketan langile aristokrazia ia ez aipatzea izango litzateke, guztiz ulergarria dena kanpoalde inperialistan kokatutako nazio baten kasuan.

Irakurtzen jarraitu

GERRILLA ETA ALDERDIA EL SALVADOR-EKO IRAULTZAN


1970. urtean Alderdi Komunista Salvadortarreko (PCS) idazkari nagusi zen Salvador Cayetano Carpio-k, ‘Marcial’ Komandantea izango zenak, beste sei militanterekin batera hau utzi eta “Farabundo Marti” Askapenerako Indar Herrikoiak (FPL “FM”) sortu zituen (Farabundo Marti 1932ko nekazarien matxinada zanpatu ostean fusilatu zuten buruzagi komunista izan zen). Haien asmoa parlamentarismoaren faltsutze baldar baten atzean ezkutatzen zen diktadura militarrari eta hau sostengatzen zuen inperialismo yankiari borroka armatuaren bitartez aurre egitea zen. Honetarako hutsetik hasi ziren hiri-gerrilla eraikitzen, honen inguruko indar-metaketaren bidez botere zapaltzailearekin indar-harremana aldarazteko helburuaz. Hau “luzerako herri-gudaren” teorizazioak jarraituz egin zuten, hasierako eragin maoista zuzendu bazuten ere, iraultzaren alde politikoak behar bezala hautematen hutsune nabariak zituenak eta maila estrategikoan akats larriak egitera eraman zienak.

1979. urtean FPLk elkarrizketak hasi zituen borroka armatura batu ziren beste antolakunde batzuekin (PCS, ERP, RN, PRTC…) eta honela sortu zen Askapen Nazionalerako Farabundo Marti Frontea (FMLN) 1980an. Honi esker gerra iraultzaileak jauzi kualitatiboa eman zuen 1981ean baina matxinadak ez zuen botere politikoa erdiestea lortu eta, nahiz eta gatazka militarki areagotu, “fase” horretan geratu zen. Egoera honetan, eta behin Askapenerako Indar Armatu Herrikoiak (FAPL) egonkortuta, FPL ‘benetako’ Alderdi Komunistan, Mota Berriko Alderdian bihurtzeko beharra azaleratu zen. Orduan hainbat arazo agertu ziren antolakundea komando gerrillarietan oinarrituz garatu izanaren ondorioz: oinarri militante eza, koadroek Alderdiaren beharra ez ikustea, masa-borroka zuzentzeko ezintasuna, autoritarismoa… Alderdi honen sorkuntza, gainera, guda zibilaren erdian abiarazi zen (ordurako jada 50 mila hildako baino gehiago eragin zituenak oligarkiaren agintepeko heriotz-eskuadroi faxisten eta AEBk zuzenean lagundutako armadaren aurkako borrokan).

1983ko apirilean, negoziaketen izaeraren inguruko eztabaidaren erdian, Ana Maria FPLko Komandantea eraila izan zen Nikaragua-ko hiribiruan. Hiltzaileak FPLko Segurtasun-sailekoak zirela jakin zenean, zuzendaritzako kide batzuek Managua-ra iritsi berri zen Marcial komandantea hau agindu izanaz salatu zuten eta atxilotua izan zen. Jukutria honen aurrean Marcial-ek bere buruaz beste egin zuen, antza denez. FPLko zuzendaritza berriak, sozialinperialismo errusiarrari guztiz azpiratua zegoen mugimendu sandinistaren laguntzaz, gerora faltsua zela frogatu zen salaketa hau eta Marcial-en aurkako gezur berriak hedatzera ekin zion. Honela erakundea burgesia ttipiaren eskuetan geratu zen eta langileriaren Alderdi marxista-leninistaren sorkuntza eta Estatu burgesaren suntsipena baztertu ziren. Hamarkada eskas baten ostean bake ituna sinatu zen eta FPL alderdi sozialdemokrata bihurtutako FMLNn disolbatu zuten, demokrazia burgesan guztiz integratu zena borroka iraultzaile oro likidatuz.

Hurrengo dokumentuak 81-83 urteetan banatu ziren FPLren militantziaren artean, hainbat koadernoetan banatuta, proletalgo salvadortarraren benetako Alderdi Komunista eraikitzeko eztabaidarako. Dokumentuok izaera zorrozki barnekoa eta isilpekoa zuten, bai Estatuarekiko baita FMLNko beste erakundeekiko. Hauetan zeluletan oinarritutako antolakuntza, iraultzan eman beharreko faseak, Alderdiaren eta frontearen arteko desberdintasuna, behargin eta nekazarien arteko aliantza eta honen hegemonia, zentralismo demokratikoan oinarritutako diziplina, eta abar jorratzen dira. Esan beharra dago El Salvador-eko iraultzaren nazioarteko babesen ezaugarritzean “eremu sozialista” osotasunean ipini izanak, honetan berrikuskeria nagusi zenean, zerikusia izan zuela honek izan zuen amaieran.

Irakurtzen jarraitu

GRAMSCI-REN BORROKA BORDIGISMOAREN AURKA


*Lan honen luzera dela eta, eskuragarri ipini da PDF formatuan LOTURA HONETAN

*Debido a la longitud de este trabajo, se ha puesto disponible en PDF en ESTE VÍNCULO

Antonio Gramsci, militante eta buruzagi komunista ospetsua izango zena, Sardiniako uhartean jaio zen 1891an. Bere familia oso txiroa zen eta umetan lan egin behar izan zuen, ikasketekin batera egiten zuena, oso baldintza kaxkarretan. Txikitatik hainbat gaixotasun pairatu zituen (behar adina haztea galarazi zion bizkarrezurreko gaitza barne), oso larriak izan ez baziren ere. 1911ean beka bat lortu zuen Turineko unibertsitatean ikasi ahal izateko. Han gaztaroko sardiniar independentismoa alboratu eta Italiako Alderdi Sozialistan (PSI) sartu zen 1913an.

1914. urtean lehen aldiz egin zion aurre Benito Mussolinni-ri, orduan PSIko kide zena, ‘Neutralitate aktibo eta eraginkorra’ artikuluan: PSI II. Internazionalean bazegoen ere, I. Mundu Gerrate inter-inperialistan kokapen neutroa hartu zuen. Mussolinni-k, aldiz, burgesia inperialistaren aldean ipinitako oportunisten kokapena defendatu zuen, hots, gudan sartzea. Honen aurrean, Gramsci-k neutralitate hori iraultza proletarioan bihurtzea babestu zuen.

Turin oso hiri industrializatua zen (FIAT lantegiak eta abar.) eta bertan zegoen Italiako behargin-klaserik borrokalariena. 1917an Errusiako iraultzaren oihartzuna Turinera iritsi zen, eta gerra eta gosearen aurkako enegarren grebari langileriaren altxamendu armatua gehitu zitzaion. Tamalez, ez zen beste hirietara hedatu eta militarki setiatuta egon ostean langileek amore eman behar izan zuten. Matxinadak porrot egin eta gero buruzagi sozialistak masan atxilotu zituzten eta Gramsci hiri honetako PSIko idazkari izendatu zuten.

Gramsci-k lehen unetik babestu zituen Lenin eta Urriko iraultza sobietikoa, baina azken hau aztertzerakoan joera idealistako akatsak egin zituen, aurrerago gaindituko zituenak. Hau ‘Iraultza Kapitala-ren aurka’ artikuluan ikusi daiteke, adibidez, non boltxebikeak eta marxismoa kontrajartzen dituen (Benedetto Croce filosofo burgesaren eraginez gehienbat, baina baita sozialdemokraziak honetan sartutako desitxuraketen ondorioz). Halere, Sozialismoaren eraikuntzaren eta iraultzan eman beharreko faseen inguruko ikuspegi zuzena adierazten zuen.

1919an, guda amaitu eta gero, Gramsci-k ‘L’Ordine Nuovo’ aldizkaria argitaratu zuen beste kide batzuekin batera (Togliatti, Tasca, Terracini…), behargin-mugimenduan arrakasta handia izan zuenak (hitzaldiak ematera eta guzti gonbidatzen zituzten). Honek lantegi-batzordeen mugimenduari bultzada handia eman zion, ‘lantegi-batzordeen aldizkaria’ izendapena irabaziz.

Irakurtzen jarraitu

ZER EGIN? (LENIN)


Lenin-ek 1901. urtean idatzi zuen ‘Zer egin?’ lana, aurretik ‘Iskra’ aldizkarian idatzako ‘Nondik hasi?’ artikuluaren garapen gisa. Berak aurkeztu zuen Errusiako Behargin-Alderdi Sozialdemokrataren II. Biltzarrean antolakuntza-eremuan hartu beharreko ebazpenen oinarri izateko (Lenin-ek idatzi zituen biltzarre honetako gai-zerrenda, arautzea eta Estatutuen proiektua, besteren artean). Bere helburua iraultza aurrera eramateko behargin-klasearen mota berriko abangoardia-Alderdia eraikitzea zen, ‘Iskra’ aldizkariaren inguruan eta zentralismo demokratikoa oinarri izanda, autokrazia tsaristako baldintzetan guztiz klandestinoa izan beharko zukeena. Honen ondorioz Alderdia bitan banatu zen: gehiengoa Lenin-en alde, ‘boltxebikeak’, eta gutxiengoa aurka, ‘mentxebikeak’. Honek mentxebikeekin lerratutako Trotski sumindu zuen eta ‘Ordezkaritza siberiarraren txostena’ idatzi zuen, Lenin eta boltxebikeen aurkako irainez betetakoa.

Mentxebikeek (une hartan oraindik ‘ekonomista’ deitutakoak) sozialisten antolakuntza-lana langileriaren aldarrikapen ekonomikoen inguruan soilik egitea babesten zuten, politika sindikalismora mugatzea hain zuzen ere, eta ez Estatua eraisteko borroka iraultzailera bideratzea. Azken finean Mendebalde inperialistako sozialdemokraziaren teoria berrikustzaileak (orduan Bernstein-ek abiarazitakoak) Errusiako egoeran erreproduzitzen zituzten (non greba bat antolatzea ere ilegala zen) eta ondorioz kutsu asaldatzaileago bat zuten, funtsean berdina defendatzen bazuten ere. Esan daiteke, beraz, instituzio burgesetatik kanporatutako sozialdemokratak zirela.

Honi aurre egiteko, Lenin-ek ideologia tradeunionista (ingelesezko Trade Union -sindikatua- hitzetik eratorritakoa) deitzen duenaren kritika plazaratzen du. Kontzientzia sindikalista hau, langile izatearena baina kapitalismoaren mugen baitan, ‘berezko’ klase-kontzientzia da, baina ez da kontzientzia iraultzailea oraindik. Klase-kontzientzia iraultzailea, ‘berarentzako’ kontzientzia, ez da behargin-mugimenduan halabeharrez sortzen eta bat-bateko mugimendutik kanpo sarrarazi behar da. Beraz bata ez da bestetik eratortzen (lagungarria izan badaiteke ere), eta ondorioz politika iraultzaile bat garatzeko Sozialismo Zientifikoaren ezaguntzan oinarritu beharra dago.

Kontuan izan behar da ere sozialistak izendatzeko “sozialdemokrata” erabilpenaren zergatia: garai hartan nazioarteko mugimendu sozialistako alderdi gehienek ‘sozialdemokrata’ erabiltzen zuten haien burua izendatzeko. Aurrerago, berrikuskeriak ustelduta II. Internazionalak I. Mundu Gerrate inter-inperialista babestu zuenean, haustura gertatu zen eta iraultzaileek komunista izendapena bereganatu zuten, erreformistek soziademokratarena atxikiz.

Lan honek langile-aristokraziaren oportunismoaren islada den ideologia sindikalistari (baita honen aldaera “autonomoei” ere) aurre egiteko balioko duela uste dugu, mugimendu iraultzailea garatu ahal izateko teoria marxista-leninista zuzen baten inguruan gutxieneko antolakuntza-maila izatearen beharra (baita Alderdi Komunista berarena ere!) ukatzen duenak. Kontuz ibili behar da baita ere sektakeria teorizistarekin, nazio-mailako borroka politiko orokorra herri-mugimenduaren baitako borroka partzialekin loturarik gabe eraiki behar dela barreiatzen duenak.

Irakurtzen jarraitu

EMAKUME PROLETARIOAREKIN SOILIK GARAITUKO DU SOZIALISMOAK (ZETKIN)


Jakina denez, gizarte klasistaren ernalkuntzak patriarkatua izan zuen oinarri, emakumearen erreprodukzio-gaitasunen eta sexualitatearen kontrola gizonen partez. Honek historiako ekoizpen-modu ezberdinetan zehar harreman sozialetan emakumearen zapalkuntza mantentzea ekarri zuen, kapitalismo industrialaren garapenak antzinako ekonomia familiarra hein handi batean suntsitu arte. Emakumearen eransteak lan sozialari, ordea, ez zuen patriarkatua deuseztu, oraindik familiaren erreprodukzio-lana, usadioz ugalketa biologikoaren luzapen gisa hartuta, bere gain erortzen jarraitu zuelako. Beraz emakume langileak soldatapeko lanaren esplotazioa jasateaz gain, gizonarena baino baxuagoa gainera osagarri gisa hartzen zelako, hau ere pairatzen jarraitu zuen. Ondorioz patriarkatuak forma berria hartu zuen, zapalkuntza-era zaharrei (prostituzioa, etxeko lanak…), berriak (pornografia, alokairuzko sabelak…) gehituz. Herrialde erdi-feudaletan patriarkatua era gordinagoan mantendu zen, halere.

Bere jaiotzatik feminismoak, emakume burgesen mugimendu gisa, “berdintasunaren” alde borrokatu zuen gizarte kapitalistaren baitan (ezinezkoa dena klaseetan banandutako eta jabetza pribatuan oinarritutako gizartean) eta bereizkeria patriarkarren aurka gainegituran, baina betiere Kapitalaren diktadura finkatzeko asmoz. Honela emakumeak erreformismora eta Estatu burgesan integratzera bultzatu izan ditu beti, Estatu inperialisten ideologia ofizial bilakatzera ere iritsiz. Klase ertainetan ere aldaera asko izan ditu feminismoak, erradikaletik posmodernora (baita “klasekoa” edota “marxista” ere!), baina ezin izan du inoiz sexu-aldarrikapenen markotik atera ezta emakume langilea estrategia iraultzaile batean txertatu ere.

Honen aurrean, Sozialismo Zientifikoaren buruek emakumearen eransteak lan sozialari adierazten zuen helmen iraultzailea azpimarratu zuten, behargin-klasearen parte gisa klase-borrokaren bitartez kapitalismoa gainditzeko Iraultza Sozialistaren beharra azaleratzen zuenak, eta hasieratik egin zioten aurka feminismoari: Zetkin, Armand, Kollontai, Krupskaia… Era honetan, Nazioarteko Mugimendu Komunista, bere testuinguru historiko eta akatsekin ere (Luxemburg emakume sozialisten antolakundearen aurka zegoen “proletalgoa banatzen zuelako”, adibidez), beti joan zen aurretik emakume langilearen aldeko borroketan eta lorpenetan: bozka eskubidea, dibortzioa, amatasunari babesa eta abortu eskubidea, soldata-berdintasuna, lan-parekidetasuna… baita gerra iraultzailean parte hartzea ere.

Gaur egun, marxista-leninistoi dagokigu Sozialismoaren eraikuntza prozesu desberdinetan emakumearen askapenean emandako aurrerapenen eta atzerapausuen autokritika bat egitea, baita feminismoaren balizko ekarpenei (lan-indarraren erreprodukzioa, generoaren eraketa…) kritika bat ere, berrikuskeria oro baztertuz beharrezko irakaspenak ateratzeko. Honi esker garatu ahal izango dugu emakumezkoaren mugimendu proletarioaren praxi egokia: eraso sexisten aurka prestatzeko, mugimendu feministarekin unean uneko aliantzak ezartzeko edota matxismoaren aurka borrokatzeko mugimendu iraultzailearen baitan. Emakume langilearen antolakunde honek masa-izaera izan beharko du, kapitalismo monopolistaren erreakziorako joerak dakarren kontraesanen areagotzea baliatuz herri langilearen baitako ahalik eta emakume gehien kokapen iraultzaileetara eramateko. Komunistek gidatutako masa-antolakunde honek abangoardia-Alderdian emakumeen sartzea baita oligarkia finantzariaren eta honen Estatu burgesen aurkako konfrontazio-forma jasoagoak bultzatu beharko ditu. Honetarako, klase osoarekin batera aurrera eraman beharreko borrokan emakumea eransteko baldintza egokiak sortu eta honen aurkako ideologia atzerakoiei aurre egin beharko dio.

Sarrera honetan 1896. urtean Germaniako Alderdi Sozialdemokrataren Gotha-ko Biltzarrean Clara Zetkin-ek emandako hitzaldi bat aurkeztuko dugu, ‘Emakume proletarioarekin soilik garaituko du Sozialismoak’ deitutakoa, zeinetan gai hauek jorratzen diren.

Irakurtzen jarraitu

“EZKERKERIAREN” HAUR-GAIXOTASUNA KOMUNISMOAN (LENIN)


1920. urtean Lenin-ek ‘ “Ezkerkeriaren” haur-gaixotasuna komunismoan’ aurkeztu zuen Nazioarteko Komunistaren (Komintern) II. Biltzarrean. Honetan boltxebikeen eskarmentuan oinarrituz irakaspen unibertsalak ateratzen ditu hauek beste prozesu batzuei ezarri ahal izateko eta iraultza gauzagarri izateko baldintza politikoak sortzeko taktika batzuk aztertzen ditu, ezkerkeriari kritika bi puntu nagusietara zuzenduz:

Alde batetik, sindikatu atzerakoietan lan egiteari eta borrokatzeari uko egiten ziotenei, nahiz eta orduan ere langileriaren gutxiengo bat izan era horretan antolatuta zegoena eta hauetan langile aristokraziak izan nagusitasuna. Zeren, behargin-mugimendua estrategia iraultzaile baten baitan kokatzeko teoria sozialista zientifikoa ‘kanpotik’ sarrarazi behar bada ere, hemendik ezin da ondorioztatu mugimendua gizarte burgesatik kanpo eraman behar denik. Preseski, kapitalismoaren ezeztapen gainditzailea bere funtsezko barne-kontraesanaren iraultzatzearen bitartez gauzatu behar baita.

Beste aldetik, hauteskunde burgesetan parte hartzeari printzipioz uko egiten ziotenei, parlamentarismoak erreformismora eta Estatu burgesan integratzera zeramanaren aitzakipean. Lenin-ek parlamentua sozialdemokraten erara eta ez komunisten erara erabiltzen zuten oportunistengan ipintzen du argia, masa langileek eskarmentu praktiko propioa bereganatu behar baitute eta hau ezin da propaganda soila bidez lortu. Gainera, parlamentu burgesaren disoluzioa prestatzeko, kanpotik suntsitzeko eta botere berriak ordezteko lagungarria izan daiteke, borroka-molde legalak eta ilegalak uztartzeko beharra azaleratzen duena.

Kontuan izan behar da hau idatzi zela mendebaldeko Europan destakamendu komunista anitz jada langileriaren abangoardia irabazita Alderdi gisa eratu eta masa-antolakunde bihurtzeko prozesuan zeuden une batean, kapitalismoa (eta bere demokrazia) inperialista bilakatzen baina faxismoa oraindik agertu ez zenean, eta Urriko iraultza sobietarraren bultzadari esker nazioarteko mugimendu iraultzailea goranzko joeran zihoanean.

Euskal Herrian askapen-mugimendua berrantolatzeari begira, gazterian eta gehienbat ikasle-mugimenduan oinarritzen diren joera ultraezkertiarrei eta klase- eta nazio-etsaiaren legalitateari menperatzera daramaten joera likidazionistei aurre egiteko baliagarria izango dela uste dugu.

Irakurtzen jarraitu

TROTSKI, PORROTAREN PROFETA


Oso pertsonaia ezaguna da Trotski: “Lenin-en burkide eta lagun mina”, bere “oinordekoa” izan behar zena; Urriko iraultzaren “antolatzaile nagusietakoa” eta Ejertzito Gorriaren “sortzailea”; Estatu sobietikoaren “endekapen burokratikoaren” eta “ikara estalinistaren” aurkako “ezkerreko borrokalari iraultzailea”… eta beste hainbeste mito eta kondaira, haren jarraitzaileek behin eta berriz mantra bat bailiran errepikatzen dituztenak eta burgesia inperialistaren propaganda-bideek urteetan zehar hedatzen ibili direnak, mundu osoko intelektual eta gazte erreboltarien artean honen aldeko irudia sortzeko asmoz.

Errealitatea, ordea, oso bestelakoa da. Aurrera Langileria-n legenda hauek eraitsiko ditugu bere ibilbide politikoaren azterketaren bitartez.

Lan honek 3 atal nagusi izango ditu, hurrengo kapituluekin:

TROTSKI, MENTXEBIKEA

  • “Maximilien” Lenin-en aurkaria
  • “Iraultza etengabearen” teoria
  • “Judas Trotski”-ren frakzioa
  • Likidatzaileen “likidazioa”
  • Autodeterminazio-eskubidearen “onarpena”
  • Boltxebikeetara “igarotzea”

TROTSKI, “BOLTXEBIKEA”

  • “Napoleon gorri” baten historia
  • Sindikatuen “militarizazioa”
  • Sozialismoa eraikitzeko “ezintasuna”
  • Ibilbide “berri” bat
  • Urriko “irakaspenak”
  • Lenin-en “ondorengotza”
  • “Trotski-ren frakzioaren” kanporaketa (berriro)
  • Munduan zeharreko “iraultza”

TROTSKI, AGENTE PROBOKATZAILEA

  • Iraultzarekin “etengabe” biraka
  • “Burokraziaren” aurkako borroka
  • II. Internazionalari “buelta”
  • Derrotismo “iraultzailea”
  • Moskuko “fartsa”-Epaiketak
  • Trotski-ren “ondarea”

*Lan honen luzera dela eta, eskuragarri ipini da PDF formatuan LOTURA HONETAN

*Debido a la longitud de este trabajo, se ha puesto disponible en PDF en ESTE VÍNCULO

Irakurtzen jarraitu