BERRIKUSKERIAREN AURKA (SOTOMAYOR)


Sozialismo Zientifikoa beti garatu da alor ezberdinetan bere aurkakoaren kontrako borrokan, ideologia burgesaren kontrako borrokan. Ideologia honek badauka bere barne-agerpena mugimendu komunistaren baitan, gizartean ematen den klase-borrokaren isla gisa: berrikuskeria, hots, teoria marxista-leninistaren maneiua interes burges, klasistetara moldatzeko.

Berrikuskeriaren jokabidea teoria sozialistaren oinarrizko tesiak berrikustea da, bere izaera iraultzaileaz gabetzeko eta burgesiarentzat onargarria izateko. Bere oportunismoa ezkutatzeko batzuetan “garapen sortzailez” mozorrotzen du bere burua, Sozialismo Zientifikoarentzat guztiz beharrezkoa dena, eta beste batzuetan testuen faltsutze eta mozketa baldarrean oinarritzen da. Berrikuskeria ez dira akatsak, joera okerrak edo desbideratze soilak, honen adierazgarri izan badaitezke ere.

Lehen berrikustzailea Bernstein izan zen, Germaniako Alderdi Sozialdemokrataren baitan, Marx eta Engels-en alderdi ohia. Honek iraultza bortitzaren beharra baztertu eta parlamentu burgesaren bidezko erreforma gradualen bitartez Sozialismora iritsi zitekeela defendatu zuen, beste gauza batzuen artean. Alderdi barnean Clara Zetkin eta Rosa Luxemburg-ek aurre egin zioten bere teorizazioei. Lenin-ek berak ere aurre egin zion Errusiatik ‘Marxismoa eta berrikuskeria’ liburuarekin.

Azkenean ideologia burges ttipi hau II. Internazionaleko alderdi nagusietan sartu eta langile aristokraziaren ordezkari hauek (Kautski adib.) potentzia inperialistak babesten amaitu zuten, sozialtxobinismoan jausiz eta 1. Mundu Gerratean “beren” Estatu burgesen gerra-kredituen alde bozkatuz. Honek haustura eragin zuen mugimendua sozialdemokrata eta komunisten artean banatuz.

Errusiako Urriko Iraultza ondoren Errepublika Sozialista Sobietikoen Batasuna sortu zen. Baina berrikuskeriak beste forma batzuk hartu zituen, adibidez Trotski eta “leninistez” jantzitako bere teoria kontrairaultzaileena, Alderdi boltxebikeak garaitu zituenak Stalin-en gidaritzapean. 2. Mundu Gerratean beste berrikuskeria mota batzuk agertu ziren: Browder AEBetan, Tito Jugoslavian… Hauen ezaugarri komunak proletalgoaren diktadurari errefusa eta Sozialismoaren eraikuntza kapitalismoaren garapenetik eratortzea ziren.

Baina 1956. urtean gertakari larria eman zen: Khrustxov, Sobiet-Batasunean Estatu-kolpe baten bidez boterea lortu ostean eta Alderdi Komunistaren XX. Biltzarrean Stalin-en aurkako “txosten sekretua” aurkeztu eta gero, bere berrikuskeria mugimendu komunistako gainontzeko Alderdietan ezartzen saiatzen hasi zen. Berriro ere iraultza sozialista “metodo baketsuen” bidez eta Sozialismoaren eraikuntza proletalgoaren diktadurarik gabe aldarrikatzen zuen. Gainera, hau ESSBn kapitalismoaren berrezarpen-prozesua abiarazteko baliatu zuen, potentzia sozialinperialista bihurtuz.

Borroka latza izan zen baina urte batzuen ostean hau inposatzea lortu zuen, Txinan eta Albanian izan ezik. Txinan, ordea, maoismoak bere ildo berrikustzaile propioa garatu zuen, Hoxha-k salatu zuena. Mendebaldeko Europan “eurokomunismoak” (Carrillo, Marchais, Berlinguer…) Brezhnev eta sozialinperialismo errusiarrarekin moztu zuen sozialdemokrazia klasikora itzuliz. Honela berrikuskeria hegemonikoa bihurtu zen Nazioarteko Mungimendu Komunistan.

Gorbatxov-en ‘Perestroikak’ Eremu Sozialista suntsitu eta gero, sekulako nahasmena geratu da NMKren hondarretan. Ultraezkertiarrak nahasmendu honetaz baliatzen dira sasiko kritikak egiteko eta marxismo-leninismoa erasotzeko. Benetako komunistoi dagokigu Sozialismo Zientifikoa bere ordezkoetaz bereiztea eta marxismo-leninismoaren gaurkotasuna aldarrikatzea.

Hurrengo artikuluetan Jose Sotomayor komunista peruatarrak berrikuskeriaren ohiko puntu garrantzitsuenak kritikatuko ditu, bereizgarria duen hizkera arrunt bezain garratzean, Alderdi Komunista Perutarra berrikustzailearen ildoa oinarri hartuta.

Irakurtzen jarraitu

DIALEKTIKAREN ZABARTZEAREN AURKA (ILIENKOV)


Evald Ilienkov ESSBko filosofo eta pedagogo garrantzitsuenetakoa izan zen. Smolensk errusiar hirian jaio zen 1924an. Intelektual komunisten semea, filosofia ikastera jo zuen. 1942an ikasketak utzi eta Ejertzito Gorrian sartu zen Sozialismoaren defentsan inperialismo nazi-faxistaren erasoari aurre egiteko (Berlin-eko guduan ere parte hartu zuen). Aberri Gerrate Handia amaitu ondoren ikasketak bukatu, Alderdi Komunistako kide egin eta filosofian doktoratu zen.

Materialismo dialektikoaren defendatzaile sutsua, logika eta ezagutzaren teoriaren arloan batez ere, Hegel-en dialektika idealistaren eta Marx-en dialektika materialistaren arteko harremanak sakonki aztertu zituen, Lukacs ikastera eraman ziona. Zehatza eta abstraktuaren dialektikaren inguruan hausnartu zuen, ‘Kapitala’ lanean bereziki, Marx-en Logika aurkitu nahiean. ‘Praxis’ eskola yugoslaviarraren teoria idealistei aurre egin zien (errealitate objektiboaren eragina ukatzen zutenak gizateriaren gain), ‘islaren teoria’ babestuz eta giza-praktikaren legeak naturaren lege unibertsalak ere bazirela azpimarratuz.

1956. urtean Khrustxov-ek emandako Estatu-kolpearen bitartez ESSBen kapitalismoaren berrezarpen prozesua abiarazi zuen (honetarako “desestalinizaio kanpaina” aurrera eraman behar izan zuelarik): ekoizpen-baliabideak saleros zitezkeen merkantzia bihurtuz, enpresak haien ekoizpena banaka merkatuari begira antolatzea gero eta gehiago baimenduz, irabaziak zuzendarien artean banatuz, lan-indarra berriro kaleratu zitekeen merkantzia bihurtuz, nekazari-kooperatibak disolbatuz…, eta guzti hau justifikatzeko “merkatu-sozialismoaren” teoriak asmatzeari ekin zioten mota berriko burgesiaren ordezkariek. Hau 1965an Brezhnev-en gobernuak ezarritako neurriek areagotu zuten, Alderdi barneko eztabaida teorikoa are zorrotzagoa bilakatu zuena, eta 1977ko Konstituzioak legeztatu.

Ilienkov ekonomia politikoaren arloan berrikustzaileei aurre egin zien filosofoetako bat izan zen, egoera kontrairaultzailearen larritasunaz jabetzen ez zela zirudien arren. Burokratek baztertuta eta akademikoki isolatuta, bere buruaz beste egin zuen 1979. urtean (oraindik argitu gabe dagoena).

Hurrengo lanetan Ilienkov-ek marxismo-leninismoak landutako materialismo dialektikoaren ikuskeraren defentsa egingo du dialektika materialistaren zabartzearen aurrean, sasiiraultzaileen eta ultraezkertiarren artean (lukasianoetatik posmaoistetara) ohikoa den zerbait.

Lehenengo lanean Hegel filosofo germaniar erromantikoa izango du hizpide, idealismoaren baitan dialektika bere puntu gorenera eraman zuenak. Hegel-entzat dialektika soilik pentsamenduaren eremuan ematen zen, eta hortan datza bere ikuskera idealista. Baina Hegel-ek pentsamenduaren formak gizakiek haien ingurunea eraldatzeko sortutako objektuetara ere hedatu zuen, haien praktikara. Honekin filosofo positibista guztiekin hautsi zuen, oraindik “ideia absolutua” primariotzat bazuen ere. Marx eta Engels izan ziren honi buelta eman eta, materia primariotzat hartuz eta dialektika honen forma guztietara hedatuz, materialismo dialektikoaren oinarriak finkatu zituztenak, gerora Lenin-ek maisuki jorratuko zituenak.

Bigarrenean, Mao Zedong eta haren jarraitzaileek egindako dialektikaren faltsutzea salatzen du, bere lege unibertsalen murriztearekin, “kontraesanaren” poloen lekualdaketa mekanikoekin eta “bat bitan banatzen da” tesiarekin. Esan beharra dago lan honetan Ilienkov-ek berrikuskeria sozial-inperialistaren hainbat tesi defendatzen dituela.

Irakurtzen jarraitu